Elkarrizketa

Edurne Begiristain

2025.11.27

Edurne Begiristain

“Lehen esatera ausartzen ez nintzen gauza batzuk daude lan honetan”

Elkarrizketa: Marina Landa (Aria)

Marina Landarentzat (Donostia, 1993), “ziklo bat ixtea eta barruan bakea lortzea” bezalakoa izan da Aurrera begira lana sortzea. Sei kantak osatzen dute Aria taldearen bigarren estudioko lana, eta denek dute hari komun bat: “Etorkizunari heltzeko prest egotea, eta gure parean dugunari irmo begiratzea”. Urdin aurreneko lana kaleratu zutenetik bi urte igaro diren honetan, taldea “indartu” egin dela eta “begirada zabalagoarekin” sortzen duela esplikatu du.

Aria taldea, Marina Landa buru dela, zuzeneko emanaldi batean. IÑIGO BLANCO

Aria taldea, Marina Landa buru dela, zuzeneko emanaldi batean. IÑIGO BLANCO

Lanaren izenburuak mezu argia ematen du. Zer dago atzean?

Aurrera begiratzearen ideia edo horretarako beharra. Sei kantuek josten duten haria da etorkizunari heltzeko prest egotea eta parean dugunari irmo begiratzea. Batzuetan beste norbaiti begiratzen diogu, baina askotan geure burua da ispiluan ikusten duguna. Gure bizitzaren jabe izateko ausardia izateak, finean horrek ematen dio zentzua diskoari.

Lehen diskoarekin alderatuta, lan honek pop, pop-rock eta elektro-pop nahasketa sendoagoa du. Zeintzuk izan dira zuen bilakaeraren gakoak?

Aria taldea sortzeko erabakia hartu nuenean, Euskal Herria eta Sizilia artean bizi nintzen. Garai horretan Iñaki Ortegorekin jotzen hasi nintzen, eta ikusi genuen elkarrekin proiektu bat egin genezakeela. Bi urte dira dagoeneko lehen lana kaleratu genuela, eta taldea aldatu egin da, eboluzio handia izan dugu. Disko hau ere horren emaitza da, nolabait, buru askoren artean eraikitakoa: taldeko kideen ekarpenak, Oriol Floresen ekoizpena eta Beñat Igerabideren nahasketa hor daude. Denok hartu dugu parte, eta askoz pentsatuagoa eta metodikoagoa izan da prozesua.

Abesti bakoitzak bizipen edo egoera bat jorratzen du: beldurra, onarpena, eraldaketa… Zer dela eta erabaki zenuen gai horiei tartea ematea?

Kanta bakoitzak bere mezua du, eta batzuk oso pertsonalak dira. Nik bizi izan ditudan egoerak dira, baina konturatzen naiz ez direla bakarrik neureak, kolektiboak ere badirela. Pertsonalak eta politikoak elkar ukitzen dutelako.

Kantuetan nabari da askapen pertsonala eta indar indibiduala kolektibo bihurtzeko gogoa duzula. Diskoa terapia modura ere bizi izan duzu?

Niretzat, musika terapeutikoa da, baina, aldi berean, ez da. Nire arazoak nolabait prozesu baten parte bihurtzen direnean eta horrek barrenak nahasten dizkidanean abesti bat ateratzen bada eta, gainera, harro sentiarazten nauen abesti bat baldin bada, bi gauza sorrarazten dizkit: alde batetik, pentsatzea bizipen horri, atsegina izan ez bada ere, zerbait positiboa atera dakiokeela; eta, bestetik, konturatzen naiz niretzat terapeutikoa dela agian ozen esan ezin ditzakedan gauzak idaztea, eta, hain zuzen, lehen esatera ausartzen ez nintzen gauza batzuk daude disko honetan. Niretzat, ziklo baten itxiera eta nolabaiteko barne bakea izan da hori.

“Kanta bakoitzak bere mezua du, eta batzuk oso pertsonalak dira. Nik bizi izan ditudan egoerak dira, baina konturatzen naiz ez direla bakarrik neureak, kolektiboak ere badirela”

Banoa kantan indarkeria matxista jasaten duen emakume baten istorioa kontatu duzu. Zergatik sentitu zenuen halako istorio bat musikara eramateko beharra?

