Elkarrizketa

Igor Susaeta

2015.02.08

Igor Susaeta

«Azken diskoetan beste arreta batekin jartzen dut ahotsa»

Elkarrizketa: Ruper Ordorika

Poliki-poliki eta «pertsona desordenatua» den neurrian intuizioz izan bada ere, Ruper Ordorikak (Oñati, Gipuzkoa, 1956) onartzen du baietz, argitaratu dituen azken diskoak ohi baino baikorragoak direla bere uztan. «Sormena nolabaiteko malenkonia batekin lotzeko kulturan hazitakoak gara asko. Ez dakit belaunaldi kontu bat den… Baina kantuak, tradizioz, esparru handiak utzi izan dizkio alaitasunari eta sentimendu onari». Pentsatzen du badela, agian, horri guztiari buruzko gogoeta bat Lurrean etzanda azken diskoan (Elkar, 2014), eta Bizitza eder denean”, Zerutik gertu ez da ondo egoten” eta Egia da” kantuetan, esaterako. Konposizio arloan eta tinbrikoki izan du eragina, baina musikaz haratago doan arrazoiketa da: «Bizimoldea, zer baloratzen duzun…».

RUPER_ORDORIKA-3

Ruper Ordorika, Gasteizen. (Raul Bogajo / Argazki Press)

Orain dela gutxi irrati batean emandako elkarrizketa batean, galdera «asmo txarreko» bat egin zioten. Erantzuteko gogorik ez zeukan, baina zera bota zuen: «Argi dut Kuban hainbeste aldiz egon izanak aldatu egin nauela». Gero, autoan zihoala, konturatu zen egia handi bat ahoratu zuela, «zeharka alde egiteko ahalegin horretan».

“Atako bandan” abestian galdera planteatzen duena Ordorika bera da. «Lehen zaharragoa al nintzen orain naizen baino?», dio. «Hasieran beharrezkoa duzu ezberdintzeko nahia, nahiz eta, batzuetan, nahi horrek berak lotzen zaituen. Badakizu, zeure buruak agintzen dizun araudiari fermuki lotuta zaude, eta horrek zure lana bideratzen du. Ez dakit hori onuragarria ote den…». Gero, gerta liteke, Ordorikaren iritziz, distantzia hartzea, «eta sentitzea orduan askoz ere estuagoa zinela zeure buruarekin, zeure ingurukoekin, iritziekin…». Gai horri heltzen dio kantu horretan, nahiz eta, hori pentsatu ala ez, esan nahi duena den, egileak berak aitortuta, bizitzak aurrera egiten duela.

«Hasieran beharrezkoa duzu ezberdintzeko nahia, nahiz eta, batzuetan, nahi horrek berak lotzen zaituen”

Lurrean etzanda-ri ezin dio, oraindik ere, distantziarekin begiratu, baina iruditzen zaio, nahiz eta zergatik ez dakien, bide luzea egingo duela. Ez du kaleratu dituen beste lanekin konparatzen, baina badauka sentipena pauso bat eman duela. «Esango nuke aldaketa interesgarriak topatu ditudala». Formalki, bai, baina gehiago tinbrikoki —«askotarikoa da diskoa»—, eta pentsatzen du «oreka interesgarri bat» lortu duela diskoan lagun izan dituen musikariekin: Kenny Wollesen bere ohiko estudioko bateria jotzailea, Simon Edwards baxu jotzailea, Leo Abrahams gitarrista eta Jamie Shaft organista.

«Benekin [Monder, bere estudioko gitarrista urte askoan] sakonera lantzen genuen batez ere, guk gehigarri harmonikoa deitzen dioguna; nola jantzi kantuak atzealde aberatsarekin, alegia». Abrahamsek, berriz, kantua zabaltzen duela dio, beste esparru batera garraiatzen duela. Sentimendu hori dauka. Ordorikaren kantuek, baina, «asko maite dute Monder». Beraz, ez du baztertzen harekin berriro aritzea. «Baina nahiago nuke kontrako bidea ibili; hau da, berari eman ardura. Hain musikari handi eta berezia denez, arriskatuko nintzateke».

