Musika

Urko Ansa

2022.04.10

Urko Ansa

Disko kritika: ‘Itzalak, argiak’ (Lamiak)

 Itzalak, argiak

Donostiako hirukotea bueltan da; egia esan, ez da inoiz joan, baina azkenaldian sarean argitaratutako abestiei berri batzuk gehituta, hamar kantuko disko interesgarria osatu dute. Baliteke lan berriak aurrekoak (Itsuen aroa) baino gatz gehiago edukitzea, eta sonoritate apur bat gogorragoei lekua utzi izana ere. Ez dugu, haatik, eskema aldaketa sakonik sumatuko, ahotsaren leuntasun handiegia nagusi baita. Ñabarduretan dago lorpenik handiena, baina, oraingoz, azaldu dezagun oraindik ere Lamiak-en zutabe den horren klabea: melodien apaltasuna, leuntasuna, goxotasuna… nahi duzuen eran esan. Aldiz, atzetik datorrena sostengu instrumental sendoa da, oraindik ere stonerraren traza batzuk mantentzen dituena.

Horrek guztiak rock alternatiboaren lurraldera daramatza, eta Berri Txarrakekin dauzkaten antzekotasunak begi bistakoak dira, hala pasarte instrumental zenbaitetan nola ahotsaren tratamenduan zein melodien egituran. “Eskerrak” eta “Kaioletan loreak”-ekin hasiera-hasieratik argi geratzen diren argumentu guzi haiek. Egia da “Bigarren mundu bat”-en melodia polita eta hedakorra dela eta, gainera (zorionez), tonua altxatzera ausartu direla, era nahiko umilean bada ere. “Krokodiloen malkoak” pisutsuagoa da, stoner rockari era intentsuago batean ekiten dio, melodia hobea dauka, eta gitarraren jolasak irudimentsuak dira. Gitarra joko pizgarriak “Argiak” kantuan darrai, era sinple eta erakargarri batean gainera. Ahots monokordearen eta instrumentazio boteretsuaren arteko kontrastea begi bistakoa da, haatik, era oso nabarmenean gainera.

Bigarren erdiak eta bost kantu horietan erakutsitakoak planteamendua errotik aldatzen ez badute ere, parametro ezberdinetan kokatzen dute azken emaitza. “Otsoak” amorrazio handiagoarekin hasten da, eta, gainera, pasarte erdiakustikoak eta geldialdi motz batzuek borobiltzen dute. Kantu hori “Orbainik ez” motz eta zitalarekin lotzen dute, taldearen bertuteak areagotuz. Gainera, azkenik, ahots tonua apur bat gorago altxatzen dute. “Gure izena” kantu motzak apustua igotzen du. Gogorra, zikina eta azkarra, hirukoteak eman dezakeenaren adierazle azpimarragarria dugu. Koruen gatz eta piperrak dena borobiltzen du.

Horregatik nabaritzen dugu beherakada “Amildegira begira” kantuaren hasieran, azken abestiekin lortutako guztia moteltzen baitu, amaiera aldera daukan sorpresa zoragarriak (koru magiko haiek!) pultsazioak igotzen dituen arte. Eta, azkenik, “Isiltasunean top” zerrendetako kanta arrakastatsu izateko hautagai mardula dugu. Doinu polita, hasiera lasaiari jarraitzen dion in crescendo guztiz argitsua, intentsitate eta erritmoen arteko joko eta elkarrizketa pizgarria… Eñaut Gaztañaga ekoizleak lortu ditzakeen grand finale epiko horietakoa dugu, melodikoki aparta, eta soinu eta atmosfera hunkigarriak dakartzana. Disko honetan erakutsi dituzten bertute guztiek hirugarren disko handiago bat ekarriko dutelakoan gaude. Zuzenekoetan, hori bai, egurra bermatua dagoela ziurta dezakegu.

Lamiaken kontzertu agenda

ETIKETAK:Berri TxarrakDisko KritikakDiskoakEñaut GaztañagaLamiak