2025.05.07
Urtzi Iza (Bilbo, 1990) duela hamar urte ezagutu nuen. Nik 17 urte nituen eta Bilbon ospatutako Ibilaldian koinziditu genuen eszenatoki gainean. Bera Enkore taldearekin ari zen eta ni Altxaturekin. Nuen gitarra bakarraren soka bat apurtu nuen kontzertua hasi eta gutxira, eta, nola ez, sokarik ez aldatzeko. Izak bere jazzmasterra eskura eman eta bitartean soka aldatu zidan, deus ere hitz egin gabe.
Gaur, Bilboko Errekalde auzoko bere estudioan (Eten Espazio Sonoro) egin dugu hitzordua. “Nahiago gauzak probatzea hitz egitea baino” esan dit grabagailua piztu eta gutxira, baina luze (luzeegi?) aritu gara soinuaz, harremanez, estudioaz eta lan egiteko moduaz. Iza “beharrarengatik” hasi zen grabaketak egiten. Bere lehen musika taldeko kantu baten maketa grabatu zuen mikro bakarrarekin Bilboko FNAC inguruan zegoen irrati batera bidaltzeko, eta pixkanaka grabaketen munduan sartzen hasi zen. Halere, ohartu da txikitatik izan duela grabaketekiko zaletasuna: “Irrati grabaketak egiten nituen, beti gustatu izan zait irratia. Arazo bat dagoenean eremu segurua da niretzat, kapsula moduko bat sortzea”. Bere grabaketetan hori lortzen saiatzen da, “irratiak duen berotasun hor”.
Grabatzea bera baliabideak izatea baino inportanteagoa dela uste du Izak, eta horregatikbukatu duela horrelako espazio batean grabatzen eta ez agian toki handiago batean, “hurbiltasun horretan gauzak ezberdin ateratzen direla sentitu izan dugu beti”. Hurbiltasun horretan prozesua da garrantzitsuena Izarentzat eta produkzio molde jakin batzuen alde egiten du: “Ez da sinesmen asuntoa, ez dudala horretan sinisten, holako produktu aurrepentsatuak beti egongo dira, eta hori normala da. Baina ia ikusten duzunean aurre erreflexio hori oso bideratua dagoela, niri kostatzen zait normalean konektatzea. Azkenean, lan egiten dudan taldeekin saiatzen naiz kutsu horietatik kanpo geratzea. Ez da soinu bat, ez da estruktura bat, da lan egiteko modu bat. Inguruan dabilenean nabaritzen da prozesuan. Teknikariak gero egingo duenaren kontzeptua, ez? gero ia teknikariak egingo du, nahasketan. Nahiago dut pentsatzea errazagoa dela gauza bati buelta bat ematea, momentuan ikustea horrek zentzua duen ala ez. Taldearekin ez badira gauza horiek ateratzen, formula bat bilatzen ari zara nolabait, eta nik formula hori ez daukat eta ez dut garatu nahi”.
ESTANDARIZAZIOA
Estandarizazioa gero eta nabarmenagoa da inguru honetan, baina musikari eta talde batzuek gauza bakarraren eta benetakoaren bila jarraitzen dute. Izaren hitzetan, “estandarizazioa beti egon da, baina sormena eta berrikuntza funtsezkoak dira oraindik”. Ez du bere burua ikusten estandarizazio prozesu horren barruan, eta musikaren industrializazioarekin lotzen du: «Ez dut uste beharrik dagoenik kulturalki, eta bolada berri honetan hori ikusten dugu oso argi, gure inplikazioa ez dela bakarrik lan inplikazioa. Hau da, ni ez naiz txurreria bat, zu ez zara txurreria bat. Zuk egiten dituzu gauzak zuk egiten dituzun moduan, baina ez dago kontzeptu industrial hori bermatzeko intentziorik. Badaude prozesu industrialak prozesuan, ze logikoki egongo dira sistema batzuk partekatuko ditugunak, bada prebio batzuk, kable batzuk, denok ditugu Neutrik konexioak… 2025a delako eta sistema honetan bizi garelako. Orduan, gauza batzuk super estandarizatuta egongo dira ekipoei dagokienez, eta zeuk edo nik prebio hori antzeko era batera erabiliko dugu baina prozesua ez dugu estandirazatuko, ez dugu hori bilatzen. Eta badaukagu konbentzimendu bat, badago konbentzimendu bat atzetik. Egongo da supermerkatuko ogia jaten duena eta ondo egongo dena berarentzat, eta ez naiz sartuko diru kontuetan. Bat asetuko da ogi horrekin baina badago beste bat beste ogi mota bat nahi duena bilatu. Hemen berdina izango litzateke».
