Musika

Iñigo Astiz

2016.11.16

Iñigo Astiz

Erronka zahar beti berri hori

“Kanta onak non sortzen diren jakingo banu, maizago joango nintzateke leku horretara». Estudioko hamahiru disko propio kaleratu ostean, 160 kanta inguru sortu eta gero, eta ehunka kontzertutan aritu ondoren ere, Leonard Cohen abeslariari lapurtutako hitz horiekin deskribatu du abestiak sortzearen erronka Ruper Ordorikak (Oñati, Gipuzkoa, 1956). Badu misterio puntu hori musikagintzak oraindik harentzat, eta oraingoan, adibidez, udaberrian urgentzia moduko bat sentitu zuela kontatu du. Bazen denbora kanta berri batzuk lantzen zebilela, baina disko batean biltzeko beharra sentitu zuen halako batean, eta bultzada horrek bildu ditu Guria ostatuan diskoan musikariaren 11 kanta berriak (Elkar). Tempo motelak dira nagusi, eta Ordorikaren aurreko lanetan ohiko izan diren ehundurak dituzte abestiek, baina badira berritasunak ere.

Ruper_Ordorika_musikariak_'Guria_ostatuan'_diskoa_aurkeztu_du

Ruper Ordorikaren 13. diskoa da ‘Guria ostatuan’. (Luis Jauregialtzo / Argazki Press)

«Inoiz baino teklatu gehiago dago», azaldu du musikariak, «lehenengoz izan dut piano jotzaile bat kantaren oinarri-oinarrian». Hori da nobedade nagusietariko bat, eta, onartu duenez, kantetan badaude musika beltzaren eraginaren arrastoak ere. New Yorken grabatu du diskoa, Andy Tommasi teknikariarekin, eta hango musikariekin aritu da lanean oraingoan ere; jazz eta abangoardia mundukoak dira gehienak, eta hortik musika beltzaren oihartzun hori. Jamie Saft aritu da piano, Hammond eta teklatuekin (John Zorn, Bobby Previte, Merzbow); Tony Scherr izan da kontrabaxuan eta gitarra elektrikoetan (Bill Frisell, John Scofield, Norah Jones), eta Ordorikaren azken zortzi diskoetan parte hartu duen Kenny Wollesenek grabatu ditu bateria, bibrafonoa eta perkusioak (Tom Waits, Sean Lennon, Ron Sexsmith, Bill Frisell, Norah Jones). «Kantak oso pozik daude halako musikari artean», azaldu du kantariak.

Zuzenean egin dituzte grabazioak, eta guztiek batera. Pozik gelditu da Ordorika emaitzarekin: «Kantak ia-ia ukitu egiten dira soinu aldetik, eta badut inpresioa pausotxo bat eman dudala». Gainera, hasieratik izan zuen argi kanta guztiak kontrabaxuarekin grabatu nahi zituela, eta grabazioan are arreta handiagoa jartzera eraman ditu horrek ezinbestean. «Musikari guztiok areto berean grabatzen dugunez, beste musikarien soinua ere hartzen du kontrabaxuaren mikrofonoak, eta baldintzatu egiten du horrek diskoa». Grabatu ostean ezin aldaketa handiegiak egiten ibili, beraz. «Niretzat, bertigoa eta arrisku sentsazioa beharrezko izaten hasi dira: ezustekoak egon behar dira».

Arkaitz Minerrek ere grabatu ditu biolin, biola eta mandolina diskorako, baina Euskal Herrian egin ditu grabazioak berak, Elkar estudioan.

Kantagintzaren prozesua
Ohartzerako, kantagintzari buruzko tratatu moduko bat bilakatu du musikariak diskoaren aurkezpena, azkenerako, urratsez urrats azaldu baitu, kanten sorkuntza prozesu osoa. Lehen printza beti bakarrik eta gitarrarekin. «Hala hasten ditut kantak». Hitzaren eta musikaren arteko harremana ondoren: «Zorte apur batekin, hitzak eta melodiak bat egin, eta heltzen dira hirugarren espazio batera, eta nik espazio horri oihartzuna esaten diot». Garapena gero: «Alberto de la Casari erakusten dizkiot nire kantak, jotzen ditugu, eta hasten dira osatzen harekin batera: bera da nire sparring-a». Eta, azkenik, grabazioa: «Musikariek estudioan gaudela entzuten dituzte kantak lehenengoz; ez diet aurrez ezer erakusten. Ni gidoi oso itxiarekin noa: jotzen dut kanta, tempoa nik daramat, eta, beraz, azpi-azpian ni nago, eta musikariek gainean nahi dutena egiten dute, eta, haiek zenbat eta libreago aritu, niri orduan eta gehiago gustatzen zait».

“Musikariek estudioan gaudela entzuten dituzte kantak lehenengoz. Gidoi itxiarekin noa: jotzen dut kanta, eta musikariek gainean nahi dutena egiten dute”

Aitortu duenez, izenburua izan da diskorako azken-azkena hautatu duena. Berez, Oñatiko taberna bati egiten dio erreferentzia diskoaren izenburuak. «Oso taberna esanguratsua izan zen Guria ostatua gure belaunaldiko jendearentzat». Baina ostatu jakin hori baino gehiago, ostatu horretan sentitutakoa izan du buruan musikariak izena hautatzerakoan. «Hau da denok behar dugun babesleku bat; hori nahi nuen irudikatu». Carmelo Ortiz de Elgea artistaren koadro bat da diskoaren azala.

Ordorikak idatzi ditu kanta gehienen hitzak, baina Joseba Sarrionandiaren testu bat, Eva Linazasororen beste bat eta Gary Snyderren beste bat ere musikatu ditu diskorako. Snyderren kasuan, moldatu egin ditu jatorrizko poemaren hitzak. Musikariak azaldu duenez, Alaskako irla bati buruzkoa da poeta estatubatuarraren letra, eta egokitu egin ditu erreferentzia horiek euskaraz erosoago kantatu ahal izateko.

Diskoaz harago jarri du begia Angel Valdes Elkar diskoetxeko arduradunak. «Disko honek, berez dituen balioez gain, erakusten du Ruper Ordorika eredu iraunkor bat dela oraindik ere sortzen, jaiotzen eta irauten saiatzen diren musikarientzat».

HURRENGO KONTZERTUAK

  • Ermua. Azaroaren 18an, antzokian.
  • Soraluze. Abenduaren 3an, zineman.
  • Bilbo. Abenduaren 17an, Kafe Antzokian.
  • Donostia. Urtarrilaren 6an, Victoria Eugenia antzokian.
  • Gasteiz. Urtarrilaren 21ean, Jimmy Jazz aretoan.
  • Leioa. Otsailaren 5ean, Kultur Leioan.
ETIKETAK:Andy TommasiAngel ValdesArkaitz MinerElkarEva LinazasoroGary SnyderJamie SaftJoseba SarrionandiaKenny WollesenNando de la CasaRuper OrdorikaTony Scherr