Elkarrizketa

Ainhoa Sarasola

2025.06.20

Ainhoa Sarasola

«Harro nago Lauaxeta ezagutzearen alde egin dudan lanarekin»

Elkarrizketa: Antton Valverde (Abeslaria, pianista eta musikagilea)

Herri kantak eta bertso zaharrak berreskuratzea. Euskal poeta klasikoen eta emakumezko egileen obrak zabaltzea. Euskal kantagintza berriaren oholtzetara pianoa eramatea. Tradizioa eta modernitatea uztartzea. Eta “intimismoak, fintasunak eta dotorezia klasikoak igurtzitako estilo pertsonala” garatzea. Horiek guztiak goraipatu dizkio Adarra sariaren epaimahaiak Antton Valverderi (Donostia, 1943). Sei hamarkadako ibilbidea osatu du abeslari, piano jotzaile eta musikagileak; bakarka, beste proiektu batzuetan nahiz beste artista batzuk laguntzen, hamaika disko eta ezin konta ahala kontzertu eman ditu urteotan. Eta ibilbide hori aitortuko diote bihar (ekainak 21) bere sorterrian, Adarra saria emanda. Viktoria Eugenia antzokian kontzertua emango du segidan, Joxean Goikoetxea (akordeoia), Francisco Herrero (biolina), Ivan Carmona (biolontxeloa) eta Txema Garces (kontrabaxua) lagun dituela.

Kontzerturako aste gutxi batzuen faltan, joko dituzten abesti gehienak erabakita zeuzkan Valverdek. “Ondo nabil, betiko moduan. Pixkanaka-pixkanaka zahartzen, tokatzen den araberan, baina ondo sentitzen naiz. Eta Adarra saria dela eta, kontent”, zioen, adeitsu eta irribarre batez, kafetegiko mahaiaren bueltan. Segitzen du pianoa egunero jotzen, poesia irakurtzen, sortzen. Eta aurrera ez ezik, atzera begira ere jarri dute kazetariaren galderek.

15010234

Valverde, Viktoria Eugenia antzokiaren atzealdean; bertan ariko da larunbatean. JON URBE / FOKU

Brahmsen musika lagun, txikitan maiz entzun omen zenuen aita Lizardi ozen irakurtzen. Etxetik sortu zitzaizun, beraz, musika klasikorako eta poesiarako zaletasuna?

Dudarik ez, bai horixe. Aitak Brahmsen bigarren sinfonia jartzen zuen, eta, haren gainetik, amak Lizardi irakurtzen zuen. Eta giro horretan, ezin eskapo egin, noski [barrez]. Musika klasikoaren zalea, Brahms zalea, Lizardi zalea eta euskara zalea naiz. Etxean hartutakoak dira horiek.

Zure belaunaldiko kantari gehienek gitarra hartu zuten garaian, pianoarekin taularatu zinen zu…

Bai, baina ez hasieratik. Ni ere gitarrarekin hasi nintzen, eta urte dezente ibili nintzen, gainera. Hasieran ni bakarrik, eta gero, gitarra jotzen nuelako juntatu nintzen zen Oskarbikoekin; hango batek soldaduska egin behar zuen, eta ni deitu ninduten hura ordezkatzeko. Eta gero, halako batean, ez dakit Xabierri [Lete] edo niri bururatu zitzaigun pianoa erabili behar genuela. Txikitatik, nire bizitza guztian pianoa jotzen ibili naiz; 6 urterekin hasi nintzen, eta orain arte.

Garai hartako kantagintzan, piano bat oholtzan ikustea bitxia ere izango zen hainbatentzat…

Bai, nahiko gauza arraroa zen, ez bakarrik gure artean, bestela ere bai. Bueno, kanpoko batzuek ere erabiltzen zuten pianoa, baina gure artean… Nik uste dut ez zegoela inor ere, eta baten bat baldin bazegoen, barkatu diezadala [irriz], ez dut gogoan behintzat. Eta horrela hasi ginen. Antolatzaileei eskatzen genien pianoa, ahal izanez gero isats pianoa, baina posible ez bazen, bertikala ere bai, eta bakar-bakarrik, hori bai, faborez, ondo afinatu zezatela oholtzan jarri baino lehen, eta normalean horrela jartzen zuten, baina beste batzuetan ez [barrez]: beste batzuetan edonolako pianoa jartzen ziguten, eta harekin egin behar.

Lizardiz gainera, Lauaxeta izan da zure poeta maiteenetako bat. 1978koa duzu haren olerkiekin osatutako disko monografikoa, eta, 40 urte geroago, haren poema bat jaso zenuen orain arteko zure azken diskoan ere (Gaua. Ausentziaren itzala [Elkar, 2020]). Agortzen ez den maitasun bat da?

