Musika

Egon bai, baina zer preziotan

Beste edozer esan aurretik, esker ona. Gerediaga elkartekoekiko, bisitariekiko, Durangoko Azoka ostera elkargune bihurtzeko ahalegina egin duten guztiekiko. Behin hori esanda, baina batzuk ere bai. Aurtengoaren argazki osatuago bat eman dezaketenak, aurrera begira aintzat hartzekoak azaleratu ditzaketenak. Erakusmahaien atzetik ateratako ondorioa honela laburtu du Eneritz Furyak musikariak: «Azken egunean, sakelakoetatik irakurri genuen balorazio orokorra, eta standetan entzuten zen mezua ez zen hain positiboa. Uste dut gauza batzuk mahai gainean jarri behar direla: ahalegin handia eskatzen du hori ordaintzeak jakin gabe diru hori berreskuratuko dugun, eta ez da bakarrik standaren prezioa; hor daude joan-etorriak, ostatua… Tamalez, gure lanean sinesten dugulako, sorkuntzan badirudi ohituta gaudela halako apustu suizidak egitera, baina ez luke hala izan behar».

11434276

Rafa Rueda eta Mikel Urdangarin, Zart kolektiboaren erakusmahaian. (Aritz Loiola / Fokus)

Ez da aurten hasi, baina urterik urtera nabarmenagoa da joera. Diskoetxeen lekua mehatuz doa azokan, eta gero eta gehiago dira izen propioz euren txokoa jartzen duten musikariak edo kolektibo txikiak. Furyak Musika Zuzenean-en erakusmahaian egoten zen lehen, baina stand propioa jarri du aurten —Vinilo Ridin’ Rocket taldearekin batera—. Emadan kaleratu zuen otsailean, eta estiloz zein asmoz jauzi bat egiteko baliatu du diskoa. «Durango ere sartzen zen hor. Irailean, izena eman genuenean, azoka arrunt samarra espero zen, eta, azken orduan baldintzak aldatu zirenean, barkuan jarraitzera behartuta sentitu ginen, inork ez zigulako galdetu ere egin jarraitzeko prest ote geunden».

Sortzaile «txiki» edo «ez-komertzialtzat» izendatuta bere burua, esan du salmentak ez direla «negargarriak» izan beretzat, eta erakusleihoari eman dio garrantzia. «Hor egon nahi duzu eta egoten zara, baina nahita ez dituzu kalkulatzen musu truk sartzen dituzun orduak eta bestelako alderdi batzuk. Egia da kontzertuetan nekez saltzen ditudala azokan beste disko, baina gure gain hartu behar izaten dugu neurri baterainoko galera. Jarritakoa berreskuratzea izaten da kezka nagusia».

Eneritz Furyak: “Azken orduan baldintzak aldatu zirenean, barkuan jarraitzera behartuta sentitu ginen, inork ez zigulako galdetu ere egin jarraitzeko prest ote geunden”

Oso Polita diskoetxeko Iratxe Reparazek ere uste du gastuak «estaltzeko» urtea izan dela aurtengoa, «ez dirua irabaztekoa». Last Tour enpresaren zigilua da Oso Polita, eta lehenbizikoz egon da azokan aurten: «Apustu bat izan da». Chill Mafia, Zetak, Bulego eta Ezpalak-en lanak izan dituzte salgai, baina mahai propioa ere izan dute talde horiek —Ezpalak-ek erdia—. Reparaz: «Urte onenetan, talde handi batzuek milaka disko ere saltzen zituzten, eta aurten uste dut urrun gelditu direla denak. Dirua zuzenekoetatik ateratzen dute gaur egun taldeek, baina azokan oraindik saltzen dira diskoak, eta hori Euskal Herriko fenomeno bat da; hemendik kanpo ez da ohikoa hori».

