2025.11.04
Katiuskak (katu bat da) agurtu nau (Berako Nafarroa) Atala estudiora iristean. Iñigo Irazokik (Bera, 1986) segituan jaitsiko dela esan eta halaxe egin du, etxetik estudiora, goiko pisutik beheko pisura. Atala etxea familiaren etxea da, bertan sortu eta hazi da Irazoki eta bertan du 2014tik-edo estudioa. Garajea zena aitarekin batera eraberritu eta grabaketa estudio ederra eraiki zuen, aurretik Sarako (Lapurdi) lokal batean bost bat urtez ibili ostean. “Willis Drummondekin hasi nintzen teknikari eta laster Belakorekin ere bai. Hagitz eskertuta nago, horrek estudioa eraikitzen hasteko aukera eman zidan”. Kontrol gelan eseri, grabagailua piztu eta gogoz aritu gara analogikoan grabatzeaz, nahasteaz, mikrofonoen garrantziaz, Steve Albiniz…
Normalean, edo hala pentsatzen nuen nik Irazokiri galdetu aurretik, estudioan dabiltzan teknikariak musika jotzetik sartu dira grabaketen munduan. Ez da Iñigoren kasua. “Ni Ikastolan nengoenean, DBHn, hasi nintzen orientazioko klaseetan soinu teknikari izan nahi nuela erraten. Ez nekien deus gaiaz baina gero hasi nintzen pixka bat baxua jotzen… Ttikitatik hagitz musikazalea izan naiz, kontzertu pila batera joaten nintzen, beti deitu dit atentzioa horrek. Oroitzen naiz 12-13 urte nituela La Pollaren disko batetaz, diska bukaeran maketa bateko abestiak zeuden, eta flipatzen nuen. Nola sonatzen ahal zuten diskoko abestiek modu batean eta bukaerako maketak hain gaizki, talde berdina izanda. Gero soinua ikastera joan nintzen Bartzelonara, baina egia da orain dudan lan egiteko moduarekin ez duela zerikusirik. Lanean hasi arte ez dakizu egitan
zer den».
Soinu teknikari bezala lanean hasten direnen kasu tipikoa da Irazokirena, baina azkar egin zuen estudiorako bidea: “Autonomo bezala hasi nitzen lanean Berako Kaskabel soinu enpresarentzat ekipoak montatzen, herriko besta guztiak… 4-5 urte egon nintzen eta gero gurasoen jatetxean lanean hasi nintzen eta hor erabaki nuen Berako taldeekin teknikari bezala joatea. Joseba Irazokirekin joaten hasi nintzen, Borrokanekin, eta behin Willis Drummondekin koinziditu genuen. Haien teknikariak ezin zuen batean deitu zidaten niri. Haiekin fijo joaten hasi nintzenean utzi nuen jatetxeko lana, eta bitartean estudioko lanak egiten hasi nintzen. Willisekin nengoen bitartean hasi nintzen Belakorekin ere. Zortea izan dut kontzertu aunitz ematen zituzten bi talde zirelako, eta hori luxua zen. Astean zehar niretzat denbora nuen eta estudioan obrak egiteko erabiltzen nuen. Saran egon nintzen bost urtez grabatzen, entsegu lokal batean, gela ttiki batean, eta gero gurasoen etxean egin nuen estudioa”.
ANALOGIKOAREN INDARRA
Irazokirekin elkartzeko ideia Urtzi Izarekin egon ondotik izan nuen. Iza mundu digitaletik dator, etxean grabatzetik eta Irazoki hortik etorrita ere, egun ez du digitalean grabatzeko aukerarik, nahasteko ere ez. “Ni ordenagailuan grabatzen hasi nintzen. Kasik urtebete eman nuen grabatu nuen lehenengo diskoa nahasteko (Sorotan Babies, 4 dimentsio, 2010), mila buelta eman nizkion, baina denborarekin gustatzen zitzaizkidan diskoak analogikoan grabatu eta nahasiak zeudela ohartzen joan nintzen. Mahaia lortzeko diru pixka bat lortu nuen, eta erosi eta astebetera Hispasonic-en (soinuari buruzko espainolezko webgune-foro-salerosketa gunea) ikusi nuen Jonan Ordorika zenak jarri zuela grabagailu hau salgai, Otari MTR 100A. Tratu handia nuen berarekin, bere estudioan egiten nituen disko gehienen masterrak, eta deitu eta esan zidan: ‘nahi baduzu eraman, probatu eta pagatuko didazu poliki gustatzen bazaizu’. Nik ez nekien deus analogikoan lan egiteaz, grabagailua martxan jarri eta oinarrizko kalibrazioa egiteko Interneten begiratu nuen nola egin. Paco Locorekin aldaketaren bat eginda hartu zuen Ordorikak grabagailua eta estudioan piztu nuen lehen egunean Pacori deitu nion. Barrenean ez nuen koberturarik, kanpora atera eta “dale a no se qué” esaten zidan, sartu, atera… eta bueno, lortu nuen azkenean kalibratu eta kanal guztiak martxan jartzea. Lehenengo proba nire taldearekin izan zen (Sorotan Babies, Eskema, 2017). Ez ginen batere birtuosoak eta ezta gehiegi entsaiatzekoak ere… pentsatzen nuen: gukegiten ahal badugu edozeinek egiten ahal du».

