Elkarrizketa

Jon Urzelai

2021.01.11

Jon Urzelai

“Gauza pertsonal eta zintzo bat egitea lortu dudala uste dut”

Elkarrizketa: Ander Unzaga

Teklen hurrenkera berbera da piano guztietan, baina Ander Unzagak Steinway zahar bat alokatu zuen bere izena daraman lehen diskoa grabatzeko. Anderrek instrumentu horretaz badaki zerbait, goi mailako piano jazz ikasketak izateaz gain, hamalau urtez aritu baita Travellin’ Brothers taldearekin mundu osoan zehar zuzenekoak eskaini eta diskoak grabatzen. Forbidden Colours zigiluak kaleratu zuen bere aurreneko diskoa joan berri zaigun urtearen amaieran, osorik instrumentala —hitzik gabeko ahotsak ere badauden arren—. Eric Deza (gitarra), Aritz Ostolaza (saxofoia), Urko Peral (baxua), Rubén Sánchez (bateria) eta Erika Imizkoz (ahotsa) izan ditu lagun Josu Erbiti teknikariarekin grabatutako // /// izeneko diskoan. Piano batean tekla beltzek duten hurrenkera irudikatzen du tituluak, piano guztietan berbera izanagatik, Ander Unzagak, eta ez beste inork, zuriaren gainean utzitako arrastoa ere badena.

Ander Unzaga

Ander Unzaga estudioan, diskoaren grabazioan.

Urte dezente daramatzazu musika grabatu eta zuzenean jotzen, baina hauxe da zeure izena daraman lehen lana. Nola sentitzen zara emaitzarekin?
Prozesu luzea izan da, diskoa 2019ko abenduan hasi baikinen grabatzen eta gero pandemia iritsi zen. Grabazioaren ostean parentesi txiki bat egin genuen eta tira, prozesu osoan zehar nahiko sentsazio ezberdinak izan ditut. Hasiera batean grabatuta zegoenarekin zalantzak izan nituen, baina, nahasketak egin heinean, proiektua forma hartzen hasi zen eta pixkanaka joan naiz emaitza maitatzen. Hasieran zalantzak izanagatik, bukaera aldera nahiko pozik geratu naiz eta esperientzia polita izan da azkenerako, beste disko baterako errepikatzeko modukoa. Nire musika egiten jarraitzeko gogoekin geratu naiz, behintzat.

Aspalditik zeneukan halako proiektu bat abiatzeko gogoa?
Bai, egia esan, nik betidanik konposatu dut nire etxean, nire zuloan. Egia da etxetik kanpo beti aritu izan naizela talde ezberdinetan eta talde horietan beti bigarren lerro batean egon naizela, horixe izan baita nire zeregina. Halere, beti izan dut nire musika sortzeko joera eta halako zerbait egiteko ideia banuen aurrez. Zergatik orain? Horrela gertatu da, nahiko naturala izan da.

Sortzen joan zaren eta pilatuta zeneuzkan konposizio horietatik tiratu duzu diskoa osatzeko ala disko bati begira zerotik abiatu zara abestiak sortzeko orduan?
2013an jazz ikasketak hasi nituen Iruñean eta ikasketa horietan jaso nuen formazioa baliagarria izan zitzaidan beste ikuspegi batetik sortzen hasteko. Diskoan ageri diren lehenengo ideiak agian 2015ekoak dira; lauzpabost ideia nahiko finko bildu nituenean, diskoa grabatzeko unea iritsi zela erabaki nuen eta une horretan bai eman niola bultzada berri bat eta beste hiruzpalau ideia konposatu nituen. Lau edo bost urte inguruko konposizio prozesua izan da, finean.

Musika ikasketak aipatu dituzu. Kontserbatoriotik pasatako zenbait musikarik adierazi izan dute bertan teknika handia eskuratu bai, baina musika sortzen apenas ikasi zutela. Zeu nola sentitu zara partitura zuriaren aurrean?
Oso gai interesgarria da hori. Nik esango nuke klaseak nork eman dizkizun oso garrantzitsua dela. Musika ikasketak ikasle-irakasle harreman guztiz pertsonalean oinarritzen dira; badaude taldetan egiten diren ikasgaiak, baina horietan ere oso ikasle gutxi eta irakasle bakar bat egoten dira. Harreman horretan zer sortzen den, horren arabera oso esperientzia interesgarria eta aberasgarria izan daiteke… edo ez. Nire kasuan, bere argi-ilunekin, baina, orokorrean, oso esperientzia aberasgarria izan da eta musikari bezala hazi egin naiz bertan.

