Elkarrizketa

“Esentziara iristeko gaitasuna batzuetan galdu egiten dugu”

Elkarrizketa: Sara Zozaya

Denbora batez bere berririk izan gabe ginen arren, ez da geldirik egon Sara Zozaya (Donostia, Gipuzkoa, 1995). Nerabe taldean ezagutu genuen eta 2019 eta 2020an bakarkako EP labur bana (III eta I) argitaratu ostean, Nara hirugarren lanarekin dator orain. Estreinako lan luzea du eta esaten eta transmititzen duenagatik pozik ikusten zaio egindako lanarekin. Ez da gutxiagorako, pazientziaz osatzen dabilen ibilbidean beste aurrerapauso bat eman du eta orain arte bezala, ez da inongo etiketa edo estilotara mugatu; guztiari lotura eta koherentzia emanaz, bere proposamen musikala hedatzea lortu du gainera. Hau irakurtzen duzunerako ziklo berri bat hasita izango du seguruenik, ea datorrena pasatakoa bezainbestekoa den gutxienik…

 

Sara Zozaya.

Sara Zozaya.

Azken lana argitaratu zenuenetik denbora asko pasa den sentsazioa neukan, baina ongi begiratu eta hiru urte pasa direla ikusi dut. Disko batetik bestera ez da horrenbeste denbora. Ez dakit zure musika gehiago entzuteko gogoa nuelako, tartean pandemia egon zelako edo zergatik izango zen. Nola eraman duzu tartean pasa den denbora hau eta noiz hasi zinen diskoa sortzeko planteamenduarekin?
Nik ere antzerako sentsazioa dut, baina egia esan denbora tarte honetan ez naiz geratu diskoa sortzen eta lantzen. Zuzenekoetan bai, geldialdia egin dut eta jendeak agian pentsatuko zuen ez dudala ezer egin, baina ez da izan horrela, atzeko lanetan ez da egon inolako geldialdirik. Diskoaren kontzeptuari orain gutxi eman diot forma, baina pandemian argitaratu nuen bigarren EP-a eta ostean hasi nintzen abestiak prestatzen. Oso prozesu luzea izan da, erabaki pila bat hartu behar izan ditut eta horrek eragin du kaleratzea atzeratzea.

Nolakoa izan da sortze eta grabatze prozesua?
Guztia oso luze joan den sentsazioa dut. Abesti oso desberdinak daude diskoan eta zaila egiten zitzaidan dena diskoan sartu eta elkarren artean lotzea. Guztiari norabide bat emateko produktore bat behar nuela antzeman nuen eta estilistikoki zein bide jarraitu eta abestiak diskoan nola elkarlotu ikusten lagundu zidan berak. Gustura geratu naiz egindakoaz.

Non egin zenuen grabazioa?
Bilboko El tigre estudioan, Jon Aguirrezabalaga, Zabala, produktorearekin. We Are Standard taldeko kidea zen Zabala eta berekin egin izan dut guztia ezagutu nuenetik. Kanta berriak pasa nizkionean, norabide interesgarri eta berezia eman zien guztiei.

III eta I, bosna abesti zituzten lan laburrak ziren. Prestaketa eta lan aldetik desberdintasun handia suposatu al dizu Nara-k?
Artista batzuek disko osoa kontzeptu finko baten bueltan osatzen dute, baina nire kasuan ez da horrela izaten, kantu solteak sortu eta amaituta daudenean batera argitaratzen ditut. Oraingoan abesti gehiago sortu ditut eta horregatik izan da prozesua luzeagoa, abesti kopuruagatik, ez beste ezergatik. Aurrekoaren oso antzerako prozesua izan du guztiak. Hori bai, lan gehiago suposatu didan kontu bat biniloan argitaratzearena izan da. Sinplea den erabaki bat dela eman dezake, baina erabaki mordo bat hartu behar izan dut. Dena dela, aurrerago CD formatuan ere kaleratuko dut. Argitaratutako hiru bideoklipek ere lan ugari suposatu didate.