“…gauza batzuk super estandarizatuta egongo dira ekipoei dagokienez, eta zeuk edo nik prebio hori antzeko era batera erabiliko dugu baina prozesua ez dugu estandirazatuko, ez dugu hori bilatzen”
Estudiotik kanpo, zuzenekoetan ere ibiltzen da Iza lanean, eta bertan antzeko egoera ikusten du azkenaldian: «…taldearen ikuspegi hori bermatu behar dugu eta ez estandarizatu, ze bestela ikusiko ditugu sei kontzertu eta denak berdinak izango dira. Ñabardura txikiek asko egiten dute soinuan, eta berdin ikusten dut estudioekin. Diferentzia horiek dira estudio bat edo beste bat aukeratzea, teknikari bat edo beste bat aukeratzea…».
TEKNIKA ARTEAREN ZERBITZURA
Gustu eta preferentzia kontua da, noski, baina pertsonalki gehiago hunkitzen nau eta gehiago baloratzen dut artea bera alderdi teknikoa baino. Izak ere antzera ikusten du eta bere lanerako baliagarri zaio ondoko premisa: «Hona etortzen bada nonor bere ideiak botatzeko aldez aurretiko jarrerarekin, nigan konfiatzen eta esfortzu ekonomiko bat egiten, niretzat ezinezkoa da mugatzea alderdi teknikora. Seguraski askotan kanpotik pentsatzen dena baino askoz ekarpen txikiagoa egingo dut artistikoki, ze askotan taldeak berak dauka oso argi, edo behintzat badauzka checkpoint horiek hasieratik planteatuta. Baina zeuk aukera hori izatea momenturen batean desblokeatzeko momentu bat, edo egoera bat edo norbaiten ideia bat bultzatzeko… hori da niretzako desberdintasun puntu hori. Niretzako naturala da, oso argi ikusten dut zein den profil teknikoa eta zein den profil artistikoa. Teknika beti egon beharko litzateke artearen zerbitzura, bestela zertarako egiten ditugu proposamen artistikoak?».
ESTILOA
Bizkaiko soinua (hori existitzen al da?) izan da kolaborazio hauekin hasteko Bilbora gerturatu nauena, baina Izak esan dit hori ez dela existitzen, bere estiloa «melodia» dela. «Gustatzen zait pentsatzea rock edo elektronika baino gehiago, ibiltzen naizen estiloa dela melodia. Melodia da niretzako estiloa. Ez da berdina musika melodiarekin edo melodiarik gabe, eta hori nabaritzen da la ostia. Melodia txiki bat badago ahal duzu egin baserik zatarrena jendeak hartuko duela, onartuko duela beste era batera. Ni super poperoa naiz, normalean soinu arraroekin ibili arren. Azkenean, buruan daukadan helburu bakarra da kantua amaitzen denean norbaitek zerbait kantatu ahal izatea. Gitarra apaindura bat, edo sinte arreglo bat, edo ahots nagusia… baina amaitzen denean kantua norbaitek esatea ‘ostia, hau geratu zait’».
“Niretzako naturala da, oso argi ikusten dut zein den profil teknikoa eta zein den profil artistikoa. Teknika beti egon beharko litzateke artearen zerbitzura, bestela zertarako egiten ditugu proposamen artistikoak?”
Efektuen erabileraz galdetuta, soinuak zabaltzeko erabiltzen dituela uste du Izak: «Normalean kontzeptua izaten da nahiko naturalista eta efektuez baliatzen gara garaikideak diren soinuetara iristeko. Elektronikan osatzen diren geruzak oso espezifikoak dira eta rockean oso gutxi
ikusten ditut, eta efektuek aukera hori ematen digute. Nik elektronika asko entzuten dut eta hortik ateratzen zait puntu industriala bilatzearen asuntoa, zelan erabiltzen dudan reverba… Niretzat Deftones eta Nine Inch Nails oso inportanteak izan dira, zelan erabiltzen dituzten geruzak, espazioak, grabeen presentzia… . Orokorrean, saiatzen naiz testuinguru deberdinetan antzeko gauzak bilatzen, nire entzumenaren eta adimenaren beharrak asetzen dituen minimo horiek lortzen. Askotan hori izaten da erresonantziak egotea, laburbildu beharko banu hori esango nuke: erresonantzia».
