Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2018.02.21

Gorka Erostarbe

“Gustura joango naiz zahar etxeetara ere”

Elkarrizketa: Andoni Tolosa 'Morau'

Lehenik amarekin goizero egindako pasierak izan ziren. Pasiera horietan hainbat zeruertzi (ez bakarrik) ateratako argazkiak, ondoren. Kantuen zirriborroak landu zituen gero, eta Egunsentiak alperrentzat diskoa plazaratu du oraintsu Andoni Tolosa Morau-k (Hernani, Gipuzkoa, 1963). Arrainentzako himnoak (2014) aurreko lanarekin bezala, 500 aleko edizio mugatua kaleratu du; eskuz-esku, auzolanean, eman zioten azken ukitua diskoaren estalkiari. Arrainentzako himnoak Beñardo Goietxerekin batera ondu zuen, bikote formatuan. Honakoa bakarka osatu du, baina Goietxek berak ahotsak sartu ditu kanturik gehienetan. Bihar Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean (19:30) aurkeztuko du diskoa berak bakarrik, eta etzi, ostiralarekin, bere jaioterrian, Hernaniko Milagrosan (22:00).

Morau

Andoni Tolosa ‘Morau’ kantaria. (Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

Duela hamabi urte hasi zen Morau amarekin goizero paseatzen, egunak argitu orduko. Bi urte geroago Alzheimerra diagnostikatu zioten amari. Egunero paseatzen jarraitu zuten. Ama hil arte beste hamar urte igaro ziren.

Egunsentiak alperrentzat disko bihurtu da, baina hastapenean argazki proiektu bat zen. Noiz hasi zinen kantuak egiten?
Argazkiak lekukotasun bat jasotzeko modu bat ziren. Argazkiekin batera baneuzkan ideia batzuk, zirriborro moduko batzuk, esaldi solteak… Horrek guztiak une batean gorputza hartu zuen, bazirudien loturarik gabe zihoala dena, baina ez… Argazkiak ateratzen hasi nintzenerako lasaitua nintzen pixka bat. Diagnosiaren lehen beldur hori gainditu eta nolabait gaixotasunari neurria hartuta, ideia horiek koaderno batean gordetzen joan nintzen.

Zergatik erabaki zenuen argazkiak ateratzea?

Hasieran dena jolas bat zen, zirikatzeko asmo bat. Urte batzuetara denak hartu zuen zentzua, ordea. Goizean goiz ateratzen nintzen amarekin pasierak egitera. Ia egunero sekulako egunsentiak izaten ditugu. Eta hala hasi nintzen egunero argazki bat ateratzen, eta izenburua etorri zitzaidan jolas modura: “Nik egunero jaiki behar dudanez goizean goiz, zuek segi goxo lo, ze nik utziko dizuet goizeko testigantza…”.

Zergatik erretratatzen zenuen gehienetan zerua?
Gure eguneroko agertokia zelako. Nolabait zen gu bion espazioa. Orain edozeinekin ateratzen naizela paseatzera, zerura begira noa. Beti gorantz begira. Amaren zaintza prozesu honetan begirada aldatu zitzaidan une batean. Lehen ez nuen arreta jartzen horrelako gauzetan, ea txoriak errepide erdira azaltzen ziren, ea norbaitek papera bota zuen paper-ontzitik kanpora, ea goroldioa zegoen bankuan… Amarekin ikasi nuen hori guztia. Argazkiak izan dira modu bat errutinari etekina ateratzeko. Behin errutinan sartu ginenean, disfrutatzen hasi nintzen amaren konpainiarekin.

Paseo horietan kantatzen al zenuten?
Ez, ez genuen kantatzen. Baina amak beti kantatu izan zuen. Txikitan bi adar izan ditugu etxean musikalki. Alde batetik, bertsoak. Beti entzuten ziren bertsoak etxeko irratian. Eta bestetik, ama kantari. Umeak ginenean amak asko kantatzen zigun. Haurrentzako kantuak ziren asko. Gaixo zenean noizbait egin genuen proba ea gogoratzen zen kantu horietaz. Kantuari laguntzeko eskuen mugimenduekin gogoratzen zen, eta hasten zen kantatzen… baina gero berriro trabatzen zen.

