Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2017.10.13

Jon Eskisabel

“Lehen entzunaldian dena erakusten ez duen diskoa da”

Elkarrizketa: Rafa Rueda

Hiru urte eta erdiko ibilbidean Rafa Rueda (Mungia, 1972) BADOK atarian elkarrizketatzen dugun hirugarren aldia da. Rafael Berrioren Paradoja diskorako lana hartu genuen bere ibilbidearen errepasoa egiteko abiapuntu; Pi.L.T.-en kontzertu batzuetarako itzulerak eragin zuen bigarren solasaldia, eta Hiri kristalezkoa diskoaren berehalako argitalpenak ekarri du ostera pantaila honetara musikari bizkaitarra. Azaroaren 9an kaleratuko du Elkar diskoetxeak Ruedaren bosgarren diskoa. Sei urte igaro dira Enaren geometria plazaratu zuenetik, eta tarte horretan geldirik egon ez bada ere —Berrioren diskoan parte hartzeaz gain, Gabrielen lekua eta Jainko txiki eta jostalari hura ikuskizunetan lan egin du, baita Lou Topet taldearekin eta Mikel Urdangarinekin diskoak grabatu ere—, luzea egin zaio itxaronaldia. “Denbora aurrera joan ahala gero eta gogotsuago zaude disko berri bat egiteko, baina bestetik, ez dakizu helburua gerturatzen edo aldentzen ari den. Iristen da une bat zeinean hurrengo diskoa gertuago egotetik urrunago egotera pasatzen den, eta horrek antsietatea sortzen du”. Diskoaren aurrerapen kantua, “Nahikari”, entzun daiteke hemen.

IMG_0069.full

Rafa Rueda kantaria, gitarrista eta abesti egilea. (Galder Izagirre)

Hiriaren inguruko disko kontzeptual bat dakar Rafa Ruedak. Hirian bizi diren hamar lagunen istorioak jaso ditu —Harkaitz Cano, Unai Iturriaga, Leire Bilbao, Miren Amuriza edota Gotzon Barandiaranek sortu dizkiote hitzak, besteak beste—, eta haien izenekin bataiatu ditu hamar kantuak. Musikaren aldetik, bi berrikuntza nagusi ditu: bere pop-rock ildoari post-punk erritmoak eta giroak gehitu dizkio Ruedak, eta sonoritatean, Jon Agirrezabalaga (WAS taldeko kidea) ekoizlearen laguntzaz, teklatuek hartu dute gitarrak aurreko diskoetan zuen protagonismoa. “Oso harro nago egindako diskoaz. Entzunaldiak behar dituen diskoa da; ez dakit horrek nire alde edo kontra jokatzen duen, gizartearen joera ikusita, baina horretara jo nahi izan dut. Nire aurreko diskoak lehen entzunaldian dena edo gehiena erakusten zuten diskoak izan dira, eta nahi nuen apurtu horrekin. Ez nuen dena lehen entzunaldian erakutsi nahi”.

Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan egingo du lehen zuzeneko aurkezpena, azaroaren 24an, diskoan parte hartu duten musikariekin: Jaime Nieto (baxua), Txus Aranburu (teklatuak) eta Ander Zulaika (bateria eta perkusioa). Ez da hori izango ordea, emanaldi guztietan ariko den formazioa. Bakarka, bikotean edota hirukotean aritzeko asmoa ere badu Ruedak. “Nire asmoa da ahalik eta leku gehienetara heltzea, eta lekuaren edo baldintza ekonomikoen arabera formatu bat edo beste eramango dut”. Errealista eta zintzoa da musikaria eszenan duen lekuaz hitz egiterakoan: “Jendeak ezagutzen du nire izena, han eta hemen ibili naizelako, baina nire musika proposamena ez, eta kontziente naiz horretaz. PiL.T.-ekin asteburu honetan mila pertsona sartu ditugu Ezpeletan, eta nire proiektuarekin agian hogei lagun erakarriko ditut. Proiektu berri bat defenditu behar dut eta ia zerotik hastea bezala da. Hainbat jendek beharbada nire lana entzungo duen lehen aldia izango da. Baina rocka maite dut, eta prest nago aurre egiteko, gogotsu gainera”.

