Elkarrizketa

Leire Palacios

2015.03.21

Leire Palacios

“Sortzen duguna ez da inondik ere aurrez pentsatua”

Elkarrizketa: Sacco

Bidehuts kolektiboko kide duten Jupiter Jon taldeak abestu legez, “trenak Irunera” probestuz, Moskuko plazako Iskina taberna mitikoan Sacco hirukotearearekin elkartu gara. Segituan igartzen da, bai euren artean zein inguruan bizi den lagunarteko giroa. Erraza da erosotasun kiribil horretan barneratzea. Bigarren geralekua txikiteroen xarma galdu ez duen Urdanibia taberna da, «lasaiago egongo garelako». Hirugarren eta azken geralekua Irungo gaztetxe berrituan egin dugu; taldearen estreinako diskoaren azalaren protagonistak, Limón deitzen dutenak, erakutsi digu barrutik. Oholtza gainean, Xabi Zabala, Borja Toval eta Ander Zabalegi dira Sacco. 

sacco

Ander Zabalegi, Xabi Zabala eta Borja Toval, Sacco hirukotea.

Nola sortu zen Sacco?
ANDER: Bilbon, Standstillen kontzertu batean topo egin genuen Xabi eta biok. 2007a izango zen. Elkar ezagutzen ez genuen arren, talde bat egin behar genuela pentsatu genuen, eta gauzak zer diren, Sacco jaio zen.

Zergatik okurritu zitzaizuen taldea egin behar zenutela?
XABI: Mozkor ginelako. Kar, kar, kar!
ANDER: Bai, euforiko geunden kontzertua ikusi berri eta…
XABI: “Ostia, ba guk ere talde bat egin behar dugu!” pentsatuko genuen.

Parrandan botatako hitzak egi bihurtu ziren.
ANDER: Bai. Xabik Borja ezagutzen zuen, elkarrekin jotzen zutelako.
XABI: Hasiera batean, Anderrek bateria jotzen zuen, Borjak gitarra eta nik ezer ere ez. Nerea Garridok (Jupiter Jon) baxua jotzen zuen eta nik abesten nuen tarteka. Baina azkenean nik hartu nuen baxua. Eta hortik denbora dezentera hirukote bezala geratu ginen.

Dena den, nahiz eta bat-batean hartutako erabakia izan, Sacco ez da izan duzuen aurreneko taldea.
ANDER: Hamasei urte nituela hasi nintzen Hondarribiko Pickled Onion taldearekin jotzen. Ondoren beste lagun batekin jotzen ibili nintzen. Baina taldea sortu genuenean urte asko neramatzan jo gabe.
BORJA: Xabirekin beste talde batean aritu nintzen, eta ondoren Küm taldearekin.
XABI: Bai, hori da, ondoren Saccon eta gero Lisabö-n.

Uste nuen aurrena Lisabö eta gero Sacco taldearekin hasi zinetela.
XABI: Normala da ez jakitea. Denbora luze eman dugulako lokalean sortzen eta sortzen, produzitu duguna kaleratu gabe. Denbora luzez lokalean egon arren, Saccoren lehenengo abestia hirukote bezala Lisabören Ezlekuak biraren azkenengo kontzertuan egin genuen. Tunken izan zen. Dena egun berean.

Eta nola funtzionatzen du sorkuntza prozesu luze horrek?
XABI: Desastre hutsak gara! Behar bezalako sorkuntza prozesuaren anti-manuala gara gu.
ANDER: Ez dauka misteriorik ere ez. Lokalera goaz…
XABI: Eta inprobisatu. Eta zerbait gustatzen baldin bazaigu esaten dugu: “E! hor kanta bat dago!” Kar, kar, kar! Orduan buelta bat ematen diogu horri. Beste batzuetan Anderrek landutako erritmoetatik hasten gara, eta horren gainetik jotzen dugu. Abesti batzuk, baxu eta bateriarekin egin ditugu. Beste batzuk, agian Borjak ekarritako riff batekin.

Melodiaren ondoren sortzen dituzue letrak hortaz.
XABI: Zalantzarik gabe, bai. Lehenengo musika sortzen dugu eta gero letrak.

Letrak nola sortzen dira?
BORJA: Xabik idazten ditu.
XABI: Bai…

Lotsatuta bezala esaten duzu.
XABI: Bai, bueno, ez… Agian, bada lotsa handien ematen didana, bai.