Amak bazuen argazkien zein kantuen berri?
Argazkien berri bazuen, kantuena ez. Argazkiena izan baitzen bien arteko konplizitate modu bat ere. Batzuetan pistak ematen zizkidan zeri atera argazkia. Esaten zidan “beira, beira, beira…” eta eguzki gorri bat zetorrela esaten zidan. Nik beti esaten nion: “Ama, aspertu egingo zara, argazkiak ateratzen hasten banaiz…”. Eta, ezetz, esaten zidan lasai geratzeko argazkiak ateratzera ere. Ez zitzaion inporta mantsoago joatea edo itxaron behar izatea.

Ez dira zaintzaren inguruko disko asko egongo munduan, gutxiago pertsona helduen zaintzaren ingurukoak…
Ez dut ezagutu halakorik, disko osoa helduen zaintzari eskainitakorik…

Aletzen dituzu gaixotasunaren hainbat osagarri, ikuspegi, elementu, modu intimo eta samurrean… Zeurezko joera duzu, baina honetan, akaso, inoizko intimo eta samurren.
Bai. Amarekin harremana oso intimo bihurtu zen azkenean. Ordu asko eman nituen amarekin. Ez amarekin bakarrik, aita ere gaixo baikenuen. Alzheimerra duenak galdu egiten du lotsa ere, eta bi lagunen arteko paseoak bihurtu ziren. Barre asko egiten genuen bere ateraldiekin. Detaile asko jaso nituen, asko eta asko. Bildu nuen material pilo bat, zirriborro moduan asko, eta horri forma bat ematea eskatzen zidan.

Karga handiko material hori esku artean izanda, asko pentsatu behar izan zenuen noizbait plaza publikora aterako zenuela erabakitzeko?
Bai, erreparoa izan nuen, eta oraindik ez ditut gainditu zalantza horiek. Orain elkarrizketak egiterakoan badakit hitz egin beharko dudala zaintzaz eta Alzheimerraz ia-ia musikaz bezainbeste edo gehiago. Eta hor badut zalantza. Ez baita soilik intimoa neurekiko, ari naiz kontatzen beste pertsona batzuen kontu intimoak eta horrek oraindik eta erreparo handiagoa ematen dit. Ez nago ohituta. Hautatu nuen bidea izan zen gauza oso txikietan edo zehatzetan zentratzea. Oso egunerokotasunean kokatu ditut istorioak.

Draman erortzeko arriskua sentitu duzu?
Bai, kontziente nintzen arrisku horretaz. Une horretan ez banitu jaso ideia horiek, eta orain idatzi beharko banitu, igual beste modu batera idatzi beharko nituzke. Eta idatzi izan banitu justu prozesuaren hasieran, zaudenean beldurrak jota, beste modu bateko kantuak izango lirateke. Kantuetan ere uste dut hitzen tonua aldatzen doala. Argitzen doaz letrak, nahiz eta egoera justu okerragorantz doan.

“Bakoitzaren esperientziaren langa gainditu eta gai kolektibo bihurtzen da zaintza publiko egindakoan, jendartearen baloreak dantzan jartzen dituelako”

Diskoari abiapuntua ematen dion Alzheimer” kantuak gaitzaren aurkezpena dakar. Argi zenuen hark zabaldu behar zuela diskoa?
Hori da egin nuen lehen kantua eta izenburutik beretik aurkezpena egiten da. Ez da horrenbeste medikuak esaten duenean zer duen, hori bigarren kantuak dakar, “Diagnosia”-k, baizik eta egiten dituzun aurreikuspenetatik idatzita dago. Horregatik hori da abiapuntua.

“…inongo zerutan galtzen dira, aingura guztiek huts egin ostean”. Aingura guztiek huts egiten dutenean, musika geratzen da?
Amari ahaztu egin zitzaion hitz egitea azkenerako. Baina, hala ere, ez zitzaion inoiz desagertu paseatzeko gogoa, ibiltzekoa. Eskuetako behatzak mugituz adierazten zigun paseatu nahi zuela. Ospitalean zegoela erizainek tutu luze bat jarri, pasillora atera eta azken momentura arte mantendu zuen ohitura hori. Nik uste dut gorputzak eskatzen ziola, badagoela gorputz inteligentzia bat, eta hartaz oso gutxi hitz egiten da. Ohitura da galtzen dugun azken gauza, eta gure amak bazuen asko ohitura fisikotik. Gorputzak eramaten zuen bera.