Nik izugarri maite baitut Lauaxeta! Asko-asko. Poeta bezala noski, baina pertsona bezala ere hunkigarria da; gustatuko litzaidake ezagutu izan banu. Beste poeta askok obra askoz ere handiagoa eta zabalagoa dute, berak ez horrenbeste, bi liburuxka egin zituen eta gero beste poesia batzuk, baina haietan aberastasun ikaragarria dago, eta ematen du agortzen ez den iturria dela.

“Beste poeta askok Lauaxetak baino obra askoz ere handiagoa eta zabalagoa dute, berak ez horrenbeste, bi liburuxka egin zituen eta gero beste poesia batzuk, baina haietan aberastasun ikaragarria dago”

Olerkiak izan dituzu beti zure iturri nagusietako bat. Euskal Pizkundeko bi poeta horietara ez ezik, berriagoen lanetara ere jo izan duzu kantuak osatzeko. Zer behar du poema batek zure arreta pizteko eta kantu bihurtzeko?

Nire problemetako bat da nik ez dudala poesiarik egiten; behin saiatu nintzen eta oso gaizki egin nuen, eta pentsatu nuen ez nintzela gehiago saiatuko. Horrek behartzen nau besteen obretan murgiltzera, eta hor ibiltzen naiz. Eta zer bilatzen dudan? Printzipioz, poeta baten lana hartu, eta ez diot gauza konkreturik eskatzen, baina gauzak berez datoz, halako batean agertzen zaizu hunkitzen zaituen poematxo bat, eta orduan hasten dira komeriak, horri musika jartzeko momentuan [barrez]; batzuetan sinple-sinple eta berehala ateratzen da, eta beste batzuetan ez da ateratzen: askotan utzi behar izan dut alde batera gustatu zaidan poemaren bat.

Hor badago gauza bat oso inportantea, eta zera da: poetak bere bertsoak karratuak eta ondo neurtuak egin baldin baditu, ez da oso zaila musika jartzen, baina poesia modernoan, badakizu, neurriak hor egoten dira beste gauza askoren baitan, eta horietan… frakaso handiak hartu izan ditut, bai [barrez].

Orduan, zuretzat kantu bat sortzeko abiapuntua hitza izaten da beti?

Bai, hitza da beti. Musika hutsarena beste kontu bat da, baina ez… abiapuntua poesia da beti.

Poesia irakurri zalea zara. Gaur egungo poetei ere erreparatzen diezu?

Bai, bai. Etxean, normalean, arratsaldean batez ere bakar-bakarrik egoten naiz, irakurtzen eta gauzak bilatzen, eta gaurko poeten liburu asko aurkituko dituzu hor: [Karlos] Linazasoro, Rikardo Arregi, Harkaitz Cano… Azken DVDan ere [Hitzak hots, Pamiela, 2020] bost poeta emakumeren obrak musikatu eta editatu genituen: Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe, Tere Irastortza eta Jule Goikoetxea. Segitzen dut irakurtzen, bai, eta, halako batean, ateratzen da zerbait…

Xabier Leterekin egin zenuen ibilbidearen zati handi bat. Nondik nora hasi zineten elkarrekin lanean?

Ba, hara, oso sinplea da. Behin deitu gintuzten kantatzeko Osintxura, Bergarako [Gipuzkoa] auzo batera. Xabierrek Xenpelarren bertso batzuk kantatu zituen, jendearen oso gustukoak izan zirenak, eta nik Txirritaren beste bertso batzuk kantatu nituen. Kantaldia egin eta gero, eta, antolatzaileekin mus partida eta bazkaria egin ondoren [irriz], hizketan aritu ginen, eta pentsatu genuen zergatik ez egin bertso zaharrekin emanaldi bat. Eta laguntza eskatu genion Julen Lekuonari, eta hark bere anaia Juan Mari Lekuonaren laguntza eskerga ekarri zigun. Bertso kontuetan askoz ere adituagoak ziren ni baino, eta haiek antolatu zuten; nik, beti bezala, gehiago landu nituen musikak, laguntzak eta abar.

Baina ordurako Letek eta biok ezagutzen zenuten elkar…

Bai, bai, oso txikitatik. Nire familiak, eta nik, noski, udak Oiartzunen [Gipuzkoa] pasatzen genituen, eta uda guztian han ibiltzen ginen elkarrekin, herriko plazan jostatzen, pilotan eta beste mila gauzatan.

Baina Osintxuko emanaldi hura izan zen zuen elkarlanaren hasiera…

Bai, bai. Eta ordutik, hil zen arte.

