2025.05.22
Argi zantzuak (Hegoa Diskak 2024) iaz gure artean plazaratutako disko magiko, misteriotsu eta liluragarrienetako bat izan zen, zalantzarik gabe. Diskoetxearen webgunean aipatzen diren HrioshiYoshimura edo Suso Saiz moduko artista handiek 80ko hamarkadan grabatutako ambient harribitxi galdu batzuez osatuta dagoela pentsa zitekeen. Era berean, musika estilo eta garai guztien koordenadatatik kanpo bizi den grabaketa hilezkor horietako bat da baita ere. Maisu jakintsu baten lana, alegia.
Aurriritzi guzti horiek hankaz gora jarriaz, ordea, Iker Munduate, donostiar gaztea da musika zoragarri honen egile eta interpretatzaile bakarra. Bihar kontzertua emango du Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa), 22:00etatik aurrera, Saguxar-ekin batera. Baina nor da Iker? Nondik dator eta zein izan da bere ibilbidea era honetako obra eder batetara ailegatzeko? Kuriostasuna baduzue jarraitu irakurtzen…
Erabat atzera eginez, haurtzaro eta nerabezaroko oroimenetatik has gaitezen. Musika eta soinuarekin duzun lehen kontaktua noiz ematen den eta zein eratan sentitzen zaren erakarria jakin nahi genuke. Sarritan, epifania moduko uneak izaten dira, baina prozesu gradual bat ere izan daiteke. Zeintzuk dira zure oroitzapenak?
Bai. Badira era horretako epifania moduko uneak nire bizitzan. Baina hasieratik hastearren, 2000an jaio nintzen Donostian; ama finlandiarra dut eta aita goierritarra. Donostian bizi izan naiz beti. Egia auzoan, eta Ikastolan ikasi dut. Udan Finlandiara joaten gara urtero, eta horrek, txikitatik, aurriritzi asko gainetik kentzen edo ez izaten lagundu didala uste dut.
Nire aita musikaria eta disko zalea izanik, musika betidanik egon da presente etxean. Behin, Ikastolara nire bila etortzean, instrumenturen bat jotzen ikastea gustatuko litzaidakeen galdetu zidan eta, behartuta sentiarazi gabe eta nahi izanez gero bakarrik, eskola musikara apuntatuko ninduela. Eta nik, une horretan, bateria jo nahi nuela erantzun nion.
Halako eran, perkusioa ikasten hasi nintzen Donostiako Musika Eskolan. Disziplina bezala, perkusioak egunero instrumentu ezberdin batekin aritzea suposatzen du behin baino gehiago: batzuetan bateria, besteetan marinba, bonboa, tinbalak eta beste asko. Aniztasun horrek nigan eragin handia izan zuela uste dut, eta bereziki orain, denbora pasa ondoren jabetzen naiz horretaz.
Zazpi bat urte egon nintzen bertan ikasten. Hala ere eta nolabait esatearren, ez zen oso gauza akademikoa izan. Irakasleak jolas baten moduan planteatzen baitzituen klaseak. Oso tipo atsegina eta jatorra zen, oso pedagogikoa eta alaia ere bai.
Iaz Santanderko Eureka aretoan xilofono batez eman zenuen zuzeneko kontzertuan halako izaera ludiko eta gozagarria somatzen zen zure musikan. Agian kontatzen duzunarekin badu bere lotura.
Bai, nire azken lanetan perkusioa ikasten ari nintzen garai haietara bueltatzen ari naizela iruditzen zait batzuetan.
Edozein erara, eta diodan bezala, txikitatik izan dut erlazioa musikarekin. Nire aitak kontzertuetara eramaten ninduen, 13-14 urte neuzkala punk kontzertuetara joaten ginen elkarrekin. The Damned moduko talde mitikoak ikusi izan ditut. Hauen kasuan, gainera, Londresera espreski bidaiatu genuen kontzertura joan ahal izateko.