Kanta idatzi nuenean kontzientzia hartu nuen zenbat feminizidio zeuden, zenbat salaketa, zenbat emakumek jasaten dituzten tratu txarrak eta zenbatek ez duten salatzen… Erabat errotua dago indarkeria matxista gure gizartean, eta ezinbestekoa iruditzen zait musikatik ere hori lantzea. Gu talde txikia gara, baina gure ekarpena egin nahi dugu.

Il dolce far niente abestiak produktibitatearen logikari kritika egiten dio.

Abesti hori etengabeko gogorarazpen bat da neure buruari esateko ezin garela produktibitatean egunero eta une oro murgilduta egon. Ni ere ikasten ari naiz ezer ez egiteaz gozatzen, nahiz eta oraindik kosta egiten zaidan.

Zeintzuk izan dira lan honetarako erabili dituzun musika erreferentziak?

Ez dugu estilo jakinik nahita bilatu; gustuko ditugun eta gure bizitzan esanguratsuak izan diren kantek markatu dute bidea. Pop britainiarra garrantzitsua izan zen nire haurtzaroan eta nerabezaroan, eta pop italiarra Sizilian bizi izan nintzen garaikoa da. Lehen diskoan handiagoa zen eragin hori; oraingoan sotilagoa da. Baina italierak soinu, errima eta kadentzia propioak ditu, eta sortzeko eta jolasteko leiho bat irekitzen dit.

Soinua lantzean, nola aritu zarete Oriol Flores, Beñat Igerabide eta gainontzeko taldeko kideekin? Nolakoa izan da sormen prozesua?

Oso polita. Lehenik, nik kantak eraman dizkiot taldeari; gero, Oriol Floresen ekoizpen lanarekin forma berriak bilatu ditugu; eta, ondoren, Igerabidek nahasketari bere ekarpena egin dio. Trukaketa aberasgarria izan da. Denok ikasi dugu, kolore berriak eta aukera berriak esploratuz.

“Ez dut inoiz beldur eszenikorik izan, baina bai zalantza handiak. Askotan sentitu naiz txiki, edo, nola esan… oholtzan egoteko eskubiderik gabe. Inpostorearen sindromea oso presente egon da urte luzez”

Zure letrak oso narratiboak eta sinbolikoak dira. Nola idazten duzu?

Batzuetan idazten dut koadernoa hartuta, eta neure buruari esanez: “Gaur zerbait idatzi nahi dut”. Eta batzuetan hortik zerbait ateratzen da, eta besteetan ez. Trenean, autobusean, dutxan, garbitu bitartean, eguneroko momentu batean melodia bat datorkit burua, eta, hori gertatzen denean, miraria edo inspirazioa balitz bezala, saiatzen naiz sakelakoarekin grabatzen eta gero lanketa egiten. Azkenaldian, pianoarekin konposatzen hasi naiz, baina, oro har, gitarra dut konposatzeko tresna.

Abesti askotan, zaurgarritasuna eta ausardia batera agertzen dira. Publikoaren aurrean zaurgarritasun hori erakustea zaila egiten zaizu?

Ez dut inoiz beldur eszenikorik izan, baina bai zalantza handiak. Askotan sentitu naiz txiki, edo, nola esan… oholtzan egoteko eskubiderik gabe. Inpostorearen sindromea oso presente egon da urte luzez. Baina konturatu naiz honek egiten nauela zoriontsu, eta zaurgarritasun horrek indarra ere eman diezadakeela. Taldearen babesa funtsezkoa izan da. Orain badakit nire ahotsa eta nire istorioak erakuts daitezkeela, eta hori pribilegio bat da.

Nola dago Aria taldea?

Urdin argitaratu genuenetik bi urte pasatu dira, eta, tarte horretan, nik doktoretza amaitu nuen, taldearekin zuzeneko asko egin ditugu, eta asko ikasi dugu. Orain begirada zabalagoarekin sortzen dut. Talde gisa ere indartu gara, eta parte hartu duten guztien ekarpenak gure soinuaren parte dira. Hori dena sumatzen da Aurrera begira diskoan.

Zer aurkituko du Ariaren zuzenekora doanak?

Gure zuzenekoak kantuen arabera aldatzen dira. Hasiera lasaiagoak izan ohi dira, eta pixkanaka energia hartzen dute. Poparen eta pop-rockaren artean mugitzen gara. Jendea dantzan jartzea ez da beti erraza Euskal Herrian, baina askotan lortzen dugu.

ETIKETAK:2025eko elkarrizketaAriaEdurne BegiristainMarina Landa