Elkarrizketa

Mikel Izarra

2022.12.15

Mikel Izarra

“Helburu bakarra izan da neure buruarekin zintzoa den zerbait egitea”

Elkarrizketa: Beñat Goitia

Ez da erraza denborari aurre egitea, zeure burua kokatzea hazten zoazen heinean, hori lurtar guztiok dakigu. Baina artistikoki zure obra garatu, eta unean uneko joeretara moldatzea, estereotipo hutsetan jausi gabe? Izugarri zaila da oreka hori mantentzea. Aurreko lanei merezi duten errespetua izatea, eta datozenak sortzeko grina edukitzea: artista gutxik dute hori. Ibilbideak lausoak izaten dira, ala errepikakorrak. Ausardia handia eduki behar da arriskatzeko. Benizze proiektuak sare sozialetako lehen agurretik hitzematen zuen merezi zuela hurbiletik jarraitzea. Modernitatea eta tradizioa aldi berean bizi dira proiektu horretan. Horren erakusle dira, adibide argi bat ematearren, kolaborazioak: J Martinarekin ondo ematen du proiektuak, baina Ruper Ordorika elektronika base baten gainean abesten jartzeak asko du printzipio adierazpenetik. Denak soinuaren aldetik funtzionatzea lortzeko, lagunduko zuen El Tigre estudioetako Jon Agirrezabalagaren hagaxka magikoak, noski.

Benizze

(Argazkia: Kauldi Iriondo)

Lanak asko du aurreko proiektuekin apurtzeko grinatik (Montauk, azpimarragarriena), eta gustura sentiaraziko duen zerbait bilatzetik ere bai. Eta, noski, Europa eta elektronika erreferente gisa dituzten soinu gaurkotuak, bederen arriskatzeko indarra emango ziotenak. Bazatoz singleak asko du hortik. Bideoak mami izugarria du, aztertzeko modukoa, eta hala izaten jarraitu du hurrengo kantetan: Mamuak eta izozkiak-en, Zilarrezko bala-n eta Zuek denak zarete sortzailean. Baina ez zuen pista askorik ematen proiektuaren atzean zegoen burmuin sortzailearen inguruan. Geroago argitu zen Beñat Goitiak (Gasteiz, 1991) estilo eta sonoritate gaurkotuak besarkatu zituela, eta inoiz baino inspiratuago zegoela. Eta, bestela, zuk zeuk egiaztatu, material piloa zabaldu baitu Benizzek Interneten: bideo ikusgarriak, argazkiak eta baita lanaren edizio fisikoa ere.

Dudarik gabe, euskal kulturari asko emateko prest dagoen sortzaile baten lehen lanaren aurrean gaude. Hasiera besterik ez delakoan: urte askotarako!

Zer esan nahi du Benizzek? Zein da leitmotiva edo sortzeko grina?

Izenak ez du aparteko esanahirik; belarrira indartsu sartu zitzaidan, hori da hautuaren arrazoia. Benizze nire alter ego-a da, izan nahi dudan hori izaten uzten didana, autoerrealizazioa, amesteko espazioa eta egoaren asetzea.

Bederatzi hilabete dira lehen singlea atera zela… Eta, aurretik? Noiz eta zergatik hasi zinen proiektu hau imajinatzen?

Proiektu hau 2019tik dator. Montauk-en azken urteetan, kontziente izan gabe, Benizzerantz etortzen ari nintzen, eta pandemiak bultzatu ninduen jauzia ematera. Proiektu berri batek imajinario berri bat pizten dizu, eta, horren ondorioz, ilusio hasiberri bat. Bizitzan, tarteka, oso erakargarriak dira halako erronkak.

Zer erlazio du aurretik izan dituzun bestelako proiektuekin?

Orain arte egindakotik aldentzeko ahalegin kontziente bat egin arren, egiteko modua, azkenean, berdina da, eta islatzen da. Erreferenteak eta jomugak aldatu zaizkit erabat, eta horrek egin du proiektua berri. Orain arteko kantautorearen introspekziotik aldentzen saiatu naiz, eta lortu dut nahi nuen mugara iristea, baina azalean geratu gabe.

Erraza da azalean geratzen den musika egitea, oportunista: festarako esaldi batzuk, unean uneko gizarte mugimenduekin bat datozen aldarrikapen batzuk, kantuen erdia erdaraz, dena bola batean sartu, soinua saturatu eta Euskal Herriko txosna guztietan egongo zara. Baina ni behintzat horrek ez nau batere erakartzen.

Zelakoa izan da prozesua orain arte? Hasieratik argi zegoen dena, edo gorputzen joan da pixkanaka?