Poetaren begirada azaleratze horrek?
XABI: Bai, ez bainaiz poeta.
ANDER: Baina letrak sakonak dira.
XABI: Bon, literatura gustatzen zaigu, baina egia da, zu idazten jartzen zarenean ez dela kontu batere erraza. Musikari kaskarra naiz, baina idazle bezala, oraindik okerragoa. Musikan baxua hartu nuen eta jotzen hasi nintzen, besterik gabe. Eta idazten, irakurtzea gustatzen zaidan arren, zaila egiten da esan nahi duzun hori esatea, eta esan nahi duzun bezala gainera.
ANDER: Bai… gure hutsune kreatiboa, jarrerarekin betetzen dugu! (Denak barre)

Zalantza daukat Bidasoako soinuari beste barik jartzen zaion etiketa den, baina zenbaitetan egia da, iluntasun dentsoa nabari daitekeela.
XABI: Bai. Aurrekoan entzun nuen Jupiter Joni egin zioten elkarrizketa bat. Ez dakit zehazki zer saiotan izan zen. Kontua da Joxek komentatzen zuela ez zekiela klimagatik edo izango den, baina joera nolabait malenkoniatsua daukagula beti. Eta egia esan, guri ere hori ateratzen zaigu. Baina nik argi daukat inguruan daukagunagatik dela. Hau da, inguruan ditugun erreferentziengatik. Dut entzuten hazi gara hirurok, hori da jaso duguna, eta hortik ateratzen da guk egiten duguna.
ANDER: Baina malenkonia edo tristura da, amorruarekin nahasita. Oso konektatuta daude biak.
XABI: Egia da barruan daukaguna kanporatzeko behar bat daukagula. Gure zuzenekoetan amorru hori ateratzen dugu.

Nolakoa izan da diskoa egitearen prozesua? Izan ere, Durangoko Azokan azkenengo momentuan izan genuen zuen berri.
XABI: Nik uste dut izan dela bat-bateko kontua eta era berean oso luzea. (Denak barre)

Diskoa grabatzen noiz hasi zineten?
ANDER: 2013ko ekainean, Txapekin [Karlos Osinaga] Bonberenean.
XABI: Oso trabatua izan da prozesua, arazoak izan ditugulako eta horiek ere ezustekoan harrapatu gaituztelako. Baina era berean, guri antolaketa bat errespetatzea, hau da, diskoa noiz atera behar zen erabakitzea kostatu zaigu. Hasiera batean ez genuen pentsatzen Durangon ateratzea. Eta gero bat-batean… bai! Kontua da, lokalean sartuta urte pila bat eman ditugula. Erritmoa ikusita pentsatu genuen onena gauzak lasai hartzea zela. Baina horrek arrisku bat dauka, eta arrisku hori gehiegi luzatzea da. Eta gero ere, lagun batekin grabatu dugu.
BORJA: Txap gure laguna da, bere lana oso ona da eta gure musika estiloa oso ondo ulertzen du.
XABI: Bai, eta erraztasun handia eman digu. Horrela nolabait patxadaz hartzen duzu eta denboran asko luzatzen da prozesua. Hor piska bat galdu ginen, denborak aurrera egiten zuen…
ANDER: Arazoak izan genituen kopiekin ere. Txekiatik gaizki bidali zizkiguten diskoak.
XABI: Itzuli behar izan genituen… Hamaika kontu izan dira azken batean. Gure lasaitasuna eta programazio eza alde batetik, eta zailtasun teknikoak bestetik.

Beste talde batzuekin elkarlanik sortu al duzue?
XABI: Hemen inguruan denok ezagutzen dugu elkar eta azken batean gauzak naturalki sortzen doaz. Musika munduan erraz sortzen dira harremanak eta hortik sortzen dira aukerak. Lagunak ditugu Zaragozan zein Galizian eta beraiekin zerbait egitea gustatuko litzaiguke. Oraindik ez dira proiektuak baina badaude hainbat proposamen elkarrekin gauzak egiteko. Sorkuntza aldetik ez hainbeste, jotzeko baizik. Hala ere, adibidez, gure diskoan badago Javi Manterolaren (Lisabö) kolaborazioa. Oso modu naturalean suertatu zen, azken batean laguna delako, eta gure lagun asko musika munduan ibiltzen direlako.

Sortzen duzuenarekin zer da transmititzea gustatzen zaizuena?
XABI: Sortzen duguna ez da aurrez pentsatua, inondik ere. Baina egia da, kanporatu ondoren ondo sentitzen garela. Batez ere, zuzenekoetan.
ANDER: Katartikoak dira gure zuzenekoak, intentsoak.
BORJA: Deskontrola da. Kar, kar, kar!
XABI: Bai, eta gustatzen zaigu kaos horretan murgiltzea gainera. Entsegutik zuzenekora badago aldea, eta hori asko gustatzen zaigu.
BORJA: Bai, neurtzen dugun arren… bidetik ateratzen gara. (Denak barre)

sacco2

“Dut entzuten hazi gara hirurok, eta hortik ateratzen da guk egiten duguna”. (Leire Palacios)

Zeintzuk dira, entsegutik zuzenekora egiten duzuenean, kontrolatu ezin duzuena ezkutatzeko moduak? Lurrera botatzea, adibidez?
XABI: Bai! Eta pua erori zaizunarena egitea, edo anplifikagailura gerturatzea zerbait gaizki dagoelako itxurak eginda…
BORJA: Gauzak apurtzea asko gustatzen zaigu. (Denak barrez)
ANDER: Baterian, batez ere. Baina ez da aurreikusi dezakegun zerbait; entseguetan oso lasai gaude, kasik estatiko geratzen gara.