Duela bi urte Gorka Erostarberi emandako elkarrizketan iragarri zenuen Aritz Aranburu Split 77 taldeko kidearekin lanean ari zinela. Elektronikatik abiaturik, kantuetan beste atmosfera batzuk lantzeko gogoa zenuen. Aranburuk ez du parte hartu disko berrian, baina zuk esandakoagatik, harekin egindako lanaren arrastoak sumatu daitezke. Izan al du eraginik?
Bai, Aritzek eta biok proiektu bat daukagu, pixka bat alboratu egin dugu momentuz, baina hemendik gutxira berreskuratzea. Lan egiteko moduan eta kantuetan badaude Aritzekin izandako esperientzia horren ondorioak nolabait. Aritzekin izandako feedback-ak eragina izan du kantu berriak sortzerakoan. Saiatu naiz nire aurreko lanetan erabilitako moldeen mugak gainditzen eta horren baldintzatuta ez egoten. Intuizioari bidea zabaldu diot, eta sortze prozesuan ez naiz oso arrazionala izan. Pauso hori batez ere Aritzekin egindako lanari esker etorri da.

Hortaz, diskoan ez daude Aranbururekin landutako kantuak.
Baten bat bai. Jon Agirrezabalaga tartean sartzerakoan, berbideratu egin nuen diskoaren ildo estetikoa, baina intuizioari askatasun handiagoa ematea izan da intentzioa beti. Orain arte mugitu naizen pop ildo horretan beharbada kantuen estrukturak eta harmoniak aurrez igartzeko modukoak edo hertsiagoak ziren. Saiatu naiz kantuei buelta larregi eman gabe joaten uzten, eta horrek eraman nau beste modu batean lan eginda helduko ez nintzen leku batzuetara.

Lehen aldiz ekoizle artistiko batekin egin duzu lan. Zuk baduzu esperientzia zeregin horretan, badakizu zer den sortzaileari kanpoko begiradaz laguntzea. Zergatik aukeratu zenuen Jon Agirrezabala eta nola izan da elkarlana?
Aspalditik nenbilen sparring baten bila, kontzeptualki eta musikalki. Jaime Nietok proposatu zidan Jonekin saiatzea. Gustatu zaitzaidan asko Garirekin egindako lana [Estutu diskoan]. Kantuak erakutsi nizkion, sekulako feeling ona eman zidan hasieratik, eta oso gustura nago. Uste dut artistikoki aspaldian hartu dudan erabakirik onena izan dela beste pertsona batengan delegatzea sortzeak dituen hainbat erabaki. Nik egindakoari beste entitate bat eman dio, eragin handia izan du nire kantaeran, eta nahiz eta kantuen egiturak agian ez dituen hainbeste ukitu, txikiak eman dezaketen detaileekin zenbait kantu irauli ditu. Erabat delegatu dut alde horretatik. Badakit zer den konfiantza izatea produktore batengan eta zer garrantzitsua den. Ziur zaudenean pertsona batek lagun zaitzakeela, hoberena da benetako konfiantza izatea pertsona horrengan. Diskoa osotasunean ikusteko oso garrantzitsua izan da Jonen begirada. Eta psikologikoki ere oso pertsona interesgarria da, musikaria bideratzen dakiena. Kokatzen zaitu, eta horretan asko lagundu dit.

Teklatuen erabilera eta oinarri erritmikoaren pisua dira diskoko berrikuntza nabarmenenak. 80ko hamarkadako post-punk estilora gerturatu zara zenbait kantutan. Ekoizlearekin lan egiten hasi aurretik argi zenuen kantuen ildo estetikoa?
Bai, nahiko zehaztua neukan maketetan, baina Jonek zehazten lagundu dit. Nik beti izan dut kantuak moldaketekin larregi janzteko joera. Nire proposamenetatik abiatuta Jonek galbahea egin du, erabaki du zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Saiatu naiz orain arte erabilitako patroietatik ateratzen, eta nahi gabe bide horretara eraman nau teklatuekin jolasteak eta konposatzeak… Hasieratik sonoritateak eramaten ninduen 80ko hamarkadara. Inkontzientean sasoi hartako musika oso barneratua daukadala uste dut. Musika entzuten hamarkada horretan hasi nintzen, Mungiako taberna batean musika jartzen nuen, eta diskoan agertzen diren hainbat gauza sasoi hartan jartzen nuen musikan ere bazeudela konturatu naiz gerora. Entzule moduan oso urte intentsoak izan ziren haiek, eta background hori azaleratu da orain. Hiruzpalau kantu egin ondoren konturatu nintzen sonoritate horretara gerturatzen zirela, eta nire kantuak egiteko modua hamarkada horretakoa ez bada ere, fusio horretatik zerbait interesgarria atera zitekeela iruditu zitzaidan.

