Musika

badok

2019.12.05

badok

‘Berba eta irudia’ argazki liburuaren aurrerapena

Berba eta irudia Berri Txarrak taldearen abesti baten izenburua da, baina hemendik aurrera amaitu berri den Ikusi arte bira irudi eta hitzetan jasotzen duen argazki liburuarena ere bada. Ibai Arrieta (Usurbil, 1984) eta Eider Iturriaga (Bermeo, 1983) argazkilariek bira abiatu zenetik, otsailean, Nafarroa Arenako azken bi emanaldira bitartean ateratako milaka irudien artean aukeratutako multzo zabal bat biltzen du 300 orrialdeko liburuak. Harkaitz Cano idazleak sortu ditu argazkiak laguntzen dituzten testuak, eta Galder Izagirre taldeko bateria jotzaile eta argazkilaria arduratu da liburuaren edizio artistikoaz.

Berba-eta-Irudia-liburua-mockup-2

‘Berba eta irudia’ argazki liburua Durangoko Azokan jarriko dute salgai.

Arrieta taldearen 40 kontzertutan izan da —Euskal Herrian ez ezik, Galizian, Frantzian, Alemanian, AEBetan, Katalunian eta Espainian, besteak beste—, eta bere argazkiak zuribeltzean dira. “Zuzeneko kontzertuak erretratatzen hasi nintzean hartutako erabakia da. Ez diot koloreari muzin egiten, baina musika argazkigintza eta lan pertsonalak zuribeltzean lantzeko erabakia hartua dut”. Hasieratik bere helburua “ikusezin” bihurtzea izan zen, “taldearen ibilerak ahalik eta modu naturalenean erretratatzeko. Horretarako, hiru musikariekin batera doan talde osoaren konfiantza bereganatzea ezinbestekoa zen, eta argazkiek “elkar babestu eta laguntzen duen talde bat” erakusten dutela uste du.

Iturriaga Herbeheretan, Alemanian, Japonian, Espainian eta Katalunian izan da Berri Txarrak-ekin. Guztira, 30etik gora kontzertu erretratatu ditu koloretan.

Bi argazkilariak, Berri Txarrak eta Harkaitz Canorekin batera, Durangoko Azokako Ahotseneako solasaldietan izango dira bihar, ostirala, 13:00etan, Berba eta irudia (Only in Dreams) aurkezten. Horren aurretik, bosna argazki aukeratzeko eta haietako bakoitza azaltzeko gonbita egin diegu Arrietari eta Iturriagari. Hauxe da emaitza.

MIARRITZEN, 2019KO OTSAILAREN 16AN

biarritz (2)

Momentu intimoak. (Eider Iturriaga)

EIDER ITURRIAGA: Ikusi arte birako bigarren kontzertua. Berba eta irudia liburua egiteko proposamena, aste batzuk arinago, mailez heldu zitzaidan. Gauza bat argi izan nuen hasieratik, liburua zuzeneko argazkietatik harago joan behar zela. Taldearen eta biraren erraietan sartu, momentu intimoak islatu. Hauxe adibide bat, eszenatokira igotzeko minutu gutxi falta zirela, kamerinotik agertokirako bidea David Gonzalez, Galder Izagirre eta Gorka Urbizurekin egin nuen.


PANCORBO INGURUAN, MARTXOAREN 17AN

Ibai Arrieta©__DSCF8981

Etxeruntz, gizon bat dihoa etxeruntz… (Ibai Arrieta)

IBAI ARRIETA: Itzela izan da bart gauean Santiagoko Capitol aretoan bizitakoa. Orain etxeruntz goaz. Gasteiza gerturatzen ari gara eta Gorka leihotik begira dago. Eskubiko eskua kristalean jarri eta hatzak zabaldu ditu, bertan ikusi dut argazkia. Hilabete batzuk beranduago irrati elkarrizketa batean entzungo diot Gorkari JC Perezen “Etxeruntz” abestia nola aipatzen duen. Eta konturatuko naiz Gorka deskribatzen ari den momentuaren irudia egin dudala. Argazki honi izena jarri diot: Etxeruntz.


