Musika

badok

2019.12.12

badok

Lorelei berriz elkartuko da 2020. urtean

Lorelei taldea berriz elkartuko da 2020. urtean. Hala eman dute jakitera gaur taldearen bi sortzaileek: Mikel Gorosabel Norton musikariak eta Asier Serrano idazleak. Oraingoz lau kontzertu emango ditu taldeak datorren urtean: urtarrilaren 17an, Andoaingo Bastero kulturgunean; otsailaren 7an, Eibarko Coliseo antzokian; otsailaren 14an, Zarauzko Modelo aretoan; eta martxoaren 24an, Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan. Kontzertu hauetan, Norton eta Serranoz gain, Antxon Sarasua (baxua) eta Loiola Madera (bateria) izango dira oholtzan.

Lorelei.

Lorelei 90eko hamarkadako promozioko argazki batean.

Serranok argitaraturiko Bada hiri gorri bat poema liburutik abiatu zen Lorelei 1997. urte inguruan. Aurretik, EH Sukarra taldearentzat hainbat kantu-letra egindako zen idazle eibartarra. EH Sukarraren rock gogorrarekin zerikusirik ez zuen poema horietarako Nortonek sortutako musikak, eta 80ko hamarkadako pop taldeen soinutik gertu zegoen. Pop musika lasai eta erromantikoa morbo eta gau giroarekin nahastu nahi zuen Loreleik. Berehala grabatu zuten lehen diskoa, Bada hiri gorri bat (Gaztelupeko Hotsak, 1997), bi taldekide gehiagorekin —Jon Maza (bateria, Estigia) eta Mikel Irisarri (baxua, Katarro)—, eta hari eta haize moldaketekin. Harrera polita izan zuen lanak, beharbada pop doinuen gose zegoelako euskarazko musikaren kontsumitzailea. Horren ondorioz, egitasmoari jarritako urtebeteko epea luzatzea erabaki zuen taldeak.

Lehen diskoa aurkezteko Euskal Herria osoa zeharkatu ostean, luze gabe bigarren lanerako kantuak prestatzeari ekin zioten, eta Tatuatu zenidan zerua heldu zen (Gaztelupeko Hotsak, 1999). Bakardadeari eta zoriontasunari buruzko lan horretan, soinua gogortu egin zuen taldeak, baina, hala ere, hitzek jarraitzen zuten izaten garrantzi handiena. Bigarren diskoa plazaratu eta gero, banandu egin zen taldea, baina gerora Serranok hiru disko kaleratu zituen bere izenean: Ez esan inori (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Gerrari bai (Oihuka, 2003) eta Hoteleko kantuak(Oihuka, 2005).

ETIKETAK:Antxon SarasuaAsier SerranoLoiola MaderaLoreleiMikel Gorosabel 'Norton'