Musika

Xabier Gantzarain

2014.05.29

Xabier Gantzarain

Azaletik (I): Itoizen tipografia

Alkolea

‘Alkolea’ (Itoiz, Elkar, 1982). Azalaren egilea: David Abajo.

Mutriku eta Deba artean dago Alkolea, muga egiten du muga izan gabe, biluzik egotera joaten da jendea, bakean, azaletik gizartea kenduta.

Herri txiki baten biolentzia guztia dago “Ixilik egon hadi…ixilik” kantuan, zure bizitzan sartzeko baimenik behar ez dutenen aholkuak, aginduak, burlak, barre algarak, baina baita ihesbidea ere, kantua bera, musikaren arintasuna, askatasuna, alaitasuna. Diskoan ageri den lehen kantua, berriz, “Beheko plaza” da. Eta dena argitzera dator “Herri neurak”: “Ez badira hazten hiriak luzatzen, etorriko berriro herri neurak”.

Juan Carlos Perezen biografiarekin lotzea litzateke errazena, baina ez da bera bakarrik, iritsia da modernitatearen iruditerian zentrala den hiria euskal kulturara ere. Eta hiriarenganako lilura: askatasuna, anonimotasuna, norbera asmatzeko aukera. Eta trenak, bidaiatzeko aukera, mundua ezagutzekoa.

Tren geltokiak ugaritu egin dira ordurako literaturan, hor dago, konparazio batera, Egunero hasten delako, nobela modernoaren mugarria. Tren geltokia ageri da Ezekiel diskoaren azalean, eta tren geltokia ageri da Alkolea diskoaren kontrazalean.

Azalean, berriz, passe-partout lanak egiten dituen hondo beltzaren erdian, baina ez erdi-erdian, akuarela bat, kolore biziekin. Eta akuarela horretan emakume bat, bizkarra emanda: ilehoria, gaztea ematen du, soineko ponpatua darama, parasola eta kapela. Beste garai batekoa da, erromantikoa. Parke batean dago, eta bidea hasten da bere aurrean, alboetara bankuak eta zuhaitzak dituela. Trenik ez zegoeneko trenbidea izan daiteke, eta bera Gisèle. Ez dakigu zer egiten duen hor, hitzordua ote duen baten batekin, zertara joan den. Eta emakumearen begirada eta gurea ihes-puntu berean galtzen dira.

Ilunpe beltzari ateratako leihoa izan liteke, ihesbidea, ihes-puntua eta bidea. Goian, erdian, zentratuta, taldearen izena, 60ko hamarkadan sortutako arte optikoaren eragina sumatzen zaion tipografia batean idatzita (1968ko Mexikoko olinpiar jokoetako tipografia ere ekartzen duena gogora).

Azken aldia izango zen, taldea desagertu artean.

Gero, tipografia hori nagusitu da Itoizentzat.

ETIKETAK:AlkoleaazaletikDavid AbajoDiskoakElkarItoiz