Otari MTR 100A grabagailu analogikoa, Iñigo Irazokik Alata estudioan erabiltzen duena. IBAI SOINAGA GOGORCENA
2025ean analogikoan grabatzea ez da printzipioz gauzarik logikoena. Laburbilduz, digitalak akatsak zuzentzeko aukera ematen dizu eta esan daiteke soinu eta efektuen abanikoa erraldoia dela, ia agorrezina. Halere, Irazokik bezala, badira oraindik ere estudio analogikoak dituztenak, eta ez da erromantizazio soila. “Niretzat analogikoak duena da garrantzia ematen diozula grabaketari, ze ordenagailuan agian ez diozu hainbesteko pisua ematen, zortzi mikro gitarra anpli batean jarrita grabatzen ahal duzu, eta gero erabaki, nahasketan denak entzun eta gustokoena edo konbinazioa aukeratu… hori guztia kentzen duzu zintan grabatzean. Nola nahi duzu sonatu? 24 pista dituzu grabadoran, beraz, hemen sartu behar dira disko osoko elementu guztiak, eta hasten zara filtroa askoz lehenago egiten. Eta nik uste hori dela, hasieran oinarriari ematen diozun garrantziak nahasketa askoz azkarragoa egiten duela. Gainera ez duzu edizio momenturik, horrela joa dago, hola behar duzu nahasi, ez dago denboran mugitutako kolpe bat zuzentzerik ezta nota desafinatu bat afinatzerik ere. Hori hasieran kosta zitzaidan. Ohitua nengoen ordenagailuz dena denboran ongi jartzera eta orain kolpeak gaizki. Uste dut orokorrean kanuta den bezala hartzen duzula, eta nahiz eta ejekuzio perfektu bat ez izan, kantak behar duena bilatzen duzu nahasketa orekatuz, edo zuzenekoan den bezala, talde batek soinua elkarrekin egitea nahi duzu, oreka zentzudun bat instrumentuen artean eta listo. Aunitz interesatzen zitzaidan ere proiektuak hasi eta bukatzea, ez izatea aukera berriz proiektu bera ireki eta nahasketan aldaketa ttikiak egiteko… horrek pila bat nekatzen ninduen, bukaera ez zenuelako ikusten, eta gainera, gehienetan aldaketa horiek ez ziren batere garrantzitsuak abestiarentzat. Merke grabatzeko modu bat ere eskaini nahi nuen, horregatik talde oso bat zuzenean aritzeko espazio eroso bat prestatu nuen. Horrek azkarrago grabatzeko aukera ematen du, baina lan handiagoa ematen dio musikariari ere, eta hasieran zaila izan zen talde batzuentzat. Oroitzen naiz Pelaxen Talkak egiten du didaktika diskoan (2017), Unai Pelayo nahiko akojonatua zegoela, ez zekien kapazak izanen ziren zuzenean grabatzeko, eta lehenagotik estudiora sesio bat nola joaten zen ikustera etorri nahi zuela aipatu zidan. Entseatzen duten guztiarekin eta jakinda nola jotzen duten ez zutela arazorik izanen erran nien, eta azkenean, azken diskoan ahotsa ere zuzenean grabatzen bukatu dute (Esan gabe doa, 2024), bateriarekin batera gela berean abestuz, diska osoa bi egunez grabatu zuten”.
Analogikoan grabatzearen alde on eta txarrei buruz galdetuta, argi du Irazokik: “Txarrena zintak duen zarata da, soplidoa edo bafada hori, dinamika handia baldin badago bereziki zati suabeenetan zintaren zarata entzuten da. Emaitza ‘zikinagoa’ izaten ahal da, baina onena da elementuek askoz errealago sonatzen dutela deus egin behar izan gabe. Lan egiteko modua eta limitazioa ere gustuko dut. Ordenagailua erabiltzen ahal duzu grabagailu bat balitz bezala, baina hain erraza izanda akats ttiki bat denboran zuzentzea, badaezpada mikro gehiagorekin grabatzea, gehiago kostatzen da grabaketa fidel bat egitea manipulatzea baino. Pantaila bat bistan ez izatea, eta lana bisuakla izatea aunitz gustatzen zait, aditzen egotea bakarrik. Hori iruditzen zait la ostia. Denbora guztian lan praktiko bat egiten ari naizela sentitzen dut. Proiektu bat hasi eta
bukatzen dela, izan ere, ordenagailuan beti mila aukera irekita uzteko joera nuen. Hau da argazki bat egitearen gisa: hau jo dugu, saiatu ahalik eta hoberen egiten eta ia. Ulertzen dut ez dela gaurko musika mota egiteko aukerarik logikoena edo erosoena, baina nik faltan botatzen dut aunitzetan gaur egungo disko bati play eman eta atzean pertsona bat jotzen ari dela errekonozitzea. Bateria super editatua eta sanpleatua, ahots guztiak afinatuak, ia ez dakit, hori ordenagailu batek berak bakarrik egitetik hagitz hurbil dago. Zentzu horretan, niretzat inportantea da errekonozitzea pertsonak daudela hor atzean, nahiz eta akats ttikiak egon”.