Abestiaren arabera instrumentu desberdinek dute protagonismoa. Konposatzeko orduan nola dakizu zer behar duen bakoitzak?
Diskoan, eta zuzenekoetan ere hala dela esango nuke, bi abesti mota bereiz genitzake orokorrean: organikoak eta elektronikoak. Lehenengoan, bandarekin lokalean sortutako abestiak sartzen dira. Kasu horretan, abestia denon artean landu ostean, zuzenekoetarako forma ematen diogu eta horrela grabatzen dugu diskoan. Bigarren kasuan, instrumentu elektronikoekin sortutako abestiak sartuko lirateke. Normalean nik bakarrik sortutakoak izaten dira eta behin oinarria eginda Joni pasatzen dizkiot berak elementu elektroniko desberdinak sartzeko. Abestiaren sortze prozesuak baldintzatzen du nolakoa izango den.

Interneten esanahi desberdinak aurkitu dizkiot izenburu moduan jarri diozun Nara-ri, baina ez dut aurkitu diskoaren esanahiarekin bat datorrela pentsatzen dudanik. Zer esanahi du?
Nire musikak bizitzarekiko eta musikarekiko dudan momentu bitala islatzen du. Pentsatzen eta sentitzen dudana esaten dut bere bidez, eta orain dudan perspektibatik konturatzen naiz nire gurasoek sortu zuten Sara, ume hura, urteak pasata nola esentzian berdina den baina era berean beste zerbait den. Zahartzearekin batera doa, mundu honetan bizitako guztiak gure barrutik kanpo dagoen kapa moduko bat ezartzen digu, esternoa den zerbait, eta esentziara iristeko gaitasuna batzuetan galdu egiten dugu. Ez da erraza azaltzea, baina Sarari nire bizipen guztiak gehitzen badizkiot, Nara bihurtzen da. Horrela interpretatzen dut nik. Horretaz aparte, Nara Japoniako hiri bat ere bada eta lotura sentitzen dut bertako kulturarekin, asko gustatzen zait eta horrek ere indartu du izenburua.

Ez da erraza azaltzea, baina Sarari nire bizipen guztiak gehitzen badizkiot, Nara bihurtzen da

Letra gehienak lehen pertsonan daude idatziak. Sararen bizipen eta sentimenduak dira entzuten ditugunak?
Gehienetan bai, baina errealitatean pasa ez diren gauzak ere badaude. Askotan, errealitatean oinarritzen diren hitzetan, gertatzen diren momentuan bertan ez zara pasatakoari buruz idazteko, denboraren perspektiba behar izaten da segun eta ze bizipen edo traumaren inguruan idatzi ahal izateko. Errealitatean oinarritzen ez diren kantuetan berriz, benetan pasatu ez arren, bada fantasiatik sumatu edo sentitu izan ditudan gauzekin. Ez du zertan logikarik izan esaten dudanak baina hor uzten dut guztia. Orokorrean hitzak ez dira oso zuzenak, bakoitzak nahi dien esanahia eman diezaieke.

Zuzenenetako bat Misty dela esango nuke. Bertan barruak hustu dituzula ematen du, ikaragarria da transmititzen duen tentsioa.
Orain arte kaleratu dudan kantarik zintzoena eta gordinena dela iruditzen zait. Modu desberdinetan ulertu du jendeak abestia, baina gauza batengatik edo bestearengatik oso identifikatuta sentitu dira, hainbat mezu jaso ditut adin desberdinetako jendearen partetik. Eragiteko ahalmena du eta asko izan dira abestiak negarra sorrarazi diela esan didatenak. Pertsona batek adibidez, lotarako erabiltzen duela ere esan zidan; gogorra iruditzen zait hori baina beno… (barrez).

Euskara da hizkuntza nagusia diskoan, baina gaztelania ere presente dago eta momenturen batean, baita ingelesa ere. Zeren arabera idazten duzu hizkuntza batean edo bestean?
Euskara eta gaztelania, biak erabiltzen ditut nire egunerokoan eta abesti bakoitzak erakusten dit zein hizkuntzatan izango den. Aipatzen duzun moduan, abesti batean (The Sun) leloa ingelesez utzi nuen, hori egiteko baimena eman nion nire buruari. Konposatzerakoan jolas baten moduan sortu nuen eta horrela geratu zen. Sortzeko garaian ateratzen diren gauzak zerbaitengatik izaten direla uste dut. Nahiko askatzailea izan zen momentu hori.

