Musika

badok

2022.05.05

badok

Zazpi taldek lan berriak aurkeztuko dituzte Sormenen

Euskarazko kultur sorkuntzen plaza izango da Galdakao (Bizkaia) maiatzaren 12tik 15era bitartean, Sormene ekimenaren harira. Kultur adierazpide ugari hartuko ditu bere baitan aurten antolatutako egitarauak —musika, antzerkia, literatura, dantza, arte plastikoak…— eta bi helburu zehatz jarri dituzte antolatzaileek: «Euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzeko oinarriak jartzea eta emakume sortzaileen lana erdigunera ekartzea».

Musikari dagokionez, duela bi urte Sormene eta Ahotsenearen artean hasitako elkarlanari esker, hainbat taldek aurten argitaratutako lanak zuzenean aurkezteko aukera izango dute. Ahotseneak zabaldutako deialdiari erantzunez izena eman dutenen artean zazpi talde aukeratu dituzte antolatzaileek, hainbat irizpide kontuan hartua —emakumeen presentzia, lurraldetasuna…—, eta horiek izango dute Galdakaon ordu erdiko kontzertua eskaintzeko aukera.

Keia berria

Keia taldeak ‘Erregaia’ diskoa aurkeztuko du Galdakaon.

Maiatzaren 13an, 18:00etatik 20:30etara, hiru kontzertu hartuko ditu Kultur Sorkuntzen Azokak. Dukkha taldeak Zain diskoa aurkeztuko du; Odolaren Mintzoak Hauskor; eta Keia taldeak Erregaia. Hurrengo egunean, maiatzaren 14an, beste lau talderen txanda izango da, 18:00etatik hasita eta 22:00 bitartean. Neonak Mundu berri bat estreinako lana aurkeztuko du; Murgik atera berri duen Jitoan diskoko abestiak aletuko ditu: Islabat izeneko proiektu berriak (k)ito aurkeztuko du; eta Gilda hirukoteak Egin albora izeneko lana.

Gilda

Gilda hirukoteak apirilean kaleratu du ‘Egin albora’ lehen lana.

Ahotseneak antolatutako kontzertuez gain, Mauriziak ez dau inor hil ikuskizuna eskainiko dute Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador musikariek maiatzaren 13an. Egitarau osoa hemen.

ETIKETAK:AhotseneaDukkhaGildaIslabatKeiaMurgiNeonaOdolaren MintzoaSormene