Aurreraxeago, beste une garrantzitsu bat izan zen nire bizitzan eta musikarekiko izan dudan erlazioan. 16 urte betetzear nintzela, udan, Bukowski tabernan talde batzuk jotzen zutela ikusi nuen eta birritan pentsatu gabe sartu egin nintzen. Ordurarte ikusitako zuzeneko guztien esperientzia guztiz ezberdina eta oso berezia izan zen niretzat. Ni bakarrik nengoen gainera.
Lehen aipatutako epifania moduko une horietako bat izan daiteke orduan, ezta?
Youtuben milaka kontzertu ikus ditzakezu baina benetako zuzenekoak ez du parekorik. Nahiz eta esan bezala musika beti presente izan nire bizitzan, kontzertu hark klik berezi bat eragin zidan barnean. Nolabait, gertuko undreground mundua edo DIY1 mugimendua ezagutarazi zidan. Musika talde bat sotzeko nahia piztu eta martxan jartzeko garaia zela transmititu zidan esperientzia horrek. Taldeak RollercoasterKills eta Wann ziren eta post-hardcore moduko musika egiten zuten, indie-emo ukitu batzuekin. Hala ere, onartu behar dut une horretan nik musika estiloaz ez nekiela ezer, ez nuen ezer ulertzen eta urteak joan ziren oraindik era horrelako etiketak ulertu eta haietaz hitz egiten hasteko
Ikaskideen artean banituen bi lagun musikazale, Jontxu eta Iker, eta haiekin hasi nintzen jotzen. Baina nik ez nekien oraindik gitarra jotzen. Beraz, egun batetik bestera nire aitaren gitarra hartu eta, etxean, nire kasa ikasten eta praktikatzen hasi nintzen, Youtubeko bideoen bitartez batik bat. Abesti errazen bertsioak eginez hasera batean, eta pixkanaka gauza zailagoak probatzera ausartuz. Edozein erara, perkusio munduan etengabe instrumentuak probatzen eta ezagutzen genituenez ez zitzaidan hain arrotza egin gitarrarekin jolasten hastea.
Agian, gitarra, beste edozein perkusio instrumentu edo jostailu bat balitz bezala hasi zinen erabiltzen eta esperimentatzen.
Bai baliteke, eta orduantxehasi ginen Tenpera bihurtuko zen taldearen lehen pausoak ematen. Emo-core kutsuko power trio bat zen nolabait esatearren. Taldearen soinua perfekzionatzen eta ahalik eta hoberen jotzen ikasten saiatzen ginen batik bat hasera horretan.
Zeintzuk ziren garai horretan zure eragin musikal nagusiak? Zer entzuten zenuen gehienbat?
BCore diskoetxeko WildAnimals gogoratzen dut bereziki, eta klasikoagoen aldetik, Dinosaur Jr. Polvo izugarri gustatzen zitzaidan (eta zaidan) talde bat da baita ere. Orohar, 90etako hamarkadako indie, post-hardcore moduko bandak oso gustukoak izan ditut beti, Fugazi eta Dischord-eko taldeak bezala.
“Ondoren, Trintxerpeko Mogmabo, Dabadaba bezain garrantzitsua izan da niretzako. Bi aretoei erabat eskertuta nago bai ikusi ditudan kontzertuen aldetik, baita taldeekin kontzertuak antolatu dizkigutenean emandako harrera, tratu eta aukeren aldetik ere. Zentzu askotan biak izan dira nire unibertsitateak…”
Egungo ikuspuntutik, eta zure ibilbidearen arku narratibo bat eginez, Tenperan pop egiturako abestiak egiten zenituzten. Baina gero, urte gutxiren epean, beste talde batzuetan ere hasi zinen, non pixkanaka beste izaera ezberdineko doinuetan sartzen hasten zaren. Alde batetik, hardcore-punk askoz latzagoko soinuetan, eta bestetik, abesti luze eta atmosferikoetan. Nola ematen da bilakaera hori eta zein musika eta artista aurkitu zenituen prozesu horretan?
