Elkarrizketa

“Barnerako eta kanporako kanten arteko oreka bat dago diskoan”

Elkarrizketa: Txomin Urriza (Orbel)

Atmosfera eta doinu ilunak atsegin ditu Kamille Dizabo, Annelise Arnaud, Alan Billi eta Txomin Urrizak osatzen duten Orbel taldeak. Lur hezea bigarren lan luzearekin datoz bueltan, eta, aurretik argitaraturik dituzten disko labur eta luzearekin alderatuta, melodia eta erritmo gehiagoko diskoa osatu du oraingoan laukoteak. Baina, melodia eta erritmoa aipatzeagatik, ez pentsa entzunaldi bat eman eta ahazteko disko horietako bat denik, zenbat eta gehiago entzun, abestietan zenbat eta gehiago sartu, orduan eta gehiago harrapatuko zaitu-eta seguruenik. Txomin Urrizarekin (Baiona, 1988) izan gara taldearen eta diskoaren inguruan gehiago sakontzeko asmoz.

Orbel

Annelise Arnaud + Txomin Urriza + Kamille Dizabo + Alan Billi = Orbel

Azaro hasieran argitaratu zenuten Lur hezea, zer-nolako iruzkinak jaso dituzue bere inguruan?

Disko asko kaleratzen dira gaur egun, eta ez dakizu egiten duzuna zenbat jenderengana iritsi daitekeen, baina iritsi zaizkigun kritikak positiboak izan dira, jendeak ez dizu gauza negatiborik esan nahi. Orokorrean salto bat eman dugula esan digute, eta, nire ustez, ahotsei espazioa eta garrantzia emateagatik eta erritmo gehiago sartzeagatik izan da. Ezaugarri horiek erraztu egiten dute entzunaldia, eta jende gehiagorengana iristeko aukera lortzen da. Planteatu genituen helburuak lortu ditugu eta pozik gara.

2019an hasi zineten diskoa idazten. Pandemia izan da aurten argitaratzearen arrazoia, edo bestela ere horrelakoa izango zen diskoa osatu eta kaleratzearen prozesu naturala?

Diskoaren prozesu naturala izan da, pandemiak ez du inolako eraginik izan sorkuntza eta grabazio prozesuan. Abestien konposizioak, bost asteburutan egin genituen Anneliseren amonaren etxean: ostiraletik igandera izaten ginen bertan, eta, grabazioarekin hasi aurretik, preprodukzio batzuk egin genituen diskoa grabatu behar genuen The Apiary estudioan, Lavalen [Frantzia]. Nahiko maketa landuekin joan ginen bertara, eta, diskoa grabatuko zigun Amaury Sauverekin abestiak entzun ostean, berarekin komentatu genuen non egin mozketak, aldaketak… Grabatu genuenetik argitaratzera urtebete pasatu da, baina hori Kamile ama izan delako eta gauzak lasaiago hartzea erabaki genuelako izan da.

The Apiary estudioan grabatu zenutela esan duzu, Amaury Sauverekin. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Oso prozesu polita izan zen. Amaury gure adin ingurukoa da eta gure antzeko ibilbidea du musikaren munduan; oso bateria jole ona da eta hainbat post-hardcore eta post-metal taldetan jo izan du. Orain hamar-hamabost urte hasi zen grabaketak egiten, asko kontrolatzen ditu alde musikala eta alde humanoa, eta badaki zer lortu nahi dugun. Grabaziorako metodologia bat jarraitzea proposatu zigun, eta, ohiko pop kantuen estrukturarik ez dugula kontuan hartuta, oso baliagarria izan zitzaigun. Eskatu zigun kantu bakoitzak zituen zatiak adjektibo batekin izendatzeko, eta zati bakoitzari zerotik ehunera zer intentsitate jarri nahi genion markatzeko. Horrela, zati batzuk altuago eta beste batzuk baxuago jarriaz, kantu bakoitzaren grafikoak egiten aritu ginen. Guk zer bilatzen genuen jakin nahi zuen horrekin, eta aldaketak egiteko proposamenak egiten zizkigun. Adibidez, guretzat abesti batek intentsitate aldetik goia joa bazuen eta berak oraindik ere gorago igo zitekeela uste bazuen, pianoren bat, ahotsen bat edo zerbait gehitzeko proposatzen zigun. Erabili genuen teknikarekin, taldekideok abestietan zer lortu nahi genuen aurrez adostea lortzen zuen, eta, horrela, bere proposamenak taldeari egiten zizkigun modu orokorrean, eta ez taldekide bakoitzari modu inprobisatu batean. Intentsitatearen joko horrekin disko osoaren ikuspegia izatea lortu genuen, eta kolore sistema bat ere planteatu zigun momentu bakoitzean zer emozio transmititu nahi genituen ikusteko. Zer nahi genuen argiago ikusarazteaz gain, gurekin komunikatzeko sistema oso bat sortu zuen.

