Elkarrizketa

Mikel Izarra

2025.11.20

Mikel Izarra

“Noiz bukatzen da musika inprobisatua eta noiz hasten da ofizialki konposatua bihurtzen?”

Elkarrizketa: Mikel Vega

Urte pasatxo da Mikel Vegaren (Sestao, Bizkaia, 1984) Tresneria lanak euskal esperimentalismoaren ahotsik helduenetakoa bihurtu zuenetik, eta diskoa aitzakitzat hartu genuenetik bere ibilbide luzea birpasatzeko. Gitarrista, inprobisatzailea eta soinuaren artisaua, Loan, Orbain Unit, Killerkume edo Conteiner bezalako proiektuetan ibili da Vega, elektrizitatearen, errepikapenaren eta isiltasunaren artean bizi den lengoaia hedatuz. Bere musikak, inguratzen duenarekin
elkarrizketan dabilela dirudi beti: espazioak, gorputzak, testurak, kontzeptuak, eszenak…

Mikel Vega gitarra jotzaile eta musikaria.

Mikel Vega gitarra jotzaile eta musikaria.

Elkarrizketa hau imajinatzen hasi ginenetik —hasiera batean bere ibilbideari buruzko atzera begirako elkarrizketa gisa—, denbora igaro da, bai, baina baita gauza asko ere: bi aldiz geratu gara (bata bere etxean eta bestea nirean), biran atera gara elkarrekin, jaialdietara joan gara eta gau eta musika asko partekatu dugu. Berekin hain harreman hurbila izateak zaildu egiten du, nolabait, bere ibilbide luzea perspektibaz ikustea: bere eraginen, biratzeko eta zuzenean jotzeko moduaren partaide eta konplize izan bainaiz.

Horregatik, elkarrizketa hau galderen, erantzunen eta trukeen joan etorri etengabe eta amaiezina bihurtu da. Izan ere, Tresneria-ko bira Fernando Carvalhoren laguntzarekin egin du (elektronika eta gitarraren feedbacka txertatzen ditu) eta gero eta proiektu gehiagotan parte hartzen du Vegak: Vega Agirrezabalaga Simon trioa, Crownledge talde sasidoomeroa eta baita Conteiner hirukotearekin jarraitu ere. Beraz, dokumentu itxia baino gehiago, mugimenduan dagoen elkarrizketa da, afektuak, konplizitateak eta ulertu beharrak zeharkatzen duena, zerk bultzatzen duen norbait soinuarekin esateko modu berriak bilatzen jarraitzera.

1. Elkarrizketa hau Tresneria atera zenean egiteko asmoa genuen, baina asko luzatu da. Ordutik hona zer gertatu da zure bizitza musikalean? Eta nola daramatzazu konposizioaren (edo inprobisazioa), grabazioaren eta argitalpenaren arteko denborak?

2025eko argitalpenei buruz ari bagara, lau izango dira aurten kaleratutako disko eta grabazioak: bakarkako LPa (Tresneria, Repetidor Disc disketxeak kaleratua), Fernando Ulzion eta Matías Riquelmerekin hirukoa formatu digitalean (Protoctist, Repetidor Disc), Joseba Agirrezabalaga eta Mono Irazirekin batera grabatutako beste bat euskarri digitalean ere (Dinamoa Saioak #06, Series Negras), eta azkenik, azaroan cassettean argitaratuko dena, Garazi Navas eta Jon Imbernonekin egindakoa (Zutabe Hau Deuseztea, Crystal Mine).

Denborei dagokionez, kasu bakoitzak bere berezitasunak dituela esan beharra dago. Badaude ia grabatu eta nahastu / masterizatu bezain pronto nahiko bizkor argitaratzen diren diskoak, eta baita bi edo hiru urteko denbora tartea izan dutenak ere.

“Argi nuen ez nuela gitarra eta efektuekin inprobisatutako disko bat egin nahi”

2. Tresneria-ren inguruan asko hitz egin genuen egitura narratiboez, tentsioez eta trantsizio hipnotikoez. Gaur egun, atzera begiratuta, zer leku hartzen du disko horrek zure ibilbidean? Eta zein izan ziren orduan diskoko inspirazio nagusiak: soinuak, artea, azala, tituluak…?

Nahiz eta 2025eko urtarrilean biniloa Repetidorrek kaleratu, diskoa bi urte lehenago grabatua izan zen. Nire aurreko diskoarekin alderatzen baldin badut - Powndak Improv (Crystal Mine, 2021) – argi nuen ez nuela gitarrarekin eta efektuekin inprobisatutako disko bat egin nahi. Honekin ez nabil esaten formatu hau jada interesatzen ez zaidanik, baina aspaldi ari nintzen Ableton programarekin gauzatxo desberdinak probatzen, eta soinu mota horiek ere eranstea interesgarria iruditu zitzaidan.