Erraza egin al zaizu erreferente eta ereduak ahaztu eta zerbait pertsonala sortzea?
Lehenagotik jada neurea nuen mundu musikala eta kontserbatorioan jasotakoaren arteko espazio horretan topatu dut nik nire tokia. Minimalismoa, musika instrumentala eta halakoak gustatzen zitzaizkidan gazteagoa nintzenean eta goi mailako jazz ikasketak egindakoan beste zenbait tresna eskuratu nituen. Erdibideko puntu batean aurkitu dut nire musika.

Minimalismoa aipatu duzu eta hari-mutur horri helduko diot. Travellin’ Brothers taldearekin hamaika kontzertu eman dituzu mundu osoan zehar eta Komando Funk taldean ere bazabiltza. Bi proiektuok Estatu Batuetako tradizio beltza dute oinarri eta, jazza ere musika beltza den arren, zure bakarkako diskoa…
Ez da horren beltza

“Zuriagoa” da, bai.
Bai, esan lasai. Guztiz ados nago, egia da. Musikari gisa aurpegi ezberdinak ditut: alde batetik, musika beltzaren swing-a, feeling moduko hori, asko gustatzen zait eta asko gozatzen dut zuzenean musika hori egiten, baina egia da nire-nirea sentitzen dudan musika beste tradizio batetik datorrela. Niri benetan ateratzen zaidan musikak, nire lengoaia propio edo pertsonalak, zerikusi handiagoa du Europa eta Ipar Amerikako minimalismoarekin. Bestalde, badago gaur egun egiten den jazz modernotik ere zerbait: Esbjörn Svensson eta Eskandinabiako soinu hori, edo Aaron Parks bera ere, nahiz eta amerikarra izan zuria dena… Zuria eta beltzaren arteko muga ez dago horren argi, baina, bai, ulertzen dut zer esan nahi duzun.

“Musika beltzaren swing-a asko gustatzen zait baina nire-nirea sentitzen dudan musika beste tradizio batetik dator, zerikusi handiagoa du Europa eta Ipar Amerikako minimalismoarekin”

Uste duzu zeure soinu pertsonal hori lortu duzula, halakorik egotekotan?
Ez dut hantustea izan nahi baina pozik nago emaitzarekin, batez ere, uste dudalako lortu dudala gauza pertsonal eta zintzo bat egitea. Uste dut baduela bere nortasuna eta ni naizena azaldu dudala. Gustatzen zaionari, oso ondo, eta gustatzen ez zaionari, bada, baita ere.

Zintzoa izateaz gain, irisgarria ere bada diskoa. Jazza ulertzeko zaila dela dio topikoak, baina nik uste sortu duzuna oso entzungarria dela. 
Ados nago, bai. Jazza oso gauza zabala da gaur egun baina egia da jazzarekiko dugun aurreiritzia horixe dela, ezta? Pixka bat…

“Ulertzen dutenen” musika dela?
Bai, hori da. Jazzaren munduan adierazpen oso ulergarri, entzungarri eta atseginak egon badaude, baina jazz hitza bebop-arekin, John Coltrane, Charlie Parker eta antzekoekin lotzen dugu edo free-jazza bezalako gauza “itsusiagoekin”, nolabait esateko. Nik egin dudana jazza da? Tira, badauka zerbait: inprobisazioa dago, instrumentala da… jazzaren zaku horretan sartu genezakeela uste dut.

Jazza da baina ez puristentzat egokia.
Hala da. Argi dago jazz jaialdi askotan ez luketela horrelakorik programatuko, baina nik hori ulertzen dut. Jazz jaialdi batzuek jazz tradizionala nahi dute eta jazz hori entzun nahi duen jendea badago. Nik ere bai! Jazz molde hori entzutera bazoaz jaialdi batera eta nirea bezalako zerbait programatzen badute, zilegi da beste zerbaiten bila joan zarelako kexu izatea. Hau jazza da, hau ez… oso eztabaida tipikoak dira, baina ni jazz klub batera banoa, zerbait konkreturen bila noa eta agian hori ez da nik egin dudana.

Diskora itzuli eta xehetze aldera, esan genezake erritmo aldetik badaudela pasarte lasaiak eta baita biziagoak ere, sosegurako tarteak eta epika pixka bat ere bai, zergatik ez esan. Oso orekatua geratu zaizu diskoa. Horren bila aritu zara?
Asko gustatu zait hori entzutea eta eskertzen dizut esan izana. Niretzat oso garrantzitsua da nolabaiteko dinamika lortzea. Dinamika bat non energia ezberdinak egon daitezkeen, baina beti oreka baten barruan. Esan didazunarekin nahiko ados nago, horretan saiatu naiz. Abestien ordena aukeratzea oso garrantzitsua izan da niretzat, adibidez. Anekdota gisa, lagun batek esan zidan Spotifyn jarri zuela nire musika aleatorioari emanda. Hori ez, mesedez! Ausaz aukeratzea ondo dago Beatlesen abesti onenen bilduma baterako, baina kasu honetan abestien arteko loturak daude eta diskoa behetik hasten da, pixkanaka hazten doa eta oso modu epikoan amaitzen da… Apropos egindako gauzak dira!

