2026.01.16
Urteetan, amatasuna lurperatuta egon da musikan, ia ikusezin. Artista asko ama izan dira sortzen, konposatzen, biran eta eszenatokietara igotzen jarraitzen zuten bitartean, baina gertaera hori oso gutxitan izan da beren proiektuei buruzko kontakizun publikoan. Eszenak nahiago izan du beste aldera begiratu, musika sorkuntza eta zaintza mundu bateraezinak balira bezala, edo izendatzeak legitimitate artistikoa kenduko balu bezala. Putas Amak bezalako proposamenek begirada fintzera behartzen dute. Oiane Aranburuk, Lorea Etxarrik eta Nahikari Beltzak osatzen dute hirukotea, eta amatasun esperientzia partekatua abiapuntu eta manifestu artistiko, musikal eta politiko bihurtu dute, beti hor egon den zerbait nabarmenduz: hazkuntzak zeharkatutako musika eta sortzaile ugari egon zirela eta daudela, leku horretatik irakurri ez baditugu ere. Hori izendatzeak ez du salbuespenik sortzen, baizik eta errealitate partekatua erakusten du, orain arte fokutik kanpo geratu dena.
Putas Amak 2021ean Donostiako Egia auzoan jaiotako musika proiektua da, auzoko hiru amek osatua. Auzoko esperientziek, barreek, elkartrukeak… hitzez adierazteko podcast kolektibora desbiderazioa egin ondoren, hirukotea banda gisa sendotzen da EBM sustraiko elektronika aldakor eta ireki batekin, diskurtsoarekin, baina baita gorputz eta dantzarako pentsatua. Horrela, asteazkeneko hiru ordu haientzat erreklamatu eta hartu zituzten, lokalean soinuarekin jolasean ibiltzeko, batera. Haien lehen EPa, Ez Goaz Inora, Alai-k ekoiztua, erritmo sendoak, letra zuzenak eta presentzia performatibo handia artikulatzen ditu, eszenatokia berezko espazio gisa aldarrikatuz, jai giroan, jarrera politikoan eta kontzesiorik gabe.
Nola jaio zen proiektua? Noiz bilakatu zen amatasunaren esperientzia partekatua musika egiteko inspirazio? Ezinbestekoa izan zen? Ze espazio zen beharrezko?
Denbora asko pasatzen genuen gure umeekin parkean, plazan, eskolako patioan… eta bertan elkartzen ginen (gara). Hor sendotu zen hiruron arteko adiskidetasuna. Amatasunaz gain, gauza asko genituen komunean, besteak beste, bakoitzaren maitasun istorioa musikarekin. Gure sormeneri tartea eta espazio berri bat eskaintzeko beharra sentitu genuen, horrela egunerokotasunetik irtengo ginen, eta gainera elkarrekin. 2021eko irailean sortu genuen Putas Amak musika taldea, ordutik, asteazkenak 19:00etatik 22:00etara gureak dira.
Podcast eta hausnarketa kolektibo gisa hasi zen eta gero musika talde bihurtu zineten. Zerk eragin zuen pauso hori? Zer eskaintzen dizue musikak podcastak ez duena?
Putas Amak musika talde bezala jaio zen. Podcasta sormen prozesuaren desbiderazio bat izan zen. Gutariko bat egoera pertsonal berezia bizitzen ari zen, eta entsegu lokalean elkartu beharrean, etxeko sukaldean biltzen hasi ginen denboraldi hartan. Musika sortzen egon beharrean, solasean pasatzen genituen asteazkenetako gure hiru ordu horiek. Terapia zen; hausnarketak, parrak, babesa, beldurrak, negarrak eta zalantzak partekatzen genituen. Zenbat emakumeren ispilu izan gintezke? Hortik dator podcasta. Tabakalerako 2deo-ko atea jo genuen gure proiektua jasotzen zuen eta ideiaz beteta zegoen dokumentu txukun-txukuna besapean. Segituan erantzun ziguten baietz, laguntza eskainiko zigutela eta horrela hasi ginen.
Ez dirudien arren, lan asko dago podcast bat egitearen atzean, guk egiten baitugu dena; gidoia, set-aren muntaia, argiak, grabaketa (ardo botila baten laguntzarekin lotsak uxatzeko), edizioa, plataformara igo, sareetarako korteak…
Oso dibertigarria izan da podcastarena, hala ere, segituan konturatu ginen musika zela gure abiapuntua, oinarria eta helburua. Putas Amak musika talde bat gara. Eta oholtzara igotzen garenean sentitzen duguna deskribatu ezin dugun arren, argi daukagu espazio hori okupatzearen eskubidea eta merezia dugula.
