Musika

Harkaitz Cano

2015.04.08

Harkaitz Cano

Sarrionandia, hostoz hosto (I)


GALTZETAN GORDETZEKO KOBLAK

(Kartzelako poemak, Susa, 1992)

Artizarra ortzantzean lehena da argitzen
saguzar zaharrena oraintxe da esnatzen
teila gorri horma grisa isilean laztantzen
zoko beltzen hegaztiak gau berria ehuntzen

Hemen gautza ezin irten errautsen gaztelutik
gaua sare erraldoia gugana abaildurik
azpian nau gatibatzen tristurari loturik
hemen natza hau zer denentz adierazi ezinik

Hau izuen gordeleku eta belar hitsena
hau malkoen katedrala gizaseme hutsena
hau eremu bezperage biharamun motzena
hemen datza gorpu bizi herri bat izan zena

Anitz lore sortzen omen urruneko bizira
kartzelara sartu oro heldua da hobira
saguzar ehuleen urkabeen hegira
zelan kulunkatzen garen bi begiez begira

Argi gabe ari nauzu giltzapean koblatan
oinazea bisitari gogoaren zainetan
zaindariak paper bila ari dira zeldetan
erdu eta to zuretzat gorde itzazu galtzetan

Ni ez naiz Noruegako errege

‘Ni ez naiz Noruegako errege’ (Ruper Ordorika, Elkar, 1983)

Literatura portatilaren aldarria da Galtzetan gordetzeko koblak. Baina literaturari ez, naturari begira abiatzen da, munduari so, artizarrari begira. Gauez inoren maizter gara, egunez baino inoren maizterrago agian, gaua ehuntzen ari diren hegaztien maizterrago. Baina ez dira edozein hegazti gure ugazabak, saguzaharrak baino. Eta saguzaharra ez da edozein saguzahar, baizik eta “saguzahar zaharrena”, umeek zigarro gehiegi errearazita asmatiko irudikatzen duguna, asaba zaharren saguzaharra, esnatzen azkena, kostatzen zaiona gauari eman behar dion doia emateko esnatzea, saguzahar nagia, zaharrena izan arren zahar baino saguago, beharbada. Errautsen gazteluan datza, aditzen trinkotasunaren lauzapean: gautza, natza, datza… Latza hitzetik gertu guztiak. “Hemen gautza ezin irten” pluralean dio, baina gero singularrean, “hemen natza hau zer den adierazi ezinik”. Irten ezina denona da, irten ezin hori adierazi ezina literatura eramangarriaren balioa preziatzen duen poetarena. Samuel Becketten esaldi ospetsua ere Sarrionandiari irakurri genion euskaratuta lehen aldiz, beste asko bezala. Bera izan zen lehen idazle twitterzalea, bertsiozale eta bertxiotzaile petoa, avant la lettre, zenbatu bestela 140 karaktereak: “Zer adierazirik ez, zertaz adierazi ere ez, nondik adierazterik ez, ezin adierazi, adierazi nahi ere ez, adierazteko halabeharrarekin batera”. Adierazi beharra, errautsen gazteluan egon arren.

Edgar Allan Poeren gazteluak ikusten ditugu ahapaldiko belar hitsen artean. Poeren beraren belearen hegalpea dugu gordeleku, Kafkaren labirinto ospelarekin batera.

“Izuen gordelekua” hitz elkarketa iradokikorra begitandu izan zait beti oso. Hitz elkarketa iradokikor askok bezala, esanahi ezberdinak hartzen dituelako, ez delako gezi bat bezala zuzen doan hitz konbinazioa, baizik eta gezi ezberdinak direlako norako ezberdinetan jaurtiak: izuen gordelekua, badakigu, izutuen, beldurtien, arrazoiarekin edo gabe herabe diren haien gordelekua izan liteke, jende izuarena. Baina baita izuaren beraren gordelekua ere. Izu edo beldur jeneriko hori, gu habitatzen gaituena eta paralizatzen, erabakiak hartzea eragozten digun izu hori bera, beldurra bizi den aterpea ere izan liteke “izuen gordelekua”. Leku fisiko bat, fisikoa ez den sentimendu batentzat.

Izua gaixotasun autoinmunea izan liteke, baina bada kanpotik ziztatzen diguten birusa ere, neurri batean.

