BADOK BLOGA

Fermin Etxegoien

2014.12.04

Fermin Etxegoien

Denbora da poligrafo bakarra

Norabide guztietan lehertzen diren kantuak, iragana barne.

Diskoaren inguruan botatako txioen artean, sortarazten dituen emozioak aipatzen dituztenez gain, izan da, baita ere, espero –erreferentzia modura– ez zitezkeen taldeak, adibidez Queen (ez Harrizko Garaikoa, baizik eta Freddy-rena) aipatu duenik… eta nekez etor daiteke norbera ez-bat, ez txio horrekin ez eta –emozioak bultzatuta– txiolari ibili den beste edonorekin ere, disko hau den poligrafoak gure denbora hirukoitzaren aurrean jartzen gaituelako, eta badago bertan, norberak nahi izanez gero, Queen –bai horixe– aditzerik, nola The Clash, nola Nirvana eta Foals, nola Urtz eta Kuraia, edo zuek jakingo duzuen –eta niri ihes egiten didaten– metal arloko nahi beste erreferentzia, horixe baietz, baina hemen diren 20 kantuek, oroz gain, burua makurtu gabe eutsiko liokete, harro, horietako edonoren begiradari, kantu hauek, horietariko batzuenak bezala, hiru dimentsioetan lehertzen direlako, euskarazko rock garaikidean, nago, sekula ez bezalako zaplazteko-laztan-xuxurla baten bitartez, eta norentzat?, ba, hain zuzen ere, euskal rocka edo rock euskalduna edo rock baskoa behin maitatu edo bitan baztertu edo hirutan ukatu duten-duzuen-dugun aldeko-kontrario-neutral ororentzat, gure artean oso gutxi izango baita, ganoraz entzunez gero, hogei kantu hauek osatzen duten poligrafoak eragingo ez dionik.

5887133

David Gonzalez, Gorka Urbizu eta Galder Izagirre, Berri Txarrak-eko kideak. (Aritz Loiola / Argazki Press)

Kasualitateak baina, ez dira esistitzen.

Estudio garestietako baliabideez gaiz, kontrako alkimiaz ere luze jardun genezake, kantuen osaketaz, harmoniaz eta melodiaz, ez dakit eta, ez ote gauden… eta ez nuke sortzaile hauen zintzotasun artistikoa nahastu nahi –ezta zeharka ere–  inongo handikeria zantzurekin… baina derradan berriro –susmo positiboak ugari baitira: intro moduko kantu labur horiek, ondorengo kantu luzeagoetan tonalitate beretsuetan jarraitzen dutenak, sakonago eta garatuago–, ez ote gauden, beraz, klasizismo sendo bat erakusten duen rock asmakuntza –opus?– baten aurrean, libre hegan badabilena, bai, baina anbizio kontzeptual batetik altxatua, bazterrik astindu gabe utziko ez duen, eskerrak, anbizio artistiko, zilegi ez ezik, txalogarri bat, hartutako arrisku kontzeptualaren neurria ematen baitigu, urteotako eraikuntza intelektuala unean uneko emozioaren zerbitzura jartzen asmatzeak, nago, barne bidaia handia ez ezik, xalotasun egiazko bat eskatzen diolako sortzaileari.

Tira, askoz hobeto eta sinpleago azaldu du Gorkak pisuaren eta arinaren arteko ekuazio hau, arestian esandakoaren erakusgarri izan daitekeen “Bigarren eskuko amets” –diskoko azken kantua, hogeigarrena!– definitzerakoan:

Punk erromantikoa.

Badok-en bertan ikusgai dugun dokumental bikainean, zera diosku kantariak, haien hastapenei buruz ari dela:

“Ez ditut sinesten zerbaiten aurka abiatzen ez diren talde gazteak”

Gustatzen zaizkit –konbentzitzen naute– arestiko esalditik atera litezkeen oximoron modukoek ere:

Ez ditut sinesten demagogoak ez diren talde gazteak.

Hamazazpi urterekin, ez bazara demagogoa, ez zara sintzeroa.

Pose bat, pose bi… iragan cool bat berreraiki… sutxakurren distira daukazu

Beste hogei urte igaro dira eta hemen dago poligrafoa.

Min hau berriz?

Min garaikideak, ordukoak baino kriptikoagoak.

Gauzak gordin daude hemen, sukaldarien herrian, minbizi atsegin bat da zuen irria, heriotz jasangarria, bizi ongizatea, gu baino okerrago dagoenik bada

Baina, baita ere, Berri Txarrak-en hitzetan, oso maiz, aurkitzen den min betikoa: nola ez lotu, aspaldian eta etengabe zauritutako nafartasun zahar-berriarekin?

Lekun-berri-zaharrak. Dokumentaleko etxe sendo ederrak. Pisua eta arina.

Jatorri estetiko horrengatik besterik ez bada ere, talde honek ezin zion bere buruari arrunkerian erortzen utzi eta horretan sumatu dugu, hogei urtez. Helmugarik ez duten sorkuntzaren perfekzio-bide ezinezkoetan, bikaintasuna helburu.

ETIKETAK:Berri TxarrakDenbora da poligrafo bakarra