Elkarrizketa

Andoni Imaz

2021.10.10

Andoni Imaz

“Nire musikak ez du askorik behar”

Elkarrizketa: Antton Valverde

Antton Valverdek (Donostia, 1943) abesteko eta pianoa jotzeko dituen dotoreziaren eta sotiltasunaren isla da hark musika egiteko duen modua. Zaratarik atera gabe eman ditu argitara zenbait lan azken urteetan, eta gustura dago Gaua. Ausentziaren itzala diskoak (Elkar, 2020) horiek baino oihartzun handiagoa lortu duelako. Bi DVD atera ditu azken urteetan, eta 2007koa da disko formatuan egin zuen aurreko lana: Hamabi amodio kanta. Orduan baino musikari gutxiagorekin aritu da orain: Francisco Herrero biolinistarekin eta Ivan Carmona biolontxelo jotzailearekin. Kontzertuetan, Joxan Goikoetxea akordeoi jotzailearekin aritzen dira zuzenean. Diskoa aurkezten ari da oraindik; «nerbioso arraio» igaro du astea Bilboko Arriagan kontzertu bat ematekoa zelako. Beasainen (Gipuzkoa) joko du hilaren 15ean, eta Zarautzen (Gipuzkoa) azaroaren 13an.

A Valverde (Jon Urbe)

Antton Valverde ‘Gaua. Ausentziaren itzala’ diskoa aurkezten hasi da.

Izenburuak bi zati ditu, bi disko egin izan bazenitu bezala: Harkaitz Canoren gauari buruzko poemekin egindako hiru kantak, eta gainerakoak.

Eta horrela da. Diskoa hiru kanta horiek gabe pentsatua zegoen hasieran. Gero pandemia etorri zen, eta etxean sartuta beste batzuk egin nituen. Arrazoi duzu, bi zati daude: hiru kanta alde batetik, eta beste guztiak bestetik.

Zergatik erabaki zenuen modu horretan egitea?

Canok gauari buruzko hamar olerki egin zituen Malgua da gaua lanean, Arkaitz Mendozarekin batera egin zuen disko-liburuan [Etxepare Institutua, 2014], eta gero olerki horien itzulpena gaztelaniaz eta ingelesez. Hasi nintzen horrekin bueltaka, eta atera egin zitzaidan. Lehenbizi euskarazkoa, “Sei silabako gauak”. Gainera, foliaren forma eman nion. Gaur egun ez da askorik erabiltzen, baina XVII. eta XVIII. gizaldietan bai, asko. Iruditu zitzaidan ondo zihoala, eta itzulpenekin animatu nintzen. Lehenbiziko aldiz abestu dut gaztelaniaz eta ingelesez: nire estreinaldia da [barrez].

Ordurako prest zenuen Ausentziaren itzala, bigarren zatia?

Hori Anjel Lertxundiren asmakizun bat da. Diskoan badago Canoren beste kanta bat, “Presentzia” izenekoa, eta Xabier Letek absentziari buruz egindako bat ere bai, “Joan zirenei”. Hori guztia kontuan hartuta, Lertxundik proposatu zidan titulu hori, eta egokia iruditu zitzaidan.

Leteren bi kanta daude, “Joan zirenei” eta “In manus tuas, Domine”, biak ere sakonak, bizitzari eta heriotzari buruzkoak…

“In manus tuas, Domine”-k bromazkoa ematen du, berak bere buruari egindako oroigarri bat… Kuriosoa behintzat bada.

Joan zirenei toki bat egin nahi zenien?

Bai. Diskoa egin baino askoz lehenago, Lete bizirik zegoela, etxera etorri zen behin. Nik banuen doinua gutxi gorabehera pentsatua, eta gaia ere bai. Proposatu nion berari egin zezala zerbait horrekin. Oraindik begi bistan daukat: ikusten dut Xabier eserita musika entzuten, nola esan zidan bukatzerakoan: «Bai, egingo diagu!». Eta egin zuen.

Zure musikan berriak diren zenbait poeta daude disko honetan: Juan Kruz Igerabide, Imanol Irigoien, Salbatore Mitxelena eta Elisa Rueda.