Izena paregabea da: mezu indartsua, umorezkoa… nola jaio zen? Zer esan nahi du zuentzat?
Izenak baditu bere gauzatxoak. Indartsua da, bai, ahalduntzeko balio digu, bai, eta umorezkoa da, baita ere. Badu hitz zakar bat ordea, eta badakigu horrek askori min ematen diela belarrian. Guk zentzu positiboan erabili nahi izan dugu, pisua kenduz. Lehenengo hitz itsusi hori gazteleraz doa eta bigarrena aldiz, euskaraz, amak hitzak duen indarrarekin gainera. Nahasketa konplexua da eta askotan ez da ondo hartzen edo sartzen, guri nola ulertzen den bost axola zaigun arren. Hori da “putas amak” bat izatearen abantaila (barreak).
Taldea sortu zen egunean bertan atera zen gutako baten buruan bueltaka zegoen izena, joko probokatzaile moduan, kanporaka ahalduntzen gintuena eta gainontzeko guztiak bezala, pringatu batzuk ginela ezkutatzen zuena, hamaika esanahi izan zitzakeena: Putas amak. Hirurak ados!
(Hor daoz las “Putas amak”, las putas madres, las putas pesadas, las putas jefas, las putas mejores, las putas flipadas… Azken finean emakume guztiak gara putas amak. Ahal duguna egiten dugu, baina maitasunez egiten saiatzen garelako.)
Proposamenak indar feminista, soziala eta borrokarakoa duen arren, festa eta dantzarakoa ere badu. Zelan uztartu daiteke hau guztia? Intentzionala da?
Bai, bai eta bai. Gure borroketako bat lagunekin ongi pasatzeko eskubidea eta denbora aldarrikatzea da. Eta hor sartzen dira: dantzarako grina, desioa, eta nezesidadea… aske izateko tartea, gozatzeko momentua, arduretaz deskonektatzeko merezia, zabaltzeko beharra, ikusgarritasuna lantzeko unea, beste esparru batzuetan gure gorputzekin konektatzeko ahalbidea… (ez genuke inoiz amaituko).
Ama izateaz gain beste gauza asko bagarelako; langile, alaba, bikote, lagun… Zergatik ez artista, musikari edo gautxori disfrutoiak, adibidez?
EPan errua, atxikimendua, dantzatzeko eskubidea eta bestelako gai sakonak jorratzen dira. Nola da horiek musikarekin lotzea? Zelakoa da zuen konposaketa era?
Musikak nahi duzunaz hitz egiteko aukera ematen dizu, marrazketa librea da eta guk gai horiek jorratu ditugu gure bizitzako une honetan seguruen horiek direlako guri inporta zaizkigunak.
Ez dugu musika egiteko modu bakarra izan, baina orokorrean lehendabizi arduratzen gaituzten eta aldarrikatu nahi ditugun gaiak mahai gainean jartzen ditugu. Zeri buruz hitz egin nahi dugu gure kantuetan galdetzen diogu gure buruari? Tonua eta genero musikala pentsatzen dugu ondoren, melodiak asmatzen ditugu eta azkenik letrak idazten ditugu egiturarekin batera. Hori izango litzateke kantuaren lehenengo fasea.
Bigarren fasea egindakoari oinarria ematea da; akordeak, armoniak, soinua, efektuak, erritmoa, errepikapenak, … eta horretarako ekoizlearen lana ezinbestekoa izan da gure kasuan.
Eta estilo eta instrumentuen aukeraketa? Zelakoa izan da Alairekin lan egitea?
Alairi erreferentzia ezberdinak pasa genizkion, ze soinu mota nahi genuen ere azaltzen saiatu ginen, baina guk buruan genuena eta haratago joan da. Alaik magia egin du, bere unibertsoa hain da zabala eta aberatsa gure kantuentzat proposatu dizkigun oinarriak oparia izan direla. Alairekin super match.
“Kontzertuena beste mobida bat da. Nahiko performatiboak gara, jantzi bereziekin, koreografiaren bat edo beste, eta batez ere jarrera indartsua azaltzen saiatzen gara. Jendeak espero ez duen zerbait ikustean harriduraz jarraitzen gaitu”
Zer harrera izan du taldeak, EPak eta zuzenekoak? Ezustean harrapatu zaituzte erreakzioren batek?
