Elkarrizketa

“Jarraikortasun bat du disko osoak, bidaia bat balitz bezala”

Elkarrizketa: Mikel Iraeta

Ro eta Zizel taldeetan ezagutu genuen arren, bakarka ere bide interesgarria egiten dabil Mikel Iraeta (Azkoitia, Gipuzkoa, 1992). Ia urtebeteren barruan bi lan argitaratu ditu, azkena abenduan, Oinatzak izenekoa. Aurreko lanetik hona izan duen eboluzioa ikusita, nabari da aipatzen dituen kuriositate eta mimo handiz ikasten eta sortzen dituela gauza berriak. Formatu digitalean argitaratutako diskoa da Oinatzak eta sareko plataformetan aurki daiteke. Onena, bilatu eta play ematea. Bidaia hastear da…

Mikel Iraeta berria

Mikel Iraetak pianoa eta elektronika minimalista uztartzen ditu bere lanetan.

Norbaitek ezagutuko ez bazintu, nola aurkeztuko zenuke zure burua? Nolatan hasi zinen bakarkako proiektu honetan?
Ikasketaz matematikaria izan arren, denborarekin musikarekiko interesa hartzen eta gitarrarekin nire kabuz jolasten hasi nintzen ezer serioa planteatu gabe. Halako batean, Passepartout taldekoek (orain Bulego direnak) beraien pianistaren partez ordezkapen bat egiteko aukera eman zidaten eta orduan hasi nintzen gauzak serio hartzen, 2017an. Pianoa inoiz ukitu gabea nintzen eta haien piano jolea zenarengandik klase batzuk hartu nituen; asko gustatu zitzaidan instrumentua eta sakontzen jarraitzea erabaki nuen. Ordezkapen oso motza izan zen, baina orduan Ro taldean hirugarren kide baten bila zebiltzan, Zizel ere hor hasi zen… eta nire hobby nagusi bihurtu zen. Gauzak horrela, Mikel, musikaren inguruan dabilen eta pixkanaka bere bidea egitea nahi duen pertsona kurioso eta sortzaile moduan aurkeztuko nuke. Hiru urte daramatzat soilik pianoa jotzen, baina bide bat bezala da niretzat eta denbora guztian nabil ikasten.

Isha disko laburraren ondotik ia urtebeteren barruan argitaratzen duzun bigarren lana da Oinatzak. Jarraipen moduan ikusten duzu edo desberdindu egingo zenituzke?
Nik oso desberdin ikusten ditut, gero entzule bakoitzak bere ondorioak aterako ditu. Norberak egiten duenarekin kritikoagoak izaten garela uste dut eta nire kasuan, atzera begiratuta, Isha, orain gutxikoa izanik oraindik fresko eduki arren, lehen pauso bezala ikusten dut, jolas moduan eta musikalki zer nahi nuen argi izan gabe. Banakako bost kantu gisa ikusten ditut eta horrek zer soinu edo estilotan ibiltzen nintzen erosoago ikusarazteko balio izan zidan. Oinatzak aldiz, orduan egindako galbahetik sortutako disko konpaktuago bat bezala ikusten dut, buruan estilo eta helburu jakin bat izanda eginiko disko sakonagoa da. Oraindik ez dut ikusten nire estiloa denik edota guztiz sakondu dudanik, baina nabari dut helburu konkretu batekin eta lanketa handiago batekin sortua izan dela.

Non grabatu duzu Oinatzak? Zer nolako prozesua izan da?
Isha argitaratu nuenean, Ro-n zentratuko nintzela uste nuen, baina piano klasetan hasi nintzen eta bertako ariketekin ideia asko ateratzen zitzaizkidan; disko propio bat egiteko haina abesti nituela ikusi nuen. Denborarekin forma ematen joan nintzen, baina ideia printzipalak oso natural atera zitzaizkidan. Oso grabaketa pertsonalak zirela ikusi nuen eta Ro-rentzat beste era batera egingo nuela erabakiz, neure izenean kaleratzea pentsatu nuen. Urtebetean eman den prozesua izan da eta konfinamenduak ere izan zuen eragina. Sortze prozesu guztia etxean egin nuen, instrumentuekin jolasten hasi eta inprobisazio guztiak grabatzen nituen. Grabaketa ere etxean egin nuen, baina produkzioa eta nahasketak Zizeleko Alberto Martinezek egin zituen, oso ondo ezagutzen gara eta nik ezer esan gabe ere badaki zer bilatzen dudan, konfiantza osoa dut berarengan. Oso etxekoa izan da dena.

Instrumentuei dagokienez, pianoak, sintetizadoreak… entzun daitezke. Nola konposatzen dituzu abestiak?
Piano eta sintetizadore batzuk grabatzen ditut lehenengo eta ondoren, baseak eta gainerakoak gehitzen ditut ordenagailuz. Neuk bakarrik grabatzen dudanez, loop-ekin jolastu eta jolastu aritzen naiz, abestia imajinatzen joaten naiz. Progresio bat grabatu, loop-en bidez bueltaka jarri eta horren gainean kapak gehitzen joaten naiz: baseak, sintetizadoreekin melodia desberdinak… Fijatzen bazara, abesti batzuk ez dira aldaketa askokoak, nahiko linealak dira eta elementuak batzen doaz abestiak aurrera egin ahala. Abestia osatu dela ikusi eta pixka bat estrukturatzen dudan arte inprobisaziotik sortuak dira. Aurrera begirako helburu moduan, konposizio aldetik sorpresa gehiago lantzekoa dut.