«Merkatu librearen esku»

Mukuru kolektiboko kideek ere aurrenekoz alokatu dute aurten euren txokoa Durangon. Hamabi taldek osatzen dute, eta Donostiako Balio Dute kolektiboarekin batera izan dira erakusmahaian. «Pertsona asko elkartu gara ordaindu ahal izateko», esan du Idoia Hernandez (Hatxe) musikari eta kolektiboko kideak. «Ez genuen espero asko saltzea, besterik gabe bertan egotea baizik. Oso barneratuta daukagun zerbait da: mila bolo egin ditugu dohainik, eta hau beste bat da. Zenbat lan egiten den ikusgaitasunagatik!».

Estreinako esperientziatik, beste sortzaile batzuekin hitz egiteko aukera goraipatu du hark, baina, halaber, Durangoko Azokari kritikaren bat egiteko marjina estua sumatu izana ere aitortu du: «Azoka oso onartuta dago dagoen bezala, euskal kulturari garrantzia eman nahi eta behar zaiolako, baina sentsazioa daukat horrek kritikarako tabu bat ere sortzen duela; badirudi txikiak garela beti kexatzen garenak».

Andoitz Antzizar Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko idazkaria ere kritiko mintzatu da azokaren gainean egin den balorazio orokorrarekin. «Zoragarri jarri da dena, eta guk sentitu genuen ezetz, errealitate guztia ez zela hori». 2019arekin alderatuta, irabazi laurdenak izan dituzte haiek aurten. Elkartea izanda, urteko kontuak «salbatzeko» modua badutela esan du, baina ez dela hori erakusmahaia jarri duten askoren kasua: «Artista askok beren poltsikotik jartzen dute dirua, eta burura datozkit damutu diren batzuen izenak». Komikia argitaratu dute aurten elkartekoek, eta diziplina horretako hainbatek hartu duten kolpea nabarmendu du.

Andoitz Antzizar: “Badakigu Durango batez ere harremanak direla, baina patrikara ere begiratzen dugu, eta hor daukagu arantza aurtengo edizioarekin”

Erakusmahaia alokatu zutenean baldintza jakin batzuk zeudela, aurreikuspenak horren arabera egin zirela eta ondoren Eusko Jaurlaritzak neurriak estutzean konpentsaziorik ez dela egon kritikatu du Antzizarrek. «Standak 998 euro balio du, eta erantsi langileak, kilometroak… Badakigu Durango batez ere harremanak direla, baina patrikara ere begiratzen dugu, eta hor daukagu arantza aurtengo edizioarekin». Batik bat, agintarien irizpideekin agertu da etsita idazkaria: «Anoeta goraino betetzen utzi dute, eta gure kulturaren Champions den Durangon, aldiz, jende laurdena sartzen utzi. Ez dauka zentzurik. Bistakoa da zerekin dagoen sentsibilitatea eta zerekin ez».

Salmentez harago, sortzaileen jarduna bestela zaintzeko beharra defendatu dute denek. Hatxe: «Batek baldin badauka gaitasuna bost erakusmahai izateko eta besteak ez badu ezer saltzen? Merkatu librearen esku gelditzen da dena, eta badirudi horrek balioesten duela zure jarduna». Eskatzen zaienaz gogoeta egin beharra azaldu du Furyakek ere: «Ahalegina ez da berdina denon aldetik. Kontuan hartu behar da zer eskatzen zaigun hor egoteko, eta, benetan lekua eman nahi badiogu urtean sortu denari, noraino ari garen estutzen sortzaileak. Musikari batek kontatu zigun bere herrian nekazariei ordaindu egiten dietela postua jartzeko, ziurtatzen dutela gutxiengo diru bat hala. Gu galtzaileen ligan aritzera ohituta gaude halakoetan, baina entzuna sentitzea ez legoke sobran».

ETIKETAK:Andoitz AnzizarBulegoChill MafiaDurangoko AzokaEneritz FuryakEuskal Herriko Trikitixa ElkarteaEzpalakHatxeIdoia HernandezIratxe ReparazZetak