Musika

Andoni Tolosa

2015.11.02

Andoni Tolosa

DISKO KRITIKA: ‘Debalde festa’ (Igelaren Banda)

Captura de pantalla 2015-10-09 a las 11.01.03

‘Debalde Festa’ (Igelaren Banda, Elkar, 2015)

Nola ez zaio beste inori lehenago bururatu? Nahiko estua bada ere, garaiak garai, musikari eta bertsolarien arteko harreman sortzailea, uste dut atarramendu gutxiegi ateratzen diogula musikariok bertsolaritzaren altxor handienetako bat den doinutegiari. Bertsolaritza ere musika baita.

Debalde festa honen ideia, zorionez, oso sinplea da. Hartu bertsolaritzaren bidez ezagunak diren doinu batzuk, eta diskurtso musikalean sakondu, ahotsik gabe, doinuak berak kantatu dezan. Horrela doinuak, baita ebidenteenak ere, hazi egiten dira, kea bezala zabaldu eta eraldatzen dira, gorpuzkera aldatzen dute, imajina ezinezko bideetatik jotzen dute. Abentura txiki baina emankorra da disko honetako pieza bakoitza. Azken finean, badakizu kantuak nola hasten diren, baina ez nola bukatuko duten.

Lana txukun burutzeko, berriz, oinarrizko ezaugarri guztiak betetzen ditu Igelaren Bandak. Esperientziaz gainezka egiten duen Bixente Martinezen gitarrak (Izukaitz, Ruper Ordorika, Oskorri, Hiru Truku…) erakusten du bidea. Gitarra garbiak dira, melodiaren gainean jolasten dutenak etengabe. Hasier Oleagaren bateriak (Ordorika, Nevermind Trio…), azpitik erritmoak saretzen ditu, txikituz eta osatuz berriro, kantuari gorpuzkera aldatuz, ezustekoaren bidetik. Amaiur Cajaravilleren kontrabaxua (Benito Lertxundi, Txertubi…), azkenik, hari sendo bat da, kantuari eutsiz, gitarra eta bateria lotuz, eta doinu bakoitzari behar duen tenplea emanez.

Ez dira hasiberriak, eta badakite zertan ari diren, lana ongi banatu dute, eta bakoitzak bere ikuspegia gehitzen die moldatu dituen doinuei: folk-rockeroagoak Bixente Martinezenak (ea ez dizuen Steeleye Span burura ekartzen “Puntuka” piezak), esperimentalagoak Oleagarenak, eta melodikoagoak Cajaravillerenak.

Eta zenbat duen herri-musikatik eta zenbat jazzetik disko honek? Esango nuke, batez ere, jazz disko bat dela. Alde horretatik ez hartu ezustekorik, oso irakurketa librea egiten baitiete, kasu gehienetan edozein euskal entzuleri oso ezagunak egingo zaizkion doinuei. Inprobisazioari, berriz, leku handia utzi diotela aipatzen dute diskoan bertan, eta nabarmena da, horrek are jostalariago bilakatzen duelarik. Baina ez izutu, oso disko entzungarria da, baita jazzean oso jantziak ez dauden belarrientzat ere. Entzuleak ezagunak zaizkion lekuetako erreferentziak jasoko baititu, baita diskoa unerik hermetikoenetan dagoenean ere. Estilo ariketa soila baina askoz ere gehiago baita, eta askotarikoak direlako agertzen diren soinu-paisaiak etiketa bakar batez definitzeko. 

Hirugarren diskoa dute Igelaren Banda-koek eta pozgarria da herri-musikaren irakurketa hain konplexurik gabeak egiteko gaitasuna duten musikarien lana aipatzea.

(Berria egunkarian, “Konplexurik gabea” izenburuarekin, 2015eko azaroaren 1ean argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Amaiur CajaravilleBenito LertxundiBixente MartinezDiskoakElkarHasier OleagaHemerotekaHiru TrukuIgelaren BandaIzukaitzKritikakOskorriRuper Ordorika