Ondarea

badok

2014.06.25

badok

Sentimentuen hauspoz (Imanol, 1979)

Sentimentuen hauspoz

‘Sentimentuen hauspoz’ (Imanol, IZ, 1979)

Imanolen disko guztietan nabari da, sortzen den mementua eta laguntzen dioten musikoen eragina. Kantari bakar legez, Ipar Euskal Herrian eginiko lanak, Gwendal edo Paco Ibañez-ekin, bere obra eritzi maila desberdinetan jarri duten historia musikal baten parte dira. Oraingoan Imanol, Iñaki Uriak (baxoa), Michel Longaronek (bateria), Pedro San Martinek (kitarra), Santi Gimenezek (kontrabaxoa) eta Karlos Gimenezek osaturiko talde batekin itzuli da.

Diskoak bereizgarri nagusi bat du, intimitatea. Musikalki parte biak oso desberdinak direla nabari da. Kantuen estiloa ez dela homogeneoa. Eta ez hizkuntza bitan egina dagoelako, agertzen diren kantuen jatorri desberdinengatik baizik. Poesia dugu kantuen letren bereizgarri nagusia, samurtasun handiz eginiko maitasun tradizionalari buruzko kantuetan, eta zenbait mementutan disko honetan minimizaturik geratzen diren problematika sozialari buruzkoetan.

Imanoli gustatu egiten zaio herri kantagintza eta igarri egiten zaio hau “Mayo” eta “Maitiak galde egin zautan” kantuetan —lehenago Urriarekin grabatuak—. Bertsolaritzatik hurbil dauden kantuak ditugu eta hau, guztiz Imanolen gogokoa dugu. Bestalde, kantu elaboratuek gehiago markatzen dute musikoen eragina (Gimeneztar anaiena konkretuki) kantariarena baino, eta honek lortu du gure inguruan ezagutzen dugun talderik uniformeena batzea. Bateriak agian, eta zenbait aldiz, kitarralariak sinkronizaketa handiagoa behar lukete. Tema batean Luis Pastor-en ahotsa agertzen zaigu.

Gure ustetan, disko hau da batzuk nahi duten kantari eta bertsolari zaharren klasizismoa eta beste batzuk entzun nahi duten modernismo esperimental eta sortzailearen arteko zubia.

Karlos Arco (Anaitasuna aldizkariaren 384. zenbakian)

ETIKETAK:AnaitasunaDiskoakHemerotekaImanolIZKritikakSentimentuen hauspoz