Neure burua kokatu ahala sortu da diskoa. Azken hiru urteetan, sekulako aldaketak egon dira musika joeretan. Indiea bazterrean geratu da, eta elektronikoa edo urbanoa, berriz, bere zabaltasun osoan sartu da, belaunaldi berrien presentziarekin batera. Trantsizio horretan kokatzen da Benizze ere. The Blaze deskubritzeak ireki zidan bidea, eta bidean deskubritutako hamaika taldek osatu dute diskoa.

Egiteko modu berri batek soinu berriak ekarri ditu, edo alderantziz?

Uste dut bi norabideetan doala kontua. Gitarraren distortsioa nagusi izan da hamarkada askotan, baina, orain, identitate propio bat behar zuen belaunaldi bat etorri da, hiperteknologizatua, etxetik atera gabe sozializatzen dena, eta, noski, musika ere pijama jantzita egiten duena.

Lehen, industriagune bateko lokal zikin batean eta garagardo artean egiten zen musika; orain, gurasoen etxean, txokolatezko galleta eta droga sintetiko artean. Hona hemen emaitza.

Nola heldu zara soinu paleta deep, europar horretara?

Zelako ilusioa egin didaten deep eta europar hitzek! Ulertu da egin nahi nuena! Youtuberen bidez iritsi naiz [barrez]. Askotan, sareek lagundu egiten dizute izan nahi duzun hori topatzen. Talde bat deskubritzen duzu, elkarrizketak ikusi, haien diskurtsoa konpartitu, janzkerak erakartzen zaitu… eta, gutxinaka, orbita horretan kokatzen duzu zeure burua. Esan zer musika entzuten duzun, eta esango dizut nor zaren. Esaldi horrek egia asko du.

Posible da kaleko euskal kultura? Iruditeria, soinua… Badago horrelakorik

Kaleko euskal kulturarik ez da existitzen, eta, espabilatzen ez bagara, ez da existituko. Momentuz behintzat ez dut uste kaleko euskal kultura duin bat sortzeko baldintzarik eta asmorik dagoenik. Euskara estratu sozial goi samarreko jendearen hizkuntza da, eta hori gainditzen eta hedatzen ez dugun artean, jai dugu. Identitate eta hizkuntza gaurkotu eta garaikide bat nahi badugu, euskaldunon pribilegioari eta endogamiari uko egiten hasi beharko gara.

Euskal mainstream-a bide horretatik doa: ezer zalantzan jartzen ez duen eta zoriontasunari eta bizitzari kantatzen dion antzutasuna. Baina bueno, bakoitza berera.

Zuk intentzio hori duzu zure proposamenarekin?

Nire helburu bakarra da gustuko dudan eta nirekin zintzoa den zerbait egitea. Horretarako oinarriak izan dira egungo soinua eta euskara. Bi horiekin zintzoa naiz nirekin. Hortik aurrera, etorriko da etorri beharrekoa.

Asko zaindu duzu alde bisuala. Zergatik? Zelan eramaten da aurrera horrelako proiektu oso edo borobil bat, sasoiotan eta bakarrik?

Oso gogorra da. Lan gehiegi dago atzean. Merezi du? Litekeena da ezetz. Baina eszenaren parte izateak izugarri erakartzen nau. Gainera, Benizze nire militantziaren ekarpena ere bada. Hau da nik eskaini dezakedana.

Irudiarekin kantuak osatu nahi izan ditut, estetika oso bat eman proiektuari, eta uste dut hori gakoa izan dela. Instagram ordu asko!

Behin disko osoa aurkeztuta, zer plan duzu etorkizunerako? Zuzenekorik egongo da?

Martxotik aurrera hasiko naiz zuzenekoekin. Bakarrik eta zuzenean jota. Ilun eta dantzagarri.

Zer zuzeneko mota atsegin duzu? Dantza bultzatuko duzu?

Bai, dantzarako zuzenekoak izango dira; horretan ahaleginduko naiz behintzat. Nahiko nuke publikoak tarteka bizkarra ematea, eta tarteka adi egotea. Ea zer ateratzen den.

Badira horretarako gune, momentu, artista aproposak Euskal Herriko eszenan?

Euskal Herrian badaude horrelako espazioak, bai. Beharbada gaueko ordu txikiei oso lotuak, baina hedatzen ari direnak: Harrika, Bergarako Kartzela Zaharra, Dabadabako gau batzuk, Barbarie, Stereorocks, Good Peopleren gauak…

ETIKETAK:Beñat GoitiaBenizze