Gitarrak Ander Barriusorekin grabatu nituen bi egunetan, eta gainontzeko elementu elektroniko eta elektroakustikoak nire etxeko gelan sortzen joan nintzen lasai asko. Gero Anderrek nahasketa egin zuen.

Zaila egiten zait atzera begiratu eta zehatz-mehatz une hartako testuingurua kokatzea, baina gogoratzen dut nolabait konposizio elektroakustikoaren kutsu hori ere nire modura txertatu nahi izan nuela. Pierre Schaeffer, Xenakis, Ákos Rózmann eta halako mobida asko entzuten aritu izan nintzen.

Diozun bezala, eraginak alde askotatik etor daitezke. Honen harira ere esan behar dut Tresneria diskorako zenbait musikariren zatiak sampleatu izan ditudala. Kasu askotan ez da apenas nabarituko, soinu asko oso prozesaturik baitaude. Estilo ezberdinetako (jazz, elektronika, metal, pop…) musikari eta taldeen zatitxoak hartu izan ditut.

Azkenaldian ere hainbat gitar jotzaileren musika entzuten ari naiz. Esaterako: Bill Frisell, Mary Halvorson, Allan Holdsworth, Chuck Roth, Grant Green, Ava Mendoza, Joseba Irazoki, Jeff Parker, Loren Connors, Bill Orcutt, Fred Firth, etab.

3. Zure ibilbide osoan barrena (Loan, Orbain Unit, Killerkume, Conteiner…), ze momentu nabarmenduko zenituzke? Zerk markatu du gehien zure bidea gaur eguneko musikaraino?

Zaila egiten zait laburbiltzea baina saiatuko naiz kronologikoki asuntua komentatzen.

Loanen garaia oso garrantzitsua izan da niretzat, nola ez. Perspektibaz ikusita harritzen nau nola 20-25 urte bitarteko gaztetxo batzuk izanda hainbeste jo eta ekoiztu genuen (demo bat eta bi disko bost urtetan). Talde honekin ere zuzenekoetan errealitate ezberdinak ezagutu ahal izan genituen: batez ere DIY espazio eta areto txikietan jo genuen, baina baita jaialdi handietan ere. Garai hau hitz batekin laburbildu beharko baldin banu, hitz hori disziplina izango litzateke. Noizean behin oraindik entzuten dut Karlos Osinagarekin grabatu genuen disko hau, eta asko gustatzen zait: Electric Wizard meets Dragoi Bola, edo halako zeozer:

Killerkumeren garaia fase berri bat izan zen. Joxean Rivas (perkusioa) eta biok talderik gabe geunden 2012an, elkartu eta entseatze erabaki genuen. Biko izateak ere arlo askotan gauzak erraztu zizkigun, bai logistika aldetik, kontzertu eta entseguak koadratzeko, etab. Inprobisazioa eta free jazz-a ere garai honetan ezagutu eta aplikatzen hasi ginen. Larraskitu, Zarata Fest eta Bilbo inguruko zirkuitu esperimentalean ibili, zirkulo horretako hainbat musikarirekin zuzenean jo… nahiko topera geunden. Birena ere aipatu behar, Europan hiruzpalau aldiz egin genituen. Oso garai dibertigarri eta sortzailea izan zela uste dut.

Azken egoera honek Orbain Unit-era garamatza. Talde hau sortzeko proposamena Miguel A. Garcíarena izan zen (agur eta ohore!). Joxean eta bioi Akauzazte izugarri gustatzen zitzaigun, eta talde honetako Arrarekin jotzea guretzat itzela izan zen, baita aldez aurretik ezagutzen genituen Fernando eta Txemirekin jotzea ere. Bi bateria, saxoa, gitarra eta baxua. Hasieran proposamena kontzertu soil baterako izan bazen ere, gerora bi disko eta hainbat emanaldi gehiago eman genituen, zeozer berezia somatu izan baikenuen bostak elkartu eta jotzen genuenean.

Esteka: https://orbainunit.bandcamp.com/album/xerai

Oro har, arlo esperimentalari dagokionez, Larraskito / Zarata Fest, MEM eta gaur egun Espora kolektiboak antolatzen dituen emanaldiek urteetan zehar sortutako zirkulua ezinbestekotzat joko nuke Bilbo inguruan proposamen hauek lantzen ari garenontzat.

