Elkarrizketa

Edurne Begiristain

2024.04.15

Edurne Begiristain

Txopet: beldurrik gabe egin dute jauzi

Elkarrizketa: Txopet

Behetik gorako bidea abiadura handiz egiten duten talde horietako bat da Txopet. Asmo handirik gabe, baina anbiziotsu. “Askatasun handiz eta mugarik gabe aritzen gara”, dio Andoni Barinaga-Rementeria taldekideak. Eta, akaso, hori da taldearen arrakastaren gakoa, konplexurik gabe eta trebetasunez nahasten dituztela 90eko indie melodiak, rocka, popa, post-punka eta autotunea. Naturalki egindako uztarketa horren emaitza da Nahiz eta jausi (Airaka, 2023), taldearen lehen diskoa.

Andoni Barinaga-Rementeria, Iñigo Guemes eta Jon Fernandez Txopet taldeko kideak. MONIKA DEL VALLE/ FOKU

Andoni Barinaga-Rementeria, Iñigo Guemes eta Jon Fernandez Txopet taldeko kideak. MONIKA DEL VALLE/ FOKU

Bilboko Santutxu auzoko hirukotea da Txopet. Aurretik beste musika talde batzuetan ibilitakoak dira Jon Fernandez gitarra jotzaile eta abeslaria (Bilbo, 1995), Andoni Barinaga-Rementeria bateria jotzailea (Bilbo, 1996) eta Iñigo Gueñes baxu jotzailea (Bilbo, 1994), baina bestelako musika estilo bat esperimentatzeko asmoz elkartu ziren 2021ean. Proiektua “pretentsio gutxirekin” abiatu zuten, entsegu lokalean jo eta denbora pasatzeko asmo bakarrarekin, baina ingurukoengan sortutako harrera onak hauspoa eman zien aurrera jarraitzeko, kantak grabatzeko eta kontzertuak ematen hasteko. “Gu geu ere gustura sentitzen ginen, egiten genuenak erabat betetzen gintuela ikusi genuen, barru-barrutik ateratzen zitzaigulako eta lehen aldiz ginelako gu geu %100ean”.

Mugarria 2022ak ezarri zuen. Bilboko Udalaren VillaSound jaialdia eta Gaztea maketa lehiaketa irabazi zituzten urte berean, eta horri esker, uztailean, BBK Live jaialdian jo zuten. Handik aurrera, ia ohartu gabe sartu ziren kontzertuen zirkuituan, eta ia konturatu gabe kaleratu zuten lehen lana. Barinaga-Rementeriak onartu du gorakada azkar horrek “bertigoa” ematen diela, baina gustura hartzen den bertigoa ere badela, egindako lanaren aitortza ere badelako. Hala ere, apal egiten diote so bizi dutenari, oinak lurrean: “Aurreko batean, kontzertu batean ohartu ginen jendeak gure abestiak dakizkiela, eta shock antzeko bat sentitu genuen, ez baitugu inoiz halakorik bizi”.

Hainbat genero eta musika estilo ulertzeko nahasketa bat da Nahiz eta jausi lana. Zortzi kantak osatzen dute diskoa: pop melodiak oinarri hartuta ondu dituzte, baxua, gitarra eta bateria modu orekatuan uztartuta eta oso bestelako emaitza bat sortuta. Berezko estiloa bilatu dute: “Pop musikatik zerbait gogorragoa edo zikinagoa sortu dugu”.

Beldurrik gabe aritzea eta esperimentazioa dira Txopeten marka, eta autotunea gupidarik gabe erabiltzea da horren adibide. Ahots efektu hori naturaltasunez erabili dute diskoan, Barinaga-Rementeriak kontatu duenez: “Autotune pedal batekin agertu zen behin Jon entsegu gelara, eta ‘Hau erabiltzen badugu, zer gertatuko litzateke?’, bota zigun. Erabiltzen hasi ginenean, arraro egiten zitzaigun, baina azkenean gustatu egin zitzaigun. Zergatik ez erabili?”. Horrela, kanta ia gehienetan erabili dute ahots prozesatua: “Abestietatik autotunea kentzeko proba egin genuen, baina zerbait falta zutela iruditu zitzaigun, eta erabaki genuen ia beti erabiltzea”. Propio egindako hautua izan da, esperimentatzeko batez ere. “Delay efektua normaltasunez erabili dugun moduan baliatu dugu ahotsa moldatzeko audio prozesadorea”.

Zaramaren arrastoa

Zenbait musika estilo eta joerak dute eragina Txopet taldeko kideengan, eta, Euskal Herriko musika taldeei dagokienez, batez ere Belako taldeak utzi die arrastoa. Ez da bakarra, ordea. Abesti batzuen doinuek —Aiztoa erakutsi kantarenak bereziki— Zarama musika taldea gogorarazten dute. Hala ere, Barinaga-Rementeriak azaldu du ez dela nahita bilatutako soinua: “Guk ez dugu Zarama asko entzun, baina egia da etxean gure gurasoek Zarama, Itoiz eta Hertzainak taldeak entzuten zituztela. Beraz, inkontzienteki gugan utzi dute arrastoa”.

Diskoa osatzen duten kantuak bi saiotan grabatu zituzten, eta, batetik bestera, lau hilabete igaro ziren. Denbora hori funtsezkoa izan zen zuzeneko musika garatzeko eta taldekideen musika estilo desberdinen arteko oreka bilatzeko. Grabazioen arteko tarte horrek eragina izan du kanten ordenan ere: taldeak sortutako lehenengo kantuetako batek irekitzen du diskoa, Denbora urtuta-k, eta konposatu zuten azken abestia da bigarren kanta, Aiztoa erakutsi.

Urtzi Iza arduratu da proiektua ekoizteaz eta forma ematen laguntzeaz. Zuzenekoetan teknikari gisa ere ibili da. Diskoa Eten Espazio Sonoron ekoitzi dute: kantak han grabatzeaz gain, konposatu eta garatu ere egin dituzte. Soinu propioaren bilaketan ezinbestekoa izan da estudioa.

Durangoko Azokan aurkeztu zuen talde bilbotarrak lehen aldiz diskoa, eta ordutik etengabe ari da zuzenekoak ematen. Aurten Azkena Rock jaialdian joko dute, ekainean: “Gu bezalako talde txiki batentzat esperientzia handia da”. Badute gogoa Euskal Herritik at ere kontzertuak emateko, baina presarik gabe: “Oraina asimilatzen ari gara”.

ETIKETAK:2024ko elkarrizketaEdurne BegiristainTxopet