Ondarea

badok

2015.05.15

badok

‘Tapia eta Leturia Band’ (1995)

Tapia eta Leturia Band

‘Tapia eta Leturia Band’ (Tapia eta Leturia Band, Elkar, 1995)

Bi eta bi batzuetan batzuetan ez dira lau, ezta Tapia eta Leturia bikote soila. Hauxe da beren azken lanak dakarren berrikuntzarik nagusiena, hasiera-hasieratik izenburuak adierazten dizu hori, Tapia eta Leturia Band, talde osoaren lana izan dela adieraziz. Tapiak batzu, Mikel Artiedak beste batzu, Batizek baten bat, Leturiak besteren bat, eta hori nabaria da kantuak entzutean.

Osotasunak agian zertxobait galdu du barietatearen mesede, kasik denetarik topa dezakezu eta Tapia eta Leturia Band honetan, nahiz eta azpimarratzekoa den adibidez Tapiak sinatutako kantuetan lehenago edo aurrekoetan adierazitako bideen beste urrats bat aurrera (zydecoaren eragin nabaria adibidez). Harrigarriagoak irudituko zaizkizu adibidez, Mikel Artiedak sinatutakoak, agian orain arte Tapia eta Leturiak eskainitakoarekin gehien hausten dutenak baitira: thrash metal, rai edo hardcore apur bat topa baitaiteke, “Kanibalaren kanta”, “Poeten erresuma” edo “Abibi” kantuetan. Gainera, kantatu ere kantatzen du, baita Batizek ere, kantu pare batetan; orain atera kontuak zer nolako ‘porrusalda’ den hau.

Nabaria da haustura gogo bat lan guztian zehar eta hori karrera ero bat izan daitekeelakoan kanpoan bilatu beharrean taldean bertan begiratu eta barruan dauden hainbat gaitasun jarri dituzte jokoan, horrek dakarren nahita nahiezko dispertsio arriskuarekin, baina era berean inspirazioari bide berriak irekiz. Apostua da dudarik ez harridura eragiteko sortutako lan hau, ausardia eta ezinegon sortzailearen seinale, beraz beti ere arriskutsu.

Bagenekien zerbait birbaieztatzen du; talde hau musika egiteko makina da, inspirazioa soberan dute, eta baita ere maisutasuna. Ez genekien zerbait ere erakusten digularik; edozein musika estilorekin jolasteko gogoa dutela.

Andoni Tolosa (Argia, 1.534. zenbakia, 1995-6-11)

ETIKETAK:Andoni TolosaDiskoakElkarHemerotekaKritikakTapia eta LeturiaTapia eta Leturia Band