Musika

Julen Azpitarte

2017.12.26

Julen Azpitarte

Disko kritika: ‘Hiri kristalezkoa’ (Rafa Rueda)

Rafa Rueda azala

Deigarria eta eskertzekoa da Rafa Ruedak eta Xabier Montoiak lan berrietan egin duten ahalegina haien ohiko soinu edo maneretatik aldentzen diren kantuak eta grabazioak sortzeko, horretarako ausardia izan behar baita, bai eta konbentzimendua ere. Sortze-prozesuan loratzen diren zalantzei heltzea eta aurretik zehaztutako plana gauzatzea ez da batere erraza sortzaile batentzat, eta biek ala biek lortu dutelakoan nago, une zalantzatiok gorabehera. Hala, Ibon RG musikariaren laguntzaz, Montoia hari-laukotetik abiatu bada bere ohiko pop doinuak orkestra kutsuarekin janzteko, Pi L.T. taldeko abeslariak, berriz, 1980ko hamarkadako pop elektronikora jo du, hiri kontzeptuaren inguruan ardazten diren hamar pop doinu gozo, sotil eta tarteka dantzagarri eraikitzeko.

Hartara, sei urte igaro dira Rafa Ruedak bere izenarekin sinatutako azken diskoa argitaratu zuenetik. Tarte horretan atzera begirako gogoeta eta lan eskerga egin ditu, bere ibilbidea aztertzeko asmoz, baina, era berean, aurrerapauso bat emateko premia ere sentitu du, eta aurrera egiteko beharrizan horren emaitza da hiri dirdiratsu hau.

Mungiarrak berak iragarri duenez, kantuok bere gazte garaiko giroan bustita datoz. Mungiako Morris izeneko pub batean diskoak jartzen zituenean, eta sasoi hartako usainak nabaritzen dira diskoan: «The Cure, Depeche Mode… 1980ko hamarkada amaierako eta 1990eko hamarkada hasierako zantzuak». Horrekin batera, abestiok teklatuetatik sortu ditu, eta hori ere igartzen da kantuen elektro-pop kutsuko atmosfera melodikoetan. Horri guztiari Jon Agirrezabalaga (WAS) ekoizlearen eskua gehitu behar zaio. Ekoizlearen esanetara jarri da Rueda, eta elkarlan horretatik etorritako fruitua sinbiosi egokia suertatu da. Lankidetza hori nabarmentzekoa da, musikaria estreinakoz aritu baita ekoizle batekin.

Eta diskoak giro ezkorra haizatu izanagatik ere, hainbat euskal idazlek idatzitako hitzak tarteko, eztia da, eta melodiak eta Rafaren ahots berritua erraz harilkatzen dira, ekoizpenaren detaile ederretan bilduak. Hala, Gotzon Barandiaranen testuekin osatutako Nahikari” kantuak 1980ko hamarkadako pop elektroniko dantzagarritik edaten du; Harkaitz Canoren testuekin eraikitako Angel kantuak Ruedaren ohiko erregistroak erakusten ditu, baina konponketa elektroniko xumeekin eta emakumezko ahotsekin apaindua; Little Cowboy”, bestalde, teklatu eta bateria erritmo sinple bezain sendoekin hasten da, eta aurrera egin ahala horditu egiten da, narkotizatu egiten du entzulea, eta bat-batean Jone Ibarretxeren ahotsak kantua hausten du, balentriaz, pasarte oniriko txikia txertatzeko, eta Maryana”-n entzuten den funk kutsuko baxu ahaltsua barruan iltzatzen zaizu.

Finean, nire aurtengo euskal disko onen zerrendara doa zuzenean, Kaskezurren Azpisugeak eta Montoiaren Gorraizea-rekin batera. 2017a urte ikusgarria eta askotarikoa izan da gurean egindako musikarentzat. Zoriontsuak gu. Eguberri on.

(Berria egunkarian, 2017ko abenduaren 24an argitaratutako kritika)

ETIKETAK:Gotzon BarandiaranHarkaitz CanoJon AgirrezabalagaKaskezurPi.L.T.Rafa RuedaXabier Montoia