Musika

badok

2018.01.15

badok

2018ko lehen doinuak

Diskoen argitalpenak ez du etenik. Durangoko Azokarako argitalpenen uholdea pasa ondoren, tantaka baina geldiunerik gabe kaleratuko dira lan berriak datozen asteetan. Hona hemen laster gure belarrietara iritsiko diren hamar disko.

ARRANO PERTXA ETA LENGU ILUNA — Jaungoikoa, dirua eta erritmo zaharra (Taupaka)
Urko Gonzalezek (FDLN) eta David Rodriguez Eladoskuro-k (La Bandah del Patio) dira Arrano Pertxa eta Lengu Iluna. Jaungoikoa, dirua eta erritmo zaharra kaleratuko dute datorren ostegunean, hilaren 18an. 80ko hamarkadan AEBetan egiten zen raparen soinua eta tematikak jorratu dituzte lehen lan horretan, eta horren lekuko da zabaldu duten lehen abestia, “Lengu”. Kaleko bizimodua, drogen inguruan sortzen diren harremanak eta raparen munduan ohikoa den egoen arteko lehiakortasuna hizpide ditu abesti horrek.

BIDELAPURRAK — Gorriak eta bi (Egilea editore)
Zenbat negar baztarretan lehenengo grabazioaren ostean, Gorriak eta bi lanarekin itzuli da Gasteizko folk-country-rock taldea. Jatorrizko bikotea (Ander Solozabal eta Ekaitz Aranberri) zazpikote bilakatu da diskoan, Irati Olaziregi (baxua eta biolina), Jere Martinez (akordeoia), Aitor Narbaiza (teklatuak eta tronpa), Gorka Etxebarria (bateria) eta Jon Aranbururekin (mandolina, dobroa  eta gitarra elektrikoa). Arrasateko Shot! estudioan grabatu dute Ander Barriuso teknikariarekin, eta urtarrilaren 20an Gasteizko HellDorado aretoan aurkeztuko dute. Diskoa irekitzen duen “Adibidez” abestia entzun dezakezu hemen, eta “Behartsu jaio hintzen” abestiaren biodeoklipa ikusi azpian.

BROKEN BROTHERS BRASS BAND — Txertaketa (Errabal Jazz)
Ildoa landuz arrakastatsuaren ostean, doinu beltzak zabaltzen jarraituko du Iruñeako taldeak Txertaketa lan berrian.

Broken Brothers Brass Band

Broken Brothers Brass Band (2018).

IZARO — Eason (Egilea editore)
Otsailaren 16an kaleratuko du Izaro Andresek bere bigarren diskoa, Eason. Ikusmin handia piztu du lanak, Bilbon eta Donostian —martxoaren 8an eta 9an, hurrenez hurren— egingo dituen lehen aurkezpen kontzertuetarako sarreren salmenta biziak erakusten duen bezala. Dagoeneko entzun daiteke lehen singlea, “Er(h)ori”.

Izaro

Izarok otsailean argitaratuko du ‘Eason’ bigarren diskoa.

MARKOS UNTZETA & ESKU HUTSIK — Eguzki gorri bat (Gaztelupeko Hotsak)
Bakarka grabaturiko disko bat egin ostean —Seinaleak (2014)—, talde formatura itzuli da Markos Untzeta lan berrian. Angel Ituarte (baxua), Giovanni Zanon (gitarra) eta Iñaki Belabaste (bateria) dira Esku Hutsik osatzen duten musikariak, eta haien laguntzaz blues-country-rock ildoko 11 kantu berri grabatu ditu Untzetak Tio Pete estudioan, Unai Mimenza soinu teknikariarekin. Aste Santuaren ostean argitaratuko dute diskoa.

Markos Untzeta Esku Hutsik

Angel Ituarte, Markos Untzeta, Giovanni Zanon eta Iñaki Belabaste.