PROZESUA
Grabaketa prozesua hasi aurretik, Izarentzat inportantea da taldea ezagutzea eta saiatzen da ahalik eta lasterren taldea zuzenean ikusten edo behintzat haien lokalera joaten. “Orain arte, azken urtean gutxiago, bizitza errealean ezagutzen dudan jendearekin lan egin dut. Azken urte
honetan jendea hasi da deitzen, eta niretzako arraroa da. Niregana zatoz eta ez zaitut ezagutzen, eta saiatzen naiz entsegu batean egoten, ulertzen zein den taldearen funtzionamendua. Erraz ikusten da kanpotik nor den artistena, mekanikoena… eta saiatzen naiz harreman hori sortzen».
Behin grabaketa prozesua hasita, gustatzen zaio taldeak sentitzea gauzak probatu ahal dituela, baina “ez gainproduzitzea, ez jaustea gaur egun beharrezkoak diren gauza horiek sartzera bai ala bai. Izan daiteke autotunea erabiltzea, baina beti kantuaren ideia azken puntu logikora
eramateko erraminta bat bezala erabilita, eta ez beharrezkoa delako edo modan dagoelako».
Goiza pasatu dugu soinuaz, musikaz eta efektuez hitz egiten, baina ohartu naiz ez dugula oraindik musika-tresnei buruz apenas hitz egin. Ez dugu bateria markarik aipatu eta ez dugu 70etako gitarra vintagei buruz deus esan. «Nik ez diot garrantzirik ematen. Tresna bat ondo badago ondo dago, ez dut inolako mistikarik. Nahiago dut musikariak eroso jotzea eta horretarako gehienetan taldearen tresnekin grabatzen saiatzen gara. Haien ekipoa ekartzeko eskatzen diet, logikoena dela uste dut. Gainera, gehiago ikasten dut horrela, eta ez beti nire ekipoa erabiliz».
Tresnen aukeraketaz galdetuta, Izak argi du: «Disko batean atzematen badut zein den kaxa, horrek seguraski esan nahi du izan dela ekoizlearen inposizioa, eta nik ez dut horrelakorik egin nahi».
Norberaren ideia artistikoak beste baten eskuetan jartzea zaila izaten da musikarientzat. Izak horrela ikusten du, eta saiatzen da besteen ideia horiek errespetatzen. «Taldeak dituen check horiek betetzen saiatzen naiz, badakidalako inportanteena ez dela bateria erdian egotea, hori nahiko estandarra da. Musikariek pentsatu dituzten detaile txiki horiek dira inportanteenak, eta horiekin pozik geratuz gero, taldea pozik joango da estudiotik».
BIZKAIKO SOINUA (SIC)
Kolaborazio sail honen helburuetako bat diskoen soinuari buruz eta grabaketa prozesuari buruz hitz egitea da. Lehen atal honetan autoizendatutako Bizkaiko soinu-etiketa zalantzagarriaren adibide diren bi talde hartuko ditugu horretarako: TOC mungiarrak eta Txopet bilbotarrak. Bakoitzaren disko bana hartu eta luze eta zabal aritu gara.