“Niretzat inportantea da errekonozitzea pertsonak daudela hor atzean, nahiz eta akats ttikiak egon”
Beharbada musika-tresnen, efektu-pedalen eta anplien aukeraketari denbora gehiago eskaini behar izatea dakar ingurune analogiko horrek, Irazokik aipatzen duen limitazioak. “Niretzat hori izan zen aldaketa handiena. Grabaketa hasteko momentuan dena prest izan behar duzu. Hori da gehien kostatzen zaiena taldeei, azken emaitzan zein soinu nahi duten erabakitzea diskoa grabatzen hasteko momentuan. Niretzat zentzu guztia du hasieratik pentsatzeak zein soinu nahi duzun. Taldeek askotan ez dakite nolako soinua nahi duten ere, eta orduan erraten diet goazen musika entzutera, zer gustatzen zaizue, zertara hurbiltzen zarete edo hurbildu nahi duzue?… Erreferentziak pasatzen badizkidate ahalik eta gertuen sonatzeko ahalegina egiten dut. Egia da analogikoak eskatu didala backline pixka bat izatea estudioan, anpli batzuk, bateriak… halere, nahiago dut bakoitzak bere materialarekin jotzea, baina batzuetan ikusten duzu diskoan nahi duen soinua eta lokaletik dakarrena ez dela bat, orduan planteatzen ditut aldatzeko aukerak. Ez dut nik erabakitzen, baina proposamenak egiten ditut”.
Laburbilduz, eta audioan ez baina irudian eskarmentu gehiago duenarentzat: “Analogikoan lan egitea argazkilaritzarekin konparatuko nuke: Photoshopean ibiltzea zuzenketa txikiak egiten denbora luzez edo argazkiak ahalik eta hoberen ateratzen saiatzea gero manipulatu gabe”.
ESTILOA
Berako Atala estudioan azken urte hauetan grabatutako diskoak entzun ditut maiz. Orokorrean, maite ditudan taldeak dira (edo gutxienez erakartzen nautenak) eta beti sentitzen dut estudioko grabaketa gelan nagoela. Bertako diskoak dira, gela entzuten dut etengabe. “Denborarekin errealismoa gehiago bilatzen joan naiz, naturaltasuna bilatzen grabaketetan. Eskolan ikasi nuena dena editatzea zen, autotunea… hasi nintzen inertzia horrekin, baina gero eta gehiago erakartzen nau errealismoak. Ikusten duzu geroz eta gutxiago manipulatu, geroz eta errealagoa dela emaitza, baina egia da askoz exijenteagoa dela bai niretzat baita musikariarentzat ere. Mikrofonia nahiko klabea dela uste dut, eta kriston ezberdintasuna dagoela horretan». Errealismo horren bilaketan, baina, akatsak egon badaude eta bi modutan aurre egin dakioke horri: «Ni honetan hasi nintzenean digitalaren gailur gorena zen, eta egiten duzunean lehenengo aldiz zure disko bat perfektu joa, tempoan bete-betean, pentsatzen duzu hau da laostia. Egia da elementu guztiak denboran ongi jarrita ia garbi eta definitua sonatzen duela kantak. Baina gero gertatzen ahal da, kontzertuetan ez duzue elkarrekin jotzen, eta abestiak ez du zentzu bera, ez da batere errealista. Ulertzen dut eta errespetatzen dut,
baina ikusten dut hainbeste disko perfektu aditzearen ondorioz ia ez dizula atentzioa deitzen horrek, eta nekagarri ere bihurtzen ahal dela”.
Gustuak gustu, Irazokik aldaketa izan du azken urteetan. “Lehen dena pila bat konprimitzen nuen, nire diskoek oso altu sonatzea nahi nuen, baina orain ez zait hori inporta, adibidez. Diskoak super konprimituak badaude agian baduzu lehen inpaktu hori: joder nola sonatzen duen! Baina gero ezin baduzu diskoa osorik gustura aditu nekagarria delako, kriston akatsa da. Nik gustura entzuten ditudan diskoak, gehienak zaharrak dira ia, ez daudenak super konprimituak, ez dituzte milioi bat pista, super sinpleak dira. Hori da dena, abestiak ez du bertzerik behar. Ordenagailuak dituen mila aukera horiekin munstro bat egiten bukatzea erraza da. Igual lehenengo inpresioa oso ona da, baina iraun, ez dakit gero denboran irauten duen».