Eta zuretzat musika da aingura hori? Babesleku hori?
Bai, argi eta garbi. Musikazale gaixo bat naiz. Gustatzen zait besteen istorioak musikaren bidez jasotzea. Ederki barneratzen ditut modu horretara, eta nik ere istorioak kontatzeko erreminta hori erabiltzen dut. Eta niri, adibidez, igual ahazten zait ondokoaren izena, baina ez zait ahazten Deep Purple taldeko bateria jotzailearen izena.

Aurreko diskoko Hondarribia 2012″ ekar dezakete gogora kantu horren tonalitate eta garapenak…
Hura ere oso istorio zehatza zen. “Alzheimer” kantuaren letra ere zehatza eta luzea da. Sei minutuko kantua da. Garbi neukan ez nuela moztu nahi. Biak dira oso kantu luzeak, biek dute narratibitate bat, eta biek dute tempo antzeko bat, nahiz eta “Hondarribia”-k gora egiten duen eta epikoago bukatzen den. Baina eskatzen dute halako garapen bat. Kantu horretan badago esaldi bat: “zer kantu entzuteko babestu behar dudan bihotza”. Niretzat inportantea litzateke jakitea zein kanturentzat babestu behar dudan bihotza.

Disko kontzeptuala da. Kantu batzuek lotura zuzena dute gaitzarekin berarekin: “Alzheimer”, “Diagnosia”, “Gaixo”, “Mina” Beste batzuk gaitzaren ingurumariakoak dira gehiago: Bi argazki”, “Maleta”, “Irakurgaiak”, “Zuhaitza”, “Ona”
Bai, lehen ez nintzen horretaz jabetzen, baina orain aipatuta badaude bi bide diskoan. “Bi argazki”, “Maleta”, “Irakurgaiak”… ez dira nire interpretazioak, dira benetan gertatutakoaren narrazioak. “Irakurgaiak” kantuan azaltzen da, adibidez, amak ez zuela pankarta bat uzten irakurri gabe, ozen irakurri gabe. Eta horren gaineko kantu bat da. “Maleta” ere benetakoa da: goizero hartzen genuen kafea leku batean. Ez zuen pazientziarik, beretzat bi segundo eternitate bat zen. Paseora joateko poltsatxo bat eramaten zuen, eta halakoetan, hura hartu eta ezker eskuin begira hasten zen, non ote zegoen galdetuz. Eta irudikatzen duzu errefuxiatu bat, adibidez, Donostiako autobus geltokian, maleta horrela hartuta eta egoera antzekoan: non nago, nora noa? Irudi horietatik sortutako kantuak dira. “Alzheimer”, “Diagnosia”, “Mina” oso lotuak daude kontu zehatzekin, baina beste interpretazio bat izan dezakete.

Nola aurre egin drama gehiegizko batean erortzeko arriskuari?
Niretzat sekulako deskubrimendua izan ziren Miguel Gallardo eta Maria Gallardoren Maria eta biok eta Mariak 20 urte ditu komikiak, Astiberrik euskaraz plazaratuak. Alaba autistaren gainean egindakoak dira bi komikiak. Bi harribitxi dira. Asko gustatu zitzaidan darabilten tonua. Hor deskubritu nuen kontatu litekeela oso egoera dramatikoa oso modu samurrean, eta oso ondo ulertu zer kontatzen ari zaren. Hor garbi ikusi nahi nuen zer tonu erabili nahi nuen. Ziur aski bestela ere antzeko zerbait aterako zitzaidan, baina hau irakurrita hasi nintzen selektiboagoa izaten, batzuetan tentazioa delako oso dramara joatekoa… Eta kantu asko kanpoan geratu dira.

“Gaixo” kantuan galdetzen duzu: “nor da eri, bera edo ni?”. Eri sentitu zara diskoa ontzerako orduan, edo lagundu dizu eritasunari aurre egiten?
Zaintzaileak eritu egiten gara, askotan gaixoak adina edo gehiago. Oso ondo zaindu behar dugu geure burua zaintza prozesu batean gabiltzanean… Eta oso garrantzitsua da, batez ere, motxila norberak bakarrik ez hartzea. Hori oso hedatua dago, batez ere emakumeen artean.

Eritasun hori musikaren bidez plazaratzeak balio dizu terapia bezala?
Bai, niri bai; balio izan dit dagoeneko. Eta espero dut, eta iritsi zaizkidan feedback-engatik hala uste dut izan litekeela, norbaiten kontsolagarri izatea, antzeko prozesuak ezagutu dituztenentzat, edo haietan dabiltzanentzat… Kantu hauek lagun artean kantatu ostean, gero beti bukatzen du bakarren batek bere istorioa kontatzen. Denok pasa gara edo pasako gara horrelako prozesu batetik.

