Musika

Mikel Lizarralde

2017.11.16

Mikel Lizarralde

Ematen duena baino gehiago

Piano eta gitarra zertzelada xume batzuek lagunduta azaltzen da Xabier Montoiaren ahotsa Gorraizea diskoan aurrenekoz. “Behin” kantua da, eta kantariak bere azkeneko lanean biluztasunaren alde egin duen apustuaren neurria ematen du. Ez du berria bidea, azken-aurreko lanean ere —Montoiaren mundu miresgarria, 2011— parametro bertsuetan mugitu baitzen. Orduko hartan, pianoa eta txeloa izan zituen laguntzaile ia bakar, eta oraingoan, berriz, hari laukote batek eta pianoak osatu dute oinarria. «Hasiera batean, orkestra batekin egiten genuen amets, baina, azkenean, jibarizatu dugu asmoa, eta hari laukote bihurtu». Baina beti biluztasuna helburu.

Xabier Montoia (Jon Urbe / Argazki Press)

Xabier Montoiaren seigarren diskoa da ‘Gorraizea’. (Jon Urbe / Argazki Press)

Beti oporretan (1995) diskoarekin bakarka estreinatu zenetik kaleratzen duen seigarren diskoa da Gorraizea (Gaztelupeko Hotsak). Denborarekin, baina, desagertuz joan dira hasierako lanetako pop eta rock ahaireak, baita doinu elektrikoak ere. Soiltasunaren eta molde akustikoaren mesedetan. Soiltasuna aipatuta, halere, ñabardura egin du Montoiak: «Horren atzean sekulako lana dago, Ibonek [Rodriguez] eta Itziarrek [Lertxundi] egindakoa. Zor handia dut biekin». Izan ere, konponketetan lan handia egin dute, eta Rodriguezek aurrenekoz hari laukote batentzat idatzi du musika. «Ematen duena baino gehiago dago», zehaztu du kantariak. Rodriguezez (pianoa, gitarra, ahotsak, konponketak) eta Lertxundiz (txeloa eta ahotsa) gainera, Monika Peinok (biola), Leire Pikabeak (biolina) eta Xabier Zeberiok (biolina) osatu dute diskoaren grabazioan parte hartu duen taldea.

Era berean, diskoa osatzen duten kantuak beste jantzi batzuekin ere graba zitzakeela uste du musikariak. «Ni, bizitza ia osoa, formatu estandarrarekin aritu naiz, baxu, gitarra eta bateriarekin; baina azken aldian hortik urruntzeko gogoa izan dut. Arnasa hartu behar nuen beste nonbait».

Montoiaren mundu miresgarria kaleratu zuenetik sei urte igaro badira ere, lan berriko kantuak ez dira denbora tarte horretan osatzen joan. «Duela sei urte eginda zeuden. Kantu zaharrak dira, eta asmoa zen lehenago argitaratzea, baina dena joan da atzeratzen. Batzuetan, erraza dirudiena ere konplikatu egiten da». Eta horrek badu beste ondorio bat ere. Ordudanik ez du kantu gehiago egin Montoiak, egindakoak grabatu behar izaten baitu beste ezer idazten hasi baino lehen. «Horrela funtzionatzen dut».

Lehendabizi, musika
Kantua musikaren eta hitzaren arteko uztarketa den heinean, poesiaren eta kantu baterako egindako hitzaren artean bereizketa egiten du Montoiak. Are gehiago, berak lehendabizi musika idazten duela kontuan izanik. «Melodiak muga batzuk jartzen ditu. Hitzek errima izango dute edo ez dute izango, baina neurri bat behintzat errespetatu beharra dago». Poesia beste zerbait delakoan dago. «Kantua eta poesia ezberdinak dira. Agian, genetika bera dute, baina ez dira espezie berekoak. Kantua da beti izan dena; istorio kondentsatuago bat». Horregatik, kantuaren jantzia «hertsiagoa» dela uste du. «Baina badakizu: ‘Gutxiago gehiago da’».

Hitzak bere «betiko obsesioek» zipriztintzen dituzte, eta berri batzuek ere bai. Alde horretatik, oroimena, maitasuna, adiskidetasuna ageri dira hitzon artean, baita denboraren igarotzea ere, testuetako asko azpitik zeharkatzen duen elementua —«Behin/ orain ez bezala/ libreak ginela/ uste genuen// Beldurraren berri ez genuen eta/ egin genezakeen gogoak emana»—. Bada, gainera, Montoiarentzat berarentzat ere berria izan daitekeen hitz bat ere: “Réau”. Izen bereko espetxean preso dagoen Mikel Antza idazle eta aspaldiko lagunari eskaini dio kantua. «Inoiz ez dut halakorik egin, baina hau zen momentua».

Diskoa zuzenean aurkeztuko duen galdetuta, oraindik ez dauka ezer erabakita musikariak. «Berehala behintzat ez naiz hasiko; udaberri aldera edo…». Ez daki, gainera, zer-nolako formazioarekin ariko den, eta nahiago du askorik ez aurreratu. «Askotan, buruan daukazuna eta errealitatea ez datoz bat. Ez dakit zer gertatuko den».

ETIKETAK:Gaztelupeko HotsakIbon RodriguezItziar LertxundiLeire PikabeaMikel AntzaMonika PeinoXabier MontoiaXabier Zeberio