Donostiako Dabadaba aretoan kontzertu askotara joaten nintzen garai hartan (orain ere bai). Ondoren, Trintxerpeko Mogmabo, Dabadaba bezain garrantzitsua izan da niretzako. Bi aretoei erabat eskertuta nago bai ikusi ditudan kontzertuen aldetik, baita taldeekin kontzertuak antolatu dizkigutenean emandako harrera, tratu eta aukeren aldetik ere. Zentzu askotan biak izan dira nire unibertsitateak… Edozein egunetan hara gerturatu eta mundu osoko talde arraro eta anitzenen kontzertuak ikusteko aukera izan baitugu.
Garai horretan, batxilergoan, Mikel Malagon ezagutu nuen eta gustu antzekoak genituela ikustean, bion artean musika berria aurkitzen eta elkar banatzen hasi ginen. Oso azkar jotako hardcore-punk musikaz gozatzen hasi ginen. Grazia handia egiten zigun era horretako talde bat zuzenean jotzen ikusten genuenean, abesti bat bukatzean, ikusle batzuk “azkarrago!” oihukatzeak. Eta hortik atera zen Azkar Zintak zigiluaren izena. Egia esan, zigilu bat zer zen jakin gabe erabaki genuen izena, eta erabaki hori hartu eta gero hasi ginen benetan martxan jartzen.
Zein asmoz jarri zenuten martxan? Agian, beste zigilu batzuren bila hasteko gogo ezean gauzak zuen erara egin nahi zenituztelako?
Bai, nolabait bai. Azken batetan, Mogambon entzuten genituen kontzertu eta taldeen mundu horretan, gauzak erabat gure erara eta gure kabuz egitea erabat naturala zen. Kontzertuak antolatzea, entseatzea, jotzea… dena DIY moduan egiten bagenuen zergatik ez argitalpena ere? Beste munduko hausnarketa edo aldarrikapen sakonik egin gabe, eta modu naturalez, esan bezala. Erabili gabeko ehun bat kasete eskatu genituen bertan zer grabatuko genuen jakin gabe, eta era batera edo bestera beteko genituela pentsatuz. Ez genuen aurretik pentsatutako planik edo antzekorik inolaz ere.
Plazaratu genuen lehen proiektua xFRUSTUMx taldea izan zen. Arratsalde batean Mikel, neu eta gure lagun Hugorekin elkartu ginen eta, besterik gabe, jolasbaten modura, erosi berri genuen grabagailu eta mikro batzuren laguntzaz, abesti motz eta azkar batzuk bat-batean sortu eta grabatu genituen. Kasik txantxa baten modura argitaratu genuen kaseta, baina jendeari grazia egiten ziola zirudien eta interesatzen hasi zen. Hari beretik tiraka, Ardor taldea sortu genuen, gure arteko beste txantxa baten modura berriz ere. Gauza da txantxa eta ez hain txantxa horien artean, azkenean, katalogo bat pilatzen joan ginela.
Aurrera atera dituzun ekimen guzietan oso jarrera autodidakta erakutsi duzu. Zeure funtsa beti hori izan dela esan daiteke.
Bai guztiz. Nire bilakaera osoa horretan datza: ezer espero gabe eta ezer berezirik eskatu gabe nire buruari gauza berriak etengabe probaraztea, alegia. Bai gitarra jotzea, bai nire grabaketak egitea, baita beste artista batzuena grabatzea, ekoiztu eta nahastea (hori ere egin izan dut Azkar Zintak zigiluaren barnean) modu natural, naif batean, era horretan esan nahi baduzu, egin dut. Dena (jotzea, grabatzea, ekoiztea, promozionatzea edota antolatzea) gehiegi sailkatzen dela iruditzen zait. Askoz modu integralagoan ikusten ditut nik gauzak.