Txopet eta TOC ezagutzen ez dituenarentzat: «Txopetekin oso argi ikusi nuen. Txopet da rock talde bat, edo pop talde bat, baina haien imaginarioan bazeukaten jada beste bide batzuetatik joateko ideia, eta demoetan ikusten zen. Batez ere Jonek (Fernandez, gitarra eta ahotsa) ahotsarekin nola jolasten zuen, efektuak nola erabiltzen zituen… ikusten zen nondik zetorren eta horrek asko errazten du gero fantasia hori zabaltzeko momentuan. Organikoa da, eta nahiz eta ez izan elementu organiko bat izatez, taldeak organiko bilakatzen du. Baina horrek TOC bezalako talde batentzat ez luke zentzurik izango, ze ahotsaren tratamendua izan behar da kontrakoa, ahotsaren zentzua kontrakoa delako. Ez dakit, niretzako da lurra, super estoikoa, gauzak gertatzen dira nire alboan eta ni mantentzen naiz erdian. Txopetena alderantziz da, instrumentazioa baliteke terrenalagoa izatea, batez ere bateria eta baxua, eta inguruan gertatzen den guztia da fantasia. Hori nabaritzen zen hasieratik, Jonek ez zekien nola egin baina bazekien zer egin nahi zuen, denbora gehiago zegoen ahotsarendelay-an pentsatzen melodian baino. Efektu bat erabiltzeak zeure artea garatzeko zentzua dauka. Efektua erabiltzen duzunean zeure artea ostean justifikatzeko niretzako horrek ez dauka zentzurik».
Zidazun 2020ko uztaileko lehen astean grabatu zen Mungia eta Errekalde artean. Izak ez zuen estudioa oraindik, eta Ander Goitiaren (TOCeko baxu-jotzailea) etxean egin zituzten lehen sesioak, arratsaldeko 18:00etatik gaueko 02:00ak arte, «old-school». «Bertara eraman genituen bi tarjeta, pantailak, monitoreak, ordenagailua, kableak, mikrofonoak…apur bat denetarik. Nolabaiteko disko kontzeptual bat zeukaten buruan, momentu horretara arte EPak grabatu zituzten, motzagoak, eta lehenengo aldia zen disko oso eta luze bat egiteko grina zeukatela. Agian musikalki badaude jauzi batzuk, baina Xabirentzako (Bilbao, ahotsa) batez ere lirikoki kantuek bazeukaten nolabaiteko zentzua elkarrekin».
Bateriei dagokienez, Izak asko hitz egin zuen Mikelekin (Bilbao) bateriaren elementuen proportzioaren inguruan. «The Strokes eta horrelako taldeak asko gustatzen zitzaizkien eta ikusi genuen nola egiten zuten haiek: toma nahiko zuzenak, jotzeko momentuan lortutako intentsitate
hori bermatzea…». Kutsu organikoa bilatzen zuten, eta horretarako kantu gehienetan ez zuten metronomorik erabili, baina bada ere «gezurrezko organikotasun hori. Batzuetan room mikroak gehiago distortsionatuta lor dezakezu toma editatuago bati zatartasun hori ateratzea, naturaltasun hori bilatzea, urrunean dauden mikro horiei garrantzia handiagoa ematen bonboan edo kutxan daudenei baino».
«Zidazun-en ahotsaren tratamendu berezia bilatzen saiatu ginen, eta horretarako normalean eramaten dudan Korg KaossPad-a erabili genuen. 2000. hamarkadan ateratako tramankulu bat da”
Aldaketa batzuk tarteko, taldean Goitia (Ander, baxua) izan zen sartzen azkena, eta berak eman zion proiektu guztiari «nolabaiteko segurtasun bat, lurreratze puntu hori». Nahiz eta baxu nahiko barrokoak eta soinu nahiko ez-bajistikoak erabili, Izak dio pultsu oso jarraia ematen diola diskoari, mugimendua. Gitarra anpliak kanpora ateratzen zituzten batzuetan, baina baxu anplia beti egoten zen barruan, bateriarekin batera, «bleed horrekin bizi izan naiz nahasketan».
Diskoa batera jotzen grabatu zuten, kantu pare bat kenduta. Horietako bat da Xalbador. «Puntu mekanikoa dauka, eta horregatik zuen zentzua batera ez grabatzearena. Loop-aren artea beti gustatu izan zait eta proposatu nien zuzenean grabatu ordez horrela egitea». Izak beretzako kanturik bereziena delako aukeratu du, «diskoan egon ziren taldetik kanpoko prozesu guztiak bertan ikus daitezkeelako». Cubaseko proiektua, hots, kantuaren grabaketa eta nahasketak biltzen dituen dokumentu digitala-edoireki eta arakatzen hasi gara.
