BADOK BLOGA

Itsaso Gutierrez

2014.09.15

Itsaso Gutierrez

Zenbat balio du disko bat egiteak?

Gutxitan azaleratzen den gaia dugu hau. Disko bat sortzeak, grabatzeak eta kaleratzeak ekartzen duen kostuaz ez baita hitz egin ohi. Eta musika debalde deskargatzen den garaiaz ari garenean, ezinbestekoa egiten zait hau bera agertzea.

Zein disko berriaren prestaketan burubelarri gabiltzan honetan, eta ONkide bila ari garen honetan, egokia iruditu zait labur-labur disko-ekoizpenaren gastuen berri xehe-xehe ematea, adibide gisa, erreferentzia gisa.

Aurrelana
Disko bat sortzeak, konposatzeak, lan orduak eskatzen ditu. Gure kasuan, astean bizpahiru entsegu egin ditugu, irailetik ekainera bitartean. Geltoki Beizama dugun arren, Eibartik datorrenaren bidaiaren gastua ez dugu ahaztu behar. Bere poltsikotik ordaintzen du puxka hori, hilero-hilero.

Azpiegitura
Lokaleko gastuak, argindarra eta beste ez ditut aipatuko, zorionez etxean baitut lokala, eta neure gain hartzen ditut, etxeko gastuen parte.

Estudioa eta grabazioa
15 egun hartu ditugu diskoa grabatzeko, nahasteko eta masterizaziorako. Hautatu dugun estudioak maila ona du, baina prezioari dagokionez, erdi mailakoa da: 2.400 euro (badira dexente merkeagoak, baita dexente garestiagoak ere!).

Diseinua eta kopiak
Diskoaren diseinuak ere izan ohi du kostua –oraingoan gutako batek, Ekhi Vegasek, egin badu ere–. Aurreko diskoan, esaterako, 300 euro ordaindu genizkion diseinatzaile bati. Bestalde, mila diskoren fabrikazioa eta kopiak, era estandar batean (merkeena hautatu dugu: jewell plastikoduna, koloredun liburuxka): 1.100 euro. Zerbait berezia egin nahi izanez gero, edota digipack dotore bat atera nahi izanez gero prezioa bikoiztu egin ohi da.

Promozioa
Hainbat euskarritako baliabideak egin behar izaten dira promoziorako. Koloretako bostehun bat kartel (ez da askorik), esaterako, 345 euro. Irrati eta komunikabideetara promozio-orria eta diskoa ere bidali ohi ditugu; oparitzen dituzun diskoen gastua, batetik; eta korreo arruntean joaten zaizuna, bestetik. Aurreikusita dugu 100 komunikabiderekin harremanetan jartzea (publiko zein alternatibo; guztietara iristea ez da erraza izaten, eta asko dira gurean), eta bidalketa bakoitzak, gutxienez, 0,50 euroko kostua du (Ipar Euskal Herrira bidaltzean garestitu egiten zaigu, noski).

Diskoa promozionatzeko, ondo bidean, elkarrizketak egin ohi dira, irratietan eta beste; bidaia horiek ez ditut kontuan hartuko, ezinezkoa baitzait aurreikuspenik egitea. Baina hortxe dagoen gastua ere bada, eta ez da makala izaten. Distantzia handiak baitaude geure herri txiki honetan. Diskoarekin batera bideoklipa egin ohi da, taldea eta diskoa bera aurkezteko lagungarria baita. Bideoklip merke-merke batek 300-500 euro bitarteko kostua du.

Hona hemen guzti horien batura (gutxi gorabeherako kopuru bat da, baina nire ustez, erreferentzia gisa baliagarria):

2.400 euro
300 euro
1.100 euro
345 euro
50 euro
500 euro
—————-
4.694 euro

Jakin nahi nuke disko bat eskuratzen dugunean, edo kanta-sorta bat eskuratzen dugunean, hori sortzeak dakarren lan, izerdi, buruhauste, ilusio eta gozamen bakoitza sentitzen den. Jakin nahi nuke, disko bat Internet bidez entzuten dugun bakoitzean, kanta bat ekoizteak berak dakartzan gastuez ohartzen garen. Jakin nahi nuke, diskoa eskuratzean edota kontzertu bat antolatzean, musika-taldearen lan eta gastu horiek guztiak aitortzen diren. Jakin nahi nuke.