Zentzurik hoberenean eta aberatsenean esanda, baina zeure eta zeure taldeen ibilbideaez duzula inoiz “serio” hartzen esan daiteke. Zure proiektuak erabat malguak dira: gaur izen bat, bihar beste bat, egun bat edo urte bete iraun dezake taldeak, kideak ez dira finkoak…
Funtsean, lagunarteko gauza bat izan da beti. Baina diozun horri bai eta ez esango nioke aldi berean. Zeren eta Tenpera edo Comic Sans taldeetan oso serio eta disziplina handiz eta organizazio handiz hartzen genituen gauzak. Beraz nahasketa bat egon da. Bi ildoak presente egon dira nire ibilbidean.
Nolabait esateko, ohiko rock musika taldearena batetik, eta esperimentazio askearena bestetik.
Bai. Esperimentatu eta ondo pasatzea ere, plazer hutsez aritzea.
Musika egitearen arrazoi eta xede nagusia gozamena dela esango zenuke?
Lehen planoan bai, gozamena da, baina honekin batera ere datozen beste aldarrikapen soziopolitikoak ere bai, batik bat punkari intrinsekoki lotuta daudenak.
Denborak ematen duen ikuspegitik begiratuta, azken urteetan zure lana indibidualago bilakatzea pandemiaren eragin eta ondorio dela izan daitekeela dirudi. Bakoitza bere bizitzako une ezberdin batean eta modu ezberdin batean, noski, baina aztarna sakona utzi zuen gizarte osoan. Gure bizitza erabat aldaarazi baitzuen eta aurreko “normaltasun” hartara guztiz bueltatzea ezinezkoa baita.
Bai, neuk ere horrela sentitzen dut. Musikarekiko dudan ikuspegian eragin konplexua izan zuen. Pandemia hasieran sintetizadore batzuk erosi nituen, nire betiko filosofia jostalari hori jarraituz eta zerbait berria probatzeko asmotan. Baina pandemiaren konfinamenduak aurrera egiten zuen neurrian, buruari bueltak ematen hasi nintzen, egiteko zerbaiten bilaketa etengabe batean. Eta bat-batean zera pentsatzen hasi nintzen: “zertarako erosi ditut sintetizadore hauek hain ondo doazen talde batzuen barnean baldin banago?”. Sintetizadoreak salduko nituela eta taldeetan kontzentratuko nintzela erabaki nuen une horretan, eta gitarran eta taldearen abestietan enfokatu nintzen guztiz.
Baina hala ere, une jakin batean nekatu egin nintzen taldearen dinamikaz. ComicSans taldean funtzionamendua konpromiso baten itxura hartzen hasi zen, egunerokoan gozatu genezakeen proiektu bat izan beharrean. Ohikoa den bezala, faktore pilaketa bat ematen da horrelako kasuetan, arrazoi espezifiko bat baino gehiaho. Une horretan, Ultramarinos Costa Brava estudioetan (Bcoreko taldeen estudio nagusia eta ohikoa, eta estatu mailako indie musikan erabateko erreferente bat) grabatzeko aukera eskaini ziguten eta hala egin genuen. Baina horren ondoren, gauzak bere horretan jarraitzen zutela-eta, taldea behin betirako utzi nuen. Pozik geratu nintzen, egia esan.
Gero Primavera Sounden jo zuten eta gauza politak egin zituzten baina, tira, ni dagoeneko ez nintzen taldean eta ez naiz damutzen uzteaz. Taldeak era horretako dinamika ilunetan sartzen direnean gogorra egiten da. ComicSans utzi eta nire buruari eta taldekideei esan nien, denboraldi batez behintzat, lasaitasuna behar nuela.
Une horretatik aurrera, berriz ere hasi nintzela esango nuke. Lehen ez dut aipatu, baina Distopía Mutante ekimenak garrantzi eta eragin handia izan zuen nigan bai pandemian baita pandemiaren ondoren ere. Musika esperimental eta alternatiboko kontzertu eta ekimen pilo bat programatu izan dituzte. Era horretako kontzertuetara joaten hasi nintzen eta bertan guztiz flipatzen hasi nintzen. Musikaz haratago ere, ordurarte izan nuen pentsamoldea guztiz eraldatu zuten.