“Oraindik ez dut ikusten nire estiloan sakondu dudanik, baina nabari dut helburu konkretu batekin sortua dela azken diskoa”

Abestiez gain, bideo desberdinak prestatu dituzu Oinatzak-en baitan. Zer dela eta ideia hau? Oinatzak bere osotasunean ulertzeko abestiak eta bideoak uztartu behar al dira?
Koherentzia handiena diskoak duela uste dut, abestiak dira printzipalenak. Beste talde batzuen bideoak ikustea gustatzen zaizkit eta Isha-rekin bideoren bat faltan bota nuenez, Oinatzak-ekin gauza berriak ikastea eta bideo batzuk sortzea jarri nuen helburu. Hasieran, kantuko bat egitea nahi nuen, baina dena nik egiteko lartxo zen. Bideoen mundua asko gustatzen zait, eta abestiak bakarrik gera ez zitezen eta bisualki ere zerbait izan zezaten erronka moduan hartu nuen. Hala ere, ez zait iruditzen Oinatzak ulertzeko abestiak eta bideoak uztartu behar direnik, kantuetan koherentzia bat bilatu nuen, baina bideoetan ez da hala izan. Guztira bost bideo egin ditut (zuzeneko eta ohiko bideoklip bana eta hiru animazioko); momentuz hiru daude argitaratuta.

Hasieratik amaierara entzun beharreko diskoa dela uste dut. Zaila egiten zait abesti bat bestearen gainetik jartzea, guztiak elkar elikatzen direla eta guztien artean osotasun bat osatzen dutela iruditzen zait, 28 minutu irauten duen pieza bat sortuz. Antzerako zerbaiten bila joan zara?
Bai, dudarik gabe asmoa hori zen, entzule modura asko gustatzen zaizkit horrelako disko jarraiak. Diskoko abesti guztiak intentzio eta zentzu batekin daude ordenatuta eta batzuk, tarteko isilunerik gabe, segida moduan daude elkartuak pasarte atmosferikoekin. Jarraikortasun hori lortu dudan edo ez, bakoitzari transmititzen dionaren araberakoa izango da, baina niri hori transmititzen dit, eta gorabehera batzuk dituen arren, bidaia bat balitz bezala, nahiko orekatua den jarraikortasuna duela iruditzen zait. Estilo honetako musika entzuteak transportatu egiten nau eta hori nahi nuen lortu.

Honekin lotuta, musika entzutean pertsona bakoitzak bere emozio eta sentipen propioak izan ditzake eta hein handi batean hori da musikaren handitasuna. Bidaia dotore bat izango balitz bezala, begiak itxi eta norbere barrura begiratzeko disko ederra iruditzen zait Oinatzak. Ba al da transmititu edo girotu nahi izan duzun zerbait?
Sentipenen kontua musikaren parterik ederrena iruditzen zait, musikak edozein izanda ere sentimendu bat sortarazten duenean ederra da. Ez nuke esango helburu batekin edo zerbait konkretua transmititzeko idatzi dudanik diskoa, baina era berean argi dut ez nukeela ezer transmititzen ez duen abestirik sartuko bertan, betiere sentimenduren bat izan behar du. Pertsona bakoitzak bere momentuaren arabera ulertuko du eta hori da bilatzen dudana, abestiz osaturiko bidaia horretan zerbait sentiaraztea.

Abestiek hitzez osaturiko izenburuak dituzte. Abesti instrumentalak izanda zertan oinarritzen zara izenburuak jartzeko?
Nire buruari askotan egiten diodan galdera da abestiei zer izenburu jarri… ez da erraza. Isha-n errazena egin nuen, data batzuk jarri nituen izenburu moduan, baina oraingoan, nire musikak letrarik ez dituela kontuan hartuta, tarteko zerbait nahi nuen. Izenburuek berez ez dute zerikusirik kantuekin, gustatzen zaizkidan kontzeptu edo esaldiak dira, besterik gabe. Gero, egia da behin izena jarritakoan zentzua aurkitzea nahi badiozu aurkitu diezaiokezula, baina ez da aurrez pentsatua den zerbait izan.

Osotasunean ulertu behar ditugu edo bakoitza bere aldetik doa?
Ez, ez dauka segidarik, kantuek jarraipen bat duten moduan, izenburuak kontzeptu solteak dira eta ez daukate zerikusirik beraien artean.

