Musika

Disko kritika: “II” (IONT)

IONT II

Begi bakarrarekin so ageri da. Izaki beldurgarria da azalerako Paul Urkijo zinema zuzendari eta artistak egindako ilustrazioa. Gasteizko IONT taldeak —Its Over Nine Thousand siglen laburdura hobetsi dute— bigarren diskoa argitaratu du; munstro bilduma bat. Azaletik hasita. forma guztietako munstroak, bizitzaren metaforak, dituzte hizpide laneko bederatzi kantuetan.

Hamarkada beteko du laster talde arabarrak. Entsegu lokalean elkartu ziren esperientzia berri bati hasiera emateko, inolako asmo berezirik gabe. Lehen grabazioa osatuta Gauekoak gazteentzako programaren lehiaketan parte hartu zuten 2012an, eta lehen saria eskuratu zuten. Ordea, Javier Maroto alkateak programara bideratutako dirua kendu zuen aurrekontuetatik. Espainiako hauteskundeen ostean, bera da saririk gabe geratu dena.

Harrera onak salbatu zuen gasteiztarren ilusioa, eta eskerrak. Izan ere, gurean sorturiko euskarazko metal alternatiboa azpimarratzekoa da. 1990eko hamarkada erdialdean oihartzuna izan zuten Pi.L.T., Ekon eta Jousilouli taldeek. Dena dela, orduko disko eranguratsuenetakoa Berri Txarrak gazteek kaleratu zuten Ikasten izan zen. Ez da azaldu beharrik gerora izan duten bilakaera eta arrakasta. Horiek hasitako bidearekin bat egiten du IONTek.

Melodia gehiago eta oinarri sendoagoa. Gasteizko laukotearen bigarren lanak hobeto biribiltzen ditu ertzak. Eragin zerrenda gizendu dute metal eta rock proposamen bereizgarria osatzeraino. Rocka presente dute, post-hardcorea ere bai, eta baita ñabardura progresibo zainduak ere. “Antiheroia” lehen kantu ibiltariarekin hasten da dena. Erritmoekin jolastuz Mikelen ahotsak bidea egiten du lauso zein oihuka. “Ikaro” luzeagoa eta bihurriagoa da, «abiadura supersonikoa» hartzen duelako. Munstro jakin bat omendu dute “Franki” abestian, beraien erara.

Diskoaren bigarren zatia indartsu hasten da. “Fenix” ezin aproposagoa da horretarako. Gitarrak gihartsuak dira, eta erritmoa zapaltzailea, ahotsarekin topo egiten duen arte. Jarraian dator irrati formuletarako hautatuko luketen kantua. “Piztia” da azalean ageri dena, eta hori bera da diskoko harribitxia. “Akiles” eta “Hira” dira bilduma interesgarri honen bukaera osatzen dutenak. Melodietan oinarritzen dira, ahotsik urratuenak ageri badira ere. Deabrukeriez, ekaitzaren ostekoez eta beste hainbat kontuz hitz egiten dute.

Lehiaketa berririk ez dute irabazi beharrik oihartzun pixka bat izateko. Benetako saria litzateke lerro hauen irakurle batek erabakitzea entzule izatea.

ETIKETAK:Berri TxarrakDisko KritikakDiskoakEkonIONTJousilouliPi.L.T.