Musika

badok

2020.01.02

badok

Asgarth eta Sexty Sexers taldeak itzuliko dira 2020an

Urte berriarekin batera iritsi dira aspaldi agertokietatik kanpo dauden bi talderen itzuleraren iragarpenak. Alde batetik, Asgarth taldeak baieztatu du 13 urteko etenari amaiera emango diola 2020an eta kontzertuak emango dituela berriz. Donostiako heavy taldeak boskote eraberritua aurkeztuko du emanaldiotan, Unai Zabala, Ander Cañas eta Asier Enbil jatorrizko taldekideei Hilotz taldeko Mikel Yarza eta Etxahun Urkizu batu baitzaizkie Asgarth-en aro berri honetan.

Taldeak azaldu duenez,“Mikelek eta Etxahunek aire berria ekarri dute taldera eta iraganaren eta orainaren arteko oreka lortu dugu. Musikalki azkar moldatu dira, baina garrantzitsuena zera da, tratu pertsonalean ezin hobe uztartu direla. Oso erraza izan da haiek ezagutu eta elkarlanari ekitea. Sortu den giroa bikaina da eta hau ezinbestekoa da halako proiektu bati abiada emateko. Irrikitan gaude Euskal Herrian zehar egurra banatzeko”.

Abesti berriak prestatzeari ere ekin dio boskoteak. Enbil, Cañas eta Zabalaren esanetan, berezia izan da hamarkadaz gaindiko etenaldiaren ostean taldea berriz ere martxan jartzea: “Ezin ukatu beti izan dugula buruan bueltaka noizbait itzuliko ginenaren ideia. Luze joan da, egoerak horrela agindu duelako, baina azkenean egia bilakatu da. Hemen gara berriro. Itzulera honetan ezin ahaztu azken urteetan gure anaia izan diren Joxi Perurena eta Unai Korral. Beraien ekarpena handia izan da, taldearen ibilbidea ulertezina da haiek gabe eta beti izango dira Asgarth familiaren parte”.

Asgarth 2020

Asgarth taldearen 2020ko formazioa: Unai Zabala, Ander Cañas, Asier Enbil, Etxahun Urkizu eta Mikel Yarza.

Iragarpen ofizialik ez badago ere, ziurtzat ematen da Sexty Sexers taldearen itzulera ere. MMXX idatzita duen irudia zabaldu du Berako (Nafarroa) taldeak Facebooken, eta askok itzuleraren berri ematen duen mezutzat ulertu dute. Kasu honetan, sei urte igaro dira taldeak azken kontzertuak eman zituenetik, Lorerik ez urkamendian bira laburrean, eta 11 urte azken diskoa, Hero mantra, kaleratu zuenetik. Tarte honetan beste hainbat proiektu martxan jarri dituzte taldekideek: Zakillers, Joseba B. Lenoir, Mutürbeltz

Sexty Sexers MMXX

Sexty Sexersek sare sozialetan zabaldu duen irudia.

Duela aste batzuk izan genuen beste itzulera baten berri, Lorelei taldearena hain zuzen. 2020an lau kontzertu emango dituela iragarri du Asier Serrano eta Mikel Gorosabel ‘Norton’ buru dituen taldeak.

ETIKETAK:AsgarthHilotzJoseba B. LenoirLoreleiMutürbeltzSexty SexersZakillers