Elkarrizketa

Urko Ansa

2026.03.27

Urko Ansa

“Orbainak indargune direla azpimarratu nahi izan dugu”

Elkarrizketa: Neomak

2025eko amaiera aldera argitaratu zuen Neomak-ek Lazturak orbain diskoa. Lehenengoan bezala, baina akaso era konzienteagoan eta sakonagoan, elektronika soinu tradizionalekin uztartzeako apustu irmoa egin du taldeak. Laukote izatetik seikote izatera pasatu dira, eta jatorrizko laurei (Alaitz Eskudero, Leire Etxezarreta, Irati Gutierrez eta Garazi Otaegi, laurek trikitixa, panderoa eta ahotsak egiten dituzte) zuzenerako bi fitxaketa berri egin dituzte: Etxahun Urkizu (Hilotz taldean egon zena eta gaur egun Asgarth taldeko partaidea) atabaletan eta Eider Villalba sintetizadorea eta ahotsetan. Taldeak hartu duen indarra begien bistakoa da, eta diskoan entzuteaz gain zuzenean oholtzan ikustea esperientzia polita izango dela uste dugu.

IMG_0836

Neomak taldea. BALAUNKA

 

2022an atera zenuten lehen disko luzea. Zertan nabarituko du entzuleak zuen eboluzioa? Soinu elektronikoekin bereizgarritasuna lortu duzue?

Bai hori da, duela hiru urte atera genuen lehen diskoa eta harrez gero gu aldatu garen bezala aldatu da taldea bera ere. Beharbada kasu honetan diskoa egiteko sormen prozesua kontzienteagoa izan da eta horrek aldi berean, ekarri du kantu bakoitzaren norabidea soinu aldetik bilatuagoa izatea. Egia da, denbora honetan aldaketetarako tarte handia izan dugun arren, hainbat elementu mantendu ditugula eta lehenengo diskoaren bide beretik, trikitixa eta panderoa soinu elektronikoekin uztartzen segitu dugu.

Bigarren disko hau ere Haritz Harreguy-ekin grabatu duzue. Kanta batzuk Usurbilgo bere estudioan grabatu dituzue, baina beste batzuk Gironako Banyoles Olivera Studioan. Hori bai, Haritz zuekin eraman duzue.

Bigarren disko honetako kanta batzuk Kataluinan Olivera Estudioan grabatu genituen 2025eko urtarrilean eta otsailean. Banyolesen Vic Moliner eta Pau Brugada izan genituen produkzio lanetan bidelagun eta eurekin batera, kantu bakoitzari eman nahi genion bidea esperimentatzen joan ginen. Aldiz, beste kanta batzuk Usurbilgo Haritz Harreguy estudioan grabatu genituen eta berak egin du diskoko kantu guztien soinu nahasketa. Plazera izan da prozesua eurekin konpartitzea, asko gozatu eta ikasi dugu.

Tradizioa eta gaurkotasuna uztartu dituzue lan honetan ere. Alde batetik, soinu akustikoak edota lau ahotsetan kantatutako koruak dauzkagu, baina elektronika sartzen duzuenean beste aire bat hartzen dute kantuek. Perkusioarekin ere berdina gertatzen da. Adibide batzuk jartzearren, trikitixa entzun dezakegu Piztia-n, eta soinu elektronikoak beste hainbatetan: Galdera ikurrak-en adibidez, baina oraindik gehiago Inork ez du berdin egiten negar abestian.

Kantu bakoitzari beharrezkoa iruditu zaigun denbora eta mimoa eskaintzen ahalegindu gara eta horrek ere ahalbidetu du kantu bakoitza eraman nahi genuen lekura eramatea. Honenbestez, zenbait kantu, zuk aipatu bezala nahiko soinu organikoen baitan mantendu ditugu; esaterako Piztia, eta beste hainbati soinu elektroniko gogorragoak gehitu dizkiegu, hala nola, Galdera ikurrak edota Inork ez du berdin egiten negar abestietan. Hau guztia, melodien eta hitzen baitan egindako lanketa izan da, izan ere, disko osoan zehar hitzen mezuari garrantzia handia eman baitiogu, eta kantu bakoitza beldurrari begiratzeko modu bat izan daitekeela esaten dugu. Disko honetan, orbainak zaurgarritasunetik hartu eta ezkutatu beharrean, indargune direla azpimarratu nahi izan dugu, eraldaketa agerian utziz. Hausturak eta konponketak historiaren eta norbere izate osoaren parte baitira.

