Musika

Antton Iturbe

2018.11.22

Antton Iturbe

Disko kritika: ‘Zu al zara?’ (Joseba Irazoki eta Lagunak)

Joseba Irazoki azal berria

Ikaragarri gozatu dut disko honekin, hori argi utzi nahi nuke iruzkin honi hasiera emateko. Baina era berean, zapore gazi-gozoa utzi dit gorputzean. Joseba Irazokik gitarrista eta konpositore moduan duen gaitasuna, kuriositatea, ausardia eta irudimena hain da handia eta horren ederki erakutsi du hainbat eta hainbat grabaketa eta kontzertutan, agian listoia iritsi ezinezko eremu estratosferiko batean jartzen dudala. Bere alderdi esperimental eta askeena da gehien maite dudana eta Joseba Irazoki eta Lagunak izenpean atera dituen bi diskoetan han eta hemen pasarte bitxi batzuk sartzen dituen arren, oro har rock egiturazko abestietan oinarritzen dira biak. Bere disko “handia”, bere pertsonalitate guztien isla anitza orekatzen duen maisulana etortzeke dagoela pentsatzen dut horrelakoetan. Baina, posible al litzateke hori? Oreka hori ez al litzateke oso “behartutakoa” izango? Agian bai, eta dagokiona eta Josebak ezin hobeto egiten duena, aldioro buruak eta gorputzak eskatzen diotena egitea da, eta era horretan, pixkanaka argitalpen pila batez osatutako korpus poliedriko batean barreiatzea bere balizko maisulan hori.

Ikuspegi horretatik beraz, balioztatu behar da Zu al zara?. Eta hala izanik, hasieran esan bezala, izugarri gozatzen den disko borobila dela deritzot. Zentzu askotan, ospakizun baten zantzua hartzen diot grabaketa honi, halako onak baitira igortzen dituen bibrazioak. “Lucio eta Durutti” diskoa irekitzen duen kantuan Josebak beti gogoko izan dituen tuareg blues gitarrero trantze-eragile horren oihartzunak sumatzen ditut, gozamen komunalerako dei baten moduan. Eta erritualera elkartuz gero, bada gozatzeko aukera franko bilduma osatzen duten 11 abestien artean. Felix Buffek (bateria eta ahotsa), Jaime Nietok (baxua) eta Ibai Gogortzak (gitarra) Josebarekin osatzen duten lagun taldeak, estreinako diskoarekin alderatuz, oraindik eta koipeztatuago, dinamikoago eta borobilago dihardu kantu guztietan. Esperimentazio unetxoak badira “AAAAA” instrumentalean edota diskoa ixten duen “Dantzarik zailena… zaldi dantza” pieza luzean. Baina beste ezaugarri batzuk dira oraingo honetan nire atentzioa gehien deitu dutenak, Joseba beti aurrera begiratu eta aukera berriak probatzeko prest dagoen musikaria dela gogorarazten didatenak. Jupiter Jon taldeko Aida Torres-en ahots eder goxoa lagun duela, kantari bezala bere esparrua pentsa baino zabalagoa erakusten du “Gezurrezko bizia”-n eta teklatu ekarpenek (Abraham Boba, Ruben Caballero eta Israel Marcori esker) inoiz baino sofistikazio handieneko doinu batzuk apaintzen dituzte, “Enpate batekin aski”-ren egitura dotore distiratsuan bereziki gailenduz.

Beraz, zer esango dut? Ezinezko maisulan hori bilatzeari utzi eta “gozalan” bikain honi beste entzunaldi bat emango diodala oraintxe, eta bide batez, gauza bera egiteko gonbitea luzatzen dizuet, noski.

ETIKETAK:BidehutsJoseba IrazokiJoseba Irazoki eta lagunakJupiter Jon