Musika

Maialen Unanue

2017.11.30

Maialen Unanue

Ez diote hesirik jarri nahi sormenari

Bi urte joan dira Tenpora taldeak Mundu berria diskoa kaleratu zuenetik, eta «atzo izan balitz bezala» gogoratzen dute Itsaso Etxebestek eta Elene Arandiak. Etxebeste baxu jotzaileak, Arandia abeslariak, Juantxo Zeberio Etxetxipiak (pianoa), Beñat Barandiaranek (gitarra elektrikoa) eta Hasier Oleagak (bateria) osatzen dute taldea. Duela hilabete atera zuten Itzulika diskoa, hamar kanturekin osatua.

Tenpora-2

Itsaso Etxebeste + Elene Arandia + Beñat Barandiaran + Juantxo Zeberio + Hasier Oleaga = Tenpora (Andoni Canellada / Argazki Press)

Lehenengo lan hartatik bigarrenera «eboluzio bat» egon dela uste du Etxebestek. «Gure artean gehiago ezagutzen dugu elkar, eta horri esker, hain zuzen ere, disko hau helduagoa da». Azaldu duenez, urtebete eman dute kantuak prestatzen, eta entsegu ordu gehiago ditu. Emaitza «gardena» dela dio Arandiak: «Lokalean sartzen garenean, lehenengo kolpean abesti bakoitzak sortzen diguna esaten dugu bakoitzak, eta horri eusten saiatzen gara, ahal den neurrian».

«Askeago» sentitu dira disko berriarekin, Arandiaren arabera. Sormenari hesirik ez jartzen saiatu direla. «Gauzak probatzeko konfiantza handiagoa sentitu dugu: elkar gehiago ezagutzen dugu, eta, gainera, kritikoak gara gure artean». Musikan ibilbide luzea egina dute taldekideek, eta bakoitzak bere estiloa dauka: azaldu dutenez, horrek eragina izaten du abestiak osatzeko orduan. «Abestiaren arabera, bati edo besteari eskatzen diogu gehiago eragin dezala beretik, atera dezala gehiago barruan daukan horretatik», azaldu du abeslariak.

Badira aurreko diskoan egin gisara mantendu dituzten zenbait kontu. Mundu berria lanean bezala, Zeberiok sortu ditu abestiak, eta, gero, taldean osatu dituzte. Bi abestiren hitzak hark eginak dira, Barandiaranenak dira “Berandu da” abestikoak, eta gainerakoak Harkaitz Cano eta Karlos Linazasoro idazleek onduak dira, aurreko diskoan bezala. Haiekin lan egitea «gozamena» dela nabarmendu du Zeberiok: «Gertatu izan zaigu haiei abestiak pasatzea, ezer gehiago esan gabe, eta guk buruan geneukanaren ildotik joatea haiek». Horrez gain, bertsio bat ere sartu dute diskoan, kasu honetan, Imanol Larzabalen “Zure tristura” abestiarena.

Errefuxiatuak gogoan
Aske sentitu dira disko berrian, eta are askeago sentitzen dira zuzenekoetan, Etxebesteren arabera. «Momentuko energiarekin beste zerbait sortzen da, eta jendeari gehiago iristen zaizkio kantuak: abesti bat ez dugu beti berdin jotzen, momentuak eraman gaitzan uzten dugu». Grabatu ere, taldean grabatu ohi dituzte kantuak, eta horri gehitzen zaio gero «zuzeneko magia».

Esan izan diete abesti berriak «tristeak» direla, baina ez dago ados Etxebeste: «Diskoa entzuteko momentuak daude». Arandiaren ustez, abesti bakoitzean «momentu» ugari egon daitezke: «Abesti bat has daiteke modu batera, baina, aurrera doan heinean, beste leku batera eramaten zaitu: horren adibide da, esaterako, “Egunero hasten delako”».

“Momentuko energiarekin beste zerbait sortzen da, eta jendeari gehiago iristen zaizkio kantuak: abesti bat ez dugu beti berdin jotzen”

«Betiko gaiekin» itzulika aritu direla diote, baina badira hiru kantu lotuta daudenak, aktualitateari estu lotuak. Azken hirurak dira, “Lesbos”, “Lampedusa” eta “Argiak itzali” izenekoak. Zeberiok azaldu duenez, iazko udan egindakoak dira lehenengo biak, hain zuzen ere, errefuxiatuen krisia bete-betean zenean: «Bihotza eskuetara erortzen zaizun egoera horietako bat zen niretzat». “Argiak itzali”, berriz, Donostiako Udalaren eskariz egina zuen, frankistak Donostiara sartu ziren 80. urteurreneko ekitaldi baterako. Hasieran ez zuen diskoan sartzeko asmorik, beste biekin zuen loturaz konturatu zen arte. «Gaur egun, errefuxiatuak eguneroko bitxikeria bihurtu dira, eta duela 80 urte gu izan ginen errefuxiatuak, gerra batetik ihesi. Garai batean, nazioarteak bizkarra eman zigun, eta nire irudipena da orain gu berdintsu ari garela egiten».

Etxebestek azaldu duenez, «pisu handia» dute bai hitzek bai musikak taldearentzat: «Batekin zein bestearekin zerbait kontatu nahi dugu». Horren harira, kantuek, itxuraz lasaiak izan arren, hitz kritikoak dituzte. Horren adibide da “Munduko hiritar”, esaterako. Hala dio zati batean: «Munduko hiritar izatea da nire amets/ baina nik ez dakit nola egiten den amets, amets/ garaile kolorez jantzi, nonahiko izan, irribarrez/ hizkuntza txikien ele isilen hatsa entzun gabe».

ETIKETAK:Beñat BarandiaranElene ArandiaHarkaitz CanoHasier OleagaImanolItsaso EtxebesteJuantxo ZeberioKarlos LinazasoroTenpora