“Ordenagailuak dituen mila aukera horiekin munstro bat egiten bukatzea erraza da. Igual lehenengo inpresioa oso ona da, baina iraun, ez dakit gero denboran irauten duen»
Sala grabatzearen kontua ez da kasualitatez heldu den ideia bat, eta nik galdetu aurretik ireki dit ireki nahi nuen atea: «Gela grabatzeak mundu bat ireki dit. Steve Albinirekin ikusi nuen gelako mikroak nola erabiltzen zituen eta bere soinuan duten garrantzia. Hurbiletik gitarra anpli bat mikrofonatzen zuen, zintako mikroak ilun sonatzen zuen, eta ekualizatuta zuzendu beharrean, gelako mikroa irekitzen zuen bertze aldera paneatuta (audio stereoan kokatu, ezkerrera edo eskuinera mugitu) eta bat-batean gitarrari bere espazioa ematen zion. Lehenbiziko pista “zuzendu” baino lehen bere lekua bilatzen zuen. Ikusten duzu badagoela zerbait erreala hor eta horrekin flipatu nuen, listo, hori da. Orain horretan nago, duela urte bat ez nuen horrela pentsatzen, beti probatzen nabil”.
Audio-ingeniarien artean izen handietako bat da Albini (1962-2024). Shellac musika taldeko kide izandakoa, Electrical Audio estudioan bere eskuetatik pasatu diren diskoen zerrenda izugarria da: Nirvana, Pixies, Pj Harvey… Irazokirentzat, erreferente inportanteenetako bat izan da Albini, dudarik ez. “Duela urtebete egin nuen Albinirekin astebeteko master class bat, hil baino egun gutti lehenago. Niretzat izugarria izan zen.
Bizi guztia bere diskoak aditzen eta pentsatzen nola eginen zuen hau, eta tipoak ze lasai azaltzen zuen dena misterio guztia kenduz…”. Master class horietan, normalean, kantuak grabatzen dira eta mikrofoniaz, grabaketa-teknikez, nahasketaz hitz egiten da, azken finean grabaketa-prozesuaz. “Musikari batzuk zeuden eta kantu batzuk grabatu behar zituzten. Behin hasierako muntaketa azalduta lehendabiziko toma elkarrekin jotzen hasi ziren. Kuriositate handia nuen nola sonatuko zuen aditzeko, eta hor hasi zen. Kriston bolumenean aditzen zen, soinu hagitz zikina zen, grabe pila bat… eta 15 segundotan bere disko on bat bezala sonatzen ari zen, gauza gutti batzuk mugituta. Kontrol izugarria zuen. Fader (pista baten bolumena igotzeko kontrola) batzuk linkatzen zituen, bateria gelakoak, platerak… eta bonboan egiten zuen grabeen erresonantzia EQ (equalizazioa, frekuentzien arteko oreka) batekin -pasioz azaldu dit bere mahaian-: bost Fader hauek aldi berean igo eta jaitsita bateriaren sonoritatea aunitz aldatzen zuen mugimendu ttiki bat eginda. Ahotsak ere hurbileko eta gelako mikro banarekin grabatzen zituen, eta gelakoa oihu egitean bakarrik irekitzen zen Gate (soinuaren pasabidea irekitzen edo ixten duen prozesadorea, zarata edo nahi ez ditugun soinuak kentzeko erabiltzen dena) batekin, eta horrela grabatzen zuen, ez zuen nahasketarako uzten prozesu hori ere. Kontua zen: egin gauzak grabaketan gero nahasketan ahalik eta guttien egiteko”. Ideia hori hartu eta azken diskoetan horrela lan egiten saiatu da Irazoki: “Beti nire taldeen diskoak dira esperimentuak. Berriki grabatu dugun honetan (Noiz, Nola mozorrotua zara?, 2025) erran nuen, bale, egitan saiatuko naiz nahasketan deus ez egiten. Ibai Gogortzak lagundu zidan grabaketako sesioa prestatzen eta Txap-i (Karlos Osinaga) erran nion: inporta zaizu grabaketa hasten dugun egunean etortzea eta kontrol-gelan egotea? Zerbait gaizki ikusten baduzu momentuan aldatzeko… Azken nahasketa eguna balitz bezala planteatu nahi nuen grabaketako lehendabizikoa. Denbora pixka bat gehiago hartzen du hasteko, baina behintzat gure zinta hartu eta hamar minututan baduzu kantu bat ia-ia nahasia, eta hori niretzat kristona da, emaitza askoz naturalagoa dela sentitzen dut”.
Diskoak estudioan bukatzearen ideia nahiko zabaldua dago, eta tipikoa izaten da askotan. Irazokiri “bizio” bat iruditzen zaio, eta horrela entzun zion Albiniri ere: “Tipoak esaten zuen: ‘disko bat grabatzeko prest zaudenean grabatzen da disko bat’. Uste dut gaur egun badela bizio bat kontrakoa egiteko: bukatuko ditugu abestiak estudioan, edo ikusiko dugu han… eta ez dakit, hori lokalean egiten ahal zenuten. Maiz tentsio momentuak ere sortzen dira ez badira ideia aproposak agertzen, eta estudioko denbora mugatua bada, presaka bukatu behar izatea gertatzen da askotan”.
