Musika

badok

2020.07.03

badok

Astea laburrean #5

— G.A.Z LIMBO trap hirukoteak Hartu eta emon edo emon eta hartubez? EPa kaleratu du. Aurten argitaratu duen iraupen laburreko laugarren lana da —horietako bat Dum Boys taldearekin partekatuta—, eta aurrekoak bezala formatu digitalean bakarrik zabaldu du. Joseba Gereduz, Gaizka Aretxaga eta Ibai Zabala lekeitiarrek osatzen dute G.A.Z Limbo, eta musikari adina garrantzia ematen diote alderdi bisualari. Ohi bezala, lan berriko abesti bakoitzarekin bideoklip bat sortu dute.

— PEIO ETA ITSUA bikotearen lehen abestia ezagutu dugu aste honetan, “Gaztaren bila”. Beat Salad Records zigiluak uda ostean argitaratuko duen lehen diskoaren aurrerapena da. Peiorentzat lehen esperientzia da rap abeslari gisa, baina Itsuak badu eskarmenturik doinu horietan, duela urte batzuk EP bat kaleratu baitzuen Paddy Rekalde idazlearekin.

— SINUÖSE ALARMA SESSIONS bideo bildumaren laugarren alea plazaratu du Elgoibarko kolektiboak. Cabezafuego, Joseba Irazoki eta Joseba B. Lenoir eta MICEk osatutako saioen ondoren, Hatxe pianistaren txanda izan da. Puzzle moduan hainbat zatiz osaturiko bideoan, Oiartzungo musikariaz gain, Oier Guillan idazle eta antzerkilariak, Inner Galaktik artistak, Ainhoa Alberdi dantzariak eta Peru Galbete musikariak ere hartu dute parte.

— ZETAK Pello Reparazen proiektu berriak sortu du Gaztea irratiaren 30. urtemuga ospatzeko abestia. 90eko hamarkadan jaiotako bikote bati buruzko maitasun abestia da “Hegan”, eta Pedro Artolak zuzendutako bideoklip baten bidez aurkeztu dute aste honetan Donostiako Tabakaleran.

— NAIZ KONTZERTUAK ekimenaren bigarren emanaldi sorta aurkeztu dute. Belako, Liher, Esne Beltza eta Skabidean izango dira uztailean kontzertua eskainiko dutenak, baina oraingoan, streaming bidez ikusi ahal izateaz gain, aretoetara bertaratzeko aukera ere egongo da, segurtasun-neurriak errespetatuz eta edukiera mugaturik. Ondorioz, online sarrerak eta bonoak merkeagoak izango dira —2,5 eta 8 euro, hurrenez hurren—. Belakok emango du bigarren sorta honetako lehen kontzertua, uztailaren 10ean, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Emanaldi horretarako sarrera guztiak saldu dira dagoeneko. Gainontzeko kontzertuen prezioak eta egun zehatzak aurrerago jakinaraziko dira.

belako

Belakok zabalduko du Naiz Kontzertuen bigarren emanaldi sorta.

— ZTAH: Donibane-Ziburu gaztetxean sortutako metal taldeak bigarren diskoa kaleratu du, Aska nazazu. Boskote gisa grabatzen duen lehen lana da —Bruno gitarrista sartu da taldean—, eta abestien artean Mikel Laboaren “Gure bazterrak” abestiaren letran inspiratutako kanta bat dago. Hemen entzun dezakezu osorik.

Ztah 2020

Ztah taldearen egungo formazioa.

— IBAI MARIN kantariak crowdfunding kanpaina bat ireki du bere bigarren diskoaren grabazioa finantzatzeko. Kantu guztiak dagoeneko sortu ditu eta dioenez, aurreko lana, Bidean naiz, baino “rockeroagoa eta basatiagoa” izango da disko berria. Beste aldaketa handi bat ere iragarri du, lan honetako abesti gehienak gaztelaniaz izango baitira. Ibai Marin Hira taldeko kidea izan zen hainbat urtez eta egun bakarlari gisa aritzen da. Kanpainari buruzko informazio gehiago, hemen.

Ibai Marin 2020

Ibai Marinek grabatzeko prest ditu bigarren diskoko abestiak.

HUNTZA taldeak hiru abesti grabatu ditu Euskadiko Orkestrarekin, aurretik Izarok eta beste hainbat musikarik egin duten bezala. Oraingoan ere Fernando Velazquez orkestra zuzendariak hartu du triki-pop taldearen abesti dantzagarriak eremu sinfonikora egokitzeko ardura. “Lasai, lasai”, “Olatu bat” eta “Aldapan gora” moldatu dituzte, eta kantu bakoitzarekin bideoklip bat osatu dute. Horietako lehenengoa sarean dago jada ikusi, eta beste biak ostiral gauean (“Olatu bat”) eta larunbat gauean (“Aldapan gora”) zabalduko dituzte.

— MILA MODU Xabier Yanizen proiektu berria da. 90eko hamarkadaren hasieran Hor Konpon taldean aritu zen Yaniz, Euskadi Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuen 1993an, eta ondoren bi disko argitaratu zituen, horietako bat Baneteuanba taldearekin partekaturik. Mila Modu lehen diskoa grabatzen ari da Elkar estudioan, Victor Sanchez teknikariarekin, eta berau osatuko duten hamar abestien artean Joseba Sarrionandiaren poema batean oinarritutako “Hau da ene ondasun guztia” egongo da.

ETIKETAK:BelakoEsne BeltzaEuskadiko OrkestraG.A.Z LimboHatxeHor KonponHuntzaIbai MarinLiherMila ModuNaiz KontzertuakPeio eta ItsuaSinuöseSkabideanZetakZtah