Ondarea

badok

2015.02.25

badok

Erromantzeak Imanolen arabera

 

Erromantzeak

‘Erromantzeak’ (Imanol, IZ, 1984).

Imanolen elkarrizketa izan genuen duela aste pare bat bere azken lanaren aurkezgai, aurrerapen gisan. Gauekoan, dagoeneko IZ etxeak argitaratu eta LP bikoitz moduan dendaratua duelarik, lan honi buruzko aipamen eta komentariotxoa doakizu.

Erromantzeak izan ditu azter eremu oraingoan Imanolek, bere musika sortze bilakaeran hesiarteko bat eginez.

Hasteko, eskertzekoa dugu doinu herrikoi hauen bildumatze ahalegina, orain arte hainbat euskal kantarien bertsio sakabanatuak besterik ez bait genuen azken urteotako artxibo diskografikoan. Azal polit, ironiko eta alaia JM Zabalaren eskutik datorrena. Musikako laguntzarik nabarmenenak taldekide izan dituen Karlos, Pascal eta Mitxelenak alde batetik (piano, kitarra eta soinuan hain zuzen), eta Amaia, Beñat eta Iñaki Eizmendiren ahots ezagunak bestetik.

Halaxe, oro har, lana Imanolen ahotsaren nortasun berezian oinarritzen bada ere, aipatu musikariek gehitzen dituzten kolorezko marrazkiek entzun aldia arindu eta goxatu egiten dute. Doinuak interpretatzeko erak bestalde, bere iturburuak errespetatzearen intentzioa nabarmentzen du, kantuen aireak lehen planoan nagusi azalduz. Honek pisutasuna lekarke zenbait unetan baina ahots eta bestelako musika tresnen erabilera poliki orekatua dager detailetxo moduan gehituriko zenbait konponketa berritzaile kontutan hartuz gero. Aipamen berezia noiz behinkako Imanolen ahots baxuari eta “Alostorrea”-ren bertsioari (doinuaren bertsio libreago bat azaltzen baitu: halako gehiago behar nire gustorako).

Hona hemen beraz, hainbatetan kantatu, entzun eta dantzatu ditugun doinuak, aukera egoki batez bildumatuak. Imanolen ikuspegi eta nortasuna tarteko.

Kaki Arkarazo (Argia aldizkariaren 1020. zenbakian, 1984ko ekainaren 17an)

ETIKETAK:ArgiaDiskoakErromantzeakHemerotekaImanolIZKaki ArkarazoKritikak