“Pandemia garaian, Paezur izenpean Joseba Agirrezabalagak eman zuen kontzertua, zalantzarik gabe. Noise-ambient moduko saio zoragarria izan zen. Aho bete hortz geratu nintzen; ikusi nuen hura inolaz ere azaldu ezinik. “Zer izan da hau?” esaten nion nire buruari. Mugarri une bat izan zen niretzat, klik berezi bat sentitzen duzun horietakoa berriz ere”
Garai hartako kontzerturik ba al da bereziki gogoratzen duzuna?
Pandemia garaian, Paezur izenpean Joseba Agirrezabalagak eman zuen kontzertua, zalantzarik gabe. Noise-ambient moduko saio zoragarria izan zen. Aho bete hortz geratu nintzen; ikusi nuen hura inolaz ere azaldu ezinik. “Zer izan da hau?” esaten nion nire buruari. Mugarri une bat izan zen niretzat, klik berezi bat sentitzen duzun horietakoa berriz ere. Kontzertu batean baino gehiago, bidai baten barnean sentitu nintzen. Horen ondoren beste hainbat kontzertu bikain izan dira baita ere, Dame Area edota Enrike Hurtado & Ibon RG, gutxi batzuk aipatzearren.
Musikaz bizitzea ez da batere erraza gaur egun, eta zure kasuan ere, ez da zure ogibide nagusia ezta?
Ez. Arte Ederrak ikasi ditut eta diseinatzaile grafiko lanetan aritzen naiz. Arte Ederretan sartzea beste inflexio puntu garrantzitsu bat izan zen niretzat, nire aurreko hezkuntza guzia zientzia eta teknologia mundura bideratuta egon baitzen. Baina ez nuen alde horretatik jarraitu eta diseinura jo nahi izan nuen, eta horretarako Arte Ederrak ikasten hasi nintzen. Nire gurasoek, beti egin duten bezala, guztiz lagundu zidaten erabaki hori hartzeko garaian. Nire aita ingeniaria da eta nire ama artista, modu jasangarriez ekoiztutako arropen diseinatzailea.
“Nire bilakaera osoa horretan datza: ezer espero gabe eta ezer berezirik eskatu gabe nire buruari gauza berriak etengabe probatzea, alegia”
Arte Ederrak, DistopíaMutante,… zure bizitzan ate berriak irekitzen hasten diren une horretan, Zinta Azkarrak etiketa alde batera utzi eta zeure izenpean zigilu berri bat egiten duzu zeure bakarkako kaseteak ateratzen hasteko. Pauso garrantzitsua hau ere.
Bai. Orain dela gutxiko gauza izan da. Bizpahiru urte baino ez. Arte Ederreko ikasketekin lotuta dago erabat. Aurreko ikasturteetan ariketa moduan egindako grabaketa batzuk gordeta nituenez, ikasgai bateko proiektu modura, testuinguru estetiko bat eman eta bandcampera igo eta kasete edizio txiki batzuk egitea bururatu zitzaidan. Azkar Zintakeko garaitik soberan nituen kasete huts batzuk erabili nituen eta harekin moldatu nintzen. Bandcampeko orri pertsonal hori martxan jartzearen arrazoia ariketa hura betetzea baino ez zen izan hasiera batean.
Oso musika ona dago hor edozein erara. Plazaratutako guztia grabaketa zaharretan oinarritzen da edo konposizio berriak ere egin izan dituzu zigilurako?