Diskoa eskuan izatea gustuko duen horietakoa naiz, baina formatu digitalean argitaratu duzu soilik. Zer dela eta?
Ni ere formatu fisiko zalea naiz eta nire diskoa izanda, ilusio berezia egingo lidake gainera. Isha-n egin nuen arren, aurrera bakarrik eramateko gastu eta lan asko suposatzen du fisikoan argitaratzeak. Nire egoera pertsonalagatik ez nintzen ikusten berriz horrelako lan eta gastuak nire gain hartzeko eta horregatik atera dut digitalean. Hurrengoan berriz ere fisikoan ateratzea posible bada saiatuko naiz.

“Estilo honetako musika entzuteak transportatu egiten nau eta hori nahi nuen lortu, jarraikortasun bat eman disko osoari, bidaia bat balitz bezala”

Musika berezia egiten duzula esango nuke. Euskal Herrian ez ditut erreferentzia asko aurkitzen jorratzen duzun musika instrumental, atmosferiko eta elektroniko horretan. Zelan hasi zinen musika mota hau sortzen?
Dezente entzuten dudan musika estiloa da. Atzerrian artista asko daude eta Euskal Herrian gero eta gehiago daudela esango nuke. Adibidez, Aitor Etxebarriak pianoa erabiltzen du, Testurak bere diskoan atmosfera ugari eta elektronika erabili du, Amorantek ere piano asko eta elektronika ukitu batzuk erabili ditu… Horiekin alderatuta, ni gehien bereizten nauena pianoa dela esango nuke, bera baita nire instrumentu nagusia. Hala ere, hasieran atzerriko artistek eragin zidaten gehienbat, batik bat musika klasikoa oinarri hartuta musika elektronikoarekin nahasten hasi zirenek. Elektronika eta piano zalea naiz, eta pianoa oinarri hartuta, elektronika minimalarekin uztartzeko beharra sentitu nuen.

Horiez gain, zer beste eragin aipatuko zenuke?
Post-rocka ere asko entzun izan dut eta atmosferen kontua hortik datorkit, estilo horretan atmosfera asko sortzen baitira. Beraz bai, orain agian horrenbeste entzuten ez dudan arren, post-rocka eragin handia izan da niretzat. Taldeei dagokienez, euskal artistak, aipatu ditudanak izango lirateke. Nazioartera joanda, elektronika oso zabala da eta gauza desberdinak entzuten ditudan arren, artista minimalak interesatzen zaizkit gehienbat, gutxirekin asko esaten dutenak. Nils Frahm eta Ólafur Arnalds dira gehien entzuten ditudanak eta Grandbrothers ere aipatuko nuke. Horietan inspiratzen naiz.

Ro eta Zizel taldeetako kide ere bazara, nola uztartzen duzu proiektu hau kide zaren beste taldeekin?
Pena handiz momentu honetan Zizel nahiko geldi dago, bata bestearekiko urrun bizi gara, agian bueltatuko gara egunen batean. Ro izan da azken urteetan lan gehien egin dudan taldea eta hor ere distantzia batera egon naiz, Bartzelonan bizi izan bainaiz. Hala ere, entseguetako grabazioak bidaltzen zizkidaten eta gero nik gainetik gauzak gehitzen nituen, edota alderantziz, ni hasten nintzen ideia batekin eta bidali egiten nien. Alde horretatik, erraza izan da dena uztartzea, sortzen joan naizen musika baterako edo besterako erabili ahal izan baitut; ez da lan gehigarri bat izan. Kontzertuei dagokienez, Ro-rekin bakarrik izan naiz zuzenean, nire izenean ez dut halakorik egin. Momentuz erraz daramat eta bietan egoteko beharra sentitzen dut.

Musika egiteko taldeko edo bakarkako formatua duzu nahiago? Zer ematen dizu bakoitzak?
Gehiena bakarrik egiten dut eta oso gustura gainera, orduak sartzean nire munduan sartzen naiz. Egiten dudana oso nirea dela sentitzen dut eta emaitzak ikustea ederra izaten da, asko betetzen nau sortzen dudanak. Aspaldian ez dut taldean funtzionatu, baina Ro eta Zizelekin ere asko disfrutatzen nuen eta faltan botatzen dut beste norbaitekin musika sortzea. Taldean beste ikuspuntu eta perspektiba batzuk sortzen dira eta ez dut uste bakarrik horrelakorik lortuko dudanik. Taldekideengandik gauza berriak ikasten dira beti eta ez geratzeko laguntza handia dira, oso aberasgarria da beste batzuekin musika sortzea. Ezingo nuke bietako formatu bat aukeratu, bietan sentitzen naiz oso gustura.

Aurrera begirako ze asmo dituzu? Abestiok zuzenean gozatzeko aukerarik izango al dugu?
Alde batetik, pianoan eta produkzio musikalean gehiago ikasten nabil eta bestetik, disko hau neuk bakarrik modu eroso batean zuzenera eramatea gustatuko litzaidake. Nola egin nezakeen bueltak ematen nabil eta taldean aurkeztea ere ederra izango litzatekeen arren, horretarako badaukat Ro. Ilusioa egingo lidake, baina nire lehentasuna Ro izango da; hala ere, ea tarteren bat dudan eta zerbait ateratzen den…

ETIKETAK:Aitor EtxebarriaAmoranteBulegoMikel IraetaPassepartoutRoTesturaZizel