Zer esango zenuke eman zeniotela elkarri?

Ba, bakoitzak gauza diferenteak. Jaialdiak antolatzea, kantak aukeratzea… hori biek egiten genuen. Baina gero, oholtzara ateratzean, Xabier plazagizona zen, eta berak eramaten zuen beti jaialdiaren ardatza; nik nire musikarekin laguntzen nion, batzuetan gitarrarekin, beste batzuetan pianoarekin… Gero, Karlos Gimenezen laguntzarekin hasi ginen, eta horrek aldaketa izugarria ekarri zigun, asko aberastu zen gure emanaldia. Eta gero beste laguntzaile batzuk ere etorri ziren: Andrej Bak biolontxelista, Joxean Goikoetxeak ere jo izan zuen gurekin, Jabier Muguruzak, Pascal Gaignek…

“Bertsolari onen bertsoak altxor bat dira, bai egitura literarioaren aldetik, bai bakoitzak bere garaiaren eta bere inguruaren lekukotasun izugarri ona ematen duelako”

Bertso zaharrak kantatzen plazarik plaza ibili zineten garai batean. Iturri emankorra izan zaizkizu bertso zaharrak ere…

Bai, oraindik batzuetan baten bat sartzen dut kantaldietan.

Zer aurkitu izan duzu haietan gustuko duzuna?

Bu! Izugarri gustatzen zaizkit bertso zaharrak! Bertsolari onen bertsoak altxor bat dira, alde askotatik: batetik, egitura literarioaren aldetik, eta, bestetik, bakoitzak bere garaiaren eta bere inguruaren lekukotasun izugarri ona ematen duelako. Eta gero, bertso paperak-eta, hori mundu oso zabala da, eta oso inportantea. Badaude duela urte gutxi egindako bertsoak, baina aspaldikoak ere bai, karlistaldietakoak adibidez, eta pentsa ezazu horiek zer testigantza ematen duten.


Kantu herrikoiak zabaldu izana ere goraipatu dizu sariaren epaimahaiak, eta maiz jo duzu haietara ere.

Bai, hasieran batez ere. Lehenbizi atera nituen disko txiki haietan, 45 erreboluzioko haietan, hiru kantu zahar sartu nituen eta berri bat, edo halako zerbait. Oskarbiko jendearekin bai, kanta zahar asko kantatzen genituen. Eta gerora, ba, gero eta gutxiago. Orain, baten bat sartzen dut kantaldietan, baina gutxi; gehiago gustatzen zait berriekin egitea.

Bakarka, proiektu baten barruan eta beste artista batzuk laguntzen aritu izan zara. Nola esango zenuke aritu zarela erosoen?

Ni erosoen Xabierrekin sentitu izan naiz: pagotxa zen harekin aritzea [irriz]. Berak gidoia hartzen zuen, eta harekin oso ondo sentitzen nintzen. Eta gainera, gehienetan, edo askotan behintzat, gertatzen zen haren iritziak nireak ere izaten zirela; beraz, gustura ibiltzen nintzen berarekin.

Esan izan duzu bigarren planoan aritze hori zuretzat leku erosoa izan zela beti.

Ni horrela gustura ibili naiz, bai, berak egin zezala dena eta ni atzean disfrutatzen [barrez]. Gainera, badakit berak ere asko estimatzen zuela musika aldetik ematen nion laguntza, eta horrekin ni kontent.

“Ni erosoen Xabierrekin [Leterekin] sentitu izan naiz: pagotxa zen harekin aritzea [irriz]. Berak gidoia hartzen zuen, eta harekin oso ondo sentitzen nintzen”

Oro har, diskoak presarik gabe argitaratu izan dituzu, tartea utziz bataren eta bestearen artean. Abiada bizian doan gaur egungo munduan, ez da ohikoena…

Gertatzen dena da musikagintza ez dela izan nire ogibidea; nire beste beharretara behartuta nengoen, eta horrek nahikotxo baldintzatu nau. Seguruena hori da esaten duzunaren esplikazioa. Igual lan aldetik egoera konplikatu xamar bat bizi, eta musika pixka bat alde batera gelditzen zen…

Baina sortzen eta sortzen segitu duzu etengabe.

Hori beti, ezin izan dut saihestu. Gaur egun ere, besterik gabe pianoan jarri, eta zerbait jotzen hasten naiz, eta gero asmatzen ere bai, eta zerbait ateratzen bazait grabatzen dut, apuntatzen dut… Hor ibiltzen naiz.

Gaur egun ere egunero jotzen duzu pianoa?

