BADOK BLOGA

Itsaso Gutierrez

2015.04.09

Itsaso Gutierrez

Ekintza txikiez handi!

Martxoaren 8ko astean, Euskal Herriko herri askotan ekintza interesgarri ugari egin ziren, emakumearen presentzia eta lana aitortzeko asmoz, eta udalek horretarako dituzten diru-partidak xahutzeko premiaz. Astea bete-bete. Herri askotan hornitu ziren agendak, era batera ala bestera. Erakundeentzat berdintasuna urteko eginkizunen arteko bat gehiago besterik ez dela dirudi, txostena betetzeko, edo berdintasunaren alde daudela adierazteko. Eta emakume sortzaileen lanak plazaratzeko ekintzak ekonomikoki babesteko eta sustatzeko irrika eta nahia erakusten dute aste horretan, martxoaren 8ko astean. Eskertzekoa da keinua, baina, bada horrekin ere neka-neka eginda gaudenak. Agenda bete-bete egun horietan, eta ezinean ibili ohi gara, herritarrek ezin kultur ekimen horietara guztietara heldu, ezin ikusi-entzun nahi beste; eta sortzaileek agenda puztuta martxoaren buelta horretan. Eta leloak, lelo huts bihurturik: Emakumeak eta langileak: ez dugu 365 egunetan garela ahaztu behar!. Hitzak haizeak daramatza sarri. Eskerrak ekintza txikiek garamatzatela aukera-berdintasunaren espaloira.

Izan badira errealitate korapilatsu hori barru-barrutik iraultzen duten ekintza txikiak. Eraginkorrenak horiek, nire ustez. Martxoak 8ko astean, Larrabetzun ospatu zen Sormene astean hartu nuen parte, ohore handiz. Emakume sortzaileei lekua eta aitortza egiteko asmoz sortu zuten egitarau betea. Hilabeteetako lana atzean. Partaidetza eskasaren zapore gazi-gezak harturik etxeratu ziren antolatzaileak. Niretzat, eurak eredugarri. Handienak! Bertara heldu, eta bi neska gazte gaztetxean, geuri harrera egiteko. Ahots-ekipoaren ardura hartu zuten, lehen aldiz, ordura arte ahots-ekiporik ukitu ere egin ez zutela. Ezezagunaren beldurra uxatuz, eta kabletik kablera endredaturik, konpondu zituzten sortu ziren arazo txiki guztiak. Erronka izugarria! Eta umil-umil egin zuten. Arrotz zitzaien eremu batean murgildu baitziren.

Atzean, beste plano batzuetan gelditzen diren emakumeak gehiago direla, erronka handiak hartzeko beldurrak hartzen gaituela sarriegi.

Eurentzat hori guztia ezezaguna zitzaiela onarturik, aitorturik, egon zitezkeen akats eta hanka-sartzeengatik barkamen eske. Eta horiek guztiak martxan jarri ostean, kontzertuaren lehen akordetik azkenekora arte lehen ilaratan egon ziren dantzan; taldeak babesten, laguntzen, indartzen. Presentziak handi egiten gaitu. Zer-nolako jarrera espazioa geureganatzeko. Eta horixe sentitu nuen Larrabetzun. Horrelakorik ez dugula topatzen maiz. Atzean, beste plano batzuetan gelditzen diren emakumeak gehiago direla, erronka handiak hartzeko beldurrak hartzen gaituela sarriegi. Batik bat plazan ikusgarri diren ekintzetan: antolatzaile, bideratzaile, soinu-teknikari, musikari, manager eta ikusle. Ekintza txikiek handi egiten gaituzte. Bikote fin. Eredugarri.

Eskerrik asko Maite eta Kattalin!