Tonu intimo eta biluzia izanagatik, kantuek dimentsio sozial bat hartzen dute.
Jendearekin hitz egiten duzunean konturatzen zara noraino diren unibertsalak kantu hauen gaiak. Barrutik kanpora jauzi egingo bazenu bezala. Nori ez zaio tokatu edo tokatuko pertsona helduren bat zaintzea? Alde horretatik, uste dut bakoitzaren esperientziaren langa gainditu eta gai kolektiboa bihurtzen dela behin publiko egindakoan. Jendartearen uste, asmo, baloreak dantzan jartzen dituelako, batik bat. Gehienok dugu zerbait esateko, gehitzeko, ekarpenen bat egiteko, ez genuke aberastasun hori galdu beharko.

Ahotsa eta gitarra. Hala behar zuen, biluzia.
Kantuak egin ahala erabaki nuen bakarrik egin nahi nuela disko hau, eta niretzat apustu handia izan da. Banuen gogoa disko oso bat nik bakarrik egiteko. Agotak amaitu eta gero Beñardo Goietxe eta biok aritu gara, eta gero ere jarraituko dugu, baina aprobetxatuz bera Mugaldekoak taldearekin zegoela, pentsatu nuen hau zela momentua bakarkako disko intimista hau egiteko. Hauek dira kantuak, eta eskatzen dute janzkera hau.

Edonola ere, biluztasun horrek baditu elementu osagarriak, aberasgarriak. Esaterako, Ondo lo egin” kantuan, xuxurla bezala abesten duzu, ia ahots dardartiarekin…
Nahita egin dut hori, hain elementu gutxi egonda. Jakina, gitarrarekin apustua ez zen zerbait birtuosoa egitea, besteak beste ezin dudalako, eta ez zaidalako interesatzen bide hori. Baina ahotsarekin banuen gogoa pixka bat libreago aritzeko, gehiago modulatzeko… Alde horretatik, lan handia egin dut; ez dakit sumatzen den diskoan, baina lan handia egin dut. Denetan hau da kanturik mingarriena niretzat. Haserre zaude munduarekin, beldurtuta, eta une horretakoa da kantua. Minetik idatzitako kantu bakarrenetakoa da.

Aldiz, txistua entzuten da “Bi argazki” eta “Zuhaitza” kantuetan.
Txistu zalea naiz oso, baina kasu honetan Beñardo Goietxek sartu ditu txistu horiek. Nik txistu asko egiten dut kalean, baina oso txarra naiz. Nigatik egingo nuke disko oso bat txistua, gitarra eta ahotsarekin. Txistuarekin perla ederrak daude. Eta txistua ere bada oso gorputzarena… Gitarra eta ahotsarekin soilik egindako diskoetan oso ondo geratzen da txistua.

“Memoria etengabeko asmatze bat da, beti ari gara asmatzen oroimenak, eta alzheimerraren kasuan garrantzi berezia hartzen du irudimenak”

“Bi argazki”-k oroimenaren jolasa dakar berarekin.
Konturatu nintzen oroimenak bere horretan ez duela hainbesteko garrantziarik. Oroimen historikoa garrantzitsua da, dudarik gabe, baina, oro har, oroimenari garrantzi handiegia ematen diogu gure gizartean, eta irudimenari, oso garrantzi gutxi. Amarekin, drama ez zen memoria galtzea: oroimen berriak sortzeko gai ez zenean hasi zen drama. Hori zen drama; bitartean esaten bazuen aitona “hor” bizi zela, nahiz eta hala ez izan, horrek ez zekarren arazorik, bizigaia ematen zion… Beti ari gara asmatzen oroimenak. Memoria etengabeko asmatze bat da, eta alzheimerraren kasuan garrantzi berezia hartzen du irudimenak. Hori niretzat izan zen sekulako deskubrimendua. Zenbait gauzarekin amorratuta egotetik lasai egotera igaro nintzen. Berak pentsatzen duela bere senarra naizela? Zer inporta du! Inportanteena da berak sumatzea baduela ondoan pertsona bat konfiantza emango diona. Gero zer forma emango dion berak… ez du axola! Txorakeria horrek bide handia eman zidan. Horregatik, kantu hori lasai doa hasieran, baina leloan lehertu bezala egiten da. Kantu berezia da eta tamaina hartzea asko kostatu zitzaidan, bai niri eta baita Peio Gorrotxategi soinu teknikariari ere.