“Teklatuekin konposatzeak 80ko hamarkadako sonoritatera eraman ninduen. Inkontzientean sasoi hartako musika oso barneratua daukadala uste dut”

Gitarra askoz ezkutuago dago, bigarren mailako rola betetzen du. 
Nire tresna da gitarra eta musikalki leku ezberdin batera joan nahi banuen, banekien murriztu egin beharko nuela haren presentzia. Oso jotzeko modu pertsonala daukat eta oso erraza da gitarrari lekua utzita nire esparru estetikoa gehiago mugatzea. Kontzientea nintzen nire gitarrari hegoak moztu behar nizkiola, eta ez da erraza izan. Nik zerbait sortzen dudanean segituan ikusten ditut moldaketak, eta umiltasun ariketa handia izan da hori moztea eta gordintasun batean mantentzea kantua, beste instrumentu bati ere lekua uzteko. Diskoan teklatuek asko markatzen dute, eta hori da gitarrari ez diodalako eman beste disko batzuetan eman diodan lekua.

Teklatuekin batera, perkusioak ere garrantzi handia hartu du diskoan. Lan horretarako Lou Topet taldeko Ander Zulaika aukeratu duzu.
Kantu askotan bi bateria daude grabatuta. Elkar estudioan grabatu behar genuenez areto handiari etekina atera nahi nion; oso garrantzitsua izan da bateria soinu orokorrean. Bestetik, erritmikoki ere orain arte egin ez dudan gauza bat da, eta hor ere jolastea zen helburua. Ander oso bateria jotzaile fina da eta horretarako joko handia ematen du. Kantu berean erritmo ezberdinak probatu ditu, erritmo baten gainean beste bat gehitu… Musikari gaztea da Ander, belarriak oso zabalik ditu, ez du inolako aurreiritzirik, eta berehala egiten du jauzi… Hori oso positiboa da, batez ere nahi duzunean jolastu eta ikusi noraino irits daitezkeen gauzak. Aurreko diskoetan kantuak oso itxita eramaten nituen estudiora, horrekin tematzen nintzen. Gero, estudioan nik egindako zerbait ez banuen entzuten, ez nintzen eroso sentitzen; orain burua zabalik eta prestatuta eraman dut aurreikusita ez zeuden gauzak onartzeko.

Lehen esan duzu zure kantaeran eragina izan duela Jon Agirrezabalagak. Erosoago sumatzen zaizu, goi erregistroak baztertu dituzu. Kantuen tenpoak ere lagundu dizu horretan.
Kantuak tonalitate diferenteetan sortu nituen, nire ahotsaren ezaugarrietara ondoen egokitzen zena aurkitzeko. Orokorrean jo dugu kantuen tonuak jaistera, tonu bat, tonu eta erdi, bi tonu… Jonek behin eta berriz esaten zidan erlaxatuago abestu behar nuela. PiL.T.etik kanpo abesten hasi nintzenetik ahotsaren erabilera izan da beti nire gainditu gabeko ikasgaia. Batzuek jaiotzetik dute ahotsarekin adiskidetasun harremana eta beste batzuek lanaren bidez lortzen dute. Hori da nire kasua. Prozesu batean ibili naiz nire ahotsaren benetazko lekua aurkitu nahian; uste dut gauza interesgarriak egin ditudala aurreko lanetan, baina beharbada ez ditut borobildu ahotsarengatik, ez dudalako lortu ahotsarekin adiskidetzea. Badira pare bat urte nire ahotsarekiko harremana askoz erosoagoa zaidala, nire kantaeran askoz konfiantza handiagoa dudala, eta uste dut diskoan islatu dela. Jonen eraginez tonuak jaistea izan da joera, eta nire kantaerari ondo etorri zaio.

“Badira pare bat urte nire ahotsarekiko harremana askoz erosoagoa zaidala, nire kantaeran askoz konfiantza handiagoa dudala, eta uste dut diskoan islatu dela”

Hiria da diskoaren ardatz kontzeptuala. Hiriaren marmarrak —trafiko hotsa, jendearen ahotsak…— betetzen ditu kantuen arteko tarteak, soinu-estetikak giro urbanoa iradokitzen du, eta hitzak hiriko istorioak dira.
Banuen disko kontzeptual bat egiteko gogoa. Gaur egun musika kontsumitzeko joera kontrakoa da, disko kontzeptualak hasieratik bukaerara entzuteko dira, giro batean sartuta eta hari bati jarraituta. Kontzeptua testuen aldetik etorri behar zela uste nuen. Ideia baten bila nenbilen, eta hiruzpalau kantu eginda nituenean lagun batek esan zidan hiria zetorkiola burura. Pentsatu nuen izan zitekeela diskoaren kontzeptua bideratzeko aitzakia. Erabaki nuen kantuen izenburuak pertsonen izenak izatea, eta idazleengana jo nuen hirian bizi diren pertsonen inguruko istorioak idazteko.