Albinirekiko errespetuz eta maitasunez mintzo dela nabari zaio Irazokiri: “Tipoa makina bat zen, ez dut inor ezagutu hain belarri finarekin. Nahasketak diskoaren prozesuaren zati ttiki bat ziren beretzat, bolumenak igo eta listo. Ez zion aukera minimoa ematen ongi ez zegoen zerbait grabatzeari, eta ez bazegoen perfektu ez zion balio, eta hor hasten zen kaja aldatzen, mikroa aldatzen edo bonboa afinatzen. Hor ikusten duzu tipoak sekulako teknikak zituela”.
Grabatzeko momentua heldu aurretik egitekoak asko dira eta teknikari (edo ingeniari?, hemendik aurrera ingeniari) bakoitzak metodo bat du. “Grabatu aurretik erreferentziak izaten saiatzen naiz, zer bilatzen duten eta zertara hurbildu jakiteko. Nola grabatu nahi duten solasten dut taldearekin: elkarrekin, zuzenean, banaka, anpliak parean, klaketarekin bai, ez, ahotsak zuzenean… gauza nahiko oinarrizkoak sesioa planteatzeko. Gero zerrenda bat egiten dugu tresna gehien dituen abestiarekin, horren arabera bateria zenbat pistatan egiten ahal den jakiteko, gitarrak bi pista edo bakarrean grabatu eta horrelakoak aukeratzeko… nahiko sinplea da. Aurrekontuaz beti galdetzen didate, eta ulertzen dut jendeak zifra konkretu bat jakin nahi duela, baina azkar egiten baduzu merkeago izanen da. Normalean, azken aldian, sei ordutan nahasten dut kantu bakoitza baina grabaketa guztiz taldearen araberakoa izaten da, jotzen hasten direnetik beraien tomekin gustura dauden arte…».
Sesioa behin planteatuta, erabakiak hartzen hasten da Irazoki, zein material eta nola erabiliko duen erabakitzea da egiteko nagusia, eta behin edo beste ez da lan sinplea. “Batzuetan ekartzen duten materiala eta dituzten erreferentziak ez datoz bat, eta psikologo lana egin behar duzu materiala aldatzeko, buruan duten emaitza etxean entzun ahal izateko, baina egia da ohituta bazaude zure materialarekin jotzera zaila dela batzuetan beste gauza batzuk probatzea eta horrekin eroso aritzea». Halere, materialaz harago bada beste gauza garrantzitsu bat, askotan oharkabean pasatzen dena: ahotsa. “Belakorekin ikusi dut, elementu hagitz desberdinak dituen disko batean ahotsak ematen diola pertsonalitate handiena diskoari eta abestiak ezberdinak baldin badira material ezberdinarekin grabatzea naturala da, ongi gelditzen da. Gero agian abestien ordena pentsatu behar duzu zentzua izateko, baina azkenean pertsona bera da jotzen, nahiz eta tresna bera ez izan. Uste duguna baino disko gehiagotan pasatzen dela
pentsatzen dut. Azken finean, kasu hauetan ahotsa izaten da inportanteena, bukaeran horrek ematen dio borobiltasuna disko bati eta baita somatzen da pertsona berak konposatzen duela. Nik beldurra kendu diot horri, kantuaren introrako bateria aldatu behar bada aldatzen da, eta ez da deus pasatzen”.
