Musika

Iñigo Astiz

2016.01.11

Iñigo Astiz

Berpizkunde bira bat

Taldea sekula desagertu ez bada ere, itzulera baten moduko zerbait izan da Phoenicoperus diskoa Ken Zazpi taldekoentzat. Berpizkunde gisako bat. Hala deskribatu zuten sortze prozesua aurkezpen prentsaurrekoan, eta hala deskribatu zioten publikoari oholtzarako buelta ere ostiral honetan. «Mila esker kontzertu berezi honetara etortzeagatik, ze guretzat berezia da: denbora daramagu elkarrekin jo gabe, eta nahi genuke zuentzat ere berezia izatea». Ostiralez eta larunbatez Bilboko Arriaga antzokia goraino betez abiatu dute diskoaren aurkezpen bira, baina igartzen zen aurkezpen bira baten hasiera baino zerbait gehiago zela hura haientzat. Itzulera bat. 2013an Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera prestatutako diskoaz geroztik zuzenekorik eskaini gabeak ziren, eta urte horiek zama egin zaizkie. Berpizkunde gogoz ziren. Beren ibilbide osoko kantak biltzen zituen bi orduko emanaldia eskaini zuten herenegun, eta eszenografia eta bideo proiekzio zainduekin osatu zuten ikuskizuna.

Ken Zazpi taldeko_kideak,_Bilboko_Arriaga_antzokiko_kontzertuan

Ruben Caballero gitarrista (ezkerrean) batu zaio taldeari bira honetan. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

Ikusmina bazegoen. Ostiralean antzokiko ateak irekitzen hasterako ilara luzeak zeuden atari aurrean. Sarrerak aurrez erosiak zituzten guztiek, tiket saltokian argi baitzetorren abisua: Ken Zazpi. Sarrerak agortuta. Bi egunetan jo, eta bi egunetan abisu bera. Barruan, ikusgarri argazkia: goraino beteta antzoki osoa, lehen lerroetako lehen eserlekuetatik hasi eta azken solairuko azken lerroko azken aulkiraino. Denak zutik ziren eta denak txaloka kontzertu amaieran, festa giroan Arriaga osoa, baina izan ziren une hotzagoak ere emanaldi erdi aldera. Kanta bat amaitu eta hurrengo kanta hasi aurretik, erabat isilik egon zen zenbaitetan areto guztia. Abestirik ezagunenekin piztu zen giroa tarteka: Ilargia”, Haizea”, Zapalduen olerkia” eta Itsasoa gara” abestiekin, esaterako. Baina lehertu, amaiera aldera eskainitako bi bisetako abestiekin lehertu zen antzokia.

Arrakastaz mintzo dira taldearen inguruko datu guztiak. 13.000 disko inguru saldu dituzte Durangoko Azokan. Agortuak dituzte jadanik Donostiako Viktoria Eugenia antzokian hilaren 14an, 15ean eta 16an eskainiko dituzten kontzertuetako sarrerak. Hogei kontzertu baino gehiago badituzte itxita Euskal Herrian, Espainian eta Katalunian. Eta gutxi izango dira Ken Zazpik besteko harrera duten taldeak Euskal Herrian. Baina, halere, nerbioak. Mikrofonotik egin zien aitormena Eñaut Elorrieta abeslariak ostiralean aurrean zituen entzuleei. «Guretzat nerbio askoko garaiak izan dira disko berria atera, kontzertua prestatu eta lehen emanaldia heldu arterainokoak». Emanaldiko azken abestiarekin guztiak ahaztuta, ordea. Zenbat min” hit-a abesten ikusle guztiak, eta jauzi abeslariak oholtzatik publiko artera.

Hasiera bizia
Heriotzatik hasi eta berpizkundera egin zuten ibilbidea taldekoek zuzenean. Izan ere, Fenix hegaztiak ematen dio izenburua taldearen azken diskoari, eta ikur hori baliatu zuten Ken Zazpikoek kontzertuaren hasiera aldera ere. Hutsik hasieran oholtza. Heriotza” izeneko abesti instrumentala baino ez bozgorailuetatik, eta su garretan kiskaltzen den hegazti beltz baten animazioa pantailan. Taldekideak oihal atzetik atera, jendearen txaloak, eta berpizkundea. Phoenicoperus” kanta jotzen musikariak, eta iruditan hegazti beltza berriz ere hegan. Zirimolan txori saldoa pantailan, libre, eta intentsitatean gora kanta amaierako zati instrumentalean; azken kolpea, txalo zaparrada, eta segituan hurrengo abestia: Nire lurrari”. Bizi, beraz, kontzertu hasiera, indartsu eta baita ikusgarri ere. Abestien elektronika kutsua baliatuz musikan, eta presentzia eszeniko handiarekin, argi jolasei, eszenografiari eta pantailako irudiei esker.

Tartekatu egin zituzten emanaldi osoan disko berriko kantak eta disko zaharretakoak, baina birarako moldatu egin dituzte haietariko asko. Izan ere, seikote modura aritu zen taldea oholtzan, eta formatu horretara egokitu zituzten lehengo abestiak. Ohiko boskote bera da oinarria: Elorrietarekin kantuan, Igor Artzanegirekin baxuan, Beñat Sernarekin gitarran, Iñaki Zabaletarekin teklatuan eta Jon Freskorekin baterian. Baina bosteko horrekin batera birako emanaldietan Ruben Caballero ere izango dute gitarrarekin. Soinu sendo eta zaindua entzun zen ostiralean, eta igarri zitzaien taldekideei beren abesti zaharrak berrikusteko nahia. Berrikuspen gogo horrekin aurkeztu zuen Elorrietak “Ilargia” abestiaren bertsio pausatuagoa ere: «Maitasuna beste era batera ulertzen genuen garai bateko kantua».

Ken Zazpi

Eñaut Elorrieta, Arriaga antzokiko lehen kontzertuan. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

Gerrak bultzatuta beren herria utzi behar duten errefuxiatuak izan zituen gogoan Elorrietak Oihu-loreak” abestiarekin, eta Gernikako bonbardaketez aritu zen Gernikan” kantatzen hasi aurretik. Eta izan zen atzo Bilbon eta Baionan presoen eskubideen alde egindako manifestazioen aipamenik ere. Ostiralean, Hemen gaude” abestiaren sarreran egin zion keinua Elorrietak mobilizazioari: «Bada Bilbon hainbat sentsibilitateko jendea bildu duen aldarri bat; guk kanta honekin aldarri horren oihartzun izan nahi dugu». Txalo jendeak.

Ez zen beti beroa izan publikoaren eta taldearen arteko harremana ostiralean, baina amaiera aldera climax-era heldu zen antzokia. Berpizkunde bila joan ziren taldeko kideak Arriagara, eta berpizkundea igarri zuten azkenean.

(Berria egunkarian, 2016ko urtarrilaren 10ean argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:Eñaut ElorrietaKen Zazpi