Musika

Andoni Tolosa

2018.12.16

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Ur berri, urte berri’ (Igelaren Banda)

Ur berri urte berri

Aitortu behar dut disko honek halako eskizofrenia moduko bat eragin didala. Lehenik eta behin, Eguberriak gustatu ez eta eguberri kantei eskainitako disko baten iruzkina egingo dudalako. Bigarrenik, duten erlijio-kutsu nabarmena dela-eta, herri musiketan gutxien estimatzen dudan kantu motetako bat delako hauxe. Arrazoi formalak ere banituen, erronka galanta dela, adibidez, bost lagun ezberdin kantari arituta diskoaren osotasuna kudeatzea, edota melodia askotan hain ezagunei ikuspuntu esanguratsua ematea. Diskoaren iruzkin bat egiteko baldintza onenak ez direla onartuta ere, behin entzutea deliberatu eta, ondoren beste behin, eta beste behin…

Hasteko, erritmo ertaineko folk-pop argiz jositako diskoa dela esan behar, Bixente Martinez-en dotorezia berriro ere agerian jartzen duena, bai tresna jotzaile, bai moldatzaile eta baita ekoizle gisara ere, hiru lan horiek egin baititu diskoan. Musikalki, hautsi egiten du, egia da, Igelaren Banda-k aurrekoetan erakutsi duen jazzarekiko «morrontzarekin» (barka hitza). Kantatutako melodiek lekua jan diote kantuaren garapen instrumentalari, nahiz eta egon badagoen halakorik, kasu egin saxoaren eta gitarraren moldaketei hainbat kantutan (Adan formadu zanian”, Arboletako argiek”, Birjina gaztetto bat zegoen”). Musikariei dagokienez, zer esan, aspaldi bere balioa erakutsi behar ez duten musikariak direla: Hasier Oleaga, Julen Izarra, Amaiur Cajaraville eta Xabier Zeberio, eta bakoitza dagoela bere lekuan, bere neurrian, gehiegikeriarik gabe, kantariei protagonismo guztia uzteko moduan, eta luzimendu une bakanak ongi profitatuz…

Kantari bakoitzak bere estiloa duen arren, ez da gorabehera handirik gertatzen kantutik kantara (horrelako diskoek duten arriskurik handienetako bat), eta hori moldaketa eta ekoizpen lan on baten ondorio dela iruditzen zait. Une batzuk azpimarratze aldera: Maite Larburu-k eragiten digun gozamenaHela, hela!”-n edo Beruska duna tuze”-n; Izaro tonu «helduago» batean kantatzen sumatzea, adibidez, Nora zoazen erran daztazu”-n; Maddi Oihenart “Arboletako argiek” kantuaren edertasun iluna gozotasunez janzten, eta, nola ez bada, Natxo de Felipe “Birjina gaztetto bat zegoen” kantatzen aditzea, bere neurrira egindakoa dirudien melodia epiko-melankoliko horietako batean. Ez esan kantu honek ez dizuela Oskorri-ren lehenengo diskoetako bat ekartzen gogora.

Beraz, behin jesus mariak eta aingeruak alde batera utzita, disko nahiko borobila dela esan behar, une musikal eder asko dituena eta, besteak beste, bi gauza ere adierazi ditzakeena (hipotesiak). Lehenengoa, Igelaren Banda dela Oskorrik utzitako lekua bete dezakeen oinordeko naturala, eta euskal emakume kantarien artean badagoela belaunaldi aldaketa bat. Horixe dena, entzuteko asmorik ez nuen disko baten harira.

ETIKETAK:Amaiur CajaravilleBixente MartinezDisko KritikakDiskoakElkarHasier OleagaIgelaren BandaIzaroJulen IzarraMaddi OihenartMaite LarburuNatxo de FelipeOskorriXabier Zeberio