Kantu batzuk dantzagarriak ere badira momentu batzuetan, adibidez Orbainari(n) eta Sehasketan abestietan. Eta zuen ibilbidean bereziki berritzailea da Ordaina, soinua, perkusioa eta elektronika biltzen dituelako. Zuzenekoetan estilo honetako kantuek efektu pizgarria izango dutelakoan gaude. Gainera, lehen diskoko kantuei formatu berriaren bidetik ekingo diozue, ezta?

Lehen esan bezala, kantu bakoitzak badu gehiago edo gutxiago soinu elektronikotik, tradizionaletik edo behar bada esperimentaletik, eta hori guztia zuzenekoetan agerian izaten da. Esan dezakegu gure entzulea oso zabala dela eta horrek ere aberasten duela zuzenekoa formatu eta espazio ezberdinetan gauzatzeko aukera, izan areto, festibal edo antzokietara moldatzen baikara.

Japonian, Hego Korean, Boisen edota Georgian jo zenuten lehen diskoaren biran. Oraingoan ere Euskal Herritik kanpo jotzeko asmoa duzue?

Beti da plazera etxean jotzea baita etxetik kanpo beste hainbat leku ezagutzea ere. Momentuz, diskoaren aurkezpen biran buru belarri murgilduta gabiltza entzuleekin batera gozatzen. Udan zehar Euskal Herriko hainbat txokotan jotzeko aukera izango dugu eta gogotsu gaude. Era berean, baliteke tartean kanpora eskapadaren bat egitea ere.

Jatorrizko laukoteari (Alaitz Eskudero, Leire Etxezarreta, Irati Gutierrez eta Garazi Otaegi, laurek trikitixa, panderoa eta ahotsak egiten dituzue) zuzenerako bi fitxaketa berri egin dituzue: Etxahun Urkizu (Hilotz taldean egon zena eta gaur egun Asgarth taldeko partaidea) atabaletan eta Eider Villalba teklatu eta ahotsetan. Zein momentutan pentsatu zenuten halakorik egitea?

Bai, horrela da, zuzenekoan ere igertzen da formatu aldaketa. Lauron trikitixa, pandero eta ahotsez gain, bi musikarirekin batera oholtza konpartitzen gabiltza Eider Villalba sinteetan eta ahotsean, eta Etxahun Urkizu perkusioan eta sampleetan. Aspalditik genuen soinu elektronikoak zuzenean jotzeko ideia buruan bueltaka eta egia esan, bigarren disko hau egiteko hartutako denbora honek ahalbidetu du hasierako ideia hori. Entsegu ordu askoren ondoren oso pozik gaude emaitzarekin. Bi musikariek, Eiderrek eta Etxahunek, sekulako lana egin dute guztia prestatzen eta oso eskertuta gaude, eta oholtzan eurekin aritzea gozamena da. Era berean, zuzeneko prestaketa lan hauetan Borja Anton izan dugu bidelagun eta berak ere sekulako lana egin du; asko ikasi dugu.

Dagoeneko lau bat kontzertu egin dituzue, Donostian, Atarrabian, Bilbon eta Mungian. Zer moduz atera dira kontzertu hauek? Elektronika perkusioa eta trikitixarekin uztartzeko lanarekin gustura gelditu al zarete?

Dagoeneko kontzertu batzuk egin ditugu eta egia esan, oso gustora gaude jasotzen ari garen harrera beroarekin. Entzuleak emandako erantzuna ezin hobea izaten ari da. Era berean, espazio ezberdinetan; festibaletako karpan, aretoetan, antzokietan.. aritzeko aukera izan dugu eta bakoitzak badu bere xarma, beraz, saiatzen gara espazioak emandako aukerak baliatzen kontzertua ahalik eta egokien ateratzeko. Esandakoa, momentuz jaso dugun feedback-a oso ona izan da eta lanean gabiltza etorriko direnak gogotsu prestatzen.

ETIKETAK:2026ko elkarrizketaLazturak orbainNeomakUrko Ansa