Nola konposatzen dituzue abestiak? Ez duzue ohiko musika talde baten formatua…

Bi modutara egiten dugu. Batzuetan, eta disko honetarako horrela egin dugu gehienbat, Alanek ordenagailuz sorturiko ideiak ekartzen dizkigu. Nahiko produzituak egoten dira erritmo eta sintetizadoreekin, nota eta melodia konkretuak dituzten giroak izaten dira, eta horiek hartzen ditugu abestien oinarri gisa. Ostean, gainontzekook gure aldetik lantzen ditugularik abestiak. Beste batzuetan eta gehienbat lokalean gaudela, gitarra, piano edo ahotsetik ateratzen den zerbaiti ematen diogu jarraipena.

Atmosfera iluna du diskoak, eta, nahiko anbientala eta barnerakoia iruditu zaidan arren, aurreko diskoan baino melodia eta bizitasun gehiago antzematen da.

Uste dut askatu egin garela musikari bezala, eta egiten dugunarekin gusturago egoteko formula bilatu dugula. Batzuetan oso anbientala da gure musika, barnera begirakoa, baina badira musika lehertzen diren uneak ere, eta une horietan kanpora ateratzen dira gauzak. Barnerako eta kanporako horren oreka bat dago disko honetan, eta zuzenekoetan ere igartzen dugu: beste sentsazio batzuk sorrarazten ditu, eta kanporako horrekin gehiago transmititzen dugula esango nuke. Diskoa konposatzerakoan, trip-hopa eta Bristoleko taldeak (Massive Attack, Portishead…) ziren buruan geneuzkan erreferentziak, eta, diskoa ildo horretan aterako zela pentsatzen genuen arren, azkenerako kantu bakarra atera zitzaigun estilo horretan: Orbain irekiak.

Ahotsetan lan handia egin dute Kamille eta Annelisek. Era guztietako ahotsak entzun daitezke: indartsuak, goxoak, xuxurlatuak, irrintziak… Oso ongi uztartzen dira musikarekin, eta aurreko lanetan baino hitz eta ahots gehiago sartu dituzue, gainera. Erabaki artistiko bat izan da ala esateko gehiago izan duzue?

Erabaki artistikoa izan da, oso onak diren bi abeslari ditugu eta leku gehiago utzi nahi genien, beraiek baitira Orbelen ikur nagusi. Ahotsetan gauza berriak probatzea nahi genuen, horretarako guztiz libre sentitzea, eta bai Kamillek eta baita Annelisek ere horretarako bidea aurkitu dute, asko jokatu dute ahotsekin, oso ausartak izan dira.

Orbainak, zauriak, odola, heriotza eta okerra kontzeptuak darabiltzazue, besteak beste. Zer kontatzen duzue beraietan?

Kamillek idazten ditu hitzak, eta berak erantzungo luke hobeto, baina Kamillek amets arraroak egiten ditu, eta, amets egindakoaz gogoratzen denez, haien inguruan idazten du [barrez]. Batzuetan oso deskriptiboak eta bisualak dira bere hitzak, bakoitzak bere modura interpretatzekoak (Orbain irekiak, Heriozko giltza…), baina, era berean, badira oso zuzenak eta esplizituak diren hitzak ere (Irentsi, Lo…). Bi ezaugarriak bilatzen ditu. Alde makabro bat izatea gustatzen zaigu hitzetan, guztiz naturala dela uste dut, heriotza eta horrelako kontuak gure bizitzen parte dira eta ez da ezer txarra berauetaz hitz egitea.