“Dsko bat aunitz gustatu bazait ahal dudan informazio guztia ezagutzen saiatzen naiz, ze anpli, pantailak, altabozak, mikroak… dena”
Materiala erromantizatzeak ez du askorako balio, baina ez da egiten dugun hautu bat, natural suertatzen da harreman berezia duzunean ezdakit-
zer mikrorekin ez-dakit-zerengatik. Mikro asko ikusi ditut Atalan sartu naizenean, batzuk identifikatu ditut eta beste askoren izenak gero ikasi ditut. “Niretzat inportanteena geroz eta gehiago lekua da, espazioak nolako soinua duen, baina gero oinarrizkoena mikroak dira. Oinarria eskalan: abestia, musikariak, musika-tresnak eta gero estudioko materiala. Nire katean mikroa dago lehendabizi. Mikro desberdinak izatea inportantea da, baina garesti mortalak dira hauetako aunitz. Materiala ezagututa, ordea, ez dute zertan garestiak izan behar. Aunitz begiratu dut jendeak zer erabili duen, nik bizi guztia hola pasa dut. Disko bat aunitz gustatu bazait ahal dudan informazio guztia ezagutzen saiatzen naiz, ze anpli, pantailak, altabozak, mikroak… dena. Halere, estudioko tresnetan, eta asko ez dira ados egonen, prebioen kontua da engainurik handiena niretzat. Aldaketa ttikiak somatzen ditut orokorrean 2000 euroko prebio batetik 400 euroko batera, nire irudiz. Gehiago nabari dut mikroa zentimetro bat mugitzea prebioz aldatzea baino. Mikroa aldatzeak adibidez soinua pila bat aldatzen dizu eta prebioak ez hainbeste. Urrundik mikrofonatzean asko nabari da mikroa, iluna bada orduan bihurtzen da super iluna, eta alderantziz. Ahotsekin batzuetan desesperatzen naiz, pentsatzen nuen mikro garesti klasiko bat izan arte hori zela arazoa, baina ohartu naiz ez dagoela ahots guztiekin ongi doan mikro bat eta beti ibili beharra naizela probak egiten. Jonanen [Ordorika] Flea 47 bat erosi nuen bera hil eta gero, eta uste nuen ahotsentzako mikro definitiboa izanen zela, eta bai zera! Ez-dakit-nor etortzen zaizu eta bere ahotsarekin ez du batere ongi sonatzen. Ez dut mikrofonorik denarentzat balio duenik, uste dut hori mito bat dela, jendeak erromantizatzen duen zerbait edo. Laburbilduz: izan zintazko mikro on batzuk, dinamiko on batzuk, kondensadorezko on batzuk eta inoiz ez dakizu zeinek funtzionatuko dizun hoberen, bereziki ahotsekin”.
Disko eder asko grabatu dira Atala estudioan, baina badira bi bereziak direnak, bitxiak, arraroak (egun janzten ditugun betaurreko musikaletatik begiratuta, behintzat): Pelaxen AB (2019) eta DE (2019). Gaur egun, normalena da 3-4 minutuko hamar kantuko disko bat ateratzea, guztira 30 minutu ingurukoa. Biniloen garaian (2025a ere bada biniloen garaia?), gainera, diskoa bitan zatitu beharrak eragiten zuen B aldeak egotea, gauza diferenteak sartzeko, bestelakoak. Pelaxen kasuan, bitan banatua da disko bakoitza, baina alde bakoitzak kantu bakarra du, 20 minutu ingurukoa, alegia. Aipatutako disko hauek grabatzeko prozesuaz mintzatzeko eskatu diodanean, oso argi izan du Irazokik: «Pila bat entseatuta etorri ziren, gutxitan ikusten duzu jendea hain ongi prestatua eta batera jotzen». Ez dira ohiko disko batzuk, eta kantu hain luzeak elkarrekin grabatzea ez da gauza makala. “Kantu bakoitza bi zatitan grabatu genuen, 10 minutu inguruko tomak. Aprobetxatzen genuen bateriarik ez zegoen momenturen bat pintxatzeko eta bigarren toma grabatzeko. Klaketarekin grabatu genuen, Telmoren (Telmo Trenor) gauza elektronikoak-eta zeudelako. Astebetean egin genuen gutxi gorabehera”.
AB grabatu zuten lehenik, eta hilabete batzutara DE. «Lehenengoa grabatu genuen, argazkiak atera genizkien mikro guztiei, anpliei, neurtu genituen mikroen distantzia guztiak… hilabetetara bueltatu, dena berdin jarri eta ez zuen soinu berdina ni pa la ostia. Material berdinarekin ginen, teorian dena berdin egin genuen eta ez zegoen ongi. Hor adibidez pentsatu nuen hau ikusita ez dagoela deus beti funtzionatuko duenik, kaja bera, pertsona bera, leku bera… baina hilabete batzuk beranduago… ez da gauza bera. Irakurri nion ACDCren Back In Black grabatu zuen tipoari disko hori egin eta gero aunitzek deitzen ziotela berdin sonatu nahi zutelako eta tipoak erraten zuen ez zutela lortuko, ezta talde bera material berarekin estudio berean elkartuta ere”.
Grabaketa teknikez eta erabilitako mikrofoniaz galdetuta -argazkiez lagundurik-, gogora ekarri ditu Irazokik: «Bateriarentzat Glyn Johns teknika aereoentzako eta zintako stereo bat parean, AEA R88 bat bateria eta gela hartzeko pixka bat. Beti mikrofonatzen dut dena, tinbalak, bonboa eta kaja. Unairen (Unai Pelayo) gitarrarekin probatu genituen gauza desberdinak sobera agudo sonatzen zuelako eta hor ibili ginen pantaila konbinazio desberdinak probatzen, baina Andonik (Andoni Olaetxea) bere soinuarekin grabatu zuen, seguru aski George konboarekin. Ez genituen toma asko egin, ez zen grabatzeko disko zaila izan teknikoki. Ematen duena baino sinpleagoa da, eta nahasteko zatika egin nuen, faderrak motorizatuta edukita erraza da zati desberdinetan instrumentuen arteko oreka aldatzen joatea. Oroitzen naiz baita ere gitarren bolumena arazoa izan zela bateriaren bordoneran bibrazioa sortzen zuelako, eta horrek markatu zuen anplifikadoreen bolumena. Ahotsak aparte grabatu genituen”.