Kantaren bi bertsio daude diskoan, aski desberdinak biak ere. “Bat bizi ahal izateko, bigarrena aingurak sortzeko”?
Oso bitxia izan da kantu horrekin gertatu dena. Kantu horrek adierazten du liberazio moduko bat niretzat. Onartzen dugu egunerokoa, eta horri aurre egin behar diogula jabeturik, bi argazki egiten nituen. Konturatu nintzen argazkiak ez zirela gogoratzeko. Handik urte batzuetara istorio bat asmatzeko aukera izateko baizik. Argazki bat momentukoa bizitzeko, eta bigarrena, ez gogoratzeko, baizik materiala izateko gero zure oroimenak berriro asmatzeko. Eta diskurtso hori borobiltzeko kantuarekin gertatu zena oso bitxia da. Nik jarri nuen letra blogean goiz batean. Eta arratsaldeko zortziretan banuen Giorgio Bassmattiren mezu bat esanez Youtuben jarria zuela jada berak letra horrekin egindako kantua. Etxera joan zen, grabatu zuen bideo batekin eta igo zuen Youtubera. Eta ikusi orduko esan nuen, “marabilla bat”. Nik eskatu gabe egin zuen, eta letraren kontzeptua azaltzen du erabat gertaerak. Berak egin zuen kantua nik neurea bukatu baino lehen. Eta ikusi nuenean bere kantua esan nion: “Hau grabatu egin behar duk diskorako”. Hartara, “Bi argazki” kantuak bi bertsio izango zituen. Gainera, Bassmattiren fana naiz. Eman dion pop ukitua izugarri gustatu zait. Letrari ere bere moldaketak egin zizkion eta oso ederra dela iruditzen zait. Gainera, biok kantatzen dugu. Eta diskoa bukatzeko ondo geratzen da, argitasuna ematen baitio.

Kasu honetan zein litzateke bizitzeko bertsioa eta zein aingura berriak sortzekoa?
Nik uste dut bizitzekoa dela nirea, eta aingura berriak sortzekoa Bassmattirena.

Bassmatti eta biak oso testuinguru desberdinean hezitako musikariak izan arren, badituzue elkarguneak. Zeintzuk?
Bi aipatuko nituzke: gaur egungo musikariengan hain eskasa den umorea, eta kantuak ulertzeko modu naif moduko bat, non gustua jartzen den teknikaren gainetik, eta ez dagoen beldurrik bide ezberdinak jorratzen saiatzeko.

A cappela grabatu duzu “Behelainoa (Noraeza)”. Ahotsarekin jolasteko eta erregistro desberdinetan aritzeko gogoa izan duzu?
Oso garbi neukan ahotsarekin jolastu nahi nuela, eta Beñardoren laguntzarekin dena errazagoa da. Izugarria da ze belarri eta gustu ona dituen, eta nola transmititzen duen hori ahotsarekin. Garbi nuen halako zerbait egin nahi nuela, baina behin grabatuta zalantza sartu zitzaidan… “Igual Iparraldekoegia geratu zaigu…”, pentsatzen nuen, baina tira, animatu egin ginen eta gustura nago. Agurraren kantua da, noraezarena. Guztia bukatzen denean zer geratzen den. Kantu oso biluzia da, bada zeremoniaren momentua, eta horregatik ahots hutsak eta tonu formalxeago hori…

“Maleta”-ren hasieran Johnny Cash irudikatu dut eta “Irakurgaiak”-en The Beatles…
Biak horrela atera ziren, eta biak dira estudioan hasieratik borobil geratu ziren kantuak.

Andoni Tolosa Morau

“Helduagoa eta askeagoa” da gaur egungo Morau. (Conny Beyreuther)

Itoizen “Clash eta Pistols” ongi ezkontzen zen diskoaren tematikarekin…
Amaren azken ospitaleratzea Eguberrien bueltan izan zen. Ni oporretan nintzen, eta oinez igotzen nintzen Donostiatik. Beti joaten nintzen musika entzuten, eta ezin izaten nuen burutik kendu kantu hori. Premonizio moduko bat zen. Horrekin eta Anariren “Epilogoa”-rekin ibili nintzen buelta eta buelta. Bertsio zale amorratua naiz, disko guztietan sartzen dut bakarren bat, eta hau ez bazen, izango zen besteren bat, baina hain ondo egokitzen zen…