Zenbait abestiren bideoak ere argitaratu dituzue. Elementu eta mugimendu askorik sartu gabe, asko transmititzea lortzen duzue.

Bideoen inguruan egin genuen gogoetan, jendeak askorik begiratzen ez dituen edota ikusten hasi berritan aldatu egiten duten bideoklipen bat egin ordez, diskoko abesti guztientzako zortzi minibideoklip egitea pentsatu genuen, aurrekontu berdinarekin eta guk geuk eginak. Kantuetan esaten dena guk nahi genuen moduan irudikatzeko baliagarriak zitzaizkigun, eta sare sozialen formatuarekin bat egiten zuten, gainera. Denon artean pentsatutako bideoak izan ziren, lagunen artean eginikoak; Alan aritu zen grabaketak egiten. Asteburu batean grabatu genituen guztiak, oso ongi pasatu genuen aktore lanetan.

Irudiari eta sortzen duzuen imajinarioari ematen diozuen garrantzia ikusita, suposatzen dut zuen zuzenekoak izango direla horren guztiaren muina.

Bai, hala da. Zuzenekoetan, musikaz gain, argiei ere garrantzi handia ematen diegu, eta horretarako Mikel Perez daukagu argi teknikari moduan. Sekulako gustua dauka eta gure zuzenekoen parte garrantzitsua da. Eskaini ditugun lehen aurkezpen kontzertuetan jendea harrituta geratu da argiekin eta batek baino gehiagok goraipatu ditu. Gure musikarekin oso lotuta doaz eta Orbelen zuzenekoan murgiltzeko tresna garrantzitsuak dira; gure zuzeneko batek asko galduko luke argi horiek gabe.

Orbel 2016an abiatuta, eta bi disko luze eta labur bat kaleratu eta gero, nola baloratzen duzu taldearen eboluzioa? Konforme al zarete lortzen zabiltzatenarekin?

Oso gustura gaude egiten gabiltzanarekin. Urte hauetan egindakoak aukera ematen digu gure formulak zehazteko, hasierako eraginetatik libratzeko eta egin izan ditugun akatsak zuzentzeko. Hasieran, oharkabean, musika motelaren eta ilunaren eraginei oso lotuta geunden, eta ostera konturatu ginen beharbada eragin horien preso geundela. Gauza horiek guztiak berrikusten joan gara gure ibilbidean. Elkarrizketa batean Alanek esan zuen, Hegan diskoa Orbelen lehen fasearen bukaera zela, eta Lur hezea, bigarren fasearen hasiera; horrela bizi dugu.

┬ź’Hegan’ diskoa Orbelen lehen fasearen bukaera zen, eta ‘Lur hezea’, bigarren fasearen hasiera┬╗

Musikalki, post-rock etiketatik harago joan zarete, eta halaxe diozue Lur hezea-ren aurkezpen testuetan ere. Iruditzen zait azken bi diskoetan urruntzen joan zaretela estilo horretatik. Nola deskribatuko zenuke zuen musika?

Post-rock asko entzun izan dugu, eta batzuetan etiketa hori eman diguten arren, ez dakit inoiz definitu gaituen. Post-rocka oso etiketa zabala da, eta ulertzen dut lehenengo EPak asko zuela hortik, baina ez gara inoiz Mogwai edota Explosions in the Sky taldeen modukoak izan. Lehen, abesti luzeak eta igotzen-igotzen gailurrean amaitzen zituzten abestiak egiten genituen, baina horrekin apurtu, eta abesti laburragoak eta zuzenagoak egin ditugu oraingoan. Alde horretatik, alde popero bat ikusten diot gure musikari, baina, jakina, ez da popa ere. Egia esan, ez dakit nola definitu egiten duguna, zaila da.