Aipatutako Glyn Johnsa Beyerdynamic m160 zintazko mikroekin egin zen, eta horrez gain, bateriarentzat, “kajan RCA BK5 eta bonboan seguraski Beyer m380 bat” erabili ziren. “Gela berean elkarrekin grabatzean, gelako mikroek (room delakoak) dena hartzen zuten pixka bat, eta oso ongi. Garaian gehiago beldurtzen nintzen anpliak eta bateria gela berean egotean, orain gehiagotan eginen nuke. Egia da ez zutela bereziki bolumen handia, eta anpli txikiak ziren”. Anpli horiek mikrofonatzeko, “normalean zintako bat eta kondensadoreko bat” erabiltzen ditu Irazokik, baina honetarako “Royer r122V mikroa erabili nuen Unairentzat, kondensadorekorik ez, jada agudo aunitz bazuelako anpliak». Baxuarentzat, ordea, “linea garbia, ZOD IDDI kutxarekin eta anplia distortsionatua, Tronographic Rusty-box pedala baxuaren Marshall JCM800 kabezalarekin, 4×12 pantaila batean Shure KSM 137 mikroa erabilita, seguraski”.
Hasieratik harrapatu ninduen disko bat da Vulken Vulk ez da (2022). Bizkaitarren hirugarren diskoa da, eta euskaraz osorik kantatutako lehena. Egia da izenez ezagutzen nuen arren, disko honekin ezagutu nuela benetan taldea, eta sentsazioa dut askori antzeko gertatu zitzaiela. 10 kantuz osatuta (honakoan “ohiko” luzerakoak), Atalan grabatu zuten pandemia aurretik eta gero, bi zatitan. “2022ko diskoa da, baina 2020-2021ean grabatu genuen. Tomak astean zehar bost egunez grabatzen bukatu, eta ostiral horretan Katakun Lukiekek jotzen zuenez, ez dakit nola adostu zuten elkarrekin aritzea. Konfinamendua baino lehenagoko azken kontzertutako bat izan zen. Disko berriko kanta batzuk jo zituzten”.
Askotan estudio bat hautatzeko erabakia beste disko batzuk entzunda egiten da edo norbaitek gomendatuta. Gure herrian, gainera, zeharka bada ere, denok ezagutzen dugu elkar. “Aspaldi ezagutu nuen taldea, hasiberritan. Belakorekin soinua egiten nengoela Murtzia eta Alacanten elkarrekin jo zuten, eta justu Andoni (Andoni de la Cruz, abeslaria) euskara ikasten ari zela oroitzen dut. Harritu ninduen haien zuzenekoak, erran nuen ostia ze talde potentea. Vulkekin fase desberdinak izan ditut. Zuzenean ikusi eta hara! Sekulako sorpresa ona, baina gero diskoa aditu eta beste zerbait iruditzen zitzaidan, ostia ze poperoa diskoa, ez zen nik buruan nuen zuzeneko taldea eta hurrengo diskoarekin berdin. Bigarren diskoa aterata berriz ikusi nituen zuzenean eta gauza bera, iruditu zitzaidan diskotan ez zegoela zuzenekoetan zuten indar hori, super garbiak egiten zitzaizkidan. Gero, kasualitatez, azken hau grabatzeko deitu zidaten. Uste dut dexente gustatu zitzaiela Kaskezurren Azpisugeak diskoa (2017) eta hortik iritsi zirela. Alberto (Alberto Eguíluz, baxu-jolea) ere egona zen Belakoren kanta bat grabatzen hemen. Tratua nahiko minimoa zen gure artean eta gero egia erran hagitz ongi moldatu ginen. Uste dut eurek gustura egon zirela eta elkar ulertzeko erraza izan zela diskoa”.