Melodietan lanketa berezia nabari da. Nola exigitzen zaio hori norberari?
Uff… ez dakit, batzuetan saiatzen zara kristoren indarrarekin, bueltak ematen dizkiozu, adibidez “Bi argazki” kantuarekin, eta kosta egiten da… nekez egiten da aurrera. Eta beste batzuetan borroka handirik gabe ateratzen da. Nire gustukoenetakoa da “Irakurgaiak”. Eta atera zen aise! Eta oso gustura geratzen zara. “Gaixo” kantuan sartu nahi nuen Neil Youngen “Rockin’ In the Free World” kantuaren estiloko gitarra bat, eta sartu nuen ze arraio! Uste dut askatasunez jardun dudala, eta orokorrean oso pozik nago.

Gaitegiarekin zerikusi handirik ez izan arren, egiteko moduek, filosofiak lotzen du Arrainentzako himnoak diskoarekin ere… Hor Morau berri bat hasi zen?
Ez berria, baina bai helduagoa eta askeagoa. Eta ez askeagoa gaizki nengoelako diskoetxearekin-edo, baizik eta askeagoa nire buruarekin. Galdetu nion neure buruari: zer leku dauka Morauk euskal kantagintzaren barnean?. Ba duen lekua, eta kontziente naiz. Eta horrek kristoren askatasuna ematen dizu. Igual mugak dituzu, ez dituzu biltzen ehunka lagun emanaldietan, ez dituzu milaka disko saltzen, baina askatasun handia daukazu, eta gainera badaukazu jende bat askatasun horren emaitzak estimatzen dituena. Horrela lan egiteak asebetetzen zaitu asko.

Bigarren honek sendotasuna eman dizu bide horretan?
Bai, erabat. Eta emaitza ikustean ba… Horrela lan egiteak asebetetzen zaitu asko.

Amaren zaintzak eragin dizu kantuak ere zaintzeko moduan?
Letretan bai. Begirada asko txikitu dut, asko fokalizatu dut. Txikira ekarri dut, eta hori izan da amarekin egindako paseoen eraginez.

Lehen ere ez zara izan oso handira egindako hordagoen zalea, ezta?
Ez, ez, baina oraingoan are gehiago jo dut egunerokotasunera. Lehen igual kanpora begiratzen nuen, eta barrutik kantatu, baina oraingoan izan da barrutik hasi kantatzen kanporantz…

“Lehen kanpora begiratzen nuen eta barrutik kantatu, baina azken bi diskoetan barrutik hasi naiz kanporantz abesten”

Musika ulertzeko modu horretan egon da aldaketarik gurean azkenaldian, epika handietatik ikuspegi txikiagoetara pasa dela jendea orain?
Nik uste dut baietz. Zorionez gaitegia asko zabaldu da. Iruditzen zait oso proiektu interesgarriak sortzen direla, eta batez ere oso ikuspegi zehatzetatik, gauza handirik esan nahi izan gabe, baina era berean, sekulako gauzak esaten. Kantautoreen ikuspegitik behintzat badago traszendentziatik aldentzeko joera; eta uste dut izan dela folk inglesarena baino gehiago americanaren eragina, batez ere folk berritzaile yankiaren eragina.

Euskal Herriko egoerak ere lagunduko zuen egoera txiki edo zehatzagoetara joaten?
Baita ere. Badirudi hor gaudela impasse batean. Egia da egile batzuentzat karga bat kentzea izan dela. Niretzat izan da zaintzaren kontua egokitu zaidala. Gero konturatzen zara zaintzarena gai soziala dela, ez dela norbanakoaren kontua. Eta badela erantzukizun kolektibo bat.

Zuzenean emateko prest?
Bai, baina bertigo puntua ere badaukat. Nire espazio naturala tabernak eta beste izan dira. Erreparo handia ematen dit, ez baitakit nola funtzionatuko duen. Nire burua oso zaurgarri ikusten dut. Zuzenekoetan arma ugari ditut jendera egokitzeko, baina hemen oso zaurgarri ikusten dut nire burua. Ez nago ohituta barnekoa hainbeste zabaltzera. Akaso deituko didate gehiago zahar etxeetatik, baina gustura joango naiz haietara ere.

ETIKETAK:AnariAndoni TolosaBeñardo GoietxeItoizMorauMugaldekoakPeio Gorrotxategi