Askotan atzean eta gehiegitan pixka bat ulertezin egon arren, ahotsak du lekurik inportanteena TOCen kantuetan. «Zidazun-en ahotsaren tratamendu berezia bilatzen saiatu ginen, eta horretarako normalean eramaten dudan Korg KaossPad-a erabili genuen. 2000. hamarkadan ateratako tramankulu bat da, berez DJentzako multiefektu bat. Linea sarrera dauka, jack bidezko mikrofono sarrera bat eta kaskoentzako irteera bat. Efektuak dauzka: filtroak, distortsioak, reverbak, reverbak erresonantziekin, sinte pare bat… badauka zerbait berezia».
Izak, blokeo artistikorik atzematen duenean KaossPad-a ateratzen duela komentatu du, eta horrela egin zuen Xalbador kantua grabatzen ibili zirenean. «Demo bat egiten hasi ginen Aitor, Xabi eta hirurok. Pixka bat flipada da, baina momentu bukoliko tipikoa izan zen: gaua, zigarro batzuk erretzen jada pixka bat lelotuta… eta Xabirentzako ez zen kanturik erosoena, besteekin batera kantatzen ohituta dago eta kantu hau kontrakoa da. Proposatu nuen altxatuta egotea baino eserita kantatzea, hitz egiten egongo balitz bezala. Apurtutako kasko batzuk mikrofono bezala erabili genituen KaossPad-era konektatuta eta saiatu ginen ahalik eta prozesu naturalena sortzen».
Kantua entzun dugu, eta Izak zehaztu du: «Xabiren ahotsa horrela irudikatzen dut beti, beti izan behar du puntu mistiko bat, oso gizatiarra baita». Gitarren grabaketa prozesuaz galdetuta, Izak bere bigarren tramankulu kutuna atera du ondoko gelatik: MicroCube GX txuria. Oso anpli txikia da, musika eskoletan erabiltzen den horietakoa, etxean entseatzeko erosten diren horietakoa. «5″ko konoa duten anpliek badute direkzionalitate bat 12″koek ez dutena, eta horregatik erabili genuen diskoan. Klaseak ematen nituenean ohitu nintzen anpli mota horiek erabiltzen, ahalik eta soinurik duinenak lortzen. Limitazio horrek ematen dit beste zerbait. Soinu eta modulazio oso konkretua du, japoniarra». Erabilitako beste teknika bat Shure sm57aren erabilera berezia izan zen. Mikrofonoa anplifikadorearen konora bideratu ordez, zuzenean gitarraren soketara zuzendu zuten kantu batzuetan, bestelako gitarra soinu bat lortuz.
Instrumentazioaz eta teknikez harago, TOCen balioa melodian ikusten du Izak, «berdin du atzeko baseak ia Bauhaus puntu bat izatea edo gauza super popero ia The Strokes-en antza duen kantu bat izatea, beti dago melodia bat momenturen batean harrapatzen zaituena. Niretzako hori da baliorik nagusiena, eta hori da bermatu beharko genukeena beti estudioetan. Ekoizpen aldetik, ez hainbeste grabaketari dagokionez».
Izarekin grabatzen hasi baino lehen ezagutzen zuten elkar, eta horrek, hein batean, lagundu zuen prozesuan. «Nik denak ezagutzen nituen, gehiago Andoni (Barinaga-Rementeria), bateria-jotzailea. Deia jaso nuenean entsegu batera joan nintzen, eta ikusten zen zerbait zegoela super bitxia baina, egia esan, hasteko momentu horretan zeuden, arakatzen, bilatzen zer egin nahi zuten eta nola. Jonek bazekien zer nahi zuen egin, baina oraindik ez zeukaten ideia handirik nola egin. Batez ere ahotsen kontua zen berezia. Jon, abeslaria, bateria-jotzailea da berez, eta beretzat pauso hori ematea arraroa zen, ez zuen bere burua oso seguru ikusten gitarrarekin. Bere logika oso pragmatikoa zen: garrantzitsuena ahotsa da, gitarrak nahiko sinpleak izango dira. Berak badauka zentzu erritmiko oso on bat eta akorde posizio interesanteak bilatzen ditu, badauka gustu handia. Bestetik, baxu-jotzailea, Wemes (Iñigo Guemes), gitarrista izan da beti. Hor eman ziren rol aldaketa batzuk eta horrek ekarri zuen taldearen lehen inpresioa nahiko ezberdina izatea rock talde estandar batekiko: baxuak egiten zituen melodiak, gitarrak zentzu erritmikoa bermatzen zuen eta ahotsak espazio gehiago zeukan. Roland batekin egiten zituen efektu batzuk eta atzeman nuen hasieratik ez zela moda kontu bat. Autotunea erabiltzearena ahotsa beste tresnekin parekatzeko modu bat zen, ahotsa pertsonalizatzeko modu bat».