Edozein talde edo estilorekin gerta daiteke hau, baina Orbelen kasuan oso nabaria egiten zait: momentu egokia aurkitu behar dut zuen disko bat entzuteko. Momentu egokia bada, esperientzia eta bidaia ederra da, baina, ez bada, deseroso edo itota ere senti naiteke entzunaldiarekin. Nire ustez, asko esaten du zuen konposizioen maila bikainari buruz.

Musikak, izan disko bat edo kantu bat, bera entzuteko prest zaudenean harrapatu behar zaitu, eta gure diskoek agian ez dute funtzionatzen kotxean hiru minutuko bidaia bat egiteko edota sukaldean zerbait azkarra prestatzeko. Nire kasuan, badakit zer musika gustatzen zaidan, eta momentu bakoitzak estilo bat edo beste eskatzen dit: batzuetan minutu inguru irauten duten punk-hardcore abestiak izango dira, adibidez, eta beste batzuetan musika ilun eta esperimentala. Disko batek batzuetan funtzionatzen du eta beste batzuetan ez, laurok horrela ulertzen dugu musika eta Orbel. Hasieratik geneukan argi proiektu berezia izango zela eta horrelakoak eragingo zituela, eta bestela bestelako musika egingo genuen, agian errazagoa, baina, gure ustez, erraztasun horretan galtzen dira bilatzen ditugun muturreko sentimenduak askotan.

Oso bizi ikusten da musikaren eszena Ipar Euskal Herrian. Estilo askotan, proposamen interesgarriak jorratzen dituzten talde mordoxka bat zaudete. Zerbait ondo egiten zabiltzaten seinale da, ala?

Gu Donibane Lohizune eta Ziburu ingurutik gatoz [Lapurdi] eta bertan, gaztetxearen, Baleapopen, Usopopen inguruan beti izan da joera gauzak sortzeko eta nahasteko. Betidanik egon da rock eszena indartsua, baina baita elektronikarena ere, eta bien arteko nahasketatik sortu dira hainbat proposamen ausart eta interesgarri. Beste alde batean, Donibane Garaziko ingurua dago, eta han ere sekulakoak sortu dituzte: Diabolo Kiwi, Kuartz, Torheit… Ipar Euskal Herria txikia da eta komunitate euskalduna are txikiagoa, baina asko konektatzen dugu gure artean, eta elkarrekin egiten ditugu gauzak. Beharbada, Euskal Herriaren periferia modukoa izatean, inork ez du ezer espero gugatik, baina guretzat egiten ditugu gauzak guk eta daukagun askatasun horrek gauza politak sorrarazten ditu.

Kuriositatez, zein disko aukeratuko zenuke amaitu berri dugun 2022. urtetik?

Vulken Vulk ez da diskoarekin geratuko nintzateke, argi eta garbi. Verde Pratoren Jaikiera ere asko gustatu zait, eta Orbelekin egiten ari garenarekin erlazionatuko nuke, gainera; puntu komun asko aurkitzen dizkiot. MICEren Lautada eta Ama Sayren Ero bomb ere aipatuko nituzke, oso onak iruditu zaizkit. Atzerrira begira, Ditz taldearen The Great Regression gustatu zait asko.

Aurrera begira, diskoa orain gutxi argitaratuta, nola irudikatzen duzue etorkizuna?

Kontzertuak ematen jarraitzea nahi dugu. Urtarrilean pare bat kontzertu emango ditugu Frantzian eta bi hilabete inguruko atsedenaldi txiki bat hartuko dugu jarraian. Tarteka kontzertuekin jarraitu nahi dugu, eta gehiago eman nahi genituzke, egia esan, baina izan familiagatik, ditugun beste taldeengatik edota beste arrazoi batzuengatik, ez dugu tarte handirik izango. Hemendik eta udaberri bukaera arte betea daukagu agenda, eta ea udan edo udazkenean jaialdi batzuetan jotzeko aukerarik dugun.

ETIKETAK:OrbelTxomin Urriza