Hainbat kolaborazio daude diskoan. Kontatuko al diguzu nortzuk diren?
Bai, lau pertsona desberdinek hartu dute parte. Ahotsetan, Valdivia abeslari madrildarra, Bengo eta Full Cab taldeko abeslaria den Liam Mcdonell izan dira abesti banatan, eta beste batean, tronpeta sartu du Amorantek. Buruan neukana lortu dut beraien aportazioekin eta oso pozik geratu naiz, nahiko natural atera dira guztiak. Iruditzen zait zerbaitek erraz enkaxatzen badu aurrera egin behar dela eta hala izan da kolaborazio hauetan. Bi aldeek argi izan dugu elkarrekin lan egitea nahi genuela. Erakutsi duten indar eta jarrera positiboarekin erraz joaten dira gauzak.

Aurrerapen moduan argitaratu zenuen Maitia-ren bideoklipean ere pertsona desberdinek hartzen dute parte, tartean Izarok. Nola lortu zenuen bideoan parte har zezaten?
Askotan nahiko konformista izaten naiz, baina aurrerapauso bat ematera bultzatu nauen jendearekin inguratu naiz oraingoan. Sekulako lana egin dute eta azken emaitzean nabaritu da. Niretzat eta Bengorentzat garrantzitsua den jendea azaltzen da bideoan. Oso ondo atera da eta merezi duen bideoa du abestiak.

Zer nolako harrera izan dute diskoa argitaratu aurretik Maitia-rekin batera aurrez kaleraturiko Caravan eta Misty abestiek?
Abesti bakoitzak eragin desberdina izan duela esango nuke. Misty ez da inolaz ere diskoko abesti komertzialena, baina bera izan zen lehen aurrerapen kanta, katarsi moduko bat izan zen. Caravan-ek publiko berria erakarri du nire musikara, oso intentsoa naizela pentsatzen duen jendearengana iritsi da (barrez). Egia esan entzuteko errazagoa den kantu bat da, inprobisaziotik sortu nuen egun bakar batean eta beste publiko eta soinu batzuetara iristeko leiho bat ireki didala uste dut. Maitia berriz, egitea pentsatuta neukan zerbait zen eta oso pozik geratu naiz emaitzarekin. Bertan islatzen da estilo aldetik nora joan nahi dudan. Ez zait gustatzen zenbakien esklabu izatea, baina harrera ona izan du gainera. Entzule asko izan ditu eta horrek ere errealitate bat erakusten dizu.

Hirurak ere nahiko desberdinak dira beraien artean eta hauek entzunda espero zitekeena berresten du diskoak, soinu eta estilo desberdinak antzeman daitezke. Oso lan aberatsa da alde horretatik, eta guztiak aurkitzen du bere zentzua diskoan.
Diskoari amaierako forma eman aurretik, abesti guztiak, bata bestearengatik banandutako uharte desberdinak iruditzen zitzaizkidan. Baina behin guztiari forma emanda, altura desberdinetan dauden uharte bakarra osatzen dutela esango nuke. Batzuk lauagoak dira eta beste batzuk mugituagoak, baina elkar lotuak daude. Gauza asko daude diskoan.

Oso erraz entzuten da hasieratik amaierara, aukeratutako abestien segidak asko orekatzen du. Orokorrean oso disko goxoa geratzen dela eta zure ahotsak entzuten den guztiaren arteko konexioa egiten duela esango nuke, hor hartzen du forma guztiak nire ustez.
Bai horrela da, eta pentsatzen egon izan naiz horretan. Nire ahotsa beti da bera eta horrek markatzen du diskoaren izaera, nahi dudana egiteko aukera ematen dit. Beti estilo berdinaren bueltan aritzen diren artistak daude, baina estilo eta mundu desberdinetatik nator ni: reggaetik, metaletik… eta era berean ez naiz guztiz inongoa sentitzen. Oso ohituta nago jendea kasik inkomodatzen (barrez), nahi dudana egiteko aukera sentitzen dut. Abesti batean sartuko da Benito Lertxundi, hurrengoan Bengo eta hurrengoan ea zein. Aniztasuna gustatzen zait eta aurreiritziak ezabatzea denok aspektu guztietan egin beharreko ariketa bat dela iruditzen zait.