“Lagun batek esan zidan Spotifyn jarri zuela nire musika aleatorioari emanda. Hori ez, mesedez! Abestien ordena aukeratzea oso garrantzitsua izan da”

Pianoak marrazten du abestien hezurdura, baina beste instrumentuen presentzia ere nabarmena da. Grabaketan inprobisazio dezente egon dela esan duzu, baina abestiak entzuterakoan dena oso ondo pentsatua dagoela dirudi. 
Estrukturari dagokionez, dena oso itxita eraman nuen estudiora, argi neukan nolakoak izango ziren kantuak. Inprobisazioa abesti guztietan dago batean izan ezik, horretarako tarte bat dagoelako. Melodia idatzita dago, baina batean saxofoiak, bestean baxuak, gitarrak edo nik, badugu inprobisaziorako tartea. Hor dago jazzaren kutsu hori; nahiz eta abestien hezurdura itxia egon, inprobisatzeko aukera eskaini nien kideei, denok jazzaren mundutik gatozenez, hori ere gustuko dugu eta.

Diskoan parte hartu duzuen guztiok Komando Funk taldean aritzen zarete. Elkar ezagutza hori garrantzitsua izango da diozun formula horrek funtzionatzeko orduan, eta?
Bai, erabat. Lagunak gara, gainera, ez da soilik musika batera jotzen dugula. Bizitza soziala ere partekatzen dugu. Oso ondo ezagutzen dugu elkar eta oso gustura aritu gara estudioan. Batera erreakzionatzen dugu, badakigu zer pentsatzen ari den bakoitza… Tira, gutxi gorabehera, eh! Dena ez da lehenengoan ateratzen, baina konfiantza handia egon da gure artean prozesu osoan.

Ortodoxia eta purismo kontuen harira, aipatu beharrekoa da Forbidden Colours zigiluarekin kaleratu duzula diskoa, Reyjkjavik 606, Amorante, Moxal edo Aitor Etxebarria bezalako proiektuekin batera. Eroso zaude bertan? 
Egia esateko, bai. Hasieran zalantzak izan nituen, ez nigatik, haiengatik baino. Nik uste nuen nire musikak Forbidden Colours zigiluari ez ziola ezer emango. Aurrez ezagutzen ditut, eta, nire proiektua erakutsi nienean, haien erantzuna izan zen gustatzen zitzaiela, proiektu pertsonal bat zela ikusten zelako. Haiek bilatzen dutena pixka bat hori dela uste dut, proiektu artistiko zintzoak argitaratzea, nolabait esateko. Niri ere Forbidden Coloursen egoteak ortodoxia horretatik ateratzeko aukera eman didala uste dut. Jazz zigilu batean argitaratuta agian batzuk ez lukete sekula entzungo diskoa, eta alderantziz. Eroso nago, pertsonekin ere eroso nagoelako gainera, oso eskertuta nago. Zu eta biok hementxe agian horrexegatik gaude, gainera.

Badakit ez dela horretarako garairik egokiena baina zuzenekoez galdetzea ezinbestekoa da. Zein asmo duzue?
Ondo bidean, maiatzean egingo dugu diskoaren zuzeneko lehen aurkezpena. Oso gogotsu eta urduri nago, ez dakidalako jendeak nola jasoko duen. Guk asko prestatuko dugu eta zerbait polita egiten saiatuko gara. Nik asko zaindu dut guztia: soinua, grabazio prozesua, Steinway piano zahar eta garesti bat alokatu nuen, diskoaren azala trokelatuta dago… Zuzenekoa ere zaindu eta gauza polit bat egin nahi dut. Publikoari gustatzen bazaio, etorriko dira data berriak, espero dut. Ez dut gauza anekdotikoa izatea nahi. Nire lehenengo diskoa eta lehenengo zuzenekoak izango dira, baina hau ibilbide baten hasiera izatea nahiko nuke. Eta bitartean, jarraituko dut musika beltza egiten eta bestelako proiektuetan aritzen, nola ez.

ETIKETAK:Ander UnzagaForbidden ColoursTravellin' Brothers