Fabrikazioan hainbeste arazo eman dituen diskoaren portada deigarri hori egiteko ideia nondik atera da?
ANDER: Hori Ramonen [M. Zabalegi] kontuak dira. Berak egin du eta emaitzarekin oso gustura gaude. Xabik ideia bat zuen eta hortik etorri zen. Karteran emakume bizardun baten argazkia zeukan.
XABI: Gizon bizardun batena emakumez jantzia, antzinakoa bezala. Aldizkari batetik hartu nuen, bizarro hitzaren definizioa zela argazkiaren alboan jartzen zuelako, eta asko gustatu zitzaidan. Diskorako horrelako portada bat egin behar genuela pentsatu nuen. Kideei erakutsi nien eta gustatu zitzaien. Azaleko tipoa Limón da, gure laguna eta aurpegi askotarikoa. Laguntza eskatu genion eta zertan zetzan azaldu aurretik baiezkoa eman zigun. Ramonekin geratu ginen eta argazkia egin genuen.
ANDER: Artelekun kamera zahar bat lortu zuen Ramonek.

Beraz, kamera berezi batekin lortu zuen Ramon M. Zabalegik azaleko irudia?
XABI: Bai. Nik neukan argazkia ez dakit zaharra zelako edo zaharkituta agertzen zelako, baina bazeukan nolabaiteko testura berezi bat. Ramonek hori ikusi zuenean irudia ulertzen saiatu zen. Testura berezi hori lortzen. Egia da, deigarria izan daitekeela argazkia. Badu indarra.
BORJA: Bai, kar, kar, kar! Durangon jende asko argazkiari begira harrituta geratzen zen.

sacco azala

Saccoren lehen diskoaren azala. Egilea, Ramon M. Zabalegi.

Diskoa atera berri duzuela, zertan ari da orain Sacco?
XABI: Jotzen eta kontzertuetarako entseguak egiten ari gara.
ANDER: Egia da, abestiak egiten jarraitzen dugula.
XABI: Bai, baina egia da baita ere, ez dugula puskatu orain arteko dinamika. Guk gauzak oso mantso egiten ditugu. Abestiek euren prozesua behar dute. Guk ez daukagu entsegurako ordutegi bat finkatuta, lokalean sartzen garenean ez dakigu zenbat denbora emango dugun hor sartuta. Lanetik gatoz, bakoitzak bere kontuak ditu… orduan, batzuetan motzak izaten dira. Abestiak sortzen saiatzen gara, batez ere ez daukagulako kanta zerrenda luzea.

Guztira zortzi abesti grabatu dituzue. Labur egiten al da zuzenekoetan?
XABI: Zortzi abesti ditugu eta gainera horietako bat ez dugu zuzenekoetan jotzen. Intro luze bat bezalakoa denez, ez zaigulako aproposa iruditzen.
ANDER: 36 minutu inguru ditugu grabatuta. Baina, zuzenekoetan beste bi kanta gehiago jotzen ditugu. Bata bertsioa da eta azken hilabetean abesti berri bat egin dugu. Horrekin 40 minututako kontzertua egiten dugu.

Disko berriaren biraren gainean zer kontatu ahal diguzue?
BORJA: Elorrioko gaztetxean hasi genuen bira. Martxoaren 19tik 21era bitartean Oreretako Toil taldearekin batera Amsterdam (Herbehereak), Ieper eta Ganten (Flandria) joko dugu, 29an Gasteizen izango gara eta maiatzaren 15ean Andoainen topatuko gaituzue.
XABI: Baditugu beste data batzuk dantzan, oraindik guztiz lotu ez ditugunak. Poliki goaz, eta apurka-apurka ikusten goaz nora garamatzan eta zer egiteko gogoa daukagun.

SACCO-REN HURRENGO KONTZERTUAK

  • martxoaren 29an, Gasteizko Ibu Hots aretoan
  • maiatzaren 15ean, Andoaingo Gaztetxean (+ Eten + Diana Lagarto)
ETIKETAK:BidehutsLisaböSacco