Musika

Iban Gorriti

2019.03.05

Iban Gorriti

Disko kritika: ‘Gaua heldu orduko’ (Exkixu)

Exkixu Gaua heldu orduko

Ondo egin dute genikarrek hainbeste itxaroten bigarren lan hau argitaratzeko. Ustekabea sortu zuten, baina beste aldetik publikoa aspertu ere egin dute zuzeneko errepertorioaren ordena ez aldatzeagatik. Azkenean argitaratu da Gaua heldu orduko, 12 abesti Exkixu zaporearekin. Rockean eta heavyan oinarrituz eta ahots nahastezinezko txurru batekin. Alexek indarra kendu die soinu metalikoei eta melodia herrikoiak ziztatu dizkie, publikoari era zuzenean heltzeko formula egokia.

Horrela, “Sorginen leizean”, diskoa zabaltzen duen abestia, single argia da. “Amaiur” hurrengoa izan daiteke, “Euriaren azpian” edo festiboa den “Gure hitza” bezala. Ildo honetan, “Hau dok umorie” edo ironikoa eta eskasa den “Sexua, ze sua!” aurkitzen dugu. “Bela beltzak” korte on bat da, baina ez da apurtu, agian estribilo itsaskor bat falta delako, Exkixuk jorratzen ondo dakien estribilo horietako bat. “Itsu, itsu” entzun ondoren, musikalki lehen diskoko “Rusbi” abestia datorkit burura, melodiaz blai. Disko berri honetako aurkikuntza da. “Berton jaioa” komunikazio bete-betean dagoen abestia da, plazara ateratzeko ereserki bat. Hori eta “Paradisu faltsuetatik ihesi” kanta dira diskoaren proposamen gogorrenak.

Arnasarik hartu gabe, diskoaren barruak errepasatu ditut. Lehen diskoa gustatu bazitzaizun, hau ere gustatuko zaizu. Gustatu ez bazitzaizun, “Itsu itsu”-rekin egizu proba eta “Bela beltzak” abestiarekin jarraitu, berriz hartzen baitute aurkezpen maketaren mamia.

(Euskaldunon Egunkaria-n, 1995eko azaroaren 30ean argitaratutako kritika)