Elkarrizketa

Iñigo Astiz

2020.01.22

Iñigo Astiz

“XXI. mendera ekarriko ditugu Benito Lertxundiren kantak”

Elkarrizketa: Hibai Etxebarria

Kontuan hartuz aitak 1983an eraman zuela lehenengoz haren kontzertu batera, eta geroztik urtean gutxi gorabehera hiru edo lau aldiz ikusten duela, guztira Benito Lertxundiren ehun kontzertutik gora ikusiko zituela kalkulatu du Hibai Etxebarriak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1980). Pedagogoa, ikertzailea, ekoizlea eta kazetaria ere bada Etxebarria, eta musikologiaren ikuspegitik ikertua du Lertxundiren ibilbidea unibertsitaterako. Baina musikaria ere bada, eta alor horretan ere sekula ez du ezkutatu Lertxundiren eragina, 2017an Hibai izenarekin bakarkako ibilbidea hasi zuenetik. Kontrakoa. «Geratzen zaigun azken bastioia da». Omenaldia egingo dio orain: haren 1980ko hamarkadako abestiak berreskuratuko ditu Izar & Star zikloaren barruan. Bilboko Kafe Antzokian arituko da bihar, eta Donostiako Dabadaba aretoan joko du otsailaren lehenean.

Hibai taldeko kideak

Hibai Etxebarria, ezkerretik lehenengoa, taldeko beste musikariekin.

Nola lortu Hibai izatea eta, aldi berean, Benito?
Zail egin zait enfoke egokia topatzea. Izar & Star proiektuan normalean omendu ohi diren artistak hilda egoten dira, edo urrunekoak izaten dira bestela. Eta nik hasieratik argi ikusi nuen ezin nuela jo Benitok berak orain bere emanaldietan jotzen duena. Horiek entzuteko, haren kontzertuetara joatea da onena. Kontzertuak nolabaiteko batasun bat izan zezan ere nahi nuen, eta baita bideragarria izan zedila ere. Zuberoa eta Altabizkar disko bikoitzak orkestra barroko batekin jotzea izan zen nire lehen proposamena, lehen abestitik azkenera, denak jarraian. Baina oso aurrekontu handia eskatuko luke horrek, eta Euskalduna jauregia edo antzeko aretoren bat. Hori da nire ilusioa, baina Kafe Antzokian eta Dabadaban jotzeko egoki den formatu bat bilatu dugu azkenean.

Eta hala iritsi zara, azkenean, Lertxundiren 80ko hamarkadako abestiak errekuperatzera.
Ondo ezagutzen dut haren musika, baina jarraitzen du sortzen, eta errespetuz aritu nahi nuen. Badira Benitok aspaldi jotzen ez dituen garai hartako abesti batzuk: “Formak”,Denborak”, “Egun batez”… Nik oso gustuko ditut, eta ongi doaz nire bakarkako proiektuaren formatuarekin. Gainera, kontzertuetarako errepertorio koherente bat ere bilatzen nuenez, hor ikusi nuen aukera.

Zure abestiak ere tartekatuko dituzu emanaldian.
Nire kantek alde guztietan dute Benitoren airea. Erabateko erreferentea da niretzat, eta onartzen dut haren eragina. Harro, gainera. Haren abestiekin tartekatuta joko ditugu gureak.

Hitz egin duzu harekin?
Zuzenean ez. Baimenak eskatu ditugu, eta Facebooken ere idatzi diogu elkarri zerbait, baina aurrez aurre ez gara egon.

Eta kontzertura azalduko balitz?
Kristoren poza emango lidake! Omenaldi polita da. Ideia ez da bakarrik haren kantak jotzea, baizik eta haren kantak XXI. mendera ekartzea, eta gaur egun dagoen erritmoarekin eta pultsuarekin jotzen ditugu. 80ko hamarkadako diskoetan nabari dira swing doinuak sartzeko asmoak eta halakoak.

Garaian garaiko bekatu eta bertuteak?
Hori da.

Seikote batean arituko zarete.
Talde oso potentea osatu dugu. Gotzon Blues Ereño gitarran, Xabi Aburruzaga trikitiarekin, Alain Gallego teklatuetan, Xabi Barrenetxea baxua jotzen, eta Carlos Sagi baterian. Oso jende potentea da, eta oso solasaldi indartsuak ditugu. Asko hitz egin dugu Benitok zeukan sonoritateari buruz, swing horri buruz eta beste hamaika gairi buruz. Eta, noski, kontuan izan behar da 80ko hamarkadaren amaieran hemen zer aukera zegoen kanpoko musika entzuteko, eta ohartzen zara hemengo musikariek nola hartzen zuten entzuten zuten gutxi hori, eta nola saiatzen ziren beren musikan aplikatzen. Egungo ikuspegitik oso garbi ikusten da zer gabezia zeuzkaten, baina abestien testuingurua ere hartu behar da kontuan.

Eta zergatik aukeratu dituzu sasoi hartako abestiak?
Ume nintzela, aitak zainetan sartu zidan haren musika, eta etapa guztiak gustatzen zaizkit, baina sasoi introspektiboa deitu ohi zaio Benitoren 80ko hamarkadako sasoi hari, eta hori da nik musikalki aukeratu dudana eta pertsonalki gehien atsegin dudana. Gaueko ele ixilen baladak diskoan badirudi urrundu egiten dela folketik, eta bestelako soinu eta testuak bilatzen dituela. Kantautore kutsu hori du: abesti horietan, barrura begira jartzen da, gizatasunera. Haren etaparik ahaztuena ere bada, jendeak errazago gogoratzen baititu herrikoi bilakatu diren haren kantak. Nire abesti askok ere badute puntu intimista hori, eta, tonu horretan eta euskaraz abesten dudanean, oso nabarmena da Benitoren usaina.

Bertsioak egiterakoan, asko urrundu zarete jatorrizko abestietatik?
Kontzertuak momentu oso politak eta sentimentalak edukiko ditu, eta, era berean, oso jai giroko momentuak edukiko ditu. Ez dugu izan beldurrik aldaketak egiteko eta berrinterpretatzeko. Oso aldatuta daude kantak kasu batzuetan, eta ez daude erraz errekonozitzeko moduan. Erakutsiko dugu Benitoren abestiak oso dibertigarriak eta oso animosoak izan daitezkeela. Nahiko nuke jendea tarte horietan kasik dantzan jartzea. Erritmoak ere aldatu ditugu horretarako, eta asko jo dugu musika beltzera.

Taldekideak ohituak dituzu horretara.
Carlos Sagik eta Xabi Barrenetxeak Mojo Workin’ jaialdira ekartzen dituzten artista beltzen oinarri musikalak jotzen dituzte; beltzagoak ezin dira izan. Eta Alain Gallego ere Bilboko gospel koruko zuzendaria da. Beraz, pentsa. “Bihotz” abestia, adibidez, blues gordin-gordin eta tradizional baten modura joko dugu.

ETIKETAK:Alain GallegoBenito LertxundiCarlos SagiGotzon EreñoHibaiHibai EtxebarriaIzar & StarXabi AburruzagaXabi Barrenetxea