Baina ez nuke eszena esperimentala soilik aipatu nahi, izan ere testuinguru rock batean kontzertu eta esperientzia oso esanguratsuak bizi izan ditugu entzule moduan, mota askotakoak. Adibide soil bat jartzearren, nola ez ahaztu 2004-2011 bitartean Moho taldeak eskainitako kontzertu itzelak? Hainbat izan dira espazioak, taldeak… eta horrela jarrai dezala!

“Elkarri arretaz entzutean, horren arabera tira egiten da alde batera edo bestera”

4. Zure lanak inprobisazioa, elementu elektronikoak eta testura esperimentalak uztartzen ditu. Hasierako ideiatik azkeneko soinura, nolakoa izaten da zure sormen-prozesua?

Bakarkako Tresneria LPan, esan bezala, lehenengo gitarrak eta efektuak grabatu izan ziren estudioan. Horretarako hiru gitarra erabili nituen, bakoitza afinazio ezberdin batekin. Ostera elementu elektronikoak pieza bakoitzak eskatzen zidanaren arabera sartu nituen.

Honek guztiak ez du zerikusirik jende gehiagorekin jotzerakoan jarraitzen den prozesuarekin, non elementuen arteko bat-batekotasunean sortzen den hartu-emanak garrantzia gehiago hartzen duen. Elkarri arretaz entzutean, horren arabera tira egiten da alde batera edo bestera.

Ez dago inolako formula zehatzik horretarako, eta kasuan kasu kanta edo pieza bakoitzaren sorkuntza eta garapena oso ezberdinak izan daitezke.

Garazi Navas, Mikel Vega eta Jon Imbernon Larraskitun, Bilbon.

Garazi Navas, Mikel Vega eta Jon Imbernon Larraskitun, Bilbon.

5. Bakarkako eta taldeko lanek badute elkarri eragiten dioten zerbait. Nola elikatzen dute batak bestea? Zer ikasten duzu taldean aritzetik zure lan pertsonalerako, eta alderantziz?

Uste dut zuzenean bakarka aritzea (behintzat gitarra bezalako elementu soil bati buruz ari bagara) batzutan exijenteagoa izan daitekeela. Nahitaez biluziago zaude eta espazioak berak eta isiluneekin dagoen harreman horrek beste dimentsio nagusiago bat hartzen duela uste dut, nahiz eta beste kideekin batera jotzerakoan ere garrantzia asko duen.

Modu konsziente batean ez dakit zehazki zer ikasten den eta zer ez talde desberdinetan aritzean, baina formatu eta musika tresna anitzekin, eta enfoke / estilo ezberdinetatik abiatuta jotzeko aukera izatea oso aberasgarria dela uste dut. Beti sortzen dira gauza desberdinak halako elkarlanetan. Suposatzen dut gero eta esperientzia gehiago bizi izanak ere laguntzen duela baliabideak aukeratzeko orduan, nahiz eta etengabe ikasten ari garen.

“Musika mota honek estruktura politiko eta sozialak aldatzeko gaitasunik duen? Inola ere ez. Baina modu zehatz batean eragiteko gai da, eta modu hauek beste esparru batzuetara ere zabal daitezke”

6. Zelan ikusten duzu eszena musikala orokorrean eta hau bereziki? Zure ustez, musika instrumental eta esperimentala ere politikoa izan daiteke? Nola?

Benetan uste dut gaur egun Euskal Herriko musika esperimentalean nahiko maila handiko musikariak daudela, asko miresten ditudan lagunak proposamen oso interesgarriak aurkezten. Urtero argitaratzen den lanen zerrenda ere luzea da, eta horrek denok elikatzen gaituela uste dut.

Zuk diozuna hautu politikoa bada, noski, nahiz eta askotan modu inkonsziente batean ekiten dugun. Proposamen hauek musika industria nagusitik at gauzatzen dira gehien bat, espazio autokudeatuetan sarritan, eta musika eta soinua benetan arretaz entzuteko testuinguruak bilatzeak (gaur egungo musika kontsumo azkarra kontuan hartuta) intentzionalitate argi bat duela esan daiteke. Hala eta guztiz ere, behin baino gehiagotan eroriko gara kontraesanetan, mundu guztia bezala.

Musika mota honek estruktura politiko eta sozialak aldatzeko gaitasunik duen? Inola ere ez. Baina modu zehatz batean eragiteko gai da, eta modu hauek beste esparru batzuetara ere zabal daitezke. Hausnarketa txikiak planteatzeko balio baldin badu, bada zeozer.

7. Batzuetan esaten da inprobisazioan edo esperimentazioan sortzen den unea berehalakoa dela eta galdu egiten dela. Zergatik grabatu behar da halako musika? Zer zentzutan hartzen du grabaketak beste dimentsio bat?

