Musika

Andoni Tolosa

2016.12.04

Andoni Tolosa

Disko kritika: ‘Guria ostatuan’ (Ruper Ordorika)

ruper azala
Agian ez da inor, are gutxiago artista bat, deskribatzeko modurik txukunena, baina aurretik barkamenak eskatuta, eta ez zaidanez besterik bururatzen, ez dut uste hanka gehiegi sartzen dudanik Ruper Ordorika gure kantaririk dieselena dela esatearekin. Fidagarria delako, espantu gutxikoa, behin bideari ekinda albo batean uzten ez zaituen motor gozoaren modura, denborarekin lagun ona bilakatzen zaizulako, pixka bat etxekoa. Ibilbide luzeetarako prestatua, kilometro batzuk egin eta motorra berotuta, ezusteko pozgarriren bat edo beste ematen dizulako, baita urteak aurrera joanda ere, tranpa gutxikoa. Bai, nahiko arrazoi bada Ordorika jaunaren disko berri bakoitza eskuak zabalik jasotzeko, nahiz eta, aldez aurretik jakin, ez dela aparteko berrikuntzarik izango, ez dela denboraren autopistan haustura edo azelerazio handirik gertatuko. Beste batzuk dira Oñatikoaren bertuteak, eta ongi daki erakusten.
Zenbatzen hasiz gero, hamabost disko ateratzen zaizkit niri, zuzenekoak eta bildumak alde batera utzita; beraz, zer eskatu kantariari? Hauxe, esku artean duguna, azken aldiko legez, Ruperren beste kantu-sorta gozo eta geldoa da. Badakit hau ez dela zale amorratuenoi aspalditik zor digun disko poperoa, baina badaude, oso ikuspegi baikorrarekin nahi baduzue, bide horretan jartzen gaituzten seinaleak.

Lehenengo seinalea, Ez da posible diskoko oihartzunak ekartzen dizkiguten “Kontserba fabrikaren aurrean” kantuko gitarrak. Bigarrena, “Hamar negu” zoragarriaren biolinak. Soul kutsuko moldaketak dultzemeneoan aritzeko perfektua den erritmo ertaineko baladarentzat. Hirugarrena, “Aingeru guardakoa”-ren erritmoan, hau bai poperoa, kulunkatzen diren Hammond organoak. Laugarrena, “Ezetz esatea” kantuan, Ruperren espezialitateetako bat diren balada folk horietako bat, bukaera aldean melodiak hartzen duen bihurgune beltza. Eta zer esan “Ahots urrunak” kantuaz? Ezin duzu Oñatikoaren benetako zale izan ez baduzu bihotzean halako poz txiki bat sentitzen bi minutu eta erdi eskaseko kantu hau lehen aldiz entzuterakoan. Bai, oraindik badugu itxaropena Norvegiako erregearen manupeko izan nahi ez dugunok!

Diskoak “Zatoz”-en pianoarekin agur esango dizu eta ez da seinale txarra. Ez dut uste soilik ekoizpen edo moldaketa kontua denik; melodia batzuetan, eta batez ere, leloetan, suma daiteke pop-alderako ziaboga sotil hori, eta guztia da sotila Ordorikaren mundu musikalean. Azkenik, kontraesanezkoa dirudien arren, aipagarria da Ruperrek inoiz baino gehiago xuxurlatu duen diskoan sumatzea hau guztia. Baina horregatik maite ditugu haren diskoak, alde-askotarikoak direlako azaletik pixka bat urrutiratuta.

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakElkarRuper Ordorika