Ruedak Poetak Maiatzean jaialdia egiten du Gasteizen; oso interesgarria da. Irigoien betiko laguna dut. Aspaldian atera zuen Argiaren barne distantziak izeneko liburu bat, eta hor dago Vermeerren koadroetako argiaren tratamenduari buruzko olerki bat. Gure familian hartu-eman handia izan dugu pintoreekin, eta gaia oso gertukoa iruditu zitzaidan.

Zer aurkitu duzu haien poesian?

Bakoitzarenean gauza ezberdinak. Mitxelenarenean, Lauaxetaren omenezko gauza bat, oso bitxia, esoteriko samarra. Igerabiderenean, nik beti oso gogoko izan dudan tipo bat: Jorge Oteiza. Niretzat totem bat izan da, gauza izugarri bat.

Hainbeste urteren ondoren, Lauaxeta hor dago oraindik ere. Haren hitzekin ere egin duzu abesti bat.

Duela 40 bat urte atera nuen Lauaxeta diskoan [1978], “Itauna” zegoen, eta orain, “Erantzuna”. 40 urte pasatu eta gero, baina hor daude biak [barrez].

40 urte pasatu eta gero, oraindik ere interes berarekin irakurtzen eta musikatzen dituzu Lauaxetaren poemak?

Bai, hasiera-hasieratik maite ditut Lauaxeta eta haren olerkia. Haren figura, egia esan: gudariaren aldea, poetaren aldea… Oso maitagarria da. Eta haren poesia modernista da, aurrerakoi samarra… eta oso erlijiosoa. Bakoitzak nahi duena esango du, baina niri hori ere positiboa iruditzen zait.

Lizardi falta da beti erabiltzen dituzunen artean.

Diskoaren aurkezpenetan, jendeak bisa eskatzen baldin badu, Lizardi hautatzen dut, eta, hartara, konpleto.

Canok idatzitako “Presentzia” abestia da diskoko azkena. Hain justu, Canok berak leku nabarmena du, lau kantarekin…

Bai, handia gainera. Duela urte pare bat, Aubixa elkarteak alzheimerrari buruzko kongresu bat egin zuen, eta eskatu zioten egin zezala olerki bat, eta niri musika jartzeko. Hori da “Presentzia”. Hau egin arte, gutxi ezagutzen nuen Cano; pare bat edo hiru aldiz egona nintzen berarekin, ez gehiagotan, eta, tira, zerbaitetarako balio dute lan hauek. Niri kantagintzak hori eman dit: Euskal Herria ezagutu dut, eta jendea ere bai.

Gauari buruzko kantuen aldean, “Presentzia”-k ez du horren oinarri klasikoa, ezta?

Diferentea da, bai. Horrela ateratzen dira gauzak; ez nuen inolako planteamendurik egin. Ni musika ikaslea naiz 6 urtetatik, eta ez nintzen kontserbatorioan aritu, baina berdintsu; piano ikasketak egin nituen eta abar. Nire bizitza guztian musika klasikoa entzun dut gehien, eta, noski, horrek eragin handia du. Horrela dira gauzak; ez dakit hori ondo edo gaizki dagoen, eta berdin zait, gainera. Ni klasiko samarra naiz. Klasiko samarra ez, oso klasikoa, musikari dagokionez behintzat. Bestela, ez dakit… Tira, bestela ere bai [barrez].

Musika tresna gutxirekin lagundu duzu pianoa. Aurreko disko batzuekin konparatuta, ez dago haize instrumenturik, esaterako. Zergatik?

Hasierako hiru kanta horiek geroago egin nituenez, ezer gutxi dago: pianoa, teklatuarekin gauza txiki bat… Dena neronek egin nuen. Besteak Karlos Gimenezek moldatu ditu. Nire asmoa zen instrumentu askorik ez erabiltzea, sinple egitea, eta horrela egin zuen. Iritzi oso positiboak entzun ditut Karlosen moldaketari buruz, eta niri ere gustatzen zait, nola ez. Laguna dut oso.

Zergatik nahi zenuen soiltasun hori?