Nahiz eta gurea ez den oso gauza mainstream-a, harrera ona izan du. Konsziente gara gure musika ez dela publiko orokorrarentzat, noizbait esan izan digute; baina zer da hau? Hala ere, gu oso pozik gaude egindakoarekin, gustatzen zaigu puntu arraro eta ustekabeko hori izatea. Egia da gure abestiak oso ezberdinak direla beraien artean eta horrek ere harritzen duela. Eskerrak baditugula burmuineraino sartzen diren horietako pare bat kantu eta guaya da jendeak asko gustatzen zaizkiola esaten digunean, edota publikoa dantzan ikusten dugunean.
Kontzertuena beste mobida bat da. Nahiko performatiboak gara, jantzi bereziekin, koreografiaren bat edo beste, eta batez ere jarrera indartsua azaltzen saiatzen gara. Jendeak espero ez duen zerbait ikustean harriduraz jarraitzen gaitu. Gure helburua ondo pasatzea da eta hori islatzen dela uste dugu, hortaz publikoa ere kutsatzen da. Eszenatokira igo baino lehen eta besarkatzen garen bitartean, zera esaten diogu elkarri: “estamos muy locas!!!”. Garraxi horrek, seguraski, jarrera punkiagoa agertarazten laguntzen digula.
Zaintzak, bizitza pertsonalak, denborak… zelan orekatu daitezke horrelako proiektu batetan?
Gure bikote, bikote ohi, familia, lagun eta orokorrean dugun sarearen laguntzari esker egin dezakegu egiten duguna. Asko gustatuko litzaiguke kantu berri piloa egitea, kontzertu mordoa eskaintzea… baina garenak gara eta ahal duguna egiten dugu. Beti diogu hilabetean kontzertu bat egitea izango litzatekeela gure neurri ideala. Asteazkenetako kedadarekin jarraituz, noski.
Eta orokorrean, musika eszenan amatasuna kontuan hartzen dela uste duzue? Baduzue erreferente adibideren bat?
Badaude ama diren musikari eta dj-ak; Aida Torres (Magia Bruta), Ainara Gurrutxaga (Gori Gori), Amak taldekoak, Anelis Arnau (Orbel), Elena Setien, Gela, Ines Osinaga, Itsaso Gutierrez (ON), La Furia, Mursego, Nahia Zubeldia (Lumi), Ope Loeb, Sorkun, Zaloa Urain (Kokein)…
Behar bada, hauek guztiak eszenara ama izan baino lehenago heldu ziren. Gu ama izan eta gero iritsi gara, eta gainera elektronika egiten, akaso hori da “arraroa” dena.
Dena dela, aipatutako zerrenda* ikusita, gehiago egon beharko luketela argi dago, ezta? Aita diren musikarien kopurua eta ama direnen arteko aldea ziur oso desorekatua dela.
Hor haustarketa ugari daude; ama izateak musika alde batera uztera behartzen du emakumea? Eszenak baztertzen zaitu ama izan ostean? Zer gertatzen da musikarekin ama izan eta gero? Akaso erroan dago arazoa, oraindik emakumeok musikan dugun presentzia eskasean.
Beste puntu interesgarri bat ere badugu hemen, musika egiten duen ama talde bat bezala baloratzen zaigun sentsazioa dugula, eta ez musika talde bat soilik bezala.
Aurrera begira, zelan ikusten duzue proiektuaren etorkizuna? Bestelako gaiak esploratuko dituzuea zuen perspektibatik? Bestelako estilo edo musikak? Zeintzuk dira etorkizunerako planak?
Ez dakigu zer gertatuko den geroari begira, baina argi daukagu oso ongi pasatzen dugula kontzertuak eskaintzen, eta musika berria egiten jarraitu nahiko genukela. Behar bada beste erritmo batean, beti aurrera begira ordea. Eta gaiaei eta estiloei dagokienez, joango gara ikusten, ateratzen zaiguna egingo dugu, akaso kolaborazio eta ekoizle berriekin.
Gure podcast-eko lehenengo atalean amets bat bota genuen: Mexikotik bira. Batek daki etorkizunean zer!
*Boteprontoan bururatu zaizkigun musikariak dira, ez da zerrenda itxi bat, ama diren musikari asko falta dira, argi hor ez gaudela denak. Etorkizunean klub honetara batuko direnei ere ongi etorriak.