Nahiz eta Jausi diskoa grabatu baino lehen hiru kantu solte grabatzea erabaki zuten. Hasierako hiru kantu horiek grabatzeko prozesuan erabaki zituzten gerora inportanteak izango ziren gauza batzuk, diskoa definituko zutenak: «Bateriak eta baxuak batera grabatu genituen. Baxua grabatzeko baxu anplia eta gitarra anplia erabili genituen. Bazuen soinu nahiko medioso bat eta bere jotzeko modua dela-eta baxuak ez zuen grabe askorik. Soinu hori ahalik eta hobekien bermatzeko hainbat prozesu probatu genituen».
Gitarrei dagokienez, Izak Joni esan zion: «Zuk egin normalean egiten duzuna. Nik linea bat gordeko dut badaezpada, ez dagoenez gitarraren partetik garapen handirik, baliteke nik behar izatea momenturen batean gitarra hau beste kolore batekin, beste momentu batean beste funtzio bat izateko. Gauza bat oso argi genuen: ez genuen nahi gitarra konposizio bat izatea, nahi genuen gauza nahiko zuzena, gitarra toma bakar batekin ahalik eta espazio gehien okupatzea. Horretarako normalean izaten zen gitarra linea alde batetik eta gero Chorus Stereo pedal baten bidez beste bi irteera: Fender anplifikadore bat hiru mikrofonorekin (Neumann bat, sm57 bat eta room bat) eta combo txiki bat. Horrekin jolastu genuen gitarra soinua lortzeko, soinu nahiko estandar batetik hasita zerbait bereziagoa lortzeko».
Bateriari dagokionez, estudioko Premierra erabili zuten. «Egia da hartu diogula trukoa, afinatzeari eta abar. Garrantzia handia ikusten diot afinazioari eta partxeen aukeraketari, baina ez hainbeste tresnari berari». Bateria grabatzeko mikrofonia estandarra erabili zuten: bonborako mikro pare bat (Audix D6 bat barruan eta kondensadore bat kanpoan), sm57 bat kaxa gainean eta beta57 bat behean, Sennheiser md421ak tom-etan, «overhead mono bat oso konprimitua»… .
«Batzuetan ahotsak batera grabatu genituen, eta bateriaren room-etatik sartzen dira. Noizean behin horrelakoek zentzua daukate, eta zuzenekotasun horretan laguntzen dute». Izak asko aipatzen ditu room mikroak, beti erabiltzen ditu eta bere soinuaren zati garrantzitsua dira. «Txopeten soinuan room mikroak oso inportanteak dira, hiru tresnak toki berean kokatzen dituztelako eta horrek ematen dio grabaketari zuzenekotasun hori, eta ez hainbeste zuzenean grabatzeak. Batzuetan baxuaren rooma alde batera bidaltzen dut eta gitarrarena bestera, espazio ireki bat sortzeko edo». Aiztoa erakutsi entzun dugu hasi eta buka: «Esan dut eta mila aldiz esango dut: kantu bat ona denean denak berdin du. Kantua ondo doa, nik badakit musikariak badakiela eta jotzeko forma desberdina da».
ERRESONANTZIAK
Urtzi Izaren lanaren funtsa ez dago soinu perfektuaren bilaketan. Ez da nahitaez ahots batek edo gitarra batek sortzen duena, baizik eta estudioan gertatzen den elkarrizketa, ideia bati forma ematean sortzen den harremana. Eta hortik abiatuta, musikaren ikuspegi eder bat eraikitzen du Izak: ez estandarretan oinarritua, ezta formula errepikatuetan ere, baizik eta esperientzia batean. Izan ere, bere hitzetan: «Nik faltan sumatzen dudana emozioa da, eta hau nire iritzia da, baina musikari emozioa falta zaiola uste dut. Nire kasuan, sonikoki, emozioa erresonantzian topatzen dut».
Eta agian hori da benetako ekoizpena: emozioa harrapatzea soinuan, inor ohartu aurretik.