MORAU — Egunsentiak alperrentzat (Egilea editore)
Amari alzheimerra diagnostikatu ziotenetik, harekin goizero paseo bat emateko eta bidean hartutako argazki bat Facebooken jartzeko ohitura hartu zuen Andoni Tolosa Morau-k. Ibilaldi horiek izan dira Egunsentiak alperrentzat lan berrian jasotako kantuen abiapuntu. Lehen aldiz bakarka grabatu du diskoa —Beñardo Goietxek koruetan bakarrik lagundu dio—, eta hala aurkeztuko du zuzenean ere. Dagoeneko egin du aurkezpenen bat —hurrena urtarrilaren 18an izango da, Donostiako Antiguako AEK euskaltegian, 19:00etan— baina diskoa ez da otsailera arte egongo. Giorgio Bassmattiren hitzetan, kantuetan “Morau saiatu da gela argitzen, kanpoko argia barrura ekartzen. Eguneroko dramaren kuriositate txikiekin historia globalak egiten, egoeraren berezitasunak gertutasunez azaltzen, umorea pixka bat hoztuz, famili-maitasuna fonema askotan azalduz”-

MIKEL URAKEN — Izaki bizidun berriak (Egilea editore / Mise-En-Scène)
“Mikel Uraken pertsona bakar bat izateari utzi dio eta kolektibo bihurtu da, hiru buru dituen izaki berri bat sortu dugu”, azaldu du Urakenek berak bere disko berriaren harira. David Tobal (bateria) eta Gorka Pardorekin (baxua) grabatu du Urakenek bere bigarren lana, Garate estudioan. Martxoan argitaratuko da. Informazio gehiagorako, irakurri Antton Iturbek idatzitako artikulua.

MikelUraken_Edurre (11) by Arriguri

Hirukotean grabatu dute Mikel Urakenek (erdian) bigarren diskoa. (Arriguri)

REVOLTA PERMANENT: Ultravioleta (Gaua)
Otsailaren 1ean kaleratuko du Revolta Permanent-ek bere hirugarren diskoa. Ultravioleta-n zortzi kantu bildu dituzte eta horietako bakoitza ekoizle batek nahastu du: Manuel Colmenero, Josep Umbría, Maurizio Tonelli, Carlos Lillo, Jordi Gil, Paco Loco, Marc Parrot eta Dany Richter. Emaitza, taldearen arabera, “zortzi kanta ezberdin eta bitxi dira, landu dituzten produktoreak diren bezain ezberdinak euren artean, baina Revolta Permanent-en esentzia galdu gabe”. Diskoarekin batera dokumental bat ere argitaratuko du Barakaldoko laukoteak. Otsailaren 15ean Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute zuzenean.

Revolta Ultravioleta

SKASTI — YE (Baga Biga)
Baga Biga diskoetxeak urtarrilaren 23an argitaratuko du Zarauzko pop taldearen hirugarren diskoa. Gaztain estudioan grabatu dute Eñaut Gaztañagarekin, eta 13 doinu dantzagarri biltzen ditu YE-k. “Rosa Parks” da aurrerapen gisa zabaldu duten abestia. Otsailaren 3an Gasteizko Kubik aretoan aurkeztuko dute eta 22an Bilboko Kafe Antzokian..

XIBEROOTS — Eüskal vaiboueycheun (Egilea editore)
Zuberoako seikoteak prest du bere lan berria. Alozeko Karrikia estudioa grabatu du eta “Maule muffin” da diskotik ateratako lehen singlea.

Hauez gain, lan berria dagoeneko grabatua duten edo grabatzen ari diren beste taldeetako batzuk dira Voltaia, Liher, Larry Bird, Txuma Murugarren —binilozko singlea—, Rukula, Guda Dantza, Skabidean…

ETIKETAK:Arrano Pertxa eta Lengu IlunaBidelapurrakBroken Brothers Brass BandDiskoakIzaroMarkos Untzeta & Esku HutsikMikel UrakenMorauRevolta PermanentSkastiXiberoots