Mikrofonia eta erabilitako materiala buruan du Irazokik. Zuzeneko bideo batzuk grabatu zituzten eta hor ibili gara aztertzen, Youtubeko bideoak lagun. “Oroitzen naiz Jangitzek (Jangitz Larrañaga, bateria-jolea) nire bateriarekin grabatu zuela, 1966ko Sligerland-a, Supraphonic kajarekin. Pentsatzen dut bere platerekin aritu zela eta txastona igual Borrokaneko Mikelena (Mikel Lertxundi), iluna eta bolumen gutxikoa, ez naiz ongi oroitzen. Mikroak izanen ziren Coles 4038ak Jangitzen atzean platerentzat, bonboan Beyerdynamic m380a, kajan Beyerdynamic 201, lehenengo tinbalean Shure Sm7b-a eta basean Akg d112a. Bateriaren aurrean AEA r88 stereoa eta gelako mikroak kondensadoreko Gefell mv692 omnidirekzionalak”. Bestetik, baxuaren kasuan, gogoan du Alberto baxu anplia izorratuta iritsi zela Atalara, eta gitarrentzat zuten Sovtek markako anpli bat erabili zutela, Shure ksm 137a mikroarekin. Gitarrei dagokienez, Sound city 50 batekin eta Borrokan taldeko gitarra-jolearen anpli batekin grabatu zituzten Julen Alberdirenak. “Nik batzuetan, denbora denean, taldei idazten diet: behar duzuen materialen bat buruan baduzue erran. Beran musikari pila dago eta badago materiala bueltaka. Oroitzen naiz Julenek eskatu zidala Vox Ac30 bat eta Borrokaneko gitarra joleak (Iñaki Irazoki) bazuen bat eta hori erabili genuen, reverbak eta efektuak sartzen zituen Voxetik eta distortsioak beretik”. Andoniren gitarrak, azkenik, Fender Bassman batekin grabatu genituen, eta gitarra extrekin bai ibili ginela anpli diferenteak probatzen, abesti eta moldaketaren arabera aukeratuz. Mikrofonia anpli batean RCA 44a eta kondensadoreko bat eta bestean RCA BK5 eta Beesnez LULU FET KM84 bat, betiko zinta-kondensadore konbinazioarekin”.
Vulk ez da pieza, Iñigo Irazokik zuzenean jasoa.
Egia da, halere, musikaz ari garen honetan, Irazokik esandakoa: “Ahotsa da inportanteena». Vulken disko honetan ahotsak indar berezia du, eta ez bakarrik hizkuntza hautuarengatik, baina egia da horrek harritu ninduela lehen aldiz, euskara hautatu izanak. “Andoni ezagutu nuenean ez zen kapaza euskaraz aritzeko, eta hona etorri zenean Jangitz eta bera beti euskaraz ari ziren beraien artean. Pentsatu nuen: honek kriston indarra egin du ohitura aldatzeko, bere taldeko inork egin ez duena. Pentsatzen dut, baina nire ikuspuntua da, euskaraz kantatzea hagitz inportantea zela Andonirentzat. Jangitzek hitzekin laguntzen zion, hortaz elkarrekin solasten egoten zirela oroitzen dut”.
Hizkuntzaz aparte, bada tratamendu berezi bat Andoniren ahotsean, eta horren atzean bi izen inportante daude: Ibai Gogortza eta Hans Krüger. “Ahotsetan aldaketa handiena Ibai Gogortzarekin izan zuten. Ahotsen ekoizpenean laguntzen ibili zen, detaile batzuk proposatzen… pixka bat orientatzeko edo gidatzeko laguntza. Erranen nuke konfinamendu garaian grabatu genituela gainera”. Nahasketa prozesua hasita, bigarren abestia nahasten ari zirela, “arazo” bat gertatu zen ahotsen kontuarekin. “Andonik ahotsa hagitz konprimitua nahi zuen eta efektu gehiago eskatzen zidan, chorus gehiago edo reverb gehiago… eta batean bota zuen: joe, Hansek super harrapatua du nire ahotsa, zer iruditzen zaizu berak ahotsak prozesatzen baditu eta gero zuri pasa prozesatuak… ezetz erran nien, zintatik nahasten ari ginela eta ez genuela proiektu guztia digitalizatuko horretarako, baina bera etortzea nahi bazuten ez nuela inongo arazorik. Orduan bigarren kantuaren pista instrumentala alde batetik eta ahotsaren pista aparte pasa nizkion berak nola grabatua zegoen ikusteko eta bere estudioan probak egiteko. Etorri zenean flipatua gelditu nintzen. Andonik erraten zion: “qué efecto me metiste en el tema no se cual? eta berak mugikorrean pantaila-irudi bat ateratzen zuen ahotsaren efektuen katearekin: reverb hau, ez dakit zein konpresore,… Abesti guztien prozesamendu kateak gordeak zituen. Pixka bat psikologo lana egin zuen hor, ez baitzuen horrenbeste prozesatzen, baina ahotsari efektua jarri eta kendu ibili zen Andoni gustura egon arte… eta hor lortu genuen denentzat oreka aproposa”.
Pentsa genezake zaila dela horrelako ingurune batean beste ingeniari batekin lan egitea, baina Irazokirentzat esperientzia oso ona izan zen. “Gustura egon nintzen. LA2A konpresore bat eta Pultec Eq bat ekarri zituen berak, hemen konektatu eta horrekin egin genuen. Aunitz gustatu zitzaidan lan egiteko modua: ni instrumentala nahasten ari nintzen bitartean berak ahotsa prozesatzen zuen. Noski, pila bat aurreratzen duzu
horrela. Disko honetan bakarrik gertatu zaidan gauza berezi bat izan zen hori, gustatu zitzaidan. Honetaz aparte dena normal joan zen. Talde bat duzu ederki jotzen, abestiak onak eta ongi eginak, kriston indarra, Andoni hagitz ongi kantatzen… ez zen konplikatua izan».