Ahotsean, eta kantuak esateko moduan ere, nabaritu ditu aldaketak Ordorikak. «New Yorken Andyrekin egindako bi diskoetan [Tomassi, ekoizlea], hari ikasi nion beste modu bat ahotsa grabatzeko. Geroztik, beste era batera hartzen dut eginkizun hori. Azukre koxkorrak-en ere [Elkar, 2013] beste era batera, beste arreta batekin jartzen dut ahotsa». Teknikoki ere beste modu batean zaintzen du langintza hori, eta iruditzen zaio horrek ere baduela zerikusia «azken lau diskoak-edo» entzuteko moduan. Lan horiek, Haizea garizumakoa (Elkar, 2009), Hodeien azpian (Elkar, 2011) Azukre koxkorrak eta azkena aipatuta, galdera: ziklo baten barruan sailkatuko al zenituzke formalki? «Ez dakit goiz ez ote den horretarako… Badute zerbait, alde teknikoak, grabatzeko moduan… Izan liteke, bai».

«Kantua landu gabe…»
Ordorikak berak dio abestiak erregistratu zituzteneko saioak, joan den irail hasierako asteburu batean Elkar estudioan egindakoak, gogoangarriak izan zirela, eta diskoan igartzen dela «une on» hori. Halere, gauza bat nabarmendu nahi du: «Horri buruz gehiegi ere hitz egin da igual, eta kantuez gutxi, berez atera izan balira bezala. Baina oso landuak dira. Horiek gabe ez daiteke saio onik egin».

Inprobisazio eszenako goi mailako musikariak izan zituen alboan. Wollesen aspalditik ezagutzen du; besteak, aldiz, ez. Eta haiek jantzi behar bere abestiak, pare bat egunetan. Ez zen beldur, ordea. «Horrelako musikari handiekin… New Yorkeko musikari lagun batek aspaldi esan zidan, eta beti gogoan daukat: ‘Halako musikariekin, arazoa ez dira haiek, zu baizik, zuk emango duzun maila’». Gauzak ez dira, ordea, bakarrik ateratzen, berez. «Saioetan ganora baduzu kantua adierazteko, eta horrek funtsa badu, beti gertatuko da zerbait». Hori nahi baitu, zerbait gertatzea. «Nik ere sentitu behar dut harantzago noala disko bat egiterakoan. Bestela, zertarako? Aurretik baldin badakit diskoa nola aterako den, bada…». Iruditzen zaio egiten dituenek baino hobeto funtzionatuko luketela, beharbada, errazagoak izango liratekeela publiko batentzat, esaterako. «Baina ez nintzateke hainbeste motibatuko». Sorpresa efektua ere lehenesten baitu. «Aspaldi ikasi nuen norberak sentitzen ez duena nekez sentituko duela entzuten duenak».

Eta aspalditik dabil ofizioan, berak deitzen dion moduan: 35 urte, erregularki diskoak kaleratzen eta kontzertuak ematen. «Nire haritik tiraka, beste horrenbeste urte beharko nituzke nahi nukeena egin ahal izateko». Bakarkako disko bat, gitarra eta ahotsarekin huts-hutsean, adibidez, ez du erabat baztertzen. «Ufa… Musikazale izatearen arazoa hori da: oso jende ona dagoela munduan halako gauzak egiten». Sentitzen du gero eta gehiago gozatzen duela sortzen, estudioan, agertokian… «Baina disko bat egiterakoan, hutsetik hasten zara berriro». Elurrari ere, gauza zeharo berria balitz bezala erreparatu dio: «Begira, elurra!».

RUPER_ORDORIKA._MUSIKA._KULTURA.

“Disko bat egiterakoan, hutsetik hasten zara berriro”. (Raul Bogajo / Argazki Press)

Haren kantuekin bat egin duten entzuleak eduki dituela-eta, ez da kexu, baina irizten dio, «eta bitxia izan arren», Hiru Trukuri eta Azukre koxkorrak-i esker, «zeharkako lan horiengatik», beste jende batek deskubritu duela. «’Honek hau egin dezake’? Behin baino gehiago pentsatu dut hori hala den ala ez. Tira, uste dut denak gogaituta dauzkadala eta azkenean errenditu direla», errematatu du, barrez.

Bera ez da aspertu, eta jarraitzen du irakurtzen —«fikzio gutxi azkenaldian»—, diskoak entzuten eta, «ahal bada», kontzertuetara joaten, ofizioa elikatzeko. Betiere, kantuaren, misterio horren mesedetan.

(Berria egunkarian, 2015eko otsailaren 7an argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:ElkarLurrean etzandaRuper Ordorika