Bai, bai. Hara, batez ere orain, Adarra saria dela eta ez dela, asko; arratsaldero egiten ditut piano ariketak —eskalak eta arpegioak eta—, forman egoteko. Eta, horretaz gainera, nire kantuen entseguak. Baina beti-beti, bai. Eta kasualitatez denboraldi batez uzten badut, larrutik pagatzen dut: hori errekuperatzeak lana ematen du.

Exijentea da pianoa…

Bai, baina instrumentu guztiak dira, e! Uzten baldin baduzu, berehala galtzen da.

Izan duzu inoiz diziplina jakinen bat? Goizez jotzea, adibidez, edo egunero bi orduz, edo…

Hara, zuk aipatu duzun bi orduz hori ez dut sekula egin [barrez]. Ez, baina egunero zerbait bai. Pentsa ezazu, pianoko ikasketak egin nituen, eta azterketak nituen, programa bat bete beharra, eta abar eta abar; horrek asko behartzen ninduen. Hori aspaldian bukatu zen, baina ohitura ere badut, eta beti jotzen dut. Eta, gainera, jotzen ez duenak ez daki ondo pianoa jotzeak zenbateko poza ematen duen; asko disfrutatzen da, eta ez dakitenek hori galdu dute [barrez]. Ez da sakrifizio handia; ariketena bai, hori oso aspergarria da, baina bestela, oso gustura egiten den lana da.

“Jotzen ez duenak ez daki ondo pianoa jotzeak zenbateko poza ematen duen”

Eta jartzen zarenean, musika klasikoa, zure kantak… denetarik jotzen duzu?

Bai. Eta beste askotan, nire aitak eta amak egiten zuten bezala, musika jarri eta irakurri egiten dut; musika klasikoa gehienetan, baina ez bakarrik.

Egungo euskal musika entzuten al duzu?

Bai, baina asko ez, egia esan. Haiek nire musikagatik esango dute aspergarria dela, baina nik haienagatik ere esan dezaket [irriz]. Batzuk kenduta, noski, baina iruditzen zait gehienek dena berdintsu egiten dutela. Uste dut kontua dela gehienbat perkusioa dela nagusi, eta horrek ematen dio… dena berdintsua ateratzen da.

Zuk ez duzu inoiz perkusiorik sartu izan…

Ez, beti pentsatzen dut noizbait sartu behar dudala, baina, auskalo zergatik, ez dut sekula egin. Eta sartuko banu ere, ez nuke sekula egingo zarata handiarekin; xume-xume, suabe-suabe, orduan bai, baina ja, gauden tenore honetan, ez dakit sartuko dudan… Ez dut uste.

Ibilbide osoa aitortzen duen halako sari batek atzera begira jartzen du bat?

Bueno, hori nahitaezkoa da: edozein jaialdi antolatzeko eta kantak aukeratzeko, atzera begiratu behar duzu. Atzera begiratze horrek badakarzkizu memorian dituzun gertakizunak, gauza asko… Hor beti badaude momentu batzuk inportanteak, eta ez momentuak bakarrik… Esaterako, ni harro nago Lauaxeta ezagutzearen alde egin dudan lanarekin. Eta horrelako gauzak begiratzen pixka bat disfrutatzen dut [barrez].

Akaso horrek asebete zaitu gehien?

Nik uste dut baietz, harro nago Lauaxeta ezagutzearen alde egin dudan lanarekin, eta nik uste dut inportantzia pixka bat ere izan duela; ez dut esango ezezaguna zela, noski, bere garaiko askok eta askok ezagutzen zuten eta maite zuten, baina hor zegoen ahaztuta, frankismoa zela-eta noski; debekatuta zegoen, eta gero, halako batean, diskoa atera nuen, eta ordutik aurrera ja Lauaxeta lehenbiziko planoan egon da.

Aurrera begira, berriz, zer asmo edo gogo dituzu?

Hara, nik sekula ez dut plan konkreturik egin, eta orain ere ez, eta, gero eta gutxiago, noski [irriz]; ja 82 urte bete ditut, eta ondo nago, ondo sentitzen naiz. Esango nuke inertziaz-edo jarraitzen dudala. Inertziaz eta ilusio handiarekin, gainera, e! Gauza berriak egitea gustatzen zait, eta orain ere beti banabil zerbaitekin…

Baduzu kantu berririk esku artean?

Bueno, momentu honetan berri-berriak ez, baina duela oso denbora gutxi egindakoak badira, bai, pare bat edo hiru… Bai, banabil, bai.

ETIKETAK:Adarra saria 2025Ainhoa SarasolaAntton ValverdeJon Urbe