Musika

Gorka Erostarbe

2016.06.23

Gorka Erostarbe

Argitarako bidaia

Ia oharkabean, hanka puntetan dabilenaren diskrezio dotore berberaz egin zuen agerpena duela hiru urte musikaren plazan Perlak laukoteak. Orain bi urte kaleratu zuen izen bereko lehen disko hark xarma zuen bere soiltasunean, post-punkaren giro ilun malenkoniatsuak euskaraz janzteak ere bazemakion berezitasunik, eta modurik naturalenean, ahoz ahokoari esker, oihartzuna eta zabalkundea izan zuen zazpi kantuz osaturiko lan autoekoitzi hark.

p031_f01

Patxi Agirre, Miren Narbaiza, Maite Martiarena eta Ilargi Agirre, gaur egungo Perlak.

Haren ondotik, zuzenekoetan jotzeko aukera. Leku askotatik deitu zieten, eta eskarmentua biltzen joan ziren. «Esperientzia ederra izan zen eta jasotako irakasgai garrantzitsuena, agian, kontzertu bakoitzera egokitzeko dagoen beharra da. Entzuten duzuna entzunda ere, publikoa dena delako izanda ere, ahalik eta gehien disfrutatzea geure artean, eta kanporantz hori bera transmititzea», nabarmendu du Maite Martiarena taldekideak (ahotsa, gitarra). Ideia hori berresten du Ilargi Agirrek (bateria, ahotsak): «Bi urtean 60 kontzertu inguru eman ditugu. Irakasgaia? Inoiz ez dakizula kontzertua amaitu arte zer gertatuko den. Hasiera batean kristoren lekua dirudiena bihur liteke leku gris eta triste bat, eta hamar lagunen aurreko kontzertua, aldiz, emandako onena. Ezusteko asko ematen dituela musikak, bizitzak bezala, eta horregatik dela hain polita».

Ahots aniztasuna
Kontzertu asko eman izana ez da izan oztopo kantu berriak sortzeko, eta aurtengo martxoan berriz ere estudioan sartu ziren. Aurreko aldian bezala Mungiako Gaua estudioa (Bizkaia) eta Aitor Abio soinu teknikaria hautatu zituzten bidaide. Astebete egin zuten han. «Diskoan ehuneko ehunean sartuta egoteko aukera ematen dizu horrek», Agirrek dionez. Lehenaren post-punk ildoa mantentzen du diskoak, baina, haatik, badu desberdintasunik Itzaletatik bigarren honek. Soinuaren trinkotasuna da lehena. «Zuzenean hartu dugun esperientzia horrek soinu sendoagoa eman digu eta zuzenekoan islatzen da». Eta bigarrena, gitarren presentzia nabarmenagoa da: «Gitarrak gehiago landu ditugu. Abesti batzuek kutsu rockeroagoa dute». Eta horretan eragina izan du duela hilabete batzuk taldean izan zen aldaketak. Oihane Abarrategik taldea utzi zuen eta haren lekua Miren Narbaizak (Napoka Iria, Joseba B. Lenoir Gang) hartu: «Oihaneren lehen bulkada, agian, teklatuekin esperimentatzea izaten zen eta Mirenek gitarra hartzeko joera handiagoa dauka», azaldu du Agirrek. Ez ditu taldeak bazterrean utzi Joy Division, The Cure edota post-punk revival-aren aparretan hazitako hainbat talderen oihartzunak, baina gehitu dizkie beste batzuk ere. «Grabazioaren aurretik, David Bowieren azkenari eta Savagesen Adore-ri entzunaldi dezente eman genizkion, eta kontzertuetara bidean PJ Harvey jartzen genuen furgonetan», oroitzen du Agirrek.

Lan berriak 11 pieza ditu, eta ahotsen erabilera anitzak ematen dio ukitu aberasgarria lanari ere. Martiarenak kantatzen ditu pieza gehienak. Baina Narbaizak (teklatuak, gitarra, ahotsa) eta Patxi Agirrek ere (baxua, ahotsa) kantu osoak abesten dituzte. Emakume kuantikoa” izenekoa Abarrategi taldekide ohiak kantatu du.

Rockaren munduan hain ohikoa izan den liderraren figura argirik ez izateak ere ematen dio indar bereizgarria, hurbilagoko tenplea taldeari. Hiru laurdenak emakumez osaturik egotea ez da debaldekoa talde izaera partekatu horretan; ezta abestien gaietan ere. Itzaletatik izenburua du diskoak, eta adierazten du emakumezkoek hainbat esparrutan, baita musikarenean ere, itzaletik egin behar izan duten bide gatazkatsua. Itzalpetik argitara ateratzeko ahaleginaren fruitua da Perlak, eta baita lan berria ere. «Letra batzuk haserre edo minaren espresioak dira. Hala ere, hainbatetan indar handiz ondorio positiboak ere atera daitezke». Duela mina”, “Emakume kuantikoa”, Isilpeko hitzak”, “Bandera moreak”… «Generoarekin zerikusia duten gai desberdinak jorratu ditugu kantu bakoitzean», zehaztu du Martiarenak.

Itzalpeko giro ilun malenkoniatsuak erakartzen ditu taldekideak, baina badago erritmo azkarragoetarako bide ematen duen kanturik ere. Moon in the Sky” instrumentala da bitxiena agian Perlaken ibilbidean, pop-rock edota power pop biziagoaren traza hartzen baitu.

Bilboko Kafe Antzokian (goiko aretoan, 20:00) ariko da gaur Perlak, Dekot taldearekin batera. «Benetako martxa» irailetik aurrera hartuko dute: «Neguko taldea baikara».

ETIKETAK:Aitor AbioGaua RecordsJoseba B. Lenoir GangNapoka IriaPerlak