Kantuen izenburuak pertsonen izenak izatea, hiria gizakiok osatzen dugula aldarrikatzeko modu bat da? Izan ere, hiriaren deshumanizazioa da nolabait testuetan gailentzen den ikuspegietako bat: bakardadea, elkartasun eza, bazterkeria… Hiriaren alde hedonista ez da azaltzen.
Bai, bazen hori arrazoietako bat. Hemendik oso gutxira munduko populazioaren %95etik gora hirietan bilduko da, baina hirian sekulako paradoxak ematen dira. Hirietara jendeak jotzen du taldearen babes bila, baina bakardaderik krudelena hirietan ematen da. Hiriak ekar ditzakeen kontraesan horiek interesatzen zitzaizkidan, pertsonen alderik ilunenak eta argienak azaleratzeko gaitasuna duten guneak dira hiriak. Zer bilatzen dugu hirietan? Zergatik biltzen gara hirietan? Hiriak anonimotasunerako guneak dira, baina eraikin berean beste 100 pertsonarekin bizi gara, eta askotan ez dugu ezagutzen parean bizi den laguna. Jendea gertu dago eta aldi berean distantzia handia dago. Oso leku deshumanoa iruditzen zait, baina ez nuen hiriaren irudi ilunegia eman nahi diskoan.

Rafa Rueda (Argazkia: Galder Izagirre)

“Sortze prozesuan ez naiz oso arrazionala izan”.  (Galder Izagirre)

Kantuak banaka komentatuko ditugu. “Angel” izenekoak zabaltzen du diskoa. Ez du hausten zure iraganarekin, baina ñabardura berriak agertzen ditu soinuan. Zubi lana egiten du aurreko diskoekin.
Kanturik zaharrena da. Ez du kasualitatez diskoa zabaltzen. Harkaitz Canok idatzitako letraren hasierak horrela dio: “Kristalezko hiri bat eskaini didate…”. Diskoa zabaltzeko oso aproposa iruditzen zitzaidan esaldia eta izenburua hortik hartu dut. Orain arte landu ez dudan estruktura bat du: ez dago lelo argirik, crescendo bat da… Estetikoki gerturatu daiteke aurreko lanetako giroetara.

Jon” izenekoa pop kantu petoa da, lelo itsaskorra du, baina sintetizadoreak agertzen dira eta oinarri erritmiko sendoak gidatzen du abestia. Lehen aldiz emakumezko ahotsak sartu dituzu zure disko batean.
Ahots moldaketa ezberdinak eginda nituen abesti honetarako baina ez nuen aurreikusita beste pertsona batek egitea koruak. Jonek proposatu zidan eta sekulako mesedea egiten dit, haizea hartzen du kantuak. Jonek berak eman zidan Aitziber Omagobeaskoaren izena. Kantuak ezagutu gabe oso erraz enpastatzen zuen eta uste dut kantuek asko irabazi dutela bere ekarpenarekin. Abesti honen letra ere Canorena da.

“Nahikari” da diskoan jorratutako ildo berriaren erakusgarri garbia. Oso abesti erritmikoa da, errobot batenak diruditen koruak eta sintetizadoreak ditu. 
Estetikoki hau da orain artekotik gehien aldentzen den abestia. Nire maketa teklatuekin eginda zegoen, gitarrarik ez zegoen, eta baxuaren moldaketak garrantzia handia du, beste modu batera dago sortua. Diskoa entzun duen jendearen artean gehien harritu duen abestia da.

“Roy Batty” bi zatitan banaturiko kantua da. Motel hasten da, perkusioak eta gitarrak baino ez diote laguntzen ahotsari. Bukaeran sintetizadoreek kutsu futurista ematen diote, bat egiten duena izenburuan Blade Runner filmari egindako keinuarekin.
Maketa pasa nion Unai Iturriagari, eta heriotzari buruzko zerbait idazteko proposatu nion. Teklatu horiekin burura zetorkion bakarra Blade Runner zela erantzun zidan. Hortik atera zitzaion. Kantu honen estruktura lokalean borobildu genuen musikariekin, argi nuen azken zati horretan eztanda bat izan behar zuela baina ez zegoen guztiz sortua. Testuaren aldetik, oso polita iruditzen zait, metafora indartsuak ditu, Unaik gaitasun handia du horretarako.