Estilo finkatu bat izan gabe, nola definituko zenuke egiten duzuna?
Darkywinky egiten dudala esaten dut beti. Ez du inolako zentzurik, baina lehenengo elkarrizketa egin zidatenean hala erantzun nuen eta hala egiten dut orain ere (barrez). Nire ustez, nire musika ez da estilo edo genero batean markatzen, daukan tonu eta izaera triste-melankoliakoan baizik. Hortaz, elektronika tristea egiten dut, rock tristea egiten dut eta jakina, post-rock tristea egiten dut.  Nire musikak oinarri ilun eta sakona izatea bilatzen dut eta modu desberdinetan lor daiteke hori, baina guztiari esperantza puntu bat txertatzen saiatzen naiz. Abestian gertatzen denak du garrantzia niretzat eta hori gorabehera eta akorde progresioekin lortzen da. Horrek arduratzen nau eta ez nola dagoen eginak edota ze instrumentu dituen.

Nire ustez, nire musika ez da estilo edo genero batean markatzen, daukan tonu eta izaera triste-melankoliakoan baizik

Orain urte batzuk ez nizun jorratu dituzun soinu batzuekin erlazionatuko. Beti izan duzu popetik, baina oraingoan gehiago sakondu duzu.
Asko kostatzen zait estruktura aldetik ohiko abesti bat egitea. Niretzat abesti bat behar duen momentuan hasten eta amaitzen da, ez diot zertan lelo bat izan dezala bilatzen. Pop musikan estruktura zehatzak eta errepikakorrak erabiltzen dira eta hori egiten erakutsi dit Bengok. Maitia aurkeztu nionean, oso bestelakoa zen abestia eta beste estruktura bat hartu zuen berarekin. Ez dut pop askorik entzun izan, baina asko ikasten da hortik ere eta ez da erraza pop abesti on bat egitea. Askotan gauzak behar diren momentuan ixten ez dakizkigulako konplikatu egiten ditugu, irekita uztea askoz ere errazagoa izaten da, baina hor asmatu behar da.

Eta horrenbeste estiloren artean, ze artista aipatuko zenituzke erreferentzia moduan?
Spotifyen darkywinky izeneko musika zerrenda bat dut eta bertan sartzen ditut deskubritzen eta obsesionatzen nauten taldeak. Art School Girlfriend izango litzake aipatuko nukeen talde bat. Elektronika kutsua duen musika egiten dute eta inspirazio handia izan dira niretzat. Jeule ere asko gustatzen zait, estilo desberdinen collage modukoa egiten du. Berez, elektronika poperoa jorratzen du, baina orain gutxi screamo abesti bat kaleratu duen moduan, abesti metalero edota akustikoak ere argitaratu izan ditu. Denetarik egin lezake eta gustatzen zait artista batek aniztasun hori edukitzea.

Oraindik gaztea zaren arren, badira urte batzuk musikaren munduan hasi zinela. Zer ateratzen duzu osatzen zabiltzan ibilbide honetatik?
Musikaren mundua oso ezegonkorra dela. Gogorra da zure musikaz bakarrik bizitzea. Etorkizunera begiratzen dudanean zentzu gutxi aurkitzen diot batzuetan, baina gero eszenatokian nagoenean, hor sentitzen dut musika egitearen zergatia.

Diskoa aurkezteko sei kontzertuz osaturiko bira izango duzu diskoa argitaratu eta urtea amaitu arte. Nortzuk izango dituzu alboan?
Laukote formatuan izango gara. Gitarran, Antton Goikoetxea izango da eta baterian, Asier Renteria, biak ere aurrez taldekide ditudanak. Baxurako fitxaketa berria dugu, Paule Bilbao (Arima). Oso pozik nago hemendik aurrera gurekin egongo delako, ahotsetan ere hartuko du parte eta bere ukituak beste zerbait emango dio taldeari.

Denbora askoan izan zara zure izenean kontzerturik eskaini gabe eta hau zure lehen lan luzea da gainera. Zein izango da hemendik aurrerako zure helburua? Hasiera berri baten moduan planteatzen duzu?
Ez zait gustatzen hasiera eta amaierei buruz hitz egitea, zikloka ulertzen ditut gauzak. Ziklo bat ematen da lehenik, gero jarraian beste bat eta horrela. Orain nagoen zikloa diskoa kaleratzen dudanean amaituko dela pentsatzen dut eta abesti berriak sortzen hastearekin batera, hasiko dut beste berri bat. Momentuan momentukoa egingo dut eta ikusiko dugu bizitzak zer dakarren. Hala ere, beti nirekin egongo den proiektua izango dela uste dut hau, musika arloan nahi dudana egiteko aukera ematen dit eta behar dut hori.

ETIKETAK:2023ko diskoaelkarrizketaNaraSara Zozaya