Iruditzen zait nire musikak ez duela askorik behar. Ez kanta horietan bakarrik, beste diskoetan ere bai. Sekula ez dut jarri perkusiorik, sekula ez. Ez zait gaizki iruditzen, eta noizbait badut proba egiteko tentazioa, baina orain arte behintzat ez. Gainontzean, kasik ahalik eta gutxiena. Nire kantek ez dute eskatzen.

Nolako harrera izan du diskoak?

Egin ditudan gauzen artean, Lauaxetaren diskoa eta biak izango dira harrerarik onena eduki dutenak. Honekin gertatu zait berriro boladan jarri banindute bezala. Uste dut baloratuago sentitu naizela, neurri batean. Kontent nago.

Horrek esan nahi du orain arte ez duzula sentitu horren baloratua izan zarenik?

Uste dut baietz. Lehen esan dut, Lauaxetaren diskoak bai, horrek arrakasta handia eduki zuen. Eta besteak… ba, bueno, hortxe. Honen aurretik egin ditudan bi lanak DVDak izan dira, Anjel Lertxundirekin batera. Bata, 3 L, Lauaxeta, Lete eta Lizardiri eskainitakoa; eta bestea, Hitzak hots, Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Tere Irastortza, Miren Agur Meabe eta Arantxa Urretabizkaiaren poemekin egindakoa. Horiek kasik oharkabean pasatu dira, eta uste dut ondo daudela. Gero, egungo eboluzio teknikoarena gauza izugarri bat da, bazter batean uzten gaitu. DVD bat atera, eta etxe gehienetan ja ez dago horrelakorik. Hori ere gure kontra.

Gaur egun, musikariek etengabe promozionatu behar dute euren burua…

Bai, bai. Ni horretan ez naiz sekula iaioa izan. Gainera, Xabier Leterekin ibili naiz urte askoan, eta beti bera zen figura. Nik onartuta, noski. Baina gero, Lete ez dagoela… nik nire lana daukat.

Garai oparo batean zaude?

Azken hamar, hamabi urtean, bai, egin ditut gauzak. 3 L eta Hitzak hots guztira hamasei bat kanta dira, eta oraingo disko denak nik eginak dira, “Buhamejaunaren pheredikia” izan ezik; hori herrikoia da. Erretiroa hartu, gero pandemia… Zer egingo dut, ba?

Musikari eskainitako denbora asko aldatu da azken urteetan?

Gauza ederra da denbora edukitzea eta musikarekin disfrutatzea. Pianoan jarri, musika jo, eta hortik ateratzen dira gauzak, arian-arian.

Baduzu diziplinarik pianoa jotzeko?

Ezta pentsatu ere. Jaialdiren bat dagoenean bai, hamabost egunean edo hilabetean ariketak egiten ditut forma pixka bat hartzeko, inportantea baita jendaurrean eskuaz ez arduratzea. Bestela, gutxi; baina beti zerbait. Asko disfrutatzen dut pianoa jotzen.

Poesia irakurtzen duzunean, musika izaten duzu buruan?

Bai, bai. Beti. Musika daukat buruan beti-beti, momentu guztietan. Eta poesia liburu bat eskuan hartuta, askotan etortzen zait doinu baten hasiera, konpas bakarra bada ere, eta horrek ematen du okasioa gero jarraitzeko eta kanta osatzeko. Lanean egonda ateratzen dira gauzak; berez, gutxitan.

Abesti berriak sortzeko gogotsu zaude?

Bai. Ez dut erabaki bat hartzen; atera egiten dira. Kantaren bat badut egina. Bata Miren Agur Meaberen poesia batekin, besteren bat ere bai… Denbora pasatu ahala, kantak banan-banan erortzen dira.

Eta urte batzuk pasatzen direnean, horiek jaso eta disko batean eman?

Gehiago gustatzen zait disko bat egitea gai baten edo autore baten inguruan. Niretzat, hori da hoberena. Lizardiren Urte-giroak ene begian [1986], Lauaxeta… Tira, baina sortzen diren gainerako kantak ere gera daitezela grabatuta behintzat.

Horretarako gairik baduzu buruan?

Ez, oraintxe ez. Etorriko da, oraindik gaztea naiz eta.

ETIKETAK:Antton ValverdeHarkaitz CanoKarlos GimenezLauaxetaXabier Lete