Une espontaneo bat adierazten duen argazki batek ez luke balioko orduan? Noiz bukatzen da musika inprobisatua eta noiz hasten da ofizialki konposatua bihurtzen? Gai honen inguruan erantzun zehatzak baino zalantza gehiago sortzen zaizkit.

Ez da ahaztu behar soinu planteamenduak zuzeneko baterako eta grabaketa baterako ezberdinak izaten direla.

“Komunitate batek, eta honen barruan sor daitezkeen zirkulu ezberdinek baldintzatzen baitute, esaterako, musika mota zehatz batenganako arreta, onarpena edo interesa”

8. Euskarazko izenburuak, eta oro har, Euskal Herriko eszenarekin lotura estua duzu. Zein garrantzi du zure ingurune hurbilak —hizkuntza, paisaia, komunitatea— egiten duzun musikan?

Ingurune hurbilenaz ari bagara Ezkerraldea / Bilbo ingurua aipatu beharko nuke, bertan igarotzen baitut nire lan eta aisialdi denbora gehiena. Orain, paisaia kultural hau nola islatzen den nire musikan? Batek daki. Eragin nahiko inkonsziente edo abstraktua izan daitekela uste dut, baina nahitaez hor dagoena, seguru.

Nire eguneroko bizitzan euskarak ere badu zati garrantzitsu bat, eremu oso erdaldun batean bizi naizen arren. Nahiz eta musika instrumentala egin, tituluak euskaraz jartzea gustoko dut. Hortik dator apur bat imajinarioa, tituluen haritik zeozer iradokitzeko nahia eta hori guztia.

Komunitateari dagokionez, nahitaez berebiziko garrantzia duela uste dut. Komunitate batek, eta honen barruan sor daitezkeen zirkulu ezberdinek baldintzatzen baitute, esaterako, musika mota zehatz batenganako arreta, onarpena edo interesa. Zorionez, Euskal Herri mailan badago proposamen hauek aurrera eramateko espaziorik, nahiz eta musika oso popularra ez izan. Beste toki batzuetan askoz zailagoa izango litzateke.

“Zalantzak izatekotan, esango nuke duda estetikoak direla gehien bat”

9. Inprobisazioa exijentea da bai teknika aldetik bai emozioz. Nola kudeatzen dituzu ziurgabetasuna eta arriskuak zuzenekoetan edo estudioan? Beldur edo zalantza uneak izaten dituzu?

Zorionez betidanik ibili naiz lasaitasun handiz. Jotzea gozamena da, eta disfrutatzen saiatzen banaiz, horrek gauzak asko errazten ditu. Joko edo jolas puntu hori izateak motibatzen nau, eta zentzu ludiko edo abenturazale hori galduko balitz, akabo.

Zalantza une bat, esaterako, Tresneria LParen grabaketan pieza bat grabatzean izan nuen. Gogoratzen dut hasiera batean agian “melodikoegia” iruditzen zitzaidala, ea zentzurik izango zuen diskoaren osotasunean. Zalantzak izatekotan, esango nuke duda estetikoak direla gehien bat. Horretarako ere bazegoen Ander Barriuso teknikaria, bere ikuspuntua adierazteko eta kontua bideratzeko. Azkenean, kanta hori Camile Duhartek egindako bideoarena izan da. Lagun batek esan zidan bideoaren irudiek “Ezkerraldea futurista” antzeko bat zekarkiotela gogora.

10. Nola ikusten duzu zure burua eta zure soinua hurrengo urteetan? Zein bide edo esperimentazio mota pizten zaizkizu orain?

Ba oso gogotsu, egia esan. Pertsonalki aldaketa handien garaia da niretzat eta hori ziur musika arloan islatuko dela nolabait.

Bi aste barru Bonbereneako estudioan grabaketa bat dugu Joseba Agirrezabalaga eta Izaskun Simonekin dugun hirukotearekin, Karlos Osinaga teknikari izanda. Portugaleteko Crownledge taldeak ere baxulari izatea proposatu dit (bertan Dead Bronco eta The Wizards taldeetako kideak daude), eta kontzertu oso gutxi eskaintzen badituzte ere, kanta berriak egingo ditugu. Baxuarekin jarraituz, Conteinerrekin ere espero dugu hurrengo urtean estudioan sartu eta riff makina apokaliptiko hori zuzenean berriro martxan jartzea.

Horrez gain, bai Fernando Carvalhorekin batera zein bakarka zuzenean gehiago aritzea gustatuko litzaidake. Udazkenari begira baditut pare bat kontzertu bakarka Madrilen eta Huescan, eta aurrerago baten bat lotzeke ere.

ETIKETAK:2025eko elkarrizketaMikel IzarraMikel Vega