“Little Cowboy” post-punk kantua da, dantzarako atmosfera eta leloa ditu… Chromatics eta Drive filma ekarri dizkit gogora.
Hau ere teklatuekin sortzen hasi nintzen, eta horrek eragina izan du kantu askoren egituran. Maketan Joni gehien gustatu zitzaion kantua izan zen. Gitarrak ez du leku handirik, melodia agertzen den puntu horretan izan ezik. Oso gustura gelditu naiz abesti honekin.

“Eleonora”-k itxura klasikoagoa du, balada bat da, baina in crescendo doa, eta leloen arteko zubi instrumentala oso ederra da. Zahartzaroa eta bakardadeari buruzko kantua da.
Hitzak Miren Amurizarenak dira. Kanta hau ez nuen maketatu eta oso biluzi pasa nion, ahotsa eta gitarrarekin. Hasieratik emakume zahar baten irudia zetorkion burura. Oso gutxi landu den gai bat da gure kantutegian, pertsona zaharren bizimodua. Kasu honetan, emakume adinduen bizitzari buruzko kantua da, baina oso ikuspegi polita du. Estruktura aldetik klasikoa da, baina nire iritziz, osotasunean, oso lortua dago kantua.

“Maryana” lotzen da “Little Cowboy” abestiarekin. Sintetizadoreek “zikindutako” post-punk doinuak dakartza. Diskoko hitz gordinenetakoak ditu abesti honek: “hiri garbia arrotzegia da / agurrez gabetua / hiri lerden hau uherra / agurrez besamotza / hiri zuria kraka da merke / haragia itzal  dugunontzat”.
Testua Gotzon Barandiaranena da. Bere lekua aurkitzen ez duen pertsona baten istorioa da. Etorkina, emakumezkoa… baztertua izateko txartel guztiak dituen pertsona bat. Nahiko kantu melodikoa da, baina estruktura Jonek lagundu zidan borobiltzen. Gitarratik abiatutako abestia da, baina teklatuek eta baxuak garrantzia dute kantuaren sonoritate berezi hori sortzerakoan. Baxuaren moldaketek gogora ekartzen dute “Nahikari” abestia. Ziurrenik bata bestearen segidan konposatutako kantuak dira.

“Ainara” zure kantagintzan erabat identifikagarria den abestia da.
Nahiko kantu zaharra da, eta hasiera batean beste bide batetik egin nituen moldaketak. Diskoa grabatu baino hilabete batzuk lehenago, zalantzan nengoen sartu edo ez; jolasten hasi ginen, eta iruditu zitzaigun bazuela entitatea diskoan sartzeko.

“Oroitz” diskoaren ildotik ateratzen den abestia da, hala kontzeptuaren aldetik —36ko gerran desagertuei buruzkoa da— nola kantuaren egitura aldetik.
Diskorako sortu ez dudan kantu bakarra da. Memoria historikoari buruz Lemoako udalak sortutako ekimen baterako konposatu nuen Arkaitz Estiballesekin. “Amamaren begietan” izenburua zuen. Testua oso indartsua da, nik familian bizi izan dut horrelako istorio bat, eta pena ematen zidan diskoan ezin sartzea beste testuinguru batean sortua zelako. Baina gero pentsatu nuen: hau ere bada hiriaren parte. Hirian bizi den gazte batek idatzia da abestia, eta hirian ere tartea egin dakioke iraganari. Bertsoak dira, melodiak ez du aldaketarik, baina testua oso indartsua da, eta pertsonalki bereziki hunkitu ninduen. Musikalki biluzia da, testuak indar handiagoa har dezan.

“Irina”-k ixten du diskoa. Zureak dira azken hitzak: “Pausatzen ez den hautsa / bihotz karratuak / puzzle baten ale galduak / itzalik bako arbolak / bakardade aldrak / zebrabideak elurretan / Zorion saltzaileak / malur erosleak”
Outro bat da. Sortu nuen azken kantua da, diskoa ixteko. Testua aurreko kantuekin lotuta dago, iluna da, atzerritar batek bere gelatik zer ikusten duen kontatzen du. Penarekin geratu naiz hiriaren alde ludikoa gehiago agertu ez izanarekin diskoan, baina horrela atera da.

ETIKETAK:Ander ZulaikaAritz AranburuElkarGotzon BarandiaranHarkaitz CanoJaime NietoJon AgirrezabalagaLeire BilbaoMiren AmurizaRafa RuedaTxus AranburuUnai Iturriaga