HANBURGORA BIDEAN, APIRILAREN 11N

europ (48)

Postrerako, izozkia! (Eider Iturriaga)

EIDER ITURRIAGA: Bazkaltzeko ordua zen eta mugikorretik bazkaltzeko lekuak bilatzen ari ginen, azkenean bidean zegoen jatetxe italiar batean gelditu ginen. Gorka gaixo zegoen eta furgonetan geratu zen. Besteok ordea, gustura bazkaldu genuen, eta postrerako… izozki goxoa!


SAN FRANTZISKON, MAIATZAREN 19AN

Ibai Arrieta©__DSCF8559

Labanderian lanean. (Ibai Arrieta)

IBAI ARRIETA: Gaur kontzertu eguna da. Early show-a arratsaldeko 15:00tan hasiko da. Gaua igaro dugun etxeko garajean, arropa garbigailua lanerako mahai bihurturik, baxuaren sokak aldatzen ari da David. Berriren kontzertura, aspalditik miresten duen Billy Gould baxu jotzailea datorrela kontatu berri dit irrikaz. Bapatean hortzetako eskuila ahoan duela Gorka agertu da. Ikusten ari naizena zoragarria iruditu zait. Kamera begi parean jarri, dena ondo dela frogatu eta botoia sakatu dut. Klik. Arropa garbiketa, xaboirik ezean, biharko utzi dugu.


KOBETAMENDIN, UZTAILAREN 14AN

Ibai Arrieta©__kobetaDSCF4307

Emozioak borborka. (Ibai Arrieta)

IBAI ARRIETA: Ia 20.000 lagun zain dituzte musikariek. Kamerinoan azken argazkiak egin eta oholtzara doan taldetik aldendu naiz. Hirukotearen taularatzea erretratatzeko toki egoki baten bila, eskailerak igo eta pantaila erraldoiaren azpialdeko tartera joan zait begirada. Emozioak borborka zain dagoen jendetzaren presentziak liluratu nau. Bertaratutakoek inoiz ahaztuko ez duten kontzertua hastear da.


TOKION, IRAILAREN 8AN

1 (34)

Distantziak txikituz. (Eider Iturriaga)

EIDER ITURRIAGA: Japonian gaude, munduaren beste puntan. Berri Txarraken kontzertuak diasporaren topagune dira, bai. Baina bertokoek ere taldearen abestiak dakizkitenean, harrigarria da musikak lortzen duena, pertsonen arteko konexioa, distantziak txikituz.


BERLINEN, IRAILAREN 15EAN

Ibai Arrieta©__berlin_XT3D2918

Ikusi arte, The Baboon Show. (Ibai Arrieta)

IBAI ARRIETA: Literatik jaitsi eta autobusaren lehiotik ikusi dut Berlingo kaleetan barna gabiltzala. Astebetez Alemaniako hainbat hiritako aretoetan izan ondoren iritsi da The Baboon Show taldeko lagunei “ikusi arte” esateko ordua. Autobusaren aurrean bildu gara denok, jarri dut kamera tripode lana egingo duen motxilaren gainean, 10, 9, 8, 7…


BERMEON, URRIAREN 10EAN

bermeo

Etxekoen artean. (Eider Iturriaga)

EIDER ITURRIAGA: Gaurkoan etxean jokatzen dut, bermeotarra naiz eta. Emozioak airean ditut. Niretzako kontzertu berezia da, publikoan ezagun asko dago, askok ez dakite argazkilaria naizenik, ezta Berri Txarrak taldearentzako lanean ari naizenik ere. Publikoaren artean, nire aita.


NAFARROA ARENAN, AZAROAREN 23AN

Ibai Arrieta©__DSCF7827

Azkena. (Ibai Arrieta)

IBAI ARRIETA: Eskuak elkartu eta osatu da zirkulua kamerinoan. Elkarri begiratu osteko guda oihuak eta ondorengo hasperenak bat egin dute. Gaurkoa azkena da.


NAFARROA ARENAN, AZAROAREN 23AN

_DSC5935

Sokak mozteko ordua. (Eider Iturriaga)

EIDER ITURRIAGA: …eta bukatu da. Sokak mozteko ordua da, baita kamerari merezitako deskantsua ematekoa ere. Negar malkoak nonahi, kontzertua bukatzean niri ere ateratzen zaizkit. Inoiz ez dugu arrazoi bakar batengatik negar egiten. Ikusi arte.

ETIKETAK:Berri TxarrakEider IturriagaHarkaitz CanoIbai ArrietaLiburuak