Musika

2016.09.28

Ander Perez

Bluesaren fruitu berria

Izen berria da Starbluesena musikazale askorentzat, berria den bezalaxe, labetik oraintxe aterata, taldearen lehen diskoa, Gu geu izenekoa. Eta, halere, eskarmentuzko musikariak dira Starblues osatzen dutenak, eta badira urte batzuk, sei zehazki, taldea sortu zutenetik.

Jon Barreros Ordiziako (Gipuzkoa) gitarrista eta kantaria izan zen egitasmoaren bultzatzailea: «Nire gitarra jotzeko eragatik eta musika eskolan ikasi nuenagatik, bluesa perfekzionatzen hasi nintzen, eta, asko gustatzen zitzaidanez, pentsatu nuen: ‘zergatik ez blues talde bat egin?’». Dioenez, «Euskal Rock Erradikalaren errutinatik ateratzea» ere izan zen xedeetako bat. Hala, egitasmoa Urko Ruiz de Apodaka baxu jotzaileari proposatu —Ordiziakoa, Barreros bezala—, bateria jotzaile bat «engainatu», eta hirukote gisa abiatu ziren musika munduan, «talde gehientsuak hasten diren bezala, moldaketak egiten». Beranduago, «base melodikorako zerbait» erantsi beharra zutela iritzita, Yon Labaien Tolosako (Gipuzkoa) piano eta hammond jotzailearengana jo zuten, eta hark «gizendu» zuen taldearen doinua, Barrerosen iritziz. Azkenik, bateria jotzaileak taldea utzi, eta Fermin Etxeberriak —tolosarra hura ere— hartu zuen haren tokia, gaur egungo laukotea finkatuz.

StarBlues4

Starblues

Joan den udaberrian iritsi zen taldearen blues errepertorioa disko batean gordetzeko «mugarria». Beasaingo (Gipuzkoa) Pottoko estudioetako Fredi Pelaezengana jo zuten orduan, «maketatxo bat egiteko kontzeptuarekin», baina «fundamentuzko disko» bat egin zuten azkenean, grabazio teknikoak horretara bultzatuta. Atzo aurkeztu zuten lana, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak ekoitzitakoa, Donostian.

Taldeak berak sortutako hamabi kanta ditu Starbluesek, euskaraz kantatuak, eta baita sei bertsio ere, «zuzeneko materiala» izaten direnak. Hamabi pieza propioetatik zortzi bildu dituzte diskoan, «tamaina polita» delakoan. Taldekideen artean egin zuten bozketa, diskoan zer kanta sartu aukeratzeko. Eta, Barrerosek dioenez, «haien artean antz handiena dutenak, lerro bati jarraitzen diotenak» dira hautatutakoak. «Blues disko bat egin nahi genuen, eta kanpoan geratu direnak ez dira blues kantak».

Bluesaren ertz ezberdinak
Jon Barrerosek konposatu ditu diskoko sei kanta, eta Yon Labaienek beste biak, nahiz eta taldekide guztiek hartu duten parte ondorengo moldaketetan. Eta bada diferentziarik, taldeko kantariaren ustez. Gitarra «biziagokoak» dira, nonbait, berak eginikoak. «Rhythm and bluesetik gertukoagoak ». Hain justu, bluesa ardatz, ukitu ezberdinetako kantak sartu dituzte diskoan, eta taldekide guztiek batera joaz grabatu dituzte, live recording izeneko estiloan. «Freskotasuna» eman dio horrek lanari, Barrerosen ustez.

Ostiralean aurkeztuko dute diskoa zuzenean, Ordiziako D’Elikatuz aretoan, 19:30ean. Eta orain arteko erritmo geldoa —25 kontzertu eman dituzte sei urtean— erabat eraldatu gabe ere, —argi dute badituztela bestelako lehentasunak— aurrerantzean gehiago jo nahiko lukete: «Behin gauza serio bat kalera aterata, nahiko genioke munduari erakutsi».

ETIKETAK:Fredi PelaezGaztelupeko HotsakStarblues