Gauza berriak konposatzen hasi nintzen baita ere. Nire taldekide ohiek bandcampera grabaketak igotzen ari nintzela ikustean Distopia Mutanteko jendearekin batera Mogambon nire kasa jotzera animatu ninduten. Eta horretarako pieza espezifiko berri batzuk sortzen hasi nintzen, zaratatsu samarrak eta elementu performatibo batzuk sartuz. Pixkanaka nire kasa gauzak egiten erosoago sentitzen hasi nintzen. Pieza baten kasuan, etxeko sukaldeko tresnak hartu eta haiekin moldatu nintzen, moldeak eta abar lurrean jarri eta perkusio instrumentu baten modura joz. Zenzen kaseta da hori. Garai hartan EnsembleNist-Nah taldearen gamelan musika ikusi nuen zuzenean (Indonesiako musika tradizionalean oinarrituriko taldea) eta eragin handia izan zuen nigan.
EnsembleNist-Nah-ren eragina nabaria da zure musikan. Argi Zantzuak diskoaren aurrekari edo katalizatzaile bat izan daiteke agian?
Bai, nolabait bai. Han nabaritu bainuen berriz ere perkusioaren indarra eta lilura eta une horretan pentsatu nuen “Nik perkusioa ikasi dut azkenean, ez al da hori nire instrumentua?” edo “zertan ibili naiz orain arte?”.
Egiten duzun guziak eta aurretik ematen dituzun pauso guztiek aberasten zaituzte azken batean. Zarena zera aurretik egin duzun guztia egin duzulako.
Bai, pixkanaka konturatzen zara den denak bere zentzua daukala. Perkusioaren berraurkikuntza honen ondorioz graduko azken proiektu modura, perkusio instrumentu batzuk sortu nituen. Diseinua eta estetika bereziki landu nituen horretarako. HarryPartch eta era horretako artisten lanean ikertu nuen. Baina oraindik ez dut erabaki zer egin guzti horrekin. Bildu eta gorde…berriz muntatu… grabaketa batzuk egin, ez dakit. Prozesu guzti honen ondoren atera da Hegoa diskoetxeko diskoa ere.
Eta nola eman zen elkarlan hori? Zeuk jo zenuen Mikel Acostarengana (Hegoa diskoetxeko arduraduna) edo alderantziz?
Gauza izan zen Mikelek Ziburun eta Bilbon diskoetxearen aurkezpen moduko kontzertu batzuk antolatu zituela eta nire aitari komentatu eta elkarrekin joatera animatu nuen. Alberto Lizarralde, Garazi Navas eta Bidaik (Mikel Vega eta Xabi Strübel eta zuzeneko hartan Itsaso Urrutikoetxea saxofoiarekin) jotzen zuten bertan eta erabat txundigarria iruditu zitzaidan. Urte berean, pittin bat lehenago, Albertoren diskoa eskatu nuen nire urtebetetzerako. Izugarrizko aurkikuntza izan zen niretzako musika hura 80ko hamarkadako euskal herrian egin zela jakitea.
“Sintetizadoreekin instrumentua fisikoki jotzea faltan botatzen baitut. Ez naiz ordenadorearekin kontzertuak ematearen aurkakoa, baina nolabaiteko performance puntu hori beharrezkoa dut zuzenean. Baita musika konposatzean ere”
Eta orain, zeintzuk dira zure planak epe motz eta ertainera?
Funtsean, berdin segitzea, jarrera berberaz lan egiten, alegia. Disko berri bat aterako dut aurki. Perkusioaren presentzia handiagoz. Tribalagoa izango da nolabait esatearren. Zigilu bila nabil oraindik. Xilofonoa hartzearen kontua diskoaren ondorengo gauza izan da. Sintetizadoreekin instrumentua fisikoki jotzea faltan botatzen baitut. Ez naiz ordenadorearekin kontzertuak ematearen aurkakoa, baina nolabaiteko performance puntu hori beharrezkoa dut zuzenean. Baita musika konposatzean ere.
Diskoa aurkeztean oso set zurruna eraman izan dut zuzenera eta orain aire, joko eta ezusteko pittin bat gehiago behar nuen. Nire hurrengo kontzertuetan askoz inprobisazio gehiago izango da, pertsonalki esperientziaren gozamena ahaztu gabe.