Musika

Azaletik (XVII): ‘Photoautomat’ bai

XABIER MONTOIA  M022CD

‘Ni ez naiz Xabier Montoia’ (Xabier Montoia, 2002). Azalaren egilea: Baxi Ubeda

Izenak irudia ezeztatzen duenean.

Testuak irudian azaltzen dena baieztatzen duenean.

Esateak edo ez esateak, egitearekin zerikusia dauka.

Egitean, bizitzaren alde baieztakorrean gaude. Garenak egitea, guk geu bizi eta ez besteak gu biziaraztea.

“Ni ez naiz Xabier Montoia” esaldiak, irudia ezeztatzen duen bitartean, nortasun baieztakorra darama intrinseko; esan bezala, egitearen eremuan kokatzen delako. Eraikitzen duen esaldia delako, teknika sustraktiboaren bitartez. Ni ez naiz… baina bazara, esaldian zintzilik aurkitzen da. Ceci n’est pas une pipe, Magritteren esaldi hau eraikitzen den eran (arau formal batzuei jarraitzen dien arren) irudiak eta esaldiak, hondoak eta figurak, elkar (soilik elkar) aurkituko dute euren izana. Biak nahastu egiten dira. Irudia eta esaldia parekatuta daude, errepresentazio maila berean. Beraz, burua eta gorputza ez izan arren, Burua/Gorputza garela baieztatzen da hemen. Ez dago distantzia fisikorik irudiaren eta testuaren artean. Biluztu eta ireki egiten dira.

Katakrak, zaldi baten brastakoaren modukoa izan da niretzat esaldiaz ohartzea. Esaldia deuseztatzen ari al da esaldia bera, Xabier Montoia ez dela?

Aurpegira begiratu behar diozu halabeharrez, eta halabeharrez, hark zuri. Aurpegi ederra. Polo beltza, hondo zuria, aurpegi zuria. Kolore amalgama errendimendu osoan. Frontala den horri aurre egin behar diozu. Ezin duzu ihes egin hortik. Ni ez naiz Xabier Montoia! Nor haiz bada? Eta atzeko aldean bizkarra ematen digu. Ukatua zaigu jakitea. Bera hura ez dela badakigu. Izenak ez du egiten izana.

Eta berriz irudian gaude. Bete–betean. Tipo honek ez dizkit begiak kentzen gainetik. Nik ere ez dizkiodala kenduko zin egin diot neure buruari. Hortxe gelditu gara bata besteari begira. Parez-parekoa errepresentazio motibo gisa. Fotomatoi batean ateratako bi argazkietatik bat.

ETIKETAK:azaletikBaxi UbedaBidehutsDiskoakXabier Montoia