“Hemen datza”, orainaldiko trinko singularra berriro, “herri bat izan zena” iraganean berriro… Datorkeenaren profezia ote, ala gertatutakoaren kronika? Errautsen gaztelu hori etorkizunean datza ala iraganean? Kantuak gaitasun hori du: iragan zein etorkizun orainaldi bihurtzekoa, liburuek baino areago. Kantatzen dena beti da orainaldi, beti kantatzen da orain eta beti da zerbait fisikoa, goldatu egiten ditu gure zentzuak kantuak. Kantua entzuten dugun lehen aldia bada, lur samurra goldatuko du gugan. Hamaikagarren aldia bada, lehen goldatutako lurrean lur eta harri(bitxi) berria bilatzen du melodiaren eta hitzen goldeak edo aitzurrak. Kantu bat entzutea ez da, hasiera batean behintzat, ariketa intelektuala, poema bat irakurtzea izan litekeen moduan. Irakurketa intelektuala gero dator, lehenbizi uhinak dira, fisika hutsa. “Eremu bezperagea eta biharamun motzena”, bezpera eta biharamuna, biak ala biak gaur –gaur baino askoz gehiago: oraintxe– dira beti norbait kantuan ari bada.

Nahi adina aldiz destolestu eta irakurtzeko dira kobla hauek. Eta, batez ere, abesteko. Eta buruz ikasitakoan, beste norbaiti helarazteko

Fas fatum, tempus fugit, carpe diem, carpe noctem, latinezko sententzien lurrin klasikoa darie esaldi guzti hauei: eremu bezperagea eta biharamun motzena. Espektruek eta mamuek mezu berbera helarazten digute beti, esplizitu edo inplizituki: “Bizi ahal duzun bitartean. Damurik ez”.

Pisatzen dute poema honetan “malkoen katedrala” hiperboleak eta “tristurari loturik” balizko kateak. Loreak “urrun loratzen dira” eta errautsen gaztelukoak “lorerik hitsenak” baino ez dira. Kartzelako hobian baitago poeta, ilunpean idazten du, Kursk urpekontziko marinel errusiarrek nola: “Ordubata eta 15 minutu. Seigarren, zazpigarren eta zortzigarren konpartimentuetako eskifaiakide guztiak bederatzigarrenera pasa dira. Istripuak hala eraginda hartu dugu erabaki hau. 23 pertsona gaude hemen. Gutako inork ezin du kanpora atera. Itsumustuka ari naiz idazten”. Testu literario batek eduki beharko lukeen zehaztasuna dute Kursk urpekontziko ofizialetako batek idatzitako hitzok. “Idazle izatea, galtzerdiak bustita dituzula, zure inguruan konpartimentu batetik bestera igarotzen diren gorpu itxuragabeei so izulaborriak jota bizitzea da. Zu zara gorpu itxuragabe horietako bat: izuaren gainetik edo azpitik gertatzen ari dena zure baitan gorpuztu da eta kontatu egin behar duzu, nahiz eta badakizun inork irakurtzeko aukerak urriak direla”, hala zioen Juan Jose Millas idazleak Kurskeko marineletako baten patrikan aurkitutako nota xumeari buruz.

Literaturaren zeregina horixe baita: galtzerdiak bustitzen zaizkigun bitartean gure hondamendia kontatzea. Eta halaxe egiten du Joseba Sarrionandiak ere literatura portatilaren, hitz eramangarrien, azterketetako txuleta ttipien, anilladun koadernoetatik erauzitako orri koskadunen, garai bateko bertso paperen, zirriborro salbatzaileen apologia ttiki eta kolosala egiten duenean. Berea da eskaintza eskuzabala; hondamendia eta urruneko loreak, bezperak eta biharamunak guretzat ematen dizkigu “erdu eta to zuretzat, gorde itzazu galtzetan”.

Galtzetan. Dirua eta nortasun agiria, trukerako tresnak eta salbokondukto izun-faltsuak gorde ohi ditugun lekuan. Nahi adina aldiz destolestu eta irakurtzeko dira kobla hauek. Eta, batez ere, abesteko. Eta buruz ikasitakoan, beste norbaiti helarazteko, larru bilaka daitezen paperezko kobla horiek larruzko kartera berrietan, azal zahar eta berrien igurtziarekin, ondoko zeldan, ondoko gelan, ondorengo bizitzatan.

(Bilbo Zaharra euskaltegiak Joseba Sarrionandiaren inguruan antolatutako ‘Abesoj Aidnanoirras. 35 urte idazten’ hitzaldi ziklorako Harkaitz Canok idatzitako testua)

ETIKETAK